Jexuxmari Zalakain, “Kartzelako kronikak IX”

2014, 5 maiatza

Jexuxmari Zalakain euskal preso politikoak Espetxeko Kronikak argitaratzen ohi ditu Herria 2000 Eliza aldizkarian espetxeratu zutenetik hona. IX. kronika hau 246. zenbakian argitaratu zuen. Argazkia: Wikipedia

→ Kartzelako kronikak IX
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
(Dueñas)
Herria 2000 Eliza 246. zk. 2013

Irakurle hori, agur t’erdi: herri-harresien aipamena eginez bukatu nuen nire azken kronika, zortzigarrena. Orduz geroztik beste batzuk sortu dira: Ondarroan eta Iruñean, eta dirudienez jendea prest dago han-hemenka, premiaren arabera, beste hainbat eraikitzeko, harriz harri, adreiluz adreilu. Ez dakigu zein den irudirik egokiena lortu nahi duguna deskribatzeko, izan ere tantaz tanta ere saiatu behar omen dugu, eta beraz, auskalo. Kontua da, nire azkenengoan nioena errepikatuz, jendea ez dagoela amore emateko prest, eta irudimenak ez dauka mugarik. Tantaz tanta olatua gauzatuz edo harriz harri hesia eraikiz estatuaren zitalkeriari erantzun beharra dago. Okerrena da antzematea zenbat energia xahutu behar dugun jada aspaldi gaindituta egon beharko luketen zenbait gai oztopatzeko: atxiloketak, epaiketak, eta oro har errepresioarekin lotuta dagoen guztia. Argi dago gure erritmoa ez dela estatuena: gurea azkarra, eurena motela.

Nire kronika ez zuten irakurriko epaileek eta a txilo gaituzten erakundeko arduradunek, baina opariz edo, Donostiako Bulebarrean sortutako Askegunean harrapatutako gazte bat bidali digute: Oier Lorente, eta hiruzpalau hilabeteotan gurekin dago, 11. moduluan, bere bizitza egiten, gurea alaitzen eta elkarrekin gogoetak egiten, ofizialki geratzen zaizkion 4 urteak betetzeko. Xapo, Luis eta Urtza ere hor nonbait egongo dira, egoera bertsuan, euren herrietako irmotasun-erakustaldietan parte hartu ondoren.

Bat sartu, bestea irten

Holaxe gabiltza errotarrian, horixe da nire esperientzia. Nire moduluan 7 bat lagun ikusi ditut kaleko atea hartzen, eta kronika hau argitaratzen denerako, Mikel Vargas Olasolo ere Amaran izango da, bere gurasoekin, arrebarekin eta hainbeste maite duen koadrilarekin. Agur, adiskide! Irten baino lehen esan diot faltan hartuko dudala, berak badaki.

… Agian besteren batek ere berehala utziko gaitu, hemen ere bai baitago 197/2006 doktrina ezarri ziotenetako bat: Raul Ibañez. Pozez hartu dugu Estrasburgen emandako epaia, behingoz gure alde. Beste hainbat konponbide batzuei buruz ezkorragoa naiz, baina honetan ez dut zalantzarik eduki. Apustu guztiak irabazi ditut. Ahal izan dugun erara ospatu dugu: eguerdian gazta, txorizoa, urdaiazpikoa, garagardoa eta zuku batzuk hartuz, eta afalorduan tarta bat dastatuz.

Omenaldi xumea bezain beroa zigorra propina eta guzti bete duten kideentzat. Ez al dira biktimak umiliatuta sentituko! Ez dago ukatzerik doktrina hori Espainiako kartzela-sistemaren koroako harribitxia izan dela, eta gabe geratu direla, inpunitatez eta bidegabeki aritzeagatik. Nik neuk nolabaiteko mendekuren bat espero dut: atxiloketa sonatu batzuk, bahituon kontrako neurri ziztrinen bat, zeozer. Ala ez, batek daki; baina argi ibili. Hurrengoan mintzatuko natzaizue, hurrengo kronikan.

Pasa den gabonetatik hona txabolo-aldaketa nozitzen ari gara: gure poltsak, arropak eta tresnak hartu, koltxoia barne, eta haruntzago edo honantzago dagoen ziegara aldatzen gaituzte. Jar gaitezen positibo: hori ez da ezer kalean hainbat familiak jasan behar izaten duen etxegabetzerekin, zer arraio! Ez da ezer hainbat kidek urtetan ezagutu duten modulu- eta espetxe-aldaketarekin. Hala ere amorragarria izan ohi da ahalik eta erosoen instalatu zarenean, espazio zabal samarrak ikusi ordez zure begiek aurreko paretan jotzearekin konformatu zarenean, berriro poltsak bete, liburuak batu eta arropa tolestu behar izatea, beste txabolo batera joateko, berdintsua zorionez, askotan beste kide batek erabili duelako, izan bai baitira zeharo zikin eta zahartuta daudenak, garbitu, desinfektatu, txukundu, atondu eta egokitu behar izaten direnak. Azken aldaketa Herrira-ren aurkako sarekadaren biharamunean izan da (kointziden tzia hori ere?). Oraingo honetan aukera dut ostera landak ikusteko, zuhaitzak, mendi-muinoak, eta urrunago, haize-errota industrialak, Cerrato eskualdeko haizeak biraka … Zerbait da!

Ama Mesedeetakoaren egunean izan zen. Egun hori a txilo gaudenon egun seinalatua da egutegian, eta kartzela-sistemak otordu bereziak prestatzen ditu guretzat. Ez da beste munduko oturuntzarik, baina, tira, beste zapore batzuk gogoratzeko balio izaten du: langostinoak, piper beteak, ardi zahar kiskalia, izozkia, arrainen bat, kafea. Hainbatek, festaeguna behar bezala ospatu behar delakoan,, pattarra prestatzeko erabili ohi dute, oso modu harrigarrian hartzituta. Eta jakina, gero ondorioak etortzen dira: borroka bat izan ahal da, katxeo orokor bat alkoholaren peskizan, edo auskalo zer. Aurten talde bat oilartu egin da, siesta ondoren, flamenkoa ikustera joateko eskubidea zutela eta ez zutela. Oilartu bai, eta gandorrean jaso ere bai. Bizkarra ondo berotuta atera dituzte modulutik isolamendura -bidean, eta gero bestelako zigorrak helduko zaizkie, mutin-saiakera egin dutelakoan, oihu malapartatu eta inozoak besterik izan ez direnak. Hau horrelakoa da, autoritarismo gordinaren erresuma: adibide bikaina indar, lotsagabekeria, lapurreta, trapitxeoa eta marginazioan bizi izan direnentzat, legea eta arauak errespetatzen irakasteko saio baldarra …

Tarragonako martiriak

Urrian idazten ari naiz, eta urrian ehunka fraile eta lekaime dohatsu izendatu ditu eliza katolikoak Tarragonan. Horren harira nire haurtzaroko anekdota bat kontatu nahi dizuet. Hamar bat urterekin seminariora sartu nintzenean, haiek ziren gure heroiak, martiriak. Gorriek garbitu zituzten, 36-39ko gerra zibilean, eta asko eta asko, berrehun bat, gureak ziren, gure kongregaziokoak, klaretarrak. Kontatzen zigutenez, eta halaxe gertatuko zen, gehienak seminarioan bertan akabatu zituzten gazte haiek, Alagonen eta Cerveran, hantxe ikasten bai tzuten, edo irakasten jadanik apaiztuek. Beste batzuek, aldiz, ihes egitea lortu zuten eta masiatan ezkutatuta edo mozorroturik ibili ziren, gorriek atzeman eta garbitu zituzten arte. Buruz genekizkien haien izen-abizenak, ezkutatzeko erabilitako etxe eta bordak, alderari gurutzatu zituzten herrixkak, gehienak Herrialde Katalanetan; non jaio ziren, zenbat urte zituzten, zer nahi zuten bizitzan, eta haien ereduarekin edoski gintuzten, haiek bezala izateko hezi ginen. Gero, denborak aurrera egin ahala, jakin genuen ez zirela gerra garaian eraildako bakarrak; “nazionalek” (alegia kristauek, urdinek) garbitutako apaizak ez ziren gutxi izan, gure kongregaziokoak ere bai, adibidez Jose Zabala Arana nabarniztarra; edo Aitzol, Ariztimuño tolosarra, eta beste hainbat. Eta … eta … antza denez, azken horiek ez ziren martiriak izan, horiek ez zituzten kanposantuko hormaren kontra fusilatu; beraz, ez dute merezi gaur egungo kristauek gogoratzea, imitatzea eta loriatzea, horiek ez baitaude Eliza katolikoaren dohatsuen artean. Ai ama maitea, non ote zaude!

Errenka, pazientziaz

Behar bada, irakurle, jakin nahiko duzu nire osasunaren berri, eta beste era batera adierazterik ez daukadanez, lerro hauetan azalduko dizut. Aurreko kronikan, 8.ean, aurreratu nuen tirriki-tarraka nenbilela, belauneko minez, aldakako minez. Eta halaxe jarraitzen dut, hobeto ez. Orain badakit diagnostikoa: meniskoa puskatuta belaunean, eta trokanteritis aldakan. Ospitalean esan didatenez, belauna operatzea ez du oraindik merezi, handitzen ez zaidan bitartean, eta bijilatzeko; aldakari dagokionez, bi aldiz egin didate infiltrazioa, hanpadura jaisteko, harrapatuta daukadan tendoia libratzeko. Aldaketa handirik ez dut nabaritzen. Luzerako dela esan didate eta pazientziaz hartu beharko dut patioan ordu laurden bat baino gehiago jarraian ezin ibiltzea, eskailerak eskudelari oratuz igotzea, ohean etzanda min sorra sentitzea. Pazientziaz. Nire zine-zuzendariak, Enarak, esan dit emozioak kontrolatzeko, beti eragin txarra izan dutelako norberaren puntu ahuletan, negatiboak edo bortitzegiak direnean. Aholku jakintsua! Hemendik irtenda mendian eta hondartzan ibiltzea nuen amets. Ez dakit ba … Et, et, et, horiek gogoeta negatiboak dira; ez da hala, Enara?

→ Jexusmari Zalakainen aurreko kronikak

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak