Ataramiñe 09ren aurkezpena
2009, 30 abendua
Aurkezpenaren argazkiak hemen (((ukberri.net)))
Eskualdeko hainbat errepresaliatu politikoren lanak irakur daitezke “Ataramiñe” berrian
“Ataramiñe 09” izenburuko liburua aurkeztu dute, gaur eguerdian, Bilboko Kalderapeko kulturgunean. Deportazioan, espetxean eta ihesean dauden 21 lagunen lanak bildu dituzte argitalpenean. Horretaz gain, Borxa Urberuaga gernikarraren komiki binetak ere aurki daitezke bertan. Izan ere, ekimenean parte hartzea erabaki zuenean, oraindik preso zegoen gaztea. Urriaren 23an askatu zuten. Besteak beste, Dueñas (Palentzia, Espainia) espetxean daukaten Itzubaltzeta / Romoko Iñaki Gonzalo Casal “Kitxu” eta Frantzian preso dagoen Aitor Artetxe algortarraren idatziak jaso dituzte “Ataramiñe 09” alean, baita Sao Tomen deportatuta dagoen Alfontso Etxegarai plentziarraren kontakizuna ere. Bitartean, gainontzeko argitaletxeek ez bezala, euren bokazioa “liburu gehiagorik ez ateratzea” dela aipatu du, gaurko prentsaurrekoan, Mitxel Sarasketa Ataramiñe elkarteko kideak, euren nahia euskal presoak kalera ateratzea baita. “Ataramiñe 09” liburua Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan egongo da salgai, abenduaren 4tik 8ra bitartean, 18 eurotan.
Liburua osatzeko aurkitzen dituzten “zailtasun eta oztopoez” aritu da, lehenik eta behin, Zaloa Basabe Ataramiñeko kidea (mp3). Azaldu duenez, uda partean 700 eskutitz baino gehiago bidali zituzten espetxeetara, presoak idatzi edo marraztera anima zitezen. “Espero genuen arren, gero jakin genuen gutun gehienak erretenituak izan zirela”, salatu duenez. Baina, oztopoen gainetik, senide eta lagunen bitartez heldu zen ziegetara deialdia. “Lanak e-postaz jasotzeko aukerarik ere ez daukagu”, jarraitu du Ataramiñeko kideak. Hala ere, askotan “posta arruntez edota eskuz idatzita” baldin bada ere, heldu egiten dira. Basabek aipatu duenez, “hunkigarria izaten da senideak euren seme-alaben olerkian txukuntzen nola ahalegintzen diren”. Liburua ailegatzen denean konturatzen dira, lan horren atzean, parte hartu duten 22 errepresaliatu horiek baino jende gehiago dagoela. Oscar Barreras presoak idatzitako hitzaurrea parafraseatuz, “elkartasuna zigortzen den garai hauetan”, elkartasunak berak “oztopo eta zailtasun guztiak gainditzeko daukan indarra” azpimarratu du.
Presoen irudia islatuz
Ildo berean mintzatu da Mitxel Sarasketa (mp3). Berak ere komunikazio alorrean presoek izaten dituzten “murrizketak” aipatu ditu, idazteko, besteak beste. Azken aldian, aurrez aurreko bisitekin izaten ari diren gora beherak ere horren adibide bezala jarri ditu Ataramiñeko kideak. Hala ere, “kartzelan, jazarpen egoeran eta bizi diren zigor bizitza batean” egonda ere, “presoak bizirik” daudela adierazten du gaur aurkeztutako liburuak, Sarasketaren ustez. Bitartean, “Ataramiñe 09” irakurtzeko gonbitea luzatu die presoak “terrorista modura” hartzen dituzten horiei, “estereotipo gaizto horren atzean pertsona hauek daudela eta kartzelako mundu horretan zer dagoen ikus dezaten”. Azkenik, presoen argazkien aferaz ere hitz egin du Sarasketak. “Jazarpen horren gainetik euren irudia presente egongo da Durangon eta Euskal Herrian”, “Ataramiñe”-ren orrialdeetan, aipatu duenez.
Zaloa Basabe eta Mitxel Sarasketa Ataramiñeko kideez gain, Borxa Urberuaga eta Amaia Urizar preso ohiak ere izan dira gaurko prentsaurrekoan. Bilbotar neskak urtero parte hartu izan du “Ataramiñe” liburuan. Aurten, baina, urriaren 27an atera zen kalera. Urizarrek Naiara Mallabia preso bilbotarrak idatzitako olerkia irakurri du (mp3) gaurkoan. Urberuagak, berriz, espetxean idatzitako testutxoa irakurri du (mp3).
Ataramiñe Durangoko azokan, liburutegietan eta ohiko lekuetan egongo da salgai hurrengo egunotan
>> gara.net: Ziegetako paperak plazan haizatuko ditu «Ataramiñe» literatur kaierak
>> berria.info: Ahotsa, hatsa eta taupadak