Ataramiñe 2013 liburuen aurkezpena, Gara egunkarian

2013, 29 azaroa

> naiz.info/gara 2013.11.29: Ataramiñe, presoen begirada komiki, antzerki eta saiakera bidez

Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak argitaratzea xede duen Ataramiñek bi lan aurkeztu ditu: Mikel Antzaren «» antzerki obra eta kaleratu berria den Jokin Urain Larrañagaren «Agurra eta Ohorea. Euskal militanteen heriotza kronika» saiakera.

Anartz BILBAO BILBO

Durangoko Azokara begira, Antzaren «Z²» (antzerkia), Urainen «Agurra eta Ohorea» (saiakera) eta Ataramiñe bilduma, hamahirugarrena, plazaratu berri ditu euskal presoen lanak kaleratzen dituen argitaletxeak -abenduaren 8an Ahotsenean aurkeztuko dituzte-. Gainera, agortua dagoela-eta, Intxaurrondoko Mikel Orbegozoren «Preso nago 2» komikia berrargitaratu du.

Aurkezpen lanak Oier Gonzalezek eta Mitxel Sarasketak egin zituzten, bi hamarkadatik gora preso izan eta orain gutxi aske geratutako Joxe Karlos Apeztegiarekin batera. Azken honek Ataramiñeren bilduma guztietan parte hartu du eta bi hamarkadatik gora preso izan ostean orain gutxi dago kalean, bildumakide izan dituen Teresa Toda eta Txomin Troitiño bezala; Mikel Zarrabe astelehenean askatuko dute. Guztira hogeita hiru presoren margolanak, poemak, itzulpenak, kantuak eta narrazioak gordetzen ditu aurtengo bildumak, gaztelaniaz zein euskaraz idatziak. Aurten zendutako Xabier Lopez Peña eta Angel Figeroari -berak idatzitako «Ametsak» olerkia ere bada bilduman- eskainia dagoen bildumaren hitzaurrea Aitzol Iriondok egina da.

Bildumak gatibu direnen begiraden mosaiko bat izan nahi du; izan ere, Apeztegiak adierazten duenez, «espetxean idaztea zer den galderak erantzun ugari ditu -zerrendatxoa irakurri zuen-; bakoitzak du egokiena». Zerrendako erantzun batean, Tximela kapitainak El Dueson aspaldi idatzitakoarekin bat egiten du Apeztegiak, «idaztea, preso izanik, askatasuna bizitzea da».

Antzaren «Z²» ere argitaratu du Ataramiñek, Mitxel Zarraberen margolan ederra azalean duela. «`Zaindaritza zorrotza‘ edo `zigor ziega‘ laburtzen du izenburuak; izan ere, antzerki obra honetan, euskal preso batek zaindariarekin duen harremana agertzen du; agintea bera ere antzezlaneko pertsonaia bihurtuz. Azken honen zoritxarrerako gainera, lanak antzezle eta publikoaren (irakurlearen) arteko mugak pikutara bidali eta interpelazio zuzena egiten du». Liburuarekin, kartzela kontatzeko gramatika berri bat ematera dator Mikel Antza, Ataramiñeko lagunen aburuz.

Aurkezpen sorta etxetik kanpo hiru hamarkada eman dituen Jokin Urainen «Agur eta Ohore» saiakerak ixten du -27 urteko itxialdiaren ostean kalean da-. «Liburuak maite dugun jendearen heriotzaz, hileta-errituez, doluaz eta Estatuek haienganako erakutsi izan duten logikaz dihardu» dio Ateramiñek atzeko azalean. «Harribitxi bat da -gehitu du Sarasketak-. Gaia karga handikoa da, sakona, eta guretzat hunkigarria».

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak