Jexuxmari Zalakain, “Kartzelako kronikak”

2014, 17 otsaila


Jexuxmari Zalakain euskal preso politikoak Espetxeko Kronikak argitaratzen ohi ditu Herria 2000 Eliza aldizkarian espetxeratu zutenetik hona. 246. zenbakian IX. kronika argitara eman badu ere, oraingoz ale hori Interneten irakurgarri ez dago eta, aurrekoak ekarri ditugu hona. Argazkia: wikipedia

→ Kartzelako kronikak (VIII)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 244. zk. 2013

Irakurle hori, agur t’erdi: Beste behin zuregana zuzendu nahi dut hemengo leku, jende eta zerari buruzko berri emateko asmoz. Oraingo honetan Herria 2000 Eliza-ri zorionak emanaz abiatuko dut Kronika hau. Izan ere, 35 urte bete(ko) ditugu ekainean, eta bada meritua honaino iristea; beraz, nire zorionik beroenak une honetan aldizkaria egin, banatu eta irakurtzen duzuen guztioi. Bide batez hona ekarri ninduenetik zendu diren lau eragile-sustatzaile gogoratu nahi ditut: Joseba Goñi, Jesus Lezaun, Josu Goldaraz eta Felix Bergara. Nire kezka bakarra, lau gizon handi horiek ezin ordezkatzea, ta horrek pentsaraztera narama, baina hori belarrira kontatuko dizuet hurrengo batean. Bitartean, TOPA honaino iristeagatik. Hemen barruan badago gure aldizkaria irakurtzen duenik, baina jakizue askok porroak erretzeko kokilak egiteko darabiltzatela orriak…

Nire kartzelaldiari dagokionez, beheranzko bidean noa; izan ere, bost urte t’erdi eginak, bi herenak gaindituta dauzkat. Egoera normal batean bizi eta preso normal bat banintz, kalea bisitatzeko aukeran negoke, baina oraindik ez omen gaude tenore horretan.

Beheranzko bidean kaskarrekorik ez hartzea espero dut. Badaezpada neurriak hartzen hasita nago, besteak beste, nire etorkizun hurbila prestatzen: U.P.V-ko ateak irekita dauzkadala gaztigatu didate, eta sartzea erabaki dut, 70 urte bete arte. Ate zaharra erroetatik mugitu eta konturatu naiz karranka dezente egiten duela, armiarma-sarez eta hautsez estalita topatu dut, eta oharturik nago berez ez dela aise irekiko, nire bultzada sendoa beharko duela, alegia… Beno, irakurle, zuzenago mintzatuko natzaizu, hautsa eta armiarma-sareak nire burmuinean daude eta dagokidan denboran horiek erretiratu eta txukuntzen arituko naiz, guztion hobebeharrez: nire hobebeharrez eta balizko ikasleen hobebeharrez. Neska-mutil horiekin ametsetan nabil, nire trakeskeriak kalte ez ditzan. Edozein moduz esku-liburuetan murgildu ahala, gero eta ezagunagoa egiten ari zait nire antzinako lan bikoitza: kazetaritza eta irakasketa. Indarrez sentitzen naiz, alafede, berriro ofizioarekin konpontzeko, berraztertu eta besteengana txukun eta taxuz hurbiltzeko. Beraz baztertu ditut itzulpenak eta bestelako gutiziak ostera langintzan saiatzeko. Hona ekarri nindutenean lan arauturik ez nuela egingo deliberatu nuen, baina lan arautura itzuli naiz, nire buruarekin erronka zahar-berrituan.

Ez naiz lehengoa, urteak ez dira doan pasatzen, hainbat aldetatik begiratuta arrakalatu eta higatu naiz, baina eskarmentuan ere irabazi dut; gutxienez burua ez zait herdoildu, inoiz baino arinago eta zorrotzago dabilkit, beraz, utikan erostak!

Haluzinatzen ala higatzen

Existitzen ez garen arren preso politikook kezka berezia daukagu gaixoekin: hemen ez dadila inor hil edo erremediorik gabe herbaldu. Larrien daudenen izenak ezagutzen dira, baina asko daude handik edo hemendik ukituta. Bizitzaren legea da gorputzak ahultzea, ez dago horri itzurtzerik, baina baldintza txarretan biziz gero azkarrago higatzen da gorputza. Eta kartzela ez da baldintza egokienak batzen dituen tokia; kasurik onenean ere ez. Gehienetan arazoa ez da zer gaitz daukazun, baizik aurre nola egiten diozun, eta hor norberaren izaera eta baliabideak sartzen dira jokoan: ahalmenak, indarra, jarrera eta determinazioa. Eta zer diren gauzak, bat makaltzen hasten denean errazago ohartzen da aldamenekoei gertatzen zaienaz.

• H. algeriarra da. Ez du inorekin hitz egiten. Luze-luze etzanda pasatzen ditu egunak patioko bazter batean, kapusaia sudurreraino jaitsita, eguzkitan zein euritan. Albotik pasatuz gero, marmar etengabean sumatuko duzu.

• A. bizirik dago, batek daki nola; birika bakarra dauka, gibela, giltzurrunak, pankreas seko izorratuta; makina bat behar izaten du arnasa hartzeko. Bihotzetik operatuta dago, nekez ikusten du, eta hor dago nora ezean.

• D. ere isil-isila da; katu batek baino zarata gutxiago egiten du ohiz. Loto-jarreran eseri eta ekialdeari begira egon ohi da. Biagotik jaikita, zeuzkan traste guztiak atera ditu galeriara: koltxoia, arropa, oinetakoak, poltsak eta funtzionarioari oldartu zaio garrasika. Dozenaka igo eta buruz behera eraman dute, gu guztion oihuen artean. Ez daukat zalantzarik kartzelak eragin haluzinagarriak dauzkala. Kartzelak eta kontsumitzen diren produktuak, jakina. Ohikoa da jendea elkar-joka ibiltzea, baina orain arte ikusi gabea nintzen musulman batek besteari “moro de mierda” esanaz labana astintzea; edo errusiarren kontra gerra egindako afganiarra errusiar batekin xake-jokoan aritzea, lasai asko.

• N. ijito kastakoa da. Biblia irakurtzen jarduten du eguna, ahal badu ozen, denon aurrean, begiak zuri. Aurreko batean, jendea futbolean ari zelarik, erdi-erdian paratu eta garrasika hasi zen, pasarte batzuk errezitatuz, jokoa galaraziz. Eskolan geundela, xalo-xalo hurbildu zait: “Begira, Jainkoaren mandatua betetzen ari naiz, dei bat egin behar dut, txartela utziko bazenit …” Zeukan arropa guztia bota du zaramara: “Jainkoaren esana betetzen ari naiz”… eta hola.

• B. borrokatu egin da eta zigor-ziegara bidali dute: “Bi egun eman ditu, ohean, uhalez lotuta, buruz behera, janaririk eta edaririk gabe, garrasika, pixa eta kaka gainean eginez”.

• K. izututa bizi da. Bostak aldera esnatu eta jan tzi egiten da. Nahita ere ez dauka sosegurik hori egin gabe. “Altxatu beharra daukat, norbait sartuko zaidan beldurrez. Batzuetan lo geratzen naiz, baina badaezpada ere”… Oraindik ere ez zaio ahaztu gazte txoa zelarik, funtzionarioak sartu eta egurtu zuten garaia.

Etab.

Ni neu ere tirriki-tarraka nabil, aldakako minez, belauneko minez, ibili ezinik. Gaitz erdi, burura igotzen ez zaidan bitartean. Aspaldiko adiskide batek idatzi dit, esanaz: “Giltzadurak oro minduta dauzkazunean, ukalondoak, eskumuturrak, belaunak eta aldakak… orduan zaude helduta”. Hara, bada, holako zerbait.

Albo-alboan ere izan dugu gaitzik: kide bati buruko pantaila itzali zaio, punba, bat-batean, eta asteak behar izan ditu ostera pizteko. Berriro onik dago, eta gu pozik.

Beno baina jendeak herri-harresiak eraikitzeari ekin dio, desobeditzeko gai dela erakutsi nahi du, beste justizia-molde bat sortzeko bidean eta guri, harresi arrotz hauen barruan bizi garenoi, zirrara berezia egiten digu jendea amore emateko ez dagoela prest ikusteak, eta irudimenak ez daukala mugarik. Eta pentsarazten digu, niri bederen, non jarri beharko dudan nire alea. Irtendakoan, alegia.

→ Kartzelako kronikak (VII)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 240. zk. 2012

→ Kartzelako kronikak (VI)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 237. zk. 2012

→ Kartzelako kronikak (V)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 233. zk. 2011

→ Kartzelako kronikak (IV)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 227. zk. 2010

→ Kartzelako kronikak (III)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 224. zk. 2010

→ Gutuna
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 219. zk. 2009

→ Kartzelako kronikak (II)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 218. zk. 2009

→ Kartzelako kronikak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 215. zk. 2008

Ale bereziak

→ Espetxe suntsitzailea
Herria 2000 Eliza 233. zk. 2011

→ Biktima isilduak
Herria 2000 Eliza 220. zk. 2009

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak