Olatz Caminos “Bakarlekuko bakarrizketa” 2004
2015, 4 martxoa
Bakarlekuko bakarrizketa
Olatz Caminos Uribe
2004
Ataramiñe04
>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk
Olatz Caminos Uribe (Santutxu, Bilbo) 2000ko azaroaren 10ean atxilotu, torturatu eta sei urte egin zituen espetxean. 2006ko azaroaren 7an irten zen kalera Alacanteko espetxetik.
“NIRE NIA BAINO EZ DUT”
Emakumea, gartzela eta isolamendua, Olatz Caminos Uribe-ren “Bakarlekuko bakarrizketa” testua abiapuntutzat hartuta.
[Euskadi Irratia] AUDIOA → ‘Nire nia baino ez dut’, sormen eta esperimentazio lana
Bakarlekuko bakarrizketa
Presoa zelda bazterrean,
bakarrik mintzatzen bezala.
Baina ez,armiarma bati
galdetzen dio “Noiz arte?”
J. SarrionandiaLehenengo agerraldia (eta bakarra)
(Euskal preso politiko bat bere ziegan. Ziega oso zaharkituta eta herdoilduta dago. Inork ez luke esango duela hogeita bost bat urte igeltsero batzuek ezerezetik altxatu eta formatu zutenetik, Amalurra bera baino zaharragoa baitirudi, munduaren sorreratik bertatik zuhaitzak eta hodeiak eta ziegak existituko balira bezala. Argi bakarra 40 watt soil dituen bonbilla bat, sabaian bertan, goialdean. Bonbillak argi horixka, kutsatua barreiatzen du ziegan zehar. Ziegako mahai gainean –leku pribilegiatuan- flexo bat.
Presoa isolamenduan dago eta egunean hogei ordu ematen ditu ziegan. Leihotik sartzen den argia da orduen joanaz ohartarazten duen elementu bakarrenetakoa. Eszenografiak mugatuta, fokuak erabiliko dira eguna eta gaua simulatzeko. Gauean ezin da ilargi-gaztarik proiektatu, leihotik ikusten den zeru zatian ilargia inoiz ez baita ageri. Ziegan ohe bat ere badago, lurrean iltzatuta; ezin da mugitu. Konketa eta komuna higatuta daude eta komun publikoetako ohiko zabarkeria dute agerian, behin eta berriro garbitu arren atondu ezin daitekeena. Atea bikoitza da; ohiko ateaz kangrejua edo kantzela ere badu, burdinazko langez osatutako bigarren ate bat.
Presoa emakumezkoa da. Ez du axola ile urdinak dituen edo gaztea denentz, nafarra edo bizkaitarra den, ilehoria edo beltzarana; emakumea da eta giltzaperatua dago. Zahar zein gazte, gogoz kontra dago ziegan eta egunero bizitza sortzen du ezerezean.
Ziega da eszenatoki bakarra antzezlan osoan zehar. Presoaren beraren jarduna da orduek aurrera egiten dutenaren seinalerik garbiena. Eszenatokia nekagarria da, zaharra, astuna, iluna, ez du interesik. Hamar minutu igaro direnerako ikusleak nekatuta egon behar du ikusten duenaz. Interesa duen bakarra emakumea da; berotasuna ematen dio inguruneari. Ikusleak galdetu behar dio bere buruari nola egiten duen emakumeak hogei orduz alaitasuna, itxaropena, interesa bizirik mantentzeko, maitasuna ereiteko, edertasuna sortzeko.
Emakumeak publikoari hitz egiten dio zuzenean, aurrez aurre. Ez dago bitartekaririk presoaren eta une batez, estreinako eta azkeneko aldiz, ziegakide dituen ikusleen artean.)
Presoa.- Arratsaldeon denoi. Atzean zutik zaudetenok, arren, pasa zaitezte aurrealdean hutsik dauden butaketara, neronek esango dizuet lekua non daukazuen, aretozainak greban daude eta. Gutxi kobratzen dute; badakizue halako lanak oso esker txarrekoak dira. Itzali mugikorrak, hori bai. Ez dut ezer teknologia berrien kontra, baina telefonoak ziega batean joko balu, hotsa lekuz kanpo legoke. Txakur-zaunkak, itsuentzako semaforoen txorrotxioak eta eliz dorreko orduroko kanpaien oihartzuna ere burmuineko zoko galduetan ditugu gordeta, memoriaren zirrikituetan itsatsita, baina ziega batean ez dute izate propiorik gugandik at. Barkatuko didazue lotsagabekeria, egokitasunaren, literaturaren eta batez ere teatroaren legeak hain muturluze haustea, alegia. Pertsonaia beharko nuke izan, egoki jantzi eta makilatu eta antzezle-papera egin. Baina, izan ere, lege zentzubakoak urratzeagatik nago hemen eta badakizue ohitura errotuak kentzea zein zaila den, lelokeria berdinak behin eta berriro egiten baino ez dakigu. Aspertzen bazarete, ez dizuet leporatuko, ni neu ere sarritan gogaitzen bainaiz uneoro paisaia bera ikusteaz, katilua betiko lekuan, kaseta metro erdi ezkerretara, komuna ohetik metro eta erdira, zarama-poltsa liburuen ondoan. Patioa eguneroko egunerokotasunean, batzuetan ohiko baino garbiago. Alabaina, istorioan gehiegi barneratzea ere ez zaizue komeni, egidazue kasu.Antzezpen bakoitzaren buruan ikusle frankok ez du aretotik irten nahi izaten, enpatiagatik edo. Azkenerako aretozaina etorri behar izaten da eta ikuslea amarruren baten bidez aterarazi: dela sute imajinarioren bat, dela kotxea osten ari zaizkiola aparkalekuan, dela emaztea erditzen ari zaiola. Horrexegatik diot, hain zuzen ere. Baina barka iezadazue berriro, ez dut asko luzatu nahi, ez gaitezen hitzaurre potoloetan galdu. Jarrai dezagun eta goazen harira, antzerkia antzerki denetik funtzioak aurrera egin behar baitu.
Kartzelan gaudela aitatu ote dizuet? Edozein hiri zein eskualde galdutako espetxe batean. Eta kartzelan eguna ez da egun, borroka bat da. Goizean goiz esnatzen naizenean lehenengo datorkidan sentimendua tristura da, dolua, oinazea, larritasuna. Zerk sortzen didan ez dakit. Gauean, loak hartu baino lehen, agur esaten diet sentimendu okerrei, esaten diet “zoazte, ez itzuli”, nire buruari esaten diot bihar beste egun bat izango dela, ezer ez dagoela erabakita, munduak gu harritzeko gaitasun mugagabea duela. Baina begiak ireki bezain pronto ohartzen naiz sentimendu garratzak ez direla joan, betikotu egin direla, entzungor egiten didatela. Begi bat ireki eta pospolo-kutxan esnatzen naiz, lurpeko hilkutxan. Izan ere, aterik zabaldu ezin eta bada hilobi estuagorik? Bizirik lurperatzen gaituzte eta hamar pare zangok indarrez zanpatzen duten lur berria gaineratzen digute egunero. Estaltzen gaituen lurra kendu ahala berriro jaurtikitzen digute, pultsu amaigabe bezain nekagarrian. Goizean goiz begi bat ireki eta dena dago estu, jaurtikitako lur berriaren zapore mikatza ezpainetan, lurraren usain heze eta sarkorra sudurzuloetan barrena. Mugitu beharrean hasten naiz, harramazka, lur ongarrituari haginka, harea azazkal beltzetan, ubeldurak ukondo eta belaunetan, zauriak oin puntetan, estalduraren kontra borrokan, airea hartzeko ahaleginean, etsi-etsian. Lurrazaleko haize garbia dut helburu nekagarri, behin eta berriro, egunez egun, urtaroz urtaro, beti egun berdina errepikatzen ariko balitz bezala, denborak aurrera egingo ez balu bezala. Uneoro norberaren burua defendatzen egon beharra baino eginbehar neketsuagorik ez dago, zin dagizuet.
