Julie Duchatel: Aparteko historia bat

2014, 7 abendua

BOBBY SANDS: Martxa baten lehen notak
Denis O’Hearn
Itzultzaileak: Aitzol Iriondo eta Iurgi Garitagoitia euskal preso politikoak
550 or.
Txalaparta
Argitaratzeko data: 2015eko martxoa

Aparteko historia bat
Julie Duchatel. Bobby Sandsen biografiaren frantsesezko edizioaren itzultzailea.
Gure Liburuak 44

Historia hau nahiko historia apartekoa da. Giza historia bat da, batetik. Eta bat-bateko maitemin batena, bestetik. Maitemina, bai, baina… liburu batekin. Liburu hau berezia delako. Ezin da irakurketatik osorik atera.

Denis O’Hearnek –Soziologia irakaslea eta AEBetako segurtasun handiko kartzeletako presoen aldeko ekintzailea– Bobby Sands ikertzeko ideia izan zuen, Irak Londresekin 1998ko Bake Akordioa sinatzen zuen bitartean. Mexikotik Beirutera ezagun zen Sands, baina ezer gutxi genekien bere bizitzari edo nortasunari buruz (ezta Ipar Irlandako gatazkan adituak direnak ere). Bagenekien Irlandan 800 urtetik gora iraun duen ingeles kolonialismoaren kontrako ekintzaile errepublikanoa zela eta 66 eguneko gose-grebaren ostean Belfasteko Long Kesheko kartzelan hil zela, 1981eko maiatzaren 5ean. Bagenekien Westminsterreko Parlamentuko kide hautatu bazuten ere, Margaret Tatcherrek ez ziola jaramonik egin. Bobbyren ondotik, gose-greba berean, bederatzi irlandar gazte adoretsu hil ziren: Francis Hughes, Raymond McCreesh, Patsy O’Hara, Joe McDonnell, Martin Hurson, Kevin Lynch, Kieran Doherty, Tom McIlwee eta Mickey Devine. Bobby eta bere burkideek, ehunka presoren eta milaka errepublikanoren babesarekin, preso politikoen estatusa aldarrikatzen zuten eta, horregatik, preso komunen uniformea janzteari uko egin zioten. Garai haietan borrokaren parte handi bat kartzelan egiten zen, eta uniforme hori onartzeak kanpoan errepublikanoek egiten ari ziren borroka kriminalizatzea zekarren.

«Aparteko liburu bat… [Bobby] bizirik eta kartsu dago orri bakoitzean. Inportanteena zera da: liburuak langile klaseko ohiko mutil batetik azken urteetako iraultzaile engaiaturako garapena deskribatzen duela».
Laurence McKeown, Bobby Sandsekin gose-greba burutu zuen preso ohia.

Denis O’Hearnek zazpi urte iraun zituen ikerketa luze bati ekin zion, eta ikerketa horretan zehar borrokan parte hartutako eta Bobby ezagututako hainbat pertsona aurkitu zituen. Era horretan, bere bizitza idoro zuen. Bobby gazterik hil zen, baina bizitza oparoa izan zuen; altruista, komunitateari eskainia, poesiari, erresistentziari, anaitasunari eta elkartasunari emana. Hau da, hil zen unean jendearentzat zena baino askoz gehiago izan zen bere bizitza.

Liburu hau biografia hutsa baino askoz gehiago da. Saiakera politikoa da, historia liburu bat, polizia-eleberri bat eta, horrez gain, Europako kartzelarik modernoenak zeuzkan baldintza ankerrei buruzko testigantza baliotsua ere bada. Liburu hau zirraragarria da autodidakta baten historiaren baitan sartzen gaituelako, kartzela barruko anaitasunak gainditu ditzakeen baldintzen berri ematen digulako eta bertan egindako protesta ekintza ezberdinek emandako eredua erakusten digulako (no-wash protest, dirty protest etabar). Halaber, liburu honek kartzela barruko literatura- eta poesia-sorkuntzaz dihardu, hau da, mundu absurdu, itsusi eta esperantzarik gabeko batean sorkuntzak zer esan nahi duen aztertzen du. Liburuko itzultzaileek badakite zer den hori. Aitzol eta Jurgik esan zidatenez, lagun kortsikar batek oparitu zien Sandsen biografiaren frantsesezko bertsioa. Irakurritakoan, argi ikusi zuten itzuli egin behar zutela konpartitzeko, eztabaidatzeko eta sufrimendua gainditzeko zituen gako garrantzitsuengatik.

Dagokion pasio eta ardurarekin ekin zioten lan erraldoi honi. Maila batean, kartzelako denborak azkarrago egiten zuen aurrera azkeneko emaitza horretara bidean lan egiten zutenean: lanaren euskaratzera, alegia. Emaitza horren berri izan zuenean, Denis O’Hearn zeharo hunkitu zen. Hori baino modu hoberik, gose grebalari irlandarren lan eta borrokari omenaldi egiteko!

Munduko beste leku batzuetan ere badu oihartzun berezia liburu honek. Turkierara itzuli berri dute, adibidez, Turkiako eta Kurdistango preso politikoek Sands eta bere burkideek egindakoan inspiratuta gose greba ugari egin dituztelako.

«Benetan nabarmena izan zen gazte baten bizitza… Nola pasatu zen gaztetxo ausart bat izatetik iraultzaile konprometitu, sentibera eta anti-inperialista izatera. [Liburu honek] erakusten du interesa nonahi egon daitekeela».
Mumia Abu-Jamal

Eskuak eta bihotzak erretzen dituen liburua da. Gazte hauen borroka gizateriarena izatera heldu delako eta, hortaz, boluntario horiek erakutsitako graziak eztandarazten duelako. Liburu hau, Denisen talentuagatik, Aitzol eta Jurgiren eskaintzagatik eta kontatzen duen historiagatik Euskal Herrian klasiko izatera kondenatuta dago. Tiocfaidh ár lá.

BOBBY SANDS: Martxa baten lehen notak
Denis O’Hearn
Itzultzaileak: Aitzol Iriondo eta Iurgi Garitagoitia euskal preso politikoak
550 or.
Txalaparta
Argitaratzeko data: 2015eko martxoa

1981eko maiatzaren 5ean, 66 eguneko gose-grebaren ostean, Long Kesh kartzelako ospitalean hil zen Bobby Sands. Ipar Irlandako langile-klaseko familia batean hazitako gaztea. IRAko boluntarioa. Britainiar parlamentaria. Poeta. Mugimendu errepublikanoko liderra.

Bera eta beste bederatzi burkide heriotzeraino eraman zuen borrokak mundu mailako ikono bihurtu zuen. Hala ere, Denis OHearnek biografia hau idatzi zuen arte ezer gutxi genekien haren bizitzaz. Orriotan, gazte engaiatu baten bizitza kausitzen dugu, West Belfasteko kaleetatik mugimendu errepublikanoko zuzendaritzara eraman zuen ibilbide koherente eta eskuzabala. Bobby Sands eredu izan da mundu osoko borrokalarientzat; hona hemen iraultzaile handi baten bizitza- eta duintasun-testigantza.

DENIS O’HEARN Mexiko Berrian jaio zen eta 1970eko hamarkadan Belfastera joan zen bizitzera. Bertan, urte askoan ekintzailea izan zen: West Belfasteko Foro Ekonomikoko presidente izan zen baita Scoil na Fuisoige gaeliko eskolako zuzendaritzako kide izan zen ere. Wisconsineko eta Belfasteko unibertsitateetan irakatsi du eta, egun, Binghamtoneko unibertsitatean Soziologia irakaslea da.

literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org

Share

Iruzkinak