Jose Migel Azurmendi Albizu “Euskara kartzeletan” 1998

2015, 6 martxoa

Euskara kartzeletan
Jose Migel Azurmendi Albizu
BAT aldizkaria
29. zenbakia
1998ko abendua

EUSKARA KARTZELETAN

Sarrera

1997ko indultoaren ondoren, abenduaren lauan Fran Aldanondo kaleratu eta egun gutxitara (abendua amaitu aurretik) ezker abertzaleko beste lagun batzuk espetxeratu zituzten. 1978ko urtarrilaren hasieran beste lau lagun atxilotu zituzten Iruñean (Xefe eta Txintxo hil zituzten operazio berean) eta harrez gero, Euskal Preso Politikoen zerrenda geroz eta luzeagoa izan da.

Euskal Preso Politikoak Euskal Herritik urruntzearena ez da atzo goizeko kontua. Ez zuen Martin Villak asmatu, ezta Barrionuevok edo Mayor Orejak ere. Frankismoaren garaiko preso politikoek -eta beraien senideek, lagunek…. ere- ondo asko ezagutu zituzten Puerto de Santa Maria, Jaen, Kordoba eta beste hainbat bazterretako espetxeak. Geroztikook ezagutu ditugun bezala. Une honexetan bertan ehundaka dira urruneko espetxe horietan preso dauzkaten euskaldunak… Euskal Preso Politikoak.

1977ko indultoaren ondorengo hilabeteetan bestelako itxura bat erakutsi nahi izan zuten nonbait eta horrela 1978an zehar atxilotu zituzten euskaldun gehien-gehienak Hego Euskal Herriko espetxeetan sartu zituzten preso. 1978ko abenduan ehun bat preso zeuden aipatutako lau espetxeetan. Lehentxoago, urrian hain zuzen, bost euskal preso politiko Iruñetik Burgosko espetxera eraman zituzten.

18 urteko testigantza

Bapatean, batek daki zein ihesaldi zela aitzaki (trasladoak zuritzeko beti ihesaldiren bat izan da aitzaki), Soriako kartzelan denok biltzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak. Eta halaxe, abenduak 27ko goiz hartan, Grapoko kideak Soriatik Zamorara eraman eta euskal preso politikook, Euskal Herriko espetxeetatik atera eta Sorian bildu gintuzten.

Aurreraxeago irakurri ahal izango den bezala, Euskal Herritik urruntzeak barruko errepresioaren areagotzea ekarri zuen. Beste ondorio bat ere ekarri zigun: komunikazioen interbentzioa eta euskaraz komunikatzeko -idazteko batez ere- oztopoak.

Soriara iritsi eta ordurarteko egoera arras aldatu zen. Polizia Nazionala kartzela barruan zen, “zentro” delakoaren inguruan eta gu ibili beharreko pasiloetan. Egoera hartan berehala hasi ziren mehatsuak, jipoiak, gau erdiko “bisitak”, etab. Lagunen bisitak debekatu egin zizkiguten, vis a vis-ak kendu eta gutunen interbentzioa jarri ziguten indarrean. Ordurarte itxita entregatu eta jasotzen genituen gutunak, handik aurrera irekita entregatu behar genituen eta kaletik jasotzen genituenak zabalik ematen zizkiguten. Garai hartan telefonoz deitzeko baimenik ez genuen izaten.

Sorian, bisitetan euskaraz egiteko oztoporik ez genuen izaten. Euskarazko gutunak nahiko “zuzen” iristen ziren, guk igortzen genituenak bezala jasotzen genituenak. Gehien-gehienetan zuzen iristen baziren ere, gure etxean -eta ez gurean bakarrik- badira zazpi urteko atzerapenez jasotako gutunak.

Euskaraz idazteko eta bisitetan euskaraz egiteko arazoak beranduxeago heldu ziren. Hain zuzen ere, neuri dagokidanez behintzat, 1980ko ekainean, PM batzuekin Mitxel Sarasketa [1] (20 urte barrote tartean igaro arren, oraindik preso daukate Mitxel!) eta biok La Mantxako Herrerara eraman gintuztenean.

Herrerara iritsi eta laster ikusi genuen zer izango genuen hurrengo hilabeteetan. Biluztearekin batera, ordulariak, kateak, liburuak eta soineko erropa bera ere kendu egin ziguten. Buzo zikin bat eta oinetako ziztrin batzuk eman zizkiguten gure den-dena kendu -“miaketarako” kendu- eta gero. Hurrengo egunetan “behar genituenak” eman eta besteak erretiratu egin zizkiguten (ordularia, kateak, oheko erropa “ez genituen behar” eta ezta liburu eta jazteko erropa gehienak ere; halaxe erabaki zuten gartzelariek, ez genituela behar, eta beraz, erretiratu egin zizkiguten). Irratia eta telebista edukitzea debekatu egin ziguten, baita familiaren bidez egunkariak edo aldizkariak jasotzea. Hilabete batzuetan El País bera erostea debekatuta izan genuen, Herrerako torturei buruz artikulu bat kaleratu zuelako. Erosi, Ya erosteko baimena geneukan, baina egunkari horri ere egunero orri pila bat kentzen zizkioten guri eman aurretik.

Harremanak ere mugatu egin zizkiguten. Preso lagunekin hitz egitea bera ere debekatu egin ziguten, patiorako ezartzen zizkiguten bi lagunekin izan ezik. Telefono deiak eta vis a vis-ak pentsa ezinak ziren. Bisitak debekatu, ez zizkiguten debekatu. Baina kabinako atzekaldean bi edo hiru funtzionari izaten genituen mehatxuka politikaz edo barne bizitzaz ari ginelako edo euskaraz egiten genuelako. Abokatuen bisitetan ere bi kartzelari izaten genituen atzekaldean gure solasa paperean biltzen. Kartak idazteko baimena eman ziguten: astean karta bat idazteko baimena geneukan, beti ere guraso, senide edo emazteari zuzenduak eta orri bateko luzerakoak. Eta gazteleraz. Euskaraz idaztea debekatuta genuen. Jaso ere, etxekoen gutunak jasotzen genituen….euskaraz heltzen zirenak salbu.

Euskaraz aritzeko aukera handirik ez genuen izaten. Aukera bakarra patioko orduan izaten genuen. Liburuak ere bagenituen (astean bi gehienez). Baina gutunetan eta bisitetan debekatuta geneukan euskaraz egitea. Batzuen gurasoak euskaldun elebakarrak izan arren, agurra bera euskaraz eginez gero, kabinatik indarrez ateratzeko mehatxua botatzen ziguten segituan. (Kabinan sartu aurretik, lehendabiziko bisitan, gartzelariak “biblia” bat eskuartean hartu eta dotrina bezala irakurri zigun banan bana: Ezin duzu barruko ezertaz hitz egin, ezin zara politikaz mintza, ezin erregearen familiari buruz gauza txarrik esan… eta derrigorrez gazteleraz hitz egin behar duzu. Arau horietakoren bat hanka azpian hartzen baduzu, bisita bertan behera geldituko da). Abokatuekin egoera ez zen batere aldatzen.

Euskal Herritik kanpo, kartzela guztietan jasan dugu interbentzioa. 1981eko uztailean Puerto de Santa Mariara eraman zituzten lagunei ere hara iritsi eta berehalaxe ezarri zieten. Eta horren ondorioz, gutxienez bi hilabeteko atzerapenez iristen zitzaizkien gutunak. Kabinetan, bisitetan oro har ez zuten aparteko oztoporik izaten. Telefono deiak eta vis a vis-ak ez zituzten onartuak.

1982an Soriakook Alcala-Mecora eraman gintuzten. Lehendabiziko eguneko anekdota bat ekarriko dut hona. Soriako ohiturari jarraituz, azala itxi gabe entregatu genituen kartak. “Las cartas se entregan cerradas” esan eta bueltan eman zizkigun guztiak gartzelariak (interbentzioarena beste garai batzuetako kontua omen zen). Baina hurrengo goizean, gorri-gorri eginda, karta guztiekin etorri zitzaigun bueltan, “Me han dicho…” Irekita entregatzeko, alegia. Karta haiek eta hurrengo hilabeteetakoak, 5, 6 eta 7 urteko atzerapenez jaso zituzten gure etxeetan, denok galdutzat jo eta askoz beranduago.

1983an, Puertokoak eta Alcalá-Mecokoak, denok Herreran bildu gintuzten. Egoera larria topatu genuen benetan: errejimen militarraz gain (egun erdia formatuta pasatzen genuen), bisitak eta kartak etxekoei (senideei, emazteei eta seme-alabei) mugatu zizkiguten. Bisita guztiak, gainera, interbenituta zeuden (bisitak gure begi aurrean grabatu egiten zizkiguten. Eta kartak, orri batekoak izateaz gain, gazteleraz izan behar zuten (besteak beste, kartzelari guztiak irakur zezaten seguruenik. Behin baino gehiago ikusi genituen gure kartak taldean irakurri eta komentarioak egiten).

Barruko egoera larri horri aurre egiteko, hamar hilabetez luzatuko zen txapeoari ekin genion 1984ko otsailean. Borroka latz horren ondorioz lortu genuen egoera aldatzea eta besteak beste, lagunen bisitak ere izatea (hauek ere grabatu egiten zizkiguten), lagunei kartak idatzi ahal izatea… Kartak euskaraz idazteko eta kanpoak euskaraz jasotzeko baimena ere lortu genuen.

Lortutako akordioaren arabera kartak euskaraz idazteko baimena geneukan arren, karta hauek oso berandu iristen zirela eta (nik uste ez zirela iristen), 1985ko abenduaren batean euskaraz bakarrik idaztea erabaki genuen eta halaxe aritu ginen urte betez (ez zekitenak aldizkari edo egunkariren bateko artikulua kopiatu eta bidaltzen zuen gutunazalaren barruan). Atzerapen hori zela eta, salaketak egin ziren Manzaneresko epaitegian.

Egoera normaldu zenerako, 15-22 egunetako atzerapenez iristen hasi zirenerako, presoak kartzela desberdinetan sakabanatzeari eman zioten hasiera. Eta bapatean zenbait lagun, kartzelan berritan, “euskarazko gutunen aldeko kanpaina” hasi aurreko egoeran aurkitu ziren berriro.

Huescan (hara suertatu zitzaidan niri) lehendabiziko zortzi hilabeteetan ez genuen arazorik izan, ez ziguten interbentzioa ezarri eta egun batetik bestera jasotzen genituen karta guztiak. Zuzendariz aldatu zutenean ordea, egoera zeharo aldatu zen.

Zuzendariaren lehendabiziko egitekoa, interbentzioa ezartzea izan zen “por pertenecer a ETA”. Bere gain hartu kartak irakurtzeko ardura eta berehalaxe hasi zitzaigun txantaia egiten. Egia esan, gogoak halaxe ematen zionean entregatzen zizkigun kartak, bi hilabete nola zortzi hilabeteko atzerapenez.

Euskaraz idatzitako kartena okerrago zen oraindik. Hauek lehendabizi Madrilera igortzen zituen eta handik bueltan, nahi izaten zuen denboraz erretenitu eta gero entregatzen zizkigun.

Zuzendari honen maltzurkeriaz jabetzeko, Huescatik atera gintuztenean gertatutakoa aipatzea besterik ez dago. Guardia zibilen autobusean igotzeko zain geundela etorri eta hilabeteetan erretenitu zizkigun karta guztiak entregatu zizkigun. Azkeneko segundurarte ez zizkigun eman hainbestetan erreklamatu genituen kartak.

Huescatik Kordobara iritsi eta lehendabiziko egunean interbentzioa ezarri ziguten. Hango errejimena xamurragoa bazen ere, gutun guztiak berandu iristen ziren, baita egunkariak ere. Itzuli beharra zegoela eta, euskarazko kartak Madrila igortzen zituzten eta guri entregatzeko 15 eguneko epea bazuten ere, 2 hilabeteko atzerapenaz ematen zizkiguten oro har. Etxekoek eta lagunek ere atzerapen berberaz jasotzen zituzten.

Ia 18 urtez komunikazioak interbenituta eduki ondoren (Huescako lehendabiziko 8 hilabeteetan salbu), berriro euskalerriratu, Martutenera ekarri nindutenean “ahaztu” nituen interbentzio kontuak. Hego Euskal Herriko lau gartzeletan gaur egun ere, ez dute inolako oztoporik euskaraz idazteko edota bisitetan eta telefonoz euskaraz egiteko. Beste arazo batzuk izan badituzte [2], baina euskaraz egiteagatik ez dute zigorrik jasotzen, ez dute funts gabeko atzerapenik izaten.

Gaur egungo egoera

Goian aipatu dugun bezala, Hego Euskal Herriko lau kartzeletan komunikazioak interbenitu gabe dauzkate eta beraz, gutunetan, bisitetan, telefono deietan eta nonahi, euskara mugarik gabe erabil dezakete.

Estatu espainiarreko zein frantseseko beste kartzeletako lehendabiziko eta, sakabanaketaren ondorioz, oztopo gaindiezina, patioan eta ziegan derrigorrez erderaz egin beharra da, gehien gehienetan moduluetan banaka baitaude.

Estatu espainiarreko kartzeletan, Hego Euskal Herrikoetan izan ezik, komunikazioak interbenituta dauzkate eta horren ondorioz, kartak hilabeteko atzerapenez jasotzen dituzte; senideei, lagunei edota fakultatera igorritakoak atzerapen berberaz iristen dira. Teorian, erretentzioa hamabost eguneko da baina hamabost egun horiek 30etan oso erraz bihurtzen dira. Bisitetan eta telefonoz euskaraz aritzeko gehienetan ez daukate arazorik, gehienez grabatu egiten dizkiete esandakoak. Hala ere arazoak noiznahi sor daitezke. Esaterako, kartzelariak irainak ulertu izan duelako. Herreran Bixente Nazabali parte bat sartu zioten lagun batekin hizketan ari zela kartzelariaren ustetan “seme puta” (sic) deitu ziolako.

Gutunei dagokienez egoera larriena Alcalá-Mecoko gazteen espetxean daukate (esku artean dauzkadan datuak jaso zirenean halaxe zeukaten behintzat). Kartzela horretan kartak gazteleraz idaztera behartzen dituzte. Denbora batez, Carabanchelen, Idoia Arrietari ere ez zioten euskaraz idazteko aukerarik ematen. Herreran euskaraz idazteko aukera ba omen dute, baina karta horietako askok “zakarrontzian bukatzen dute edo galdu egiten dira, halaxe salatzen dute hango presoek. Valencia, Logroño eta Alcazar de San Juanen ere gutun asko ez omen dituzte inoiz jasotzen.

Atzerapen handiz jasotzen dituzte Alacanten (sei hilabeteko atzerapenez, hain zuzen), Castellonen (hiru hilabeteko atzerapenez), Leonen eta Caceres II-an. Anekdotaren bat edo beste ere bada espetxe honetan. Haritz Arnaizek karta lehen-bailehen jaso zezan gazteleraz idatzi eta gero, bukaeran “asko maite zaitut Haritz” ipini ziotelako, gabonak aurretik jaso beharrekoa aurtengo otsailaren 28an eman zioten. Euskarak bezala, maitasunak ere zailtasun handiak gainditu behar izaten ditu murruez bestaldera, euskal preso politikoenganaino iritsi aurretik.

Bisitei dagokienez, kartzela dexentetan izan zituzten euskaraz egieko oztopoak. Azkenaldi honetan salaketa publikoak gutxitu egin dira baina hala ere noizean behin irakurtzen ditugu Valladoliden gertatutakoaren modukoak. Josune Oinaindia eta Iñaki bere mutil laguna (biak daude preso Valladoliden), vis a vis-ean gazteleraz egitea behartu nahi izan zituzten. Ustez bisita intimoa izan behar zuenean, zertarako gaztelera inposatu? Grabatu egiten al dituzte bisita horiek ere?

Telefonoz euskaraz aritzeko traba ugari daude bazterretan. Herreran telefonoz deitzeari uko egin diote gazteleraz egitera behartzen dituztelako. Darocan, Valdemoron eta Alacanten ere debekatuta daukate euskaraz egitea. Alcazar de San Juan, Alcalá-Meco eta Algecirasen, kartzelariak erabakitzen du euskaraz egin dezaketen ala ez.

Badira anekdota franko dei hauen inguruan. Era guztietakoak daude, esaterako ondoko hau. Caceres I-an gazteleraz ez egitearren 3 urtez telefonoz deitu gabe egon ondoren, aita gaixo zegoela eta, telefonoz euskaraz aritzeko baimena eman zioten bati. Castellonen Estanis Lopez oiartzundarrari antzeko zerbait gertatu zitzaion. “Que no puedes hablar en vasco” batek, “mi madre no sabe castellano” berak, eta handik aurrera euskaraz egiteko baimena eman zioten. Ez da kartzelarien ohizko jarrera baina gertatu, horrelakoak ere gertatzen omen dira.

Euskal prentsa ailegatu ahala zakarrontzira botatzeko ohitura indarrean dago kartzela askotan. Herrera da horietako bat. Leonen eta Murtzian behintzat, itzultzeko erretenitu egiten diete. Dena den, postaz heltzen den Euskal Herriko prentsa kartzela gehienetan berandu entregatzen diete.

Euskararen aitzakia dela eta, fakultateko apunteak eta kartak berandu ematen dizkiete kartzela askotan. Tutorietan, irakasleen bisitetan, gazteleraz mintzatzera behartzen dituzte askotan.

Estatu espainiarrean, kartzelako funtzionarien erasoez gain, Zaintza epaileen erasoa ere jasotzen du askotan gure hizkuntzak. Jaengo Zaintza epaileak, esaterako, presoek erretentzio arazorik izan nahi ez bazuten, euskaraz idazteko “gonbitea” egin zien. Errekurtso berriari erantzunez, hala ere, kartak azkarrago emateko esaten zion espetxeko zuzendariari.

Ez dut atal hau amaitu nahi Iñaki Nogueira Ruforen eskabidea eta Valdemoroko zuzendariak emandako erantzuna aipatu gabe. Hitzez hiz, hauxe eskatzen zuen Iñakik: “Desearía poder hablar en la lengua o idioma de mi país a la hora de la comunicación telefónica, ya que en la hoja de intervención de comunicaciones no consta cómo tengo que hablar”. Zuzendariaren erantzuna, hau ere hitzez hitz: “Su país es también España y el español es idioma cooficial en su comunidad autónoma de origen. Al carecer de intérprete de vascuence y al ser el castellano la única lengua de la Comunidad de Madrid, teniendo intervenidas las comunicaciones. NO PROCEDE.” Testu horren ondoan zuzendariaren sinadura.

ESTATU FRANTSESEKO EGOERA

Urteetan debekuak eta arazo franko izan badituzte ere, gaur egun euskarazko gutunak 20 egun edo hilabeteko epean jasotzen omen dituzte. Bisitetan oztoporik gabe egin dezakete euskaraz.

Grandignango espetxean liburuak eta prentsa itzultzera bidali eta handik hilabete t’erdira ematen dizkiete.

Telefonoz deitzeko aukerarik ez daukate (La Santé eta Fleuryn behintzat ez).

Sakabanaketa dela eta, bakarka daude zenbait kartzelatan eta beraz, euskaraz hitz egiteko aukera bakarra bisitan izaten dute.

EUSKALDUNAK DIRELAKO, EUSKAL HERRIRA

Beraien eskubidea delako (Kode Penalean bertan ere bildua gainera), Euskal Presoak Euskal Herrian egon beharko lukete. Euskara ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea ere ba omen daukate [3], baina euskaraz bizi izan daitezen, euskara beraien hizkuntza izan dadin Euskal Herrian egon beharko lukete. Andaluziako patioetan nekez bizi daitezke euskaraz [4]

Euskara gainera presoak zigortzeko erabili izan da. Euskal Herritik urrundu zituztenetik une beretik interbentzioen kontua indarrean jarri zuten, eta berarekin batera, euskara erabiltzeko mugak. Eta baita debekuak ere. Gaur egun bertan, Euskal Herriko kartzeletan euskaraz egiteko mugarik ez dagoen bitartean, gainontzeko espetxe guztietan gutxienez hilabeteko atzerapenaz jasotzen dituzte. Zergatik ote? Seguritatea aipatuko dute beharbada, baina ez dut uste Melilla edo Salto del Negro, adibidez, hemengoak bezain “seguruak” izango ez direnik.

Euskal Presoak Euskal Herrira! Presoena ezezik beraien guraso, senide eta lagunen eskubidea ere badelako. Euskal Herrian eta kalean ere nahi ditugu euskararen alde eta Euskal Herriaren alde lanean. Laster izango al ditugu!

[1] Barkatuko al didate, aipatzen ditudan lagunek, baimenik gabe beraien izenak erabili izana.

[2] Esaterako, kalean libre egon beharreko zenbait lagun -Sarasketa, Lejarreta, Elustondo, Larrinaga, Zubiaurre…- oraindik ere preso mantentzen ditu bai Gobernuak eta baita Bilboko Zaintza epaileak ere.

[3] Autonomi Estatutoan bertan honelaxe bildu zen eskubide hori: “Euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelerarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea”.

[4] Eskubideak eskubide, presoek dauden kartzelan bizitzeko eskubide omen daukate. Horixe erantzun zien Zaintza epaile batek preso nafar baten senideei, hauek presoa Nafarrora eraman zezaten eskatu eta gero.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak