“Sorkuntza, ihesbide”, Berria egunkarian
2015, 1 martxoa
Sorkuntza, ihesbide
Ander Perez
Berria 2015.03.01
Espetxean daudenentzat, askatasun iturri izan daiteke sortze prozesua, bertatik ihes egiteko bidea ematen dien buru ariketa; hamaika artelan sortu dira kartzeletako barroteen artean.
→ berria.eus: GILTZAPEAREN AURKAKO GUDA
→ berria.eus: Tradizio luzeko generoa Euskal Herrian
→ berria.eus: Jokin Urain. Preso ohia eta idazlea «Espetxeko hesi eta munstroak eraisteko balio du sorkuntzak»
→ berria.eus: Sorkuntza, ihesbide.pdf
Irudiak: Iker Moreno
Askatasun irrikaz erantzuten dio presoak askatasun gabeziari. Erantzun naturala da ihes egin nahi izatea. Eta horretarako bide, pareta zulatu eta alde egiteko bitartekoa da sorkuntza. Bataila bat, azken finean, aske izan nahi duen presoaren eta itzalpean mantendu nahi duen espetxearen artekoa.
Etengabeko galdera da: zergatik idazten du idazleak? Zergatik margotu margolariak? Zergatik pazientziaz harria zizelkatu, azken eskultura lortzeraino? Barrenetik sortzen den zerbait izanda, erantzun propioz erantzuten dio artista bakoitzak galderari, ia erantzunik merezi ez lukeen galdera balitz bezala, norberak bere sormenari paratu nahi izan dion arrazoia salbu. Badira, ordea, denok berdintzen gaituzten egoerak, ñabardurak gorabehera. Askatasunaren galera esperientzia bortitzegia da edonorentzat, eta sentipen komunak sortzen ditu. Eta hortik datoz, halabeharrez, erantzun komunak ere. Askatasun irrikaz erantzuten dio edonork askatasun gabeziari.
Ia gizateriarena bezain luzea da presondegien historia. Eta kartzela bezain zaharra da handik ihes egiteko desira ere. Amets horrek bultzatzen du, eta elikatu, preso dagoenaren sorkuntza. Izan ere, Josu Martinezek Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak liburuan galdetzen duen bezalaxe, «munduan egoteko modurik zatarrena baldin bada preso egotea, zer egon liteke politagorik eskapatzea baino?».
Galdera horren arrazoiketa bere eginez, murruetan zirrikituak egin eta askatasunerako bidea zabaltzeko baliatu dute sorkuntza preso egondako askok. Luzea da hesi artean ekoitzitako lan artistikoen zerrenda, lan horiek egin diren denbora bezain luzea. Pentsa: euskal literaturako lehen lan inprimatuko olerki bat (Mosen Bernat Etxepareren kantuia) ziega batean idatzia izan zen.
«Ihesa da presoaren ametsa. Hemen gaudenontzat, sinonimo dira itxaropena eta ihesa. Eta idazten duen presoaren itxaropena ere ihesa da». Jokin Urainen hitzak dira, Ez dago etxean liburukoak. 27 urte preso egin dituen idazle horrek kartzelako murruen artean sortutako euskarazko testuak bildu eta aztertu zituen liburuan. Eta, aldeak alde, bulkada bat ikusi zuen paperean zerbait betikotzera ausartu ziren guztiengan: ihesa. Askatasunaren irudikapen gisara, ihesa, plano sinbolikoan. Baina baita errealean ere: sorkuntza emaitza perfektua ez al da koilararen pazientziaz hormigoian zulatutako tuneletik egindako ihesaldi arrakastatsua?
«Urruntzeko bitartekoa» da sorkuntza Oier Gonzalezentzat ere. Preso egondakoa da, eta Ataramiñe euskal presoen lanak zabaltzeko argitaletxeko kide da egun. 1983an Puerto de Santamariako (Cadiz, Espainia) espetxean zeuden euskal presoek kaleratutako Intxaur azal baten barruan lana du gogoan. Shakespeareri erreferentzia egiten zaio liburuan —hortik datorkio izenburua—, Hamleten pasarte bat gogoraraziz: «Intxaur azal baten barruan bizi ninteke, eta unibertsoaren errege sentitu». Metafora bat dakar pasarteak, Gonzalezen hitzetan: «Intxaur oskol horretan mundutxo bat eraikitzea bada, aldi berean , intxaur oskol horretatik ihes egiteko bide bat». Sorkuntza da mundu hori; kartzela, intxaur oskola.