Bizirik lurperatzen gaituzte mamuen eta zizareen bazka bilakatu gaitezen. Eskuak zimurtzen ari zaizkit, konkortzen ari dira, itsusten. Arintasuna galdu dute; ez dakite maitatzen, ez dakite maitearen azalean behera irristatzen, maitearen larruazalaren zirrarak sentitzen, harri bilakatzen ari dira. Ezpainak lehortzen eta pitzatzen ari zaizkit, musu hezeen egarri. Nire bularrek eta sabelak oparotasuna galdu dute, logelako argi-itzalean erakutsitako behinolako plazer-dardarak ahaztuta dituzte aspaldi. Zimeltzen ari naiz, baina ez dute uzten maitatzen gauean. Eguzkia gurpil ahul bat da eta arrasto sakonak uzten ditu airean, arrakala mingarriak bitsezko hodeietan. Astiro egiten du ibilbidea, eta nekatzen denean atseden hartzen du kaminoan, zain dituenen amorraziorako. Ziegan ispilu lizundu bat dago, baina ez diot inoiz hurbiletik begiratzen, itzultzen didan irudiak izutu egiten nauelako. Arrotz hirotu bat leiho batetik begira dudala iruditzen zait, eta arrotz horrek begizuloak ditu zizelkatuta eta sufrimenduaren eta bakardade suntsigarriaren arrastoa begi-ninietan. Arima gorputzetik at sentitzen dut, ziegatik noraezean hegaldaka ibiliko balitz bezala eta ispilura begiratzean harekin bat egingo banu legez. Arima hegalariak gorputza beste norbaitena bailitzan arakatzen, begiratzen dit, sabai urrunetik, eta hauskortasuna dakusa, ziega bat eta funanbulisten gisan soka mehe baten gainean orekari ozta-ozta eusten dion emakume bat. Dena kendu nahi didate, neure gorputza ere ostu nahian dabiltza. Arima gorputzari atxikitzen saiatzen naiz temati.
Irratia piztu eta sintonia atsegina bilatzen dut, musika onaren notak entzun arte, eta dantzari ekiten diot, bizitzari indar guztiekin deitzen diodan bitartean. Gorputzaren mugimendu leunak leihoko kristalean islatzen dira, olatuen gisara, eta aireak gozatzen ditu antzina begi desiragarriren batek dastatzen zituen soin-itzalak. Ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik, negarrik ez egiteko,egiteko bezainbat arrazoi sakon badagoelako.Haurra nintzenean ikasi nuen hori, gogokoen nuen liburu eder batean. Liburu burutsu hartako protagonistak negar egiten zuen erremolatxa jatean, malko larroxkak isurita. Ume hark atsegin zuen malkoen zapore gazia, eta negar-oldea hasten zenean, malkoak flasko txiki batean hartzen saiatzen zen, gerora gordeta izateko. Baina lanean hasi bezain pronto, negarra zapuzten zitzaion, nahikoa delako asmo, gogo, amets edo arrazoi soil bat, deuseza izan arren, dolua desagerrarazten laguntzeko. Ezin dizuet gezurrik esan, baina. Egiazki nire begiek negar egiteko gogo bizia dute askotan, egunero ez esatearren, nahiz eta eguneko une txiki, oharkabe, ia ziztrin batean izan. Baina ezin dute negarrik egin, malko tanta potoloak isurtzea mundu honetako gauzarik zailenetako bat delako, barre egitea bezainbeste edo are gehiago. Malkoak, mina sakonegia denean, fosildu egiten baitira, gogortu, txingortu eta ez dira ageri. Buruan lekutzen dira eta beldur dira irteteko, behin irteten hasiz gero, agian uholdea geldigaitza litzatekeelako. Negarrak ur-azpiko sonata isilaren musikarekin gauzatzen dira, haurren garrasietatik arrunt desberdin, min gorraren soinuarekin. Batzuetan begiak gogor-gogor itxi eta negar egiten saiatzen naiz, barrenak askatzeko beharrean, komunean banengo bezalako aurpegia ipinita. Baina alferrik ibiltzen naiz, malkoak ez baitira horrela irteten, barneko tekla berezi bezain mirakulutsu bat ikututa baizik. Halakoetan senak aurpegiera inozoari nolabaiteko etekina ateratzera bultzatzen nau, ispilura begiratu eta norberaren dramatismo patetikoaren lepotik barre pixka bat egiteko, besterik ez bada ere. Baina hura ere ezin; bat-bateko barre algarek oihartzun egiten dute lau pareta mutuen artean eta Jocker maniatiko baten irudia datorkit gogora.
Kartzelan eguna ez da egun, borroka bat da. Haatik, garrantzitsuena ez da borrokan ari naizela ohartzea, zeren edo noren kontra ari naizen baizik. Etsairik ez da kasik ageri, ez du gorputz definiturik, egunean zehar ia inor ez baitut ikusten. Bakardadea dago, isiltasuna dago, hormatzarrak daude, baina harresien kontra borrokatzea ez da metafora huts bat baino gehiago. Isiltasuna dago, baina ez dut jasaten, asaldatu egiten nau. Nire arnasahotsak ikaratzen nau eta esku-erlojuaren tiki-takak segunduroko mailukada ozena dirudi nire belarrietan. Oihu bat entzuten da urrunean, eta nor edo nor niri deika ari zidala iruditzen zait, neure izena argi bezain ozen ahoskatuta. Ez dakit garrasia nondik irten den, baina nigana datorrela dirudi eta izutu egiten nau. Azkenean ez da niretzat, ahotsaren jabe ezezagun bezain arrotzak ez nau inondik eta inora ezagutzen, ezta ikusten ere. Irudipenen menpe ote nagoen pentsatzen dut aztoratuta. Isiltasun beldurgarriari ihesi nabil uneoro; goizean irratia pizten dut esnatu bezain pronto, egun osoan zehar musika dago jarrita, eta gauean telebistako ahots nardagarri eta gogaikarrien beso zikinetan hartzen nau loak. Gaualdian telebistak argia ematen du, itsasargiek untziei bezala.
Egunean hogei orduz mundu fisikoak 15 m 2 neurtzen duenean eta esparru horretan norbera baino ez dagoenean, zein helburu du espetxeak suntsipen fisiko eta psikologikoa ez bada? Arras gaitza zait nigandik at irtetea, nire hitz-jario, nire bakarrizketa, nire pentsamendu, nire ahots, nire zirkulutik irtetea. Ez dezadan gehiago entzun, begiratu, ez pentsatu, harriak legez izan nahi dut; burua atsedenaren premia larrian daukat. Nire nia baino ez dut konpainia gisa, esku hauek, gorputz hau, eta neure burmuina. Ez dut bakardadea jasaten, konpartitu nahi dut, hitz egin, eman eta jaso, hunkitu, entzun eta begiratu, ikutu, laztandu eta maitatu. Eldarnioa eta Eromena egunero hurbiltzen zaizkit ziegara, eskutik elkar helduta, irribarre gaiztoa ezpainetan. Beti ordu berean iristeko ohitura hartu dute, arratsalde partean. Ate joka hasten zaizkit batzuetan, burrunba lotsagarria eginda; besteetan buru zekenak leihotik erakusten dizkidate, mehatxu antzean. Hasieran oihuka uxatzen nituen, ikara eta izuaren menpe. Denetarikoak esan dizkiet aldendu daitezen, hemen ez zaiela ezer galdu, alegia, beste nonbait bilatzeko. Edonola zuzendu natzaie, hitz onekin, desesperazioak jota, erreguka, birao artean. Baina indartsuak dira eta haien etxean nago, haien besoetan kulunka. Neu eta neu bezalakoak nahi gaituztela esaten didate, beste batzuek bidea zabaltzen dietelako. Isiltasun eta bakardade estuaren lurretan ereindako haziak dira.
Itzalak handitzen ari dira, gaua iristear dago; azken zenbaketaren ondoren ez dabil inor korridoreetan. Zarata, musika eta ahotsak itzaltzen joango dira apurka, eta noizean behin isiltasuna urratzen duen oihu, intziri edo negarzotin bat baino ez da adituko. Mamuen eta ikaren orduak hasten dira orain, ez baikara ezer, ilunbetan higatzen diren haur izuak besterik. Loari etortzeko erregutuko diogu, gau sakonean abandona ez gaitzan, kezken eta atsekabeen esku utzita.
Pixkanaka aretoa husten joan beharko duzue, hemen amaitzen baita gure denbora. Bidaide izateari utziko diogu, nahiz eta agian leku berdinerantz abiatzen garen, hegazti eta ugaztun migratzaileek lurralde epeletara iristeko bide ezberdinak hautatzen dituzten bezala. Eguzkiak berotutako udalurretan aurkituko dugu elkar berriro.
…
Istorio hau idazten ibili nazen bitartean, zure heriotza jasan behar izan dogu. Horregaitik eskaintzen dotsut, Iñaki, zeuk baino hobeto inork ez dauelako jakingo utzi doskuzun hutsunea eta barru-itsaskia mosu banagaz zelan baretu.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /