«Sarrionandiak finkatu zuen egun normaltzat dugun literatur hizkera»

2010, 28 martxoa

berria

Literatur eredu propioa ere asmatu eta garatu duela azaldu du Xabier Mendigurenek idazleari eskainiriko Zilar Astean

«Gaur egun normaltzat jotzen dugun literatur hizkera Joseba Sarrionandiak finkatu zuen». Argi dauka Xabier Mendiguren Elizegik. «Ez zuen berak asmatu baina berak ezarri zuen, eta lortu zuen nolabaiteko lilura piztea euskarazko irakurleen artean, eta horrekin batera erakutsi zuen euskara gai zela testu estetikoak sortzeko, benetako literatura egiteko, plazer literario eta linguistikoa emateko, testu iradokitzaile eta esanguratsuak osatzeko…». Joseba Sarrionandiari eskainitako Zilar Astearen barruan mintzatu zen atzo Mendiguren, Durangon, Literatura Eskolaren hil honetako saioan.

Sarrionandiaren ipuingintza aztertu zuen, eta esan zuen Sarrionandiak «bere testuinguruan, bere hizkera asmatu» zuela, «eta hizkera hori finkatu» eta «ondorengo idazleengana ere iritsi» zela.

Horri dagokionez, Sarrionandiak «jarraitzaile estuak» izan zituela gogora ekarri zuen Mendigurenek, hala nola Luis Berrizbeitia -entzuleen artean zegoen atzo- eta Luigi Anselmi -Luis Gutierrez, sortzez-. «Jarraitzaile zabal, onuradun eta zordunak, berriz, den-denak izan gara».

Izan ere, «80ko hamarkadaren hasieran nora ezean zebiltzan idazleak», Mendigurenek azaldu duenez. «Testu benetan zailak idazten zituzten». Eta, adibide gisara, Iñaki Garmendiaren eta Ander Iturriotzen 1982ko testu bi leitu zituen, biak ere «oso korapilatsuak eta ia ulertezinak». «Jendeak pentsatuko zuen: ‘hau da idatzi behar dena eta ulertzen ez badut izango da ez dudala euskara behar den moduan menderatzen’». Mendigurenen arabera, «Atxagari otu zitzaion literatur hizkera etxeko euskaran oinarritzea». 1988ko ipuin bat da erabaki horren adibide garbia, Camilo Lizardi erretorearen etxean aurkituriko ipuinaren azalpena. Lan horrekin «gipuzkera berrasmatu» zuela esana du Joseba Gabilondok. Eta, Mendigurenek dioenez, «bide horrek arrakasta izan zuen, batez ere, Gipuzkoan. Askok edan zuten iturri horretatik».

Ordea, «Sarrionandiak beste bide bat hartu zuen, euskalki guztietatik edanez». Lehendabiziko ipuinetako batean, Maggie, indazu kamamila-n (Xaguxarra aldizkaria, 1980) ezarri zituen Sarrionandiak nolabait literatur hizkera berri horren oinarriak.

Literatur hizkerak idazlearen nortasunarekin harremana ere baduela uste du Gotzon Barandiaranek, Literatura Eskolako kideak. «Zuberoarekiko lilurak bultzatuta garatu du; ez du aukeratu Bizkaiko eredu klasikoa, ez du aukeratu Mogel». Horren harira, Mendigurenek akordura ekarri zuen Sarrionandiak erabakia hartu zuela umetan ikasitako euskara lantzeko eta hobetzeko. «Azkueren hiztegia oso-osorik irakurri zuen, literaturarako gustuko zituen hitzak hartuz. Halako lan erraldoirik ez dugu egin behar izan geroztiko idazleek». Sarrionandiaren obran Iparraldeko idazle, pertsonaia eta tokiak ageri dira nonahi. «Horren arrazoiak? Izan daitezke estetikoak, ideologikoak… Baina ez zuen aurreko eredurik hartu, asmatu egin zuen berea».

Idazlearen memoriaren mapa osatuz amaituko dute gaur Zilar Astea

Iurreta eta Durango artean egingo dute ibilbidea, hartara, Joseba Sarrionandiaren (Iurreta, 1958) umetako eta gaztetako memoriaren mapa osatuz. Durangoko Plateruenatik irtengo dira 10:00etan, eta bidean, Akordatzen liburuxkan (Txalaparta, 2004) idazleak eginiko gogoetak errezitatuko dituzte Peru Magdalenak eta beste zenbaitek. 13:00 aldera Plateruenara itzuli, eta Sarrionandiaren letrekin hainbat musikarik eginiko abesti ezagunak kantatuko dituzte, Josu Zabala, Alex Ruiz de Azua eta Iñigo Larregoiti musikariekin.

Share

Iruzkinak