Iker Morenok «deskonektatzeko» baliatu zuen sorkuntza espetxean izandako tartean. Bereak dira erreportaje honen irudiak, Oier Goitiaren Fakin Xokona libururako egindakoak. «Sortze prozesuak gidatzen harrapatzen nau, eta, beraz, nire burua horretan zentratzen da. Giro horretatik deskonektatzeko modua da». Eta presoa inguratzen duen girotik alde egitean, «bideak du garrantzia» Morenoren ustez, «prozesua bera delako gozatu nahi izaten dena». Horregatik, beretzat, azken emaitzak berak bigarren mailako balioa du kartzelan. Are gehiago: harresi artean sortutako «lan sakonenak eta osatuenak»beretzat gorde izan dituela dio preso ohiak, «inorekin konpartitu gabe».
Sorkuntza, egunerokoan
Kartzela arrotza da han egon ez denarentzat. Erreferentzia kulturalak espetxeen irudiz beteta egonagatik, presoak baino ez daki zer den bertan egotea. Gauetik egunera aldatzen da pertsonaren bizimodua, burdinazko ateetatik sartu orduko. Eta ohiko bizitza, gauzarik txikiena ere, oztopo bilaka daiteke. Egoera horretan, paperean, oihalean edo pentagraman jasotzen denaz harago, sorkuntzak badu beste baliorik: iraupen hutsarena. Gonzalezek dioenez, «egunerokotasuna errazteko tresna» da sorkuntza kartzelan. Adibide praktikoetara eramanda: Frantziako espetxeetan, non «banatzen den janari eskasarekin ozta-ozta iraun» daiteken, presoak bere kasa kozinatu behar izaten duela dio. Irudimena astintzearen ondorio da presoek tomate kontzentratuen aluminiozko hodiekin, kontserba poto hutsekin eta olioarekin egiten dituzten sukaldetxoak. «Espetxe teknologia» deitzen dio Gonzalezek horri.
Inguru arrotz hori «norberarena egin eta norberaren modura birsortzeko» beharra ikusten du Morenok presoarengan. «Edertasuna sortzeko beharra, edertasunik ez dagoen toki batean». Buruari eragin behar dio presoak, itxituratik zerbait atera nahi badu. Olatz Caminos presoak honela idatzi zuen Bakarlekuko bakarrizketa lanean: «Ikusleak galdetu behar dio bere buruari nola egiten duen emakumeak [presoak] hogei orduz alaitasuna, itxaropena, interesa bizirik mantentzeko, maitasuna ereiteko, edertasuna sortzeko». Oztopoei aurre egin behar baitie presoak, etengabe. Sorkuntza ez da erraza giltzaperatua dagoenarentzat; «dena dago kontra», Morenok dioenez. Baina irudimenak aurre egiten dio gabeziari: «Gogoan dut postal batzuk egiteko txorroskiloaren aiztoa atera behar izaten genuela, eta boligrafo baten plastikozko tutura itsatsi». Baina horrek badu alderdi positiborik ere: «Hainbeste erronka izateak soluzioak bilatzera derrigortzen zaitu. Sorkuntza, azken batean, hori da: soluzioak bilatzea».
Oztopoez mintzo da Dario Malventi antropologoa ere. Urte luzeak daramatza kartzelaren eta sorkuntzaren arteko harremanak aztertzen. Lau urte eman zituen Asturiasko (Espainia) Villabonako kartzelan, bertako hezkuntza unitate terapeutikoa ikertzen, barru-barrutik. Azkenean, proiektutik —eta kartzelatik— kanporatuak izan ziren bera eta Alvaro Garro bere ikerketa kidea, kartzelako programa harekin kritiko izateagatik. Geroztik, Renatio Curcio eta Nicola Valentino italiar preso politiko ohiekin ibili da lanean. Kartzelatik aterata, Sensibili Alle Foglie argitaletxea sortu zuten aurreko biek, presoen ametsak eta sormena aztertzeko. Eta haritik tiraka heldu dira hainbat ondoriotara. Malventik honela laburbiltzen ditu: «Pertsona bati askatasuna kentzen zaionean, erresistentziarako mekanismoak sortzen ditu. Gizakiak, ustez gainditu ez daitezkeen oztopoen aurrean ikusten duenean bere burua, beste produkzio sinboliko bat sortzeko beharra izaten du. Sorkuntza ekintza hori erabat beharrezkoa da itxialdiak dakarren sufrimendua gainditzeko».
Malventik dioenez, kartzelako sorkuntzak «bizirik eusten die» presoei, «identitate eta askatasun espazio propioa eratzen dutelako. Eta, hain zuzen ere, identitatea eta askatasuna dira instituzioak desagerrarazi nahi dituen elementuak».
Ezin erabat urrundu
Lau paretek mugatzen dute preso dagoenaren unibertso fisikoa. Metro koadro gutxi batzuk. Barrote tarteek uzten duteneraino heda daiteke gehienez begirada. Baina presoak badu, itxaropena elikatu nahi badu, hortik harago begiratzeko beharra. Irudimena piztu behar du, sortu, sinbolikoki bakarrik bada ere, lau hormek giltzaperatzen duten hori mundu bakarra ez dela sinesten jarraitu ahal izateko. Esperientzia berdintzailea da hori, jatorriz eta izaeraz ulertzerik ez duena. Bost axola nondik zatozen, bost axola zergatik zauden preso. «Erantzun unibertsala» da, Malventik dioenez. «Naturala», Gonzalezentzat. «Ikaragarria da nola berdintzen duen espetxeak sormenerako bulkada. Elementu hegemonikoak topa ditzakegu, itxiturarenak, bai Euskal Herrian, bai AEBetatik Leonard Peltierrek edo Mumia Abu Jamalek kaleratutako lanetan. Espetxeko esperientzia hainbesteraino da berdintzailea, presoaren subkontzientean eragiteraino».
Paretak zulatzea da presoaren desira, eta horretarako erreminta da sorkuntza, mundu hori albo batera utzi eta ihes egiteko. Baina presoa preso da ateak irekitzen ez diren bitartean. Eta nahia hori bada ere, ez da erraza urruntze erabatekoa eskuratzea. Horregatik, genero batez hitz egiterik balego, elementu autobiografikoak presenteen dituen generoaz ariko ginateke espetxe literaturaz hitz egitean. Agerikoa da sortzailearen isla kartzelan sortzen duen horretan. Badira kartzelako esperientziaz idazten dutenak, zehatz, deskribapen kronika gisara. Eta badira, kontrara, kontakizuna zeharo espetxetik kanpo kokatzen dutenak, «hain zuzen ere, beren burua espetxetik kanpo kokatzeko», Gonzalezen ustez. Baina «beti, inplizituki bada ere, beti» dago kartzelaren itzala. Sortzean, hain zuzen , «beti agertzen da sortzailea nondik ari den sortzen», Morenoren iritziz.
«Ihesa amets, baina gehienetan ametsek egiten dute ihes, goizean esnatzean presoak kartzelan utzita», idatzi zuen Urainek. Sortu den hori bukatu bezain laster desagertuko balitz bezala. Berriro hasi behar da sortzen, berriro ihesaldia prestatzen. Baina Gonzalezek dioenez, kartzelaren gudu zelaian «bataila» da sorkuntza, presoaren eta askatasun faltaren arteko bataila. Eta sortzea, une batez bada ere, gutxika-gutxika guda hori irabazteko pausoak ematea da. Astiro-astiro, aske bizi nahi duen presoaren alde orekatzea balantza, hura itxi nahi duen kartzelaren kaltetan.
Tradizio luzeko generoa Euskal Herrian
Oier Gonzalezentzat, «tristea» eta «adierazgarria» da espetxeko sorkuntzak Euskal Herrian izan duen presentzia. Luzea bada, behintzat, orain arte egindako bidea. Euskarazko lehen lan inprimatuan, hots, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae-n (1545) ageri den Mosen Bernat Etxepareren kantuia testua giltzapean idatzia izan zen. Gerora etorriko ziren Joxe Amenduze — «hemen natza ehortzirik»—, Juan Inazio Iztueta, Martin Larralde eta Etxahun Barkoxe. Iparragirrek ere idatzi zuen bertsorik, kartzelatik irtetean: «Giltzapean sartu naute poliki-poliki…». 1936ko gerrak euskal herritar asko eraman zituzten espetxera. Handik sortu zuten Espetxean aldizkaria, testuak biltzeko. Ordutik aurrerakoa ezagunagoa da. Milaka dira azken urteetan kartzelako itzaletik pasatu direnak. Denetariko lanak utzi dituzte, literaturan batik bat, baina baita arte plastikoetan ere. Eta egunerokoaren kronika dira kartzeletako hesietatik joan-etorrian dabiltzan gutunak. Sormenak jarraitzen du, gaur egun ere. Erakusketa batek utzi digu azken adibidea: Herve Di Rosa artistaren ekimenez, euren koadroak erakutsi dituzte Saint Maur espetxeko (Frantzia) presoek. Tartean da Zigor Garro euskal presoa ere.
Jokin Urain
Preso ohia eta idazlea
«Espetxeko hesi eta munstroak eraisteko balio du sorkuntzak»
Ziega barrutik idatzi ditu Jokin Urainek orain arte kaleratutako lan guztiak. Kartzela den «absurdoa» bere buruari azaldu ahal izateko balio izan dio sorkuntzak barrote artean.
2013ko azaroan Herrera de la Manchako (Espainia) kartzelatik irten zenean, bizitza erdia zeraman preso Jokin Urainek (Mendaro, Gipuzkoa, 1959). 1986an atxilotu zutenetik, 27 urte egin ditu giltzaperatua, espetxez espetxe. Han josi ditu orain arte kaleratutako liburu guztiak: lau hormen artean. Espetxeko sorkuntzaren adibide da, sortu duelako, eta euskaraz kartzelan idatzi dena ere bildu eta aztertu izan duelako.
Zerk bultzatzen du presoa sortzera?
Bizi nahiaren bultzadak eramaten du presoa zerbait egitera. Sorkuntzak badu kartzelaren absurdo hori norbere buruari azaldu beharra, absurdo horrek berak jan ez dezan presoa.
Erantzun naturala da, beraz.
Bai, bizinahi horrek modu naturalean eramaten du presoa zerbait egitera.
Eta horrek, nolabait, preso guztiak berdintzen ditu.
Edonongo presoengan dago bizinahi hori. Kontua da askotan presoen mundu hori galeran erortzen dela; ez baduzu helbururik, bizinahi hori ez baduzu planteatzen helburu bati begira, kartzelako zurrunbiloak jaten zaitu. Horretan datza presoen arteko ezberdintasuna.
Zure lanetan ihesaz mintzatzen zara, behin eta berriz.
Bai; dudarik gabe, ihes egiteko modua da sorkuntza. Badago kartzelako errealitate absurdo eta irensgarri horretatik, nola edo hala eraitsiko zaituen horretatik ihes egiteko beharra. Baina ez da sarri aipatu izan den ihes fantasiazkoa bakarrik; badago ihes egin nahi erreal eta fisiko bat ere. Norbere irudimenaren ahalmenaren araberakoa da hori; gero, sormenera edo prestakuntzara bideratzen da.
Zuk diozunagatik, askotarikoak dira ihesak: «Egiazko eta alegiazko ihesaldiak, burutuak eta zapuztuak, amestuak eta amesgaiztotuak».
Lehenengo irudimenean gauzatzen ez diren ihesak ez dira inoiz errealitatean gauzatuko. Ihes horri begira irudimenean jardutea beharrezkoa da. Gero hasten dira errealitatean poliki-poliki gauzatzen. Bide horretatik etorri dira benetan lortu diren ihesaldiak, baita porrot egiten dutenak ere. Bai eta norberarentzako bakarrik balio izaten duen ihes literarioak ere.
Denbora kudeatzeko, betetzeko modua da sorkuntza kartzelan. Nolakoak lirateke giltzapean pasatu dituzun 27 urteak literaturarik gabe?
Ez dut imajinatu ere egin nahi. Ez dakit idatzi dudan horri literatura deitu dakiokeen; nolabaiteko idazte jarduna izan da. Alde batetik, absurdo hori guztia norbere buruari azaldu beharra dago, ulertzeko. Era berean, kartzelaren hesiak eta munstro hori eraisteko balio du. Literaturak ere badakar, gainera, ariketa intelektuala: norbere burua janzteko ariketa da.
Kartzelan ondu duzu orain arteko sorkuntza literario guztia. Kalean egonda, apaldu al zaizu idazteko bulkada hori?
Bai. Sorkuntza literarioaren behar hori ez dut kartzelan bezala sentitzen, baina sentitzen dut nola edo hala jardun beharra kartzelako mundu horri eta kartzelan dauden kideei erreferentzia eginaz. Historiaren ikuspegitik, batez ere.
Bulkada militantea da orain, beraz, lehen gizatiarra zena.
Bai, Eta, batez ere, kartzelan nola edo hala idaztea pentsatu baina ezinezkoa zelako alde batera utzitakoa orain ari naiz berreskuratzen eta pixka bat josten.
Zaila da, kartzeletako lanetan, presoaren isla ez agerraraztea.
Azken finean, bi aukera dira: tripetatik idaztea edo burutik idaztea. Eta, batzuetan, zaila da tripetatik ez idaztea, norbere sentipenen nahasketa horiek pixka bat alboratuz, eta idazketa norberarentzat bakarrik izan ordez besteei kontatzeko eginez. Hori ez da erraza izaten.
Eta horregatik beharbada, ia etengabea da ni-aren presentzia kartzela barruan egindako lanetan.
Esperientziak erakusten du kartzelan idazten dena —asko eta askotan behintzat— norbere buruari lotuagoa izaten dela. Kalean literaturara dedikatzen denak distrakzioagatik egiten du askotan, eta, horregatik, askotan errazagoa egiten zaio abstrakzioa. Baina egia da kartzelan ez dela hain erraza.
Espetxekoa tradizio luzeko generoa da euskal literaturan. Zerbait pentsarazi beharko liguke horrek.
Dudarik gabe. Batzuk esan izan dute sufrimendutik idazten dela, eta sufritzen egon garelako idatzi dugula. Nik ez dut uste sufrimendua ona denik ezertarako: ez idazteko, ez ezertarako. Kontua da ihes bezala ikusi izan dugula, eta bide horri ekin geniola. Etxeparek ere bere esperientziari egin nahi izango zion erreferentzia.
Galdera friboloegia da beharbada, baina sorkuntzarako leku egokia al da espetxea?
Gauza batzuengatik, leku egokia izan daiteke: denbora daukazu; ez daude kaleko joan-etorri asti gabeko horiek, eta, beraz, bai, badira abantaila batzuk. Baina ez dut uste kartzela ona denik ezertarako.
Idazlea bakardadearen bila ibiltzen da sarri. Kartzelan hori badago, baina nabaria da aldea.
Lagunartea gertu dagoenean da ona bakardadea, baina, bestela, lagunartea gertu ez badago, bakardadea ez da ona ez ezertarako, ez inorentzat.
Noiz arte iraungo du kartzelako literaturak?
Zoritxarrez, uste dut oraindik ere jarraitu beharko dutela idazten kartzelan daudenek. Eguneroko gorabeherei buruz aritzen da jendea kartzelan, eskutitzen bitartez batez ere. Asko idazten da kartzelan. Eta bai: zoritxarrez, idazten jarraitu beharko dute.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /