Jexuxmari Zalakain, “Kartzelako kronikak X”

2015, 20 urtarrila

Jexuxmari Zalakain euskal preso politikoak Espetxeko Kronikak argitaratzen ohi ditu Herria 2000 Eliza aldizkarian espetxeratu zutenetik hona. X. kronika hau 249. zenbakian argitaratu zuen. Argazkia: Wikipedia

→ Kartzelako kronikak (X)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 249. zk. 2014

Irakurle hori, agur t’erdi: Lerro hauek uda aldean argitaratuko diren arren, Aste Santuko atarian idazten ari naiz. Komunikabide azkarren aroa ez da guganaino iri­tsi. “Mendeku ­txikiren bat” gertatuko zen susmoa neukan IX. kronika ida­­tzi nuenean; izan ere Estrasburgoko epaiak, gure kolektiboaren abenduko idazkiak eta kaleratuen Durangoko bilkurak horretarako eta gehiago ematen bai­tzuen.

Ez dakit horrekin oso lotuta egongo diren, baina niri gertatu zaizkit episodio adierazgarri ba­tzuk, jarraian kontatuko dizkizudanak. Goian aipatu ditudan aldeko atal horien ondoren, nire lagun Txema Erdozaini hona bisitan etor­tzea debekatu zioten, “kazetari lanetan” dabilelako hain zuzen. Arrazoi bi­txia, inondik ere, inon ez baita zehazten zein lanbide diren desegokiak preso bat bisita­tzeko. Bertoko Segurtasun arduradunari deitu nion azalpen bila, eta pixka bat estutu nuenean benetako arrazoia eman zidan, nire ustez. Hauxe: “zuekin gauza arraroak gerta­tzen ari dira azken boladan”. Geroztik hor gabil­tza bidegabekeria hori zuzendu nahirik. Txemak kontatu du bere partea, ustel atera zi­tzaion telefono-deia, eta nik galdu dut lehenengo helegitea; orain A.N.eko Penaleko Salaren ebazpenaren zain nago. “Gauza arraroak”, beraz, “mendeku ­txikiaren” an­tz handia dutenak.

Hori gertatu eta egun gu­txira beste ­txabolo-aldaketa nozitu genuen denok, hamalau hilabetetan laugarrena. Goiko pisura igo gaituzte berriro. “Zuek ezin zarete beheko solairuan egon, FIES zarete eta”, esan zigun aldaketaren berri eman zigun fun­tzionarioak. “Eta zeinek jai­tsiarazi gintuen orduan?”, eran­tzun genion, pol­tsak eta paketeak bizkarrean hartuta. Tira, ostera ekialdeari begira gaude, ziegak epelagoak dira, eta ikusmenerako egokiagoak: inguruko soroak, hurbileko muinoak eta aldameneko errepidean autoak ikusten ditugu … Luxu bat, urtebetean aurreko horma besterik ikusi ez dugunon­tzat.

Zigortuta nago

Ez da jaso dudan lehenengo zigorra, baina oraingoan gogor samarra ezarri didate; bidegabea batik bat, eta neurriz kanpokoa. Irakurri: hiru asteburu ziegatik atera gabe, ez eta otorduetan ere, eta beste 60 eguneko arra­tsalde guztiak ere berdin.

Hola esanda, zerbait larri egingo nuen; aldiz huskeria izan zen. Aurrez aurreko bisita daukagunean ohitura da patioan gera­tzea edo t ­ xabolora igo­tzea afal­tzera jai­tsi aurretik arropa alda­tzeko. Bisita egun horietako bat suertatu zi­tzaidan, eta ondoren, 5,30 aldera, ziegazainen leihatilara hurbildu nin­tzen.

• Mesedez, irekiko al didazu 48. ziega, nirea?
• Ez daukat zuri zertan ireki.
• Sei urte darama­tzat modulu honetan, eta zure lankideek beti ireki didate atea, eskatuz gero.
• Ba nik ez daukat zertan ireki.
• Baina arra­tsaldeetan ez nago behartuta patioan gera­tzera. Aukera daukat.
• Esan dizut, eta ez dizut irekiko.
• Hartara denun­tziatu beharko zaitut. – Eta patiora joan nin­tzen.

Handik hilabetera edo, partea. “Errekurrituko al duzu”, esan zidan agente judizialak. “Errekurritu? Huskeria bat izan zen. Emaidazu zigorra eta beteko dut”. Zain geratu nin­tzen. Beste hogei bat egun pasata, zigorra: desobedien­tziagatik, errespetu faltagatik eta koakzioengatik.

Eta ez da azkena izango. Beste bi zigor dauzkat zain, hamarna egunekoak, leihoen azpiko korridorea ez garbi­tzeagatik. Jendeak leihoetatik edozein gauza bota­tzen duenez, zuzendariak agindu zuen denon artean, ­txandaka, garbi­tzea. Preso politiko guztiok eta hiruzpalau arruntek uko egin genion ordenari: hiru agindu, hiru parte. Nire kasuan, A.N.k arrazoia eman zidan, esanaz garbiketari dagokionez, presoaren betebeharra txaboloa txukun manten­tzea dela, eta gainontzerako, arduradunak jarri behar direla, eta saritu. Beno, bada, epailea aldatu dute, eta pikutara bidali dizkit hurrengo bi helegiteak. Kitto. Justizia. Beraz, badakizue, ekainaren bukaera arteko arra­tsaldeak ziegan pasatuko ditut… honen an­tzeko idazkiak egiten.

Apaizak hobeto

Pasadizo hau pixka bat zaharragoa da, baina oraindik ez dut behar bezala kontatu. Halako batean kar­tzelako apaiz batek deitu ninduen, esanaz Garaiko­txea izeneko lizen­tziatu batek ida­tzi ziola Urruguaitik. I­txuraz, Elduaingo gure aitona Mieljoxeren lehengusu baten semea zen, Ameriketan jaioa. Nire izena Interneten irakurria zuela eta ea harremana nahi nuen berarekin. Baie­tz esateko eskatu nion apaizari, baina gaur arte. Lastima. Gero apaiza desagertu egin zen ludopatia arazoren baten erruz hemendik aldenduta, baina aldika beste apaizen bat etorri zait bisitan, nola nagoen, zerbait behar ote dudan etab. galdezka. Nonbait enteratuta daude ni ere apaiz izana naizela. Eta asko estimatu diet jarrera.

Kapilau horietako bat frailea da, eta hiruzpalau aldiz bisitatu ondoren berak zuzen­tzen duen aldizkari batean idaztera gonbidatu ninduen: “Askapen bideak”. Pen­tsa! Ida­tzi nuen, berak eskatutako eran eta neurrian. Baina, hara, argitaratu baino lehen, penatuta hurbildu zi­tzaidan, esanaz, kar­tzelako agintarien aginduz, ezin zuela nire idazkirik argitaratu. Eta harremana ere eteteko. “Lasai, gizona, ez kezkatu. Berdin esker­tzen dizut zure ahalegina”, esan nion. Ez dut gehiagotan ikusi. Jatorra eta hurbila zen. Errespetuz hi­tz egiten genuen (beti kar­tzeleroen begiradapean) …baina mugak muga dira. Gaur arte. Lastima, ostera. Nirekin adi ibil­tzeko esan omen zioten. Ez nekien arriskugarria nin­tzela. Sinisten hasi beharko dut…

Buka­tzeko, kezka bat

Ez da harri­tzekoa barrutik bidal­tzen ditugun mezuak erabat zuzen ez uler­tzea, baina kezka­txo bat badaukat 2013ko abenduaren 29n argitaratu genuen mezu “historikoari” buruz egiten ari diren irakurketa okerrez, batik bat gure ordezkari politikoek egiten dituztenean. Izan ere, esaten ari da euskal preso politikoek legea bete­tzea erabaki dugula. Nire iri­tziz hori ez da horrela. Ni ez naiz inor inoren iri­tziak zuzen­tzen ibil­tzeko, baina hobe beharrez gomenda­tzen dut idazki hura berrirakur­tzea, batez ere 5., 6. eta 7. puntuak.

Guk esan duguna da: a) salbuespen neurriak eta kar­tzelako politika “errotik” aldatu behar direla; eta tresneria judizial-juridikoa “egoera politikora” egokitu; b) “horiek horrela” (aldatuz gero) on­tzat eman “dezakegula” gure e­txera­tze prozesua “lege baliabideak erabiliz gauza­tzea”; eta c) “prest gaudela” prozesu hori azter­tzeko eta jorra­tzeko “egitasmo orokor baten baitan”. Laburtuz: legedia onartu bai (“aurrera begira legeek eta beren aplikazioek berebiziko papera baitute”), baina justu eta egokiagoa denean. Zaballara joatea eska­tzen ari gara, horretarako lege aldaketarik behar ez delako…

…Beno, nire kar­tzelaldia azken fasean sartu da. Urtetan ez, hilabetetan konta­tzen hasi naiz: orain 20 hilabete falta zaizkit 2015eko azaroaren bukaera arte. Eta urduritasunaren lehen zan­tzuak ere nabari­tzen ditut, goiz­txo den arren. Zorionez, osasun arazoak bidera­tzen hasi dira, gainera.

→ Kartzelako kronikak (IX)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 246. zk. 2013

→ Kartzelako kronikak (VIII)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 244. zk. 2013

→ Kartzelako kronikak (VII)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 240. zk. 2012

→ Kartzelako kronikak (VI)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 237. zk. 2012

→ Kartzelako kronikak (V)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 233. zk. 2011

→ Kartzelako kronikak (IV)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 227. zk. 2010

→ Kartzelako kronikak (III)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 224. zk. 2010

→ Gutuna
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 219. zk. 2009

→ Kartzelako kronikak (II)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 218. zk. 2009

→ Kartzelako kronikak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 215. zk. 2008

Herria 2000 Eliza. Espetxearen inguruko ale bereziak

→ Espetxe suntsitzailea
Herria 2000 Eliza 233. zk. 2011

→ Biktima isilduak
Herria 2000 Eliza 220. zk. 2009

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak