[berria.eus] Ziegatik kaleratutakoak
2014, 29 azaroa
Jon Benito eta Ataramiñeko Mitxel Sarasketa eta Oier Gonzalez. M. DEL VALLE/ ARP
→ berria.eus: Ziegatik kaleratutakoak
Ibon Muñoaren Ainarak herrira itzuliko dira bertso liburua eta Ekaitz Sirventek itzulitako Mandelaren autobiografia kaleratu ditu Ataramiñek
2014-11-29 / Iñigo Astiz
«Hamabi urte hainbeste aje/ hormatzar hauen barnean,/ sasoi loriak geratu ziren/ dilindan iraganean,/ kurrilo aldrak urrian dira/ igaro hega betean,/ hantxe ikusi nahi genituzke/ gure sorterri maitean». Orain bi urte idatzi zituen bertso horiek Ibon Muñoa Arizmendiarrieta euskal presoak, Cadizko (Espainia) Puerto I espetxean zegoela kartzelan sartu zutenetik hamabi urte bete zirenean. Ainarak herrira itzuliko dira liburuan bildu dituzte orain Muñoak 2011tik 2013ra bitarte idatzitako bertsoak, eta idazleak espetxean hamalaugarren urtea betetzen duenean heldu dira kalera. Euskal presoen sorkuntza lanak argitaratzen dituen Ataramiñe argitaletxeak kaleratu du liburua. Hainbat euskal presoren sorkuntza lanak batzen dituen liburu kolektibo bat eta Ekaitz Sirvent presoak itzulitako Urte ilunak liburua ere kaleratu dituzte. Nelson Mandelaren Long Walk to Freedom autobiografiako kartzela urteak kontatzen dituen atala, hain zuzen ere. «Kartzelako murruak pasatzen lortzea da kartzelako literaturak duen arazo nagusietariko bat», zehaztu du Mitxel Sarasketa Ataramiñe Elkarteko kideak. «Liburuak argitaratzean horregatik esaten dugu liburuak kaleratu egin ditugula».
Espetxean liburu bat itzultzeko dauden zailtasunak izan ditu gogoan Jon Benito idazleak: «Bahituak zailtasunak ditu liburuak itzultzeko; ezinbestean itzulpen politikoa egiten du, beste itzulpen bat egiteko beste bitartekorik ez duelako eta bere asmoa bestelakoa delako». Sirventen itzulpen lana zuzentzen aritu da Benito, eta, azaldu duenez, liburuaren hautaketa ere ez da kasualitatezkoa. «Mandela bere bizitzako parte batean bahitu politikoa izan zen, eta joko ez oso lizito bat eginez, esango dugu bahitu politiko oro dela Mandela bat bere hersturan. Une horretan behintzat Mandela bat da. Hori sentitzen nuen liburuaren itzulpena zuzentzen nuenean». Mandelak 1966tik 1968ra kartzelan emandako urteen kontakizuna itzultzeaz gainera, horren osteko urteei buruzko kontakizuna ere itzulia du Sirventek, baina bakartze sasoiak, leku aldatzeek eta epaiketek ezinezko bilakatu diete argitaletxekoei liburuaren bigarren zati hori kaleratzea.
Aurten espetxean hil zen Arkaitz Bellon euskal presoa izan dute gogoan argitaletxekoek, hari eskaini diote Ataramiñe 14 liburu kolektiboko kontrazala eta testuetan ere behin baino gehiagotan aipatu dute bere izena sortzaile presoek. Joseba Arregi Erostarberen irudia ageri du azalak, eta Sarasketak deskribatu du: «Oso murriztuta dauka pintatzeko materiala, baina jarraitzen du sorkuntzarekin, eta kartzelatik herria irudikatzen du, baina herriko plazan kartzeletan ohikoak diren kontrol dorre bat dago». Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik preso dagoen Jesus Mari Zalakainek idatzi du hitzaurrea, eta haren testuez gain, beste 16 presoren testuak ere biltzen ditu bildumak. Mikel Antzaren poemak, Mikel Orbegozo Etxarriren kartzelako egunerokoari buruzko tira umoretsuak eta Joseba Galarragaren margolanak, tartean. Horiez gain, 1983an Carabanchelgo kartzelan izandako matxinadari buruz Joseba Txomin Eizagirre Mariskalek eta Joseba Sarrionandia Uribelarreak idatzitako bertsoak ere erreskatatu dituzte bildumarako.
Lanak eskuragarriago
Ainarak herrira itzuliko dira ez da Muñoa Arizmendiarrietak Ataramiñen kaleratutako lehen bertso liburua. 2011n kaleratu zuen Ametsen txokoan bizi naiz bilduma eta haren jarraipen zuzena da orain argitaratutakoa. Kronologikoki antolatuta daude bertso guztiak lehenengoan, eta berdin jokatu du bigarrenean ere. Kartzelari buruzko kronikak, gogoetak eta Euskal Herriko gaurkotasun gaiei buruzkoak biltzen ditu liburuak. «Bertso hauek ez dira soilik liburuan argitaratu, askok hartzaile zuzena dute. Hemen bilduta daudenak aurrez bere lagunei bidalitako bertsoak dira», azaldu dute Ateramiñekoek.
Durangoko Azokan postua jarriko dute aurten ere Ataramiñe Elkarteko kideek, eta han egongo dira aurten kaleratutako liburu guztiak salgai. Hemendik aurrera, harpidetza sistema bat jarriko dute martxan, halere. Liburuak eskuragarriago jartzea da ideia, egun maiz ez baita erraza izaten liburuak lortzea. Bidalketa gasturik gabe liburuak etxera bidaliko dizkie Elkarteak harpidetza egiten dutenei.
literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org