Teresa Toda “Liburuak presoentzat”
2014, 4 maiatza
Teresa Todak English PENen Books for Prisoners (Liburuak presoentzat) kanpainarako idatzitako artikulua.
→ englishpen.org: Books for Prisoners – Teresa Toda
→ euskalpen.org: Teresa Toda: Liburuak presoentzat
Teresa Toda: Liburuak presoentzat
Idaztea eta irakurtzea gizateriaren bi lorpen garrantzitsuenetakoak dira, mintzatutako hizkuntzak asmatzeari jarraian. Komunikazio abstraktuak egiten gaitu gizaki, gure alde instintiboenaren oinarrizko beharretatik harago eramaten gaitu.
Irakurtzea eta idaztea oinarrizkoak dira garapen pertsonalerako, gizon-emakumeentzat, zahar eta gazteentzat, eta baitezpadakoa da haien ongizate materialerako. Horregatik mundu osoko gobernuak, erakundeak, elkarteak, mota guztietako taldeak saiatzen dira ez dakienari irakurtzen eta idazten irakasten.
Noski, idaztea eta irakurtzea arriskutsua izan daiteke… ezarritako zenbait botererentzat. Idatzitako hitzak tresna indartsuak dira, eta askapen-arma bihur daitezke, pobreziatik, ezjakintasunetik, indarkeria sexistatik, espetxe handi zein txikietatik, bai diktaduretan bai ustez demokratikoak diren gobernuetan. Agian horregatik dute nahiago boterean direnek presoek egunkari sentsazionalistak irakurtzea edo telebistan reality-ak ikustea… munduarekiko ikuspegi kritikoa daukaten pertsona eta herritar hobeak bihurtzeko erabil dezaketen denbora hori gal dezatela.
Irakurtzeak pertsona bezala hazten laguntzen die presoei. Espazio berriak, ikuspegi zabalagoak eta ideia berriak irekitzen ditu. Gure irudimena suspertzen du. Neuk bizita dakit hori, sei urte eman baititut espetxean kazetari gisa egindako lanagatik, Espainiako gobernuak itxitako euskal egunkari independente batean. Azaroan irten nintzen, zigorra azken eguneraino beteta.
Zenbait gauza positibo egin nituen espetxean, baimendutako aukeren eremu estu horretan. “Kanpoan” ere irakurriko nituzkeen liburuak irakurri nituen, baita halako baldintza murriztailean egon ezean, irakurtzeko denbora gehiagorekin, ezagutuko ez nituzkeenak ere. Saiakerak irakurri nituen, historia-liburua, hainbat motatako eleberriak… lagunei eta familiari eskatzen nizkien egunkari edo aldizkarietan aipatuta irakurri nituen liburuak, eta irrikaz egoten nintzen zain. Batzuk betetzen zuten espero nuena, beste batzuk kale egiten zidaten… baina denez gozatu nuen, denek ekarri zidaten zerbait.
Kalean jendeak uste du liburuek bizi duten errealitate gogorretik ihes egiten ahalbidetzen dietela presoei. Nire ustez, neurri baten baino ez da egia: batzuetan hala izan liteke, baina gehienetan hori baino gehiago da. Liburuetatik ikasi egin dezakezu, estudiatu, eta berriz irakurri, deigarri egin zaizun hori bereziki . Irakurtzen ari zaren istorioei jarraitu ahal diezu patioan ibilian edo isolamendu ziegako bakardadean jaten ari zarela. Eta gizartean gertatzen denarekin harremanetan egon zaitezke nobela edo saio garaikideak irakurriz.
Ez hori bakarrik, noski. Beren istorio pertsonal gogorragatik edo bazterketa sozialagatik espetxean daudenei lagundu egiten die beren burua hobetzen, irteten diren unerako hobeto prestatzen, etengabe aldatzen ari den eta lekua bermatzeko asko eskatuko dien gizarte horretarako.
Espetxean dagoen jendeari liburuen emaria mugatzea onartezina da ikuspuntu demokratiko batetik. Giza-eskubideen aurkako delitua da, eskubideok zabaltzen behar luketen garaian eta ez murrizten, pertsona guztientzat, libre zein espetxeratu.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /