Mumia Abu Jamal “Ahots librea ez da isildu”

2014, 27 apirila



Mumia Abu Jamal. Preso daramatzan 32 urteetan zazpi liburu idatzi ditu, eta urteak dira astero bere zutabea irrati bidez edo Internetez zabaltzen duela.

Euskal Herriko Mumiaren lagunak

Ahots librea ez da isildu
Berria. Igandean 2014.04.27
Ainhoa Sarasola

Kazetari zela atxilotu zuten Mumia Abu Jamal, eta horretan dihardu espetxetik, 32 urteren ondoren.‘Ahotsik gabekoen ahotsa’ mundu osoan gogoratu dute.

Borrokan 30 urte daramatza, epaitegiz epaitegi, eta sekula ez du epaiketa inpartziala izan». Mumia Abu Jamali buruz ari da Andrea Heuschmid, Euskal Herriko Mumiaren Lagunak taldeko kidea. Bizi erdia baino gehiago, 32 urte daramatza preso Abu Jamalek. Polizia bat hil izana egotzi zioten 1982an, baina bere errugabetasuna defendatu izan du beti. 60 urte bete ditu asteon, eta urtebetetzea aitzakiatzat hartuta, haren kasua eta lana gogora ekarri ditu mundu osoan haren alde zabaldutako elkartasun mugimenduak, baita Euskal Herrian ere. «Mumia espetxetik ateratzeko eskatzen dugu, eta beste epaiketa bat egin diezaiotela, inpartziala», dio Heuschmidek.

Taldea eratu, eta Abu Jamalen bizitza azaltzen duen On Prison My Whole Life (Nire bizi osoa espetxean) dokumentalari azpidatziak jartzea izan zen Euskal Herriko Mumiaren Lagunen lehen lana, Eguzki Bideoak-ekin elkarlanean. Beste hainbat ekinbide ere egin ditu taldeak, tartean, Bilboko Erriberako zubiari sinbolikoki Mumia Abu Jamal izena jartzea. Asteon elkarretaratzea egin dute bertan, kasua gogorarazteko.

AEBetako justizia eta espetxe sistema «beti Mumiaren oso aurkakoak» izan direla dio Heusghmidek. Izan ere, haren kasuan 32 urte atzera eginez gero, ilunak gehiago dira argiak baino. Horretan zerikusi handia izan du haren ibilbide eta pentsaera politikoak.

Wesley Cook du jatorri izena, eta 1954ko apirilaren 24an jaio zen, Filadelfian (Pennsylvania, AEBak); oso gazterik engaiatu zen beltzen eskubideen aldeko borrokan. 14 urterekin Pantera Beltzak ezkerreko alderdiarekin bat egin zuen, kazetari gisa jardunez. Gero, Move taldearen lagun egin zen. FBIren jomugan egon ziren bi mugimenduak, eta jazarpen gogorra jasan zuten, legez kanpoko baliabideak erabilita maiz; garai hartan, hainbat eraso jasan eta kide ugari hil zituzten.

Abu Jamal 1981eko abenduaren 9an atxilotu zuten, inoiz argitu ez diren gertakari batzuen harira. Kazetari lana ez ezik, taxilari lana ere egiten zuen garai hartan, diru apur bat lortzeko, eta taxian zihoala ikusi zuen nola polizia bat William Cook anaia atxilotzen saiatzen ari zen, autotik atera eta jotzen zuen bitartean. Hurbildu, eta istiluak sortu ziren. Daniel Faulkner polizia hilik suertatu zen, eta Abu Jamal, tiroz zauritua. Hura jo zuten poliziaren hiltzailetzat, eta atxilotuta eraman zuten.

Epaiketa iritsi zen gero, eta Abu Jamalek errugabea zela nabarmendu arren, heriotza zigorra ezarri zioten, Faulkner hil izana egotzita. Epaiketa hura, ordea, ez zela justua izan eta irregulartasunez betea egon zela azpimarratzen dute mundu osoan haren alde agertu diren talde, erakunde eta instituzioek: presiopean beren testigantza aldatu zuten lekukoak; Poliziak faltsutu eta manipulatutako frogak; Albert Sabo epailearen aurkakotasun nabarmena —Filadelfiako Poliziaren Anaidiko kidea, epaiketan bertan «beltza frijitzen lagunduko diet» esan ei zuen—, eta abar eta abar.

Abu Jamalek hiru hamarkada eman ditu Pennsylvaniako heriotzaren korridorean, eta bitan jakinarazi diote exekuzio data: 1995ean eta 2001ean. Bietan horiek bertan behera uztea lortu zuten nazioarteko mobilizazioek. Urte hartan haren aurkako heriotza zigorra konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi zuen epaile batek, baina heriotzaren korridorean mantendu zuten, harik eta hamar urtera, 2011n, Auzitegi Gorenak erabakia berretsi zuen arte. Bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zioten orduan, baina kasua behin betiko itxi. Behintzat, bere hiru seme-alabak eta bilobak besarka ditzake orain, 30 urtean ez bezala.

Astero uhinetan

«Haiek ez naute soilik hilik nahi; isilik ere nahi naute», esan zuen behin Abu Jamalek. Hark, ordea, ez zuen isilik egoteko inongo asmorik, eta bere ahotsa goratzen jarraitu du preso daramatzan 32 urteetan. Kazetaria zela espetxeratu zuten, eta kazetari lanetan jarraitzen du oraindik. Pertsona «oso zabala eta bihotz onekoa» dela uste du Heusghmidek. «Bere bizitza oso tragikoa da, baina berak esaten du: ‘Libre naiz, barrutik libre sentitzen naiz’. Indarra du barruan, eta hori bere idatzietan sumatzen da». Eta indar horrek eraman du espetxealdi osoan isilik ez egotera. Zazpi liburu idatzi ditu denbora horretan guztian, eta urteak dira astero bere zutabea irrati bidez edo Internetez zabaltzen duela, baita heriotzaren korridorean zegoenean ere. Hainbat herrialdetako egunkariek ere haren artikuluak itzuli eta argitaratzen dituzte astero. Kartzelatu aurretik jarri zioten Ahotsik gabekoen ahotsa ezizenari eutsi dio, trabak traba, bere jardunaren bidez.

«Oso pertsona berezia da. Berak dio kazetari iraultzailea dela, eta hala da. 14 urterekin hasi zen Pantera Beltzen bulegoan; haien kazetari gazteena zen. Zerbait bazegoen, lekura joan eta indarkeriari buruz, Poliziaren erasoez, estatuaren errepresioaren aurka hitz egiten zuen, eta ikur bilakatu zen. Oso ezaguna zen». Egun «espetxe sistemaren aurkako ikur» bilakatu dela ere esan liteke. «Hasieran kartzelan heriotza zigorraren aurkako ikur bilakatu zen, baina kapitalismoaren aurka, espetxe sistemaren aurka, gerraren aurka… ere idazten du. Antiinperialistatzat jo genezake, eta jende arruntaren ideiak agertzen ditu. Presoen ahotsa ere bada, ez baitu bere burua preso berezitzat».

Froga berriak kontuan hartzeko eta beste epaiketa bat egiteko eskatzen dute haren aldeko mugimenduek, baina lortzea zaila dela jakitun da Heusghmid: «Mumiarentzat justizia aukerarik ez dago AEBetako sisteman. Preso politikoa da, bere ideia politikoengatik dago hor, Pantera Beltzetako kide eta Moveko laguna izan da… Mumia FBIren kontrainsurgentzia programaren biktima izan da».

Haren aldeko elkartasun mugimenduan ikusten du Heusghmidek zerbait lortzeko esperantza bakarra. «Lortu izan duguna beti mugimenduagatik lortu dugu». Horri eutsi beharko dio Abu Jamalek ere.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak