Iratxe Retolaza, “Espetxealdiaren kartografiak”
2014, 7 apirila
→ Espetxealdiaren kartografiak
Iratxe Retolaza
→ Liburu gomendagarria. Espetxealdiaren kartografiak. Iratxe Retolaza.pdf
→ Gure Liburuak 41. 2014, udaberria.pdf
Markel Ormazabalen kartzela-kronika honek Lisabören kantu bat hartu du izenburu: Hemen naiz, ez gelditzeko baina. Musika-oihartzunez josita dago kronika, atalez atal, izenburuz izenburu. Kartzela-kronika honek musika-egile, musika-talde eta kantu zenbait ditu geltoki nagusi: Ama Say, Anestesia, Dut, Hertzainak, Inoren Ero ni, Mikel Laboa, Xabier Lete, Ruper Ordorika, Willis Drummond…. Horietan zehar eginiko ibilbide pertsonala proposatzen digu Markel Ormazabalek.
Kantuak ditu akuilu kartzelako hots errepikakor eta izugarriei aurre egiteko. Kantua, bada, disidentziarako espazio bihurturik dugu kronika honetan, kartzelaren erritmoa eta espetxealdiaren melodia hausteko bitarteko, ihes egiteko ahalegin. Intsumisio-ekintza, nortasuna eraikitzeko bide. Aldi berean, musikak kultur komunitate baten kide egiten du presoa, nortasun kolektiboa eraikitzeko bidean. Gainera, kantuak kronika honetan ez dira soilik ihesbiderako melodia, gogoeta-leku ere badira, pentsamendua garatzeko espazio.
Izan ere, kantu-bilduma hori iparrorratz hartuta, kartografo-lanetan dabil egilea. Angelu-itsuz jositako geografiari aurrez aurre begiratu, eta arnasbideak bilatzen ditu geografia herstuan zein itogarrian, kartzelak pertsona irentsi ez dezan. Horretarako, kartzelaren geografia du hizpide nagusi, espazio horren askotariko ertzak aipatuz: leihoak, ziega, patioa, komunikazio-gelak, galeriak, hormak… Espazioaren inguruko erreferentziez josita dago testua, baina, kronika-egileak ez digu espazio pertsonalaz hitz egiten, ez digu esperientzia fisiko pertsonal hori kontatzen. Ez da lekukotza-ekintza hutsa, areago doa. Kronika itxialdi horri eta itotze pertsonal horri aurre egiteko bidea du, baina, baita ere espetxealdiaren izugarrikeria ulertzeko ahalegin. Kartzelaren logikaz jabetu nahi du, ez jakina logika horrekin bat egiteko, logika krudel hori salatzeko baizik, eta baita logika horri aurre egiteko baliabideak izateko ere. Mamutzar horren eraikuntza nondik datorren ulertu nahi du, harrapaturik duen geografia ankerraz jabetzeko-edo. Mamutzarrari buruz buru begiratzeko adorea izateko.
Horretarako, ez du egiten kartzelaren espazioaren deskribapenik, baizik eta kartzela-geografiaren askotariko diskurtsoak biltzen ditu: arkitektura, hizkuntza, espazioen inguruko eraikuntza sinbolikoak… Horretarako, kartzelaz jardun duten idazle, pentsalari edota presoen ahotsak josten ditu: lekukotzak, historian zehar kartzelari buruz eraikitako diskurtsoak, munduko kartzela batzuetan gertaturiko pasadizo gogoangarriak… Modu horretara, bere esperientzia pertsonalaz haratago jotzen du, esperientzia pertsonal hori bizipen kolektibo ere irudikatzeko. Kartografo honek, beraz, kartzelaren geografiak irudikatuz, kartzelaren mapak bestelakotu nahi ditu, bere kokapenaz beste egin nahi du. Azken batean, kantuen eta gogoeten bidez, zauri-mapa bat egin du, baina, batez ere zauri-mapa horri aurre egiteko afektu-mapa eraiki du kronika-egileak. Afektu-mapa hori askotariko keinuekin osatu du: kantuak, kideen lekukotasunak, pentsalarien gogoetak…
Kartzela-kronika genero literario berezitua dugu, eta euskal literaturan badu gainera ibilbide propio bat. Kartzela-kronikek, baina, badute bestelako kronika-moldeen oihartzunik. Bazterturiko ahotsek, isilduriko ahotsek diskurtso autobiografikoetara jo ohi dute ukaturiko nortasun hori gorpuzteko. Kartzela-kronikaren bidez ere presoak ahotsa gorpuztea du helburu, gizarteak eta espetxeak ukatu dion hitza eta nortasuna aldarrikatzea. Hemen naiz, ez gelditzeko baina kronikak ere premia horri erantzuten dio. Baina, aipatu bezala, badu kronika honek ezaugarri berezi bat: denbora bainoago, ardatz kronologikoa bainoago, geografiak ditu zutabe nagusi. Kartzelaren logika geografia-logika bat delako, espazio egituraketa bat, gizarte-eraikuntza bat. Heterotopia, Michel Foucaulten hitzetan. Kronos ere badugu kartzela, baina batez ere topos krudel eta ikaragarria dugu.✱
→ txalaparta.com: Hemen naiz, ez gelditzeko baina. Markel Ormazabal
→ Liburu gomendagarria. Espetxealdiaren kartografiak. Iratxe Retolaza.pdf
→ Gure Liburuak 41. 2014, udaberria.pdf
→ Gure Liburuak. Aldizkariaren bilduma.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /