Xabier Izaga “Munduari heltzeko pribilegioa”
2014, 5 maiatza
Euskal preso politikoak Puerto I espetxeko patioan batzarrean bilduta, 1983. urtean (Argazkia: Burdinen arteko herria)
→ naiz.info: Xabier Izaga. Munduari heltzeko pribilegioa
Mila bederatziehun eta laurogeita bateko uztailean, ehunetik gora euskal preso Puerto de Santa Mariako kartzela eraiki berrira (Gaur egun Puerto I) eraman zituzten. Han bizi-baldintza latzak topatu zituzten: kartzeleroen jarrera erasokorra, erregimen militarizatua eta murrizketak arlo guztietan. Debekua arau. Izan ere, errepresio hark, zentzugabekeria haiek guztiek azalpen berbera zuten: arauak. Baina arau haiek ez ziren zentzugabekoak. Baina haien zentzua ez zen segurtasuna, presoen hondamena baizik. Horren maiz entzuten den «sarraski kartzela» adierazpidea ez da neurriz gainekoa.
Debekuak dutxetan kantatzetik patioan besoak ezin erakustera zabaltzen ziren, eta batzuk bereziki esanguratsuak ziren. Esate baterako, txistua edukitzea, bai ziegan bai «eskolan» -egunean pare bat orduz zabaltzen zuten gela bat- debekatuta zegoen. Urte hartan, «Txistulari» aldizkariak debeku hura salatzen zuen preso nafar baten gutuna argitaratu zuen. Beste preso batek kartzelako biltegiren batean atxikita zuen txistua bere familiari emateko eskatu zuen, eta anaia bisitan joan zitzaionean, kartzeleroei eskatzeko esan zion. Hala egin zuen anaiak bisita ostean, eta txistua apurtuta eman zioten. Azalpenak eskatu zizkienean, kaleko jantzitako polizia batek lepotik heldu eta egundoko mehatxuak egin zizkion.
Etengabeko jarrera eskas haren logikan, ulergarriak ziren halako zekenkeriak. Baina beharbada esanguratsuagoa zen beste debeku bat: preso bakoitzak ezin zuen ziegan bi baino liburu gehiago eduki. Hiztegi bat zuenak, beraz, beste liburu bat baino ezin zuen eduki, eta ikasketa arautuak egiten zituenak onenean irakasgai bateko liburuak baino ez zituen eskura. Preso bat zigor ziegetara eramaten zutenean, ez zuen aldean libururik -ezta tabakorik, irratirik… ere- eramateko aukerarik.
Puerton ez ezik, ondoren ere aurre egin beharko zioten euskal presoek debeku bitxi baina batere lañoa ez zen hari; esate baterako, Herrera de la Manchan eta, sakabanaketaz geroztik, beste kartzela batzuetan. Aurre egin eta, lorpen guztiek eskatzen duten moduan, borroka gogorrak eginda gaindituz joan.
Larderia haren guztiaren testuinguruan, liburu kopurua mugatzeak huskeria eman lezake; giltzapean denak, ordea, ondo asko daki liburu bat denbora-pasa baino askoz gehiago dela. Preso guztiek ez dute irakurtzen, baina bai askok, literatura lanik arinenetik saiakera burutsuenera. Euskal presoen artean -eta ez da inondik inora erdeinuzko iruzkina, egia baizik- irakurtzea ohiko jarduera da. Zaletasuna alde bat utzita, osasun fisiko eta psikikoari eustea oso garrantzitsua da halako leku batean, kartzelak presoaren hondamen fisiko eta psikikoa baitu xede, hain zuzen. Hortaz, kirola edo ariketa fisikoa bezala, irakurtzea jardun ezin garrantzitsuagoa da.
Liburua leiho bat da, munduari, beste mundu batzuei heltzeko modua. Diskurtsoak diskurtso, kartzelak antzinako funtzio zigortzailea du, traba egiten duena gizartetik, mundutik kanpo ezartzeko lekua da. Kanpotik ikusita, ez-lekua. Eta «ez dagoenak» munduari azkazalez heltzen saiatzen da, egon nahi du. Imajina ezazu leiho hori kentzea zer den. Imajinatu harresia, porlana baino erakusten ez dion leihoa -batzuetan burdin sarez estalia- besterik ez izatea.
Esanguratsua, izan ere, kartzeletan liburuak debekatzea, debekatzailearen izaeraren berri ematen baitu. Esanguratsua, liburua presoen pribilegio gisa aurkeztea. Esanguratsua, bankujabeen eta gainerako handikien zerbitzuko estatuak pribilegio bila mundutik kanpora, kartzelara, jotzea.
→ naiz.info: Arrecian las críticas ante las duras restricciones en cárceles británicas
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /