Elkarkidetasunerako deia
2010, 7 urtarrila
berria.info-tik
‘Decir lluvia y que llueva’ Sarrionandiaren imaginarioan oinarrituriko obra estreinatuko du Gaitzerdiko Kabia taldeak etzi Durangon
«Zorionaren inguruko poema bisual, soinudun eta teatral bat» dela dio Borja Ruiz zuzendariak
Pertsonaia grisak hara-hona dabiltza, presak gain eginda, estresak bihotza hoztuta. Etxartea zeharkatzen dute abiada bizian, aldamenekoari erreparatu gabe, bizitzaren zurrunbilo zoroan galdurik. Etxartean jolasten dira patxadan, orobat, umeak. Eta etxartean solastatzen dira une batez gogoa umezaroan iltzatu duten heldu bi. «Eta zer da zoriona?», galdetu du batek. «Bada, euria esan eta euria erortzea», erantzun dio besteak.
Etxarte batean garatzen da Gaitzerdi konpainiako Kabia ikerketa taldeak onduriko obra berria, Decir lluvia y que llueva (Euria esan eta euria erortzea). «Zorionaren inguruko poema bisual, soinudun eta teatral bat da», dio Borja Ruiz zuzendariak. «Ez da hasiera-korapiloa-amaiera duen obra narratiboa». Etzi estreinatuko dute, Durangoko San Agustin kulturgunean, 20:00etan.
Etxartean tankera arras desberdineko bizimoduek bat egiten dute, tempo askotarikoek, muturrekoek. Eta etxarte horiei guztiei begiratu nahi izan diete Kabia-koek, Joseba Sarrionandiaren imaginariotik abiatuta. «Etxartetik korrika pasatzen diren pertsona grisen bestaldean, etxarteari begirada tolesgabeaz begiratzen dioten umeak daude», azaldu du Ruizek, «eta ume batentzat etxartea izan daiteke edozein toki. Irudimenaren bidez baso edo mendi tontor elurtua bihur dezake etxartea. Helduok, berriz, gauza garrantzigabe eta hutsalez hitz egiten dugu askotan etxartean gaudenean».
Poema eta ipuinak
Dualtasun hori nabarmendu nahirik ekin zioten antzezlana osatzeari Kabia-ko aktoreek eta zuzendariak, eta lanean aurrera egin ahala ohartu ziren Sarrionandiaren idazlan batzuk baliagarri zitzaizkiela beren ideiak eszenan azaltzeko eta indartzeko. Azkenean, idazle sonatuaren zenbait testu ez ezik, haren imaginarioa bera kontuan hartuz sortu dute obra. «Sarriren obrari darizkion atmosferaz, argiaz, itzalaz, taupadaz, arnasaz inguratuta egin dugu lan». Haren ideiak, munduak eta giroak barnean hartuz. Obrari izena ematen dion testuan, Euria esan eta euria erortzea-n (Ni ez naiz hemengoa, Pamiela, 1985), pertsona heldu bik beren haurtzaroa gogoratzen dute malenkoniaz, goxoki, zoriona euriarekin lotuz. Umeak zireneko garai haietan zoriontsuagoak zirelakoan daude. Elkarrizketa horretan obran landu dituzten mundu biak ageri direla azaldu du Ruizek, «nagusien mundua eta haurtzaroa». «Hor dago obraren esentzia». Zorionaren inguruko gogoeta baita, oroz gain, zuzendu duen obra.
Inspirazio iturri gisa baliatu dituzte, halaber, Sarrionandiaren beste testu batzuk. Hil egin da organista poema, esaterako. Poema horretan leihoak zelatari modukoak dira. Leihoak pertsonifikatzen ditu idazleak. Eta Ruizek ere halaxe egin du. Pertsonaia bihurtu ditu. Etxartean elkarri kontu-kontari dabiltzan hiru emakume (Yolanda Bustillo, Maria Goirizelaia eta Sara Gonzalez aktoreak). Leiho horietako bakoitzean maindire bat dago zabalik, eta, horregatik, emakume izaera daukaten leiho horiek hiru metro eta erdiko garaiera dute. Maindireak haien gona luzeak dira.
Horretaz gain, Itzalarekin solasean (Narrazioak, Elkar, 1983) eta Bere itzalaren kidea (Ez gara gure baitakoak, Pamiela, 1989) ipuinetatik tiraka beste bi pertsonaia sortu dituzte: Sar (Iosu Florentino) eta Sarren itzala (Joseba Uribarri). «Sar deitu diogu, ikusleak obran sartzen dituelako. Baita Sarriren alter eszeniko modura ere». Ruizek dioenez, «Sar pertsonaiak idazlearen testuak errezitatuko ditu». Hala nola Zigarro kearen teoria, Gosearen mendekua eta Gerla handia (Hitzen ondoeza, Txalaparta, 1997) eta Euriaz berriro poema (Hnuy illa nyha majah yahoo, Elkar, 1995).
Itzala, berriz, beltzez jantzitako pertsonaia da obran, errebeldea, inkonformista. «Protagonismo-antagonismo harremana izango dute Sarrek eta itzalak».
Euskaraz, udazkenean
Lagun izoztua (Elkar, 2001) nobelako izenburuarekin jolastuta sortu dute Izotzezko Emakumearen pertsonaia (Karol Benito). Bazterturik bizi da etxartean, haurtzaroan bezala. Umea zenean ere alboratzen baitzuten. Pertsonaia grisen (Ane Pikaza, Oscar Garcia eta Juana Lor) oroimenean, ordea, badu toki bat, denboraren iragaitearen ondorioz izozturik geratu den arren.
Obran, Izotzezko Emakume horrek egingo du azken garrasia, Mundua begiratzeko leihoak poemako zatiak tartekatuta (Hnuy illa nyha majah yahoo). Etxarteko biztanleei (zein ikusleei) eginiko deia izango da. Etxartea zabalago egiteko, «inkomunikazioaren eta bakardadearen paretak apurtzeko» gonbita egingo die, oroimena eta elkarkidetasuna berreskuratu ahala gizatiarragoak direlakoan, libreagoak. Obrarako espresuki sortutako kantuak tartekatuta, clown-etik antzerki fisikora egiten duen lan eraldatzailea eskainiko du Kabiak. Hasiera batean gaztelaniaz soilik emango dute, «ekoizpen arazoak direla bide». Euskarazko bertsioa udazkenean aurkezteko asmoa dutela jakinarazi du Ruizek.