FALTA. (Ez) diren gauzak
2013, 29 azaroa
Ainara Lasaren erakusketaren bideoa. Bideoan agertzen direnak, Ainara Lasa bera eta Peru Iparragirre argazkilaria dira. Lander Garro da bideoaren egilea.
Ainara Lasa, Luis Mari aitarekin, Hendaiako (Lapurdi) Orio auzoko frontoian. / AINARA LASA
> berria 2013.11.29: Ainara Lasa. Artista «Pertsonala da nire historia hau, baina kolektiboa ere bada, eta ezin politikoagoa»
Gurasoen kartzelatzeak eta erbesteak haurtzaroan utzitako zuloak irudikatu ditu Ainara Lasa sortzaileak 13 argazki muntaketen bidez. Gaur zabalduko du ‘Falta (ez) diren gauzak’ erakusketa Errenterian.
Edu Lartzanguren
Ainara Lasa artistak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1975) Falta (ez) diren gauzak argazki erakusketa zabalduko du gaur, 19:30ean, Mikelazulo Kultur Elkartean, Errenterian (Gipuzkoa). Egitasmoaren berri jasotzeko: www.ainaralasa.com.
Hautsi zenuen hezur batetik abiatu zinen lanak sortzeko Hariketak; lotzea askatzea denean aurreko lanean. Honako honetan ere autobiografia da iturburua?
Bai. Ama 1984ko ekainean atxilotu zuten, eta aitak ihes egin zuen. Ama lau hilabetez egon zen espetxean. Aita lau urtez iheslari, gero atxilotu egin zuten, eta beste lau urte kartzelan. Zortzi urteko bizipena izan zen ahizpa eta biontzat. Horren lagin bat dago erakusketa honetan. Nik sentitutako faltaz hitz egiten du. Hendaiako argazkiak dira, aita han egon zeneko garaiko lekuak. Gure bestaldeaz mintzo naiz.
Manipulaturiko argazkiak dira. Besteak beste, zulatu egin dituzu.
Argazkiei osagarriak sartu dizkiet, eta gero zulatu egin ditut. Hutsunea eta galera adierazteko daude zuloak, noski, baina gero zulo horiek hariz josita daude. Aurreko lanarekin lotzen du horrek. Hura ariketa bat izan zen, baina oraingo hau da benetan egin nahi dudana. Lotzeak motibatzen nau, asko.
Bide batez, antzeko egoera pairatu duen jende askorekin lotzen zaitu lan honek, ezta?
Lan honen harira, topo egin dut antzeko egoera izan dutenekin, eta testuak sortu ditut horietako batzurekin. Atxiloketaren aurretik klandestinitate egoera bat genuen, haurrok bizi izan genuena. Egoera horrek eragindako ausentziaren inguruko lana izan behar zuen honek, eta, azkenean, presentziei buruzkoa bihurtu da. 29 urte geroago, orduan sentitutakoaren kontakizuna eta gogoeta egiteko modua da hau.
Pilota eta frontoia erretratau dituzu. Zergatik?
Klandestinitateak zure mundua asko murrizten du. Nire Hendaiako mundua txikia zen: hondartza, etxe aurreko kulunka eta frontoia. Badirudi frontoian askatzen nuela nire mina. Nafarroako Asterain herrian ikusi nuen, zebra bide batean nintzela, han parean frontoian falta idatzita. Orduan argi ikusi nuen, nire falta jokoa eten zenean hasi zela.
Tipula zuritzearena erabili izan da bizitzaren muinaren bilatzearen metafora gisa, geruzak kendu eta muinik ez dagoela konturatzen zarelako. Zuk pilotak zuritu dituzu erakusketarako prestatu duzun bideoan, eta erakutsi duzu pilotek muina izan badutela.
Bai, pilotek muina dute, batzuetan bola jauzilari horietako bat da; bestetan, egurrezkoa, edo kautxuzkoa… Eta muin horren inguruan hariak daude, nik hau josteko erabili ditudanak. Baina hori ikusteko larrua ireki behar izan dut. Deseraikitze prozesu bat dago, eta saila ixteko sortu dudan koadroan, argazkiei kendutako puska horien mosaikoa egin dut.
Memoria ariketa bat egin duzu, baina bizipenak ez dira begi bistakoak irudietan. Hori ez al da arazo bat?
Testuak jartzea erabaki dut, gaia zehazten duelako. Ez naiz dena mamitua ematearen aldekoa. Ariketa intimo bat da, baina errealitate kolektibo baten mostra bat. Denok ez dugu berdin bizi gertaera bera: batzuei ez die arrastorik utzi, edo ez dira gogoratzen, edo ez dute minik. Nik beharra nuen hau egiteko, eta iruditzen zait ekarpen bat izan zitekeela. Nire historia hau pertsonala da, baina kolektiboa ere bada, eta, beraz, politikoa; eta, kasu honetan, ezin politikoagoa.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /