Sarriren mundua taula gainera

2010, 11 urtarrila

elpais.com-etik

Kabia antzerki laborategiak ‘Euria esan eta euria erortzea’ obra estreinatu du – Joseba Sarrionandia idazlearen mundua taula gainera eraman dute

MIREN RUBIO

Antzezlan berria errun du Kabia antzerki laborategiak. Euria esan eta euria erortzea obra estreinekoz eskaini dute Durangoko San Agustin Kultur gunean. Bederatzi aktorek Joseba Sarrionandia idazlearen imaginarioa eraman dute taula gainera, zoriontasunaren inguruan aritzeko. Ia bi urte eman dituzte lan berri hau prestatzen, eta orain publikoarekin partekatzeko ordua iritsi da. Barakaldoko Antzokian izango da hurrengo hitzordua, ostiralean.

Lengoai ezberdinak uztartu dituzte, kantua edo clown eszenak, adibidez

Edozein etxebizitzako patio arrunt batean kokatu dute antzezlana. Hasieratik garbi zeukaten obra garatzeko leku aproposa zela, ikuspuntu bikoitza eskaini baitezake, Borja Ruiz aktore eta zuzendariaren hitzetan. “Patioak bi aurpegi eskaintzen ditu. Helduen ikuspuntutik begiratuta trantsizio leku bat da. Pertsonaiek modu oso normalean elkarri hitz egiten diete bertan, leku arrunta baita beraientzat. Baina haurren begiradatik patioa edozein leku bilakatu daiteke. Irudimenari esker basamortua, itsasoa edo basoa izan liteke”.

Patioaren irudi bikoitza buruan zutela Joseba Sarrionandiaren idatziekin eta munduarekin egin zuten topo. “Sarrionandiaren testu batzuk arakatzen hasi, eta gure planteamenduekin bat zetozela konturatu ginen”, dio Ruizek. Idazlearen testuak obra osatzeko erabili dituzte, baina idazkietako irudiez, ideiez eta atmosferez ere baliatu dira. Horregatik, Sarriren imaginarioa oinarri izan dutela dio antzerki taldeak.

Izenburua, esaterako, Ni ez naiz hemengoa liburuko pasarte batetik ateratakoa da. “Bi pertsonaia heldu azaltzen dira pasartean, haurtzaroa era gozo eta lasaian gogoratzen. Giro horretan pertsonaia batek ea zoriontasuna zer den ba al dakien galdetzen dio besteari, haur zenean oso zoriontsu zela gogoratzen baitu. Eta besteak zoriontasuna euria esan eta euria erortzea dela erantzuten dio. Ideia honek patioaren bi aldeak elkartzen ditu. Bi pertsonai heldu dira, baina haurren begietatik hasten dira gogoratzen”. Hilda organista poematik, berriz, leihoen pertsonifikazioaren ideia hartu dute. “Sarriren ustez leihoek dena ikusten dute, begiak dituzte. Guk eszenan bizitza hartzen duten hiru leiho proposatzen ditugu, bakoitzean emakume bat bizi delarik. Baina azkenean, emakumea eta leihoa bat dira. Hedatuta dagoen maindirea, adibidez, emakumearen gona izango da”.

Ikusleak ez du hasiera eta amaiera duen istorio konbentzional bat jasoko, hainbat istorioz osatutako antzezlana baino. Zoriontasunari buruzko hausnarketa bat da taldeak proposatzen duena, eta horretarako, lengoai ezberdinak erabili dituzte. “Aktoreen artean batzuk kantua jorratu dute, beste batzuek clown gisa aritutakoak dira, edo antzerki testualerako joera dutenak ere badaude. Guk kolektiboki egin dugu lan, eta normala denez, naturaltasun osoz jorratu ditugu lengoai ezberdin horiek. Horregatik, ikusleak antzerki musikala jasoko du, clown kutsua duten eszenak, eta antzerki naturalistagoa dena”.

Bederatzi aktore arituko dira taula gainean pertsonai oso ezberdinen paperean. Patiotik egunero pasatzen diren hiru lagun egongo dira, “grisak eta buruhaustez beterikoak”. Atmosfera sortzeko kantuan arituko dira Huntzak deitutako leiho-pertsonaiak, eta ikuslegoarekin harreman zuzena mantentzeaz arduratuko dira Sar eta Emakume Izoztua pertsonaiak. Sar idazlearen itzala izango da, Sarrionandiaren ipuin batean oinarritutako pertsonaia baita. Emakume izoztua, berriz, Lagun Izoztua nobelatik eratorritakoa da.

Gazteleraz osatu dute aurreneko bertsioa, taldekide guztiek ez baitakite euskaraz. Hala ere, udazkenerako Euria esan eta euria erortzea antzezlanaren euskarazko bertsioa prest izatea espero du Kabia taldeak. Hurrengo emanaldia Barakaldoko Antzokian izango da ostiral honetan, arratsaldeko zortzietan.

Share

Iruzkinak