Ernesto Prat Urzainki ‘Little’: Hiru ilargi laurden
2013, 7 urria
> Hitzen uberan: Ernesto Prat Urzainki ‘Little’ekin solasean. ‘Hiru ilargi laurden’ eleberria kaleratu du Metaziri-ren eskutik
Ihesean zebilela idatzi zuen Enesto Prat Urzainki Little-ek Hiru ilargi laurden eleberria. Bertan besteak beste arkeologia delarik hizpide, abenturazkoa izan zitekeen tentsioa eta gizarte-gomuta uztartzen ditu eleberriak. Egileak berak dioen moduan ‘abentura handiena liburua bera idaztea izan da’ eta politika eta kritika soziala dira liburu ardatz nagusiak.
[audioa] Ernesto Prat idazleari elkarrizketa BErriozar Irratian, “Hiru ilargi laurden” eleberriaren aurkezpenaren karira.
Eleberri hau estatuaren jazarpenari ebatsitako minutu bakoitzarekin egin da, sasiko egun unagarrietan, premiaz, ihesaldi itoan ilargiari begira. Ordenagailu anonimoetan, kaparra ibiltarietan, mugako bideak gurutzatuz edozein narraziok ohikoa duen hasieratik amaierarako bidean; eta, horrela gauetik egunerako segidan argitu da irakurlearengana.
Nobela bat idazteak diziplina, segidako lana, kontzentrazioa eskatzen du. Kontrazaleko hitzok irakurrita, harrigarria da egoera horretan nobela bat idaztea lortu izana. Nolakoa izan da liburu hau idazteko prozesua?
Nire kasuan, ihesean egotea ez da idazteko oztopoa izan, kontrakoa baizik. Eleberri hau (eta bertze kontu batzuk) ihesean nengoelako idatzi nuen. Primo Levik idatzi zuen Auschwitz-eko esperientzia bizi izan ez balu, beharbada ez zukeela inoiz idatzi izan. Bada, bi esperientzien arteko distantziak mantenduz, nik baiezta dezaket ihesean ateratzearen esperientzia bizi izan ez banu, ia segurua dela ez nukeela inoiz idatzi izan. Torturatik nahiz espetxetik ihesi, bakardadea, isiltasun itogarria, isolamendua eta bertzelako muturreko egoerak ezagutzea egokitu zitzaidan. Baldintza haietan, kasik ohartu gabe hasi nintzen idazten, denboraren kontrako borrokan ez erotzeko. Idaztea gauza praktikoa zen, materialki zein mentalki, hortaz, erran daiteke Little-n literatura litEROturaren kontrakoa zela. Bertzetik, bitxiak izan dira eskuizkribuaren joan-etorriak, izan ere, ihesean idatzi, espetxean zuzendu, eta kalean argitaratu nuen, hamaika gorabeheren ondoren.
Hainbat hari eta pertsonaia joango dira harilkatzen liburuan. Hari horiek lehenagotik eduki dituzu pentsatua, edo idatzi ahala joan zara lotzen?
Oinarrizko eskuizkribuak hiru izen ezberdin izan zituen bederen baina istorio nagusia hasiera-hasieratik zegoen pentsaturik, nola hasiko zen, nondik joanen zen eta nola bukatuko zen. Hala ere, hari bat edo bertze eta ideia zenbait idazteko prozesuan aitzina egin ahala gehitu ziren, Catholic Golden Eagles-Gurutzearen Mendekua erakunde klandestinoarena errate baterako.
Liburua zati edo atal txikietan dago idatzia. Lagungarri egin zaizu hori, hari ezberdinak istorio bakarrean batzen joateko orduan?
Hariak batzeko baino idazten segitzeko zen lagungarria atal txikiena. Kontrakoa ematen ahal du baina nahiko pertsona karratua naiz eta hasitako gauzak bukatzea maite dut. Goizean egunak eman behar dituenak zerrendatu eta egin ahala marratu egiten ditut, horrela, mandatu bukatuen zerrenda belztua ikustean lasaiago gelditzen naiz nonbait. Bada, atal motzak errazagoak ziren bukatzeko eta hasitako atalak bukatuak ikusteak istorioan aitzina segitzeko behar nuen motibazioa ematen zidan.
Atal edo zati bakoitzari esaera bat jarri diozu hasieran. Nondik dator ideia hori?
Askatasuna mugatua duzularik irakurgaiak ere baldintzatuak dituzu. Batzuetan ez duzu erdiesten nahi duzun liburua eta bertze batzuetan espero ez duzuna ailegatzen zaizu. Horrelako batean, Ipar Euskal Herrian duela hogeita hamar edo berrogei urte argitaratutako atsotitzen bilduma baten alea izan zen euskaraz irakurtzeko neukan aukera bakarra, hautsak jana zegoena, eta gogoz ekin nion. Gainera, euskaldun-berria izanik, ariketa interesgarria iruditu zitzaidan. Gure (Hego) Euskal Herri erdaldun eta kutunean, “a buenas horas mangas verdes” erraten dugu baina “guk xingarra dugunerako garizuma” bezalakoak ditugu, polit bezain xarmant. Euskal Herri (Ipar eta Hego) euskaldunaren aldeko ekarpentxoa da esaerena, bertzerik gabe.
Arkeologia, ametsetako sinboloak, Mexiko, kultura indigenak, misterioa… abenturazko nobela bat izan liteke, nahiz eta une oro gogoeta oinarri bat egon gertatzen diren gauzetan. Abenturazko izaera horrek zer nolako garrantzia du nobela honetan, aitzakia estilistikoa da edo nahita bilatutako genero bat?
Nahita bilatutako generoa ez behinik behin. Alegia, nire helburua ez zen abenturazko eleberri bat idaztea, baina tira. Abentura bada baina nik erranen nuke eleberri politikoa dela, kritika sozial handiarekin gerren kontra, erlijioaren kontra eta politikarien praktika ustelen kontra. Den-dena ilargiari uluka, doike. Nolanahi ere, abentura handiena liburua bera idaztea izan da zalantzarik gabe.
Zer nolako harremana duzu arkeologiarekin?
Arkeologia, eta oro har Historia, maite dudan gaia da. Zaletasun honetatik Aranzadi zientzia elkarteko bazkidetza egitea etorri zen eta, azkenik, Historiako karrerarekin hastea, nahiz eta 2008an ihesean atera eta bertan behera utzi behar izan nuen. Hala ere, eta liburuaren epilogoan erraten dut, “Hiru ilargi laurden” istorioa osatzeko erabili dudan dokumentazio gehiena prentsatik bertatik bildua da.
Kultura indigenen inguruko gogoeta ugari egiten da liburuan zehar, iragana ekarriz eta ikertuz, gogoetatuz… bestela ere ikertu duzun gaia da hori?
Ez. Arkeologia bezala, kultura indigenen gaia aunitz maite dudan gaia da ere eta liburuan sartutako datu zein gogoeta ezberdinak nire ohiko irakurketatik ateratakoak dira. Unibertsitatean Boskimanoak eta gaur egungo bertze jendarte primitibo batzuk ikasi nituen baina liburua idaztean ez nuen dokumentazio hori eskuratzerik izan.
Zer nolako ispilua dira kultura indigenak gaur egungo gizartearentzat? Zertan egiten ahal zaizkigu baliagarri egungo bizimodutik, zertan ez?
Zoritxarrez, kultura indigenak ez dira inolako ispilua egungo jendarte modernoendako. Kultura hauen zilborrestea zeharo lotuta dago naturarekin eta gure jendarteok erabat desnaturalizaturik daude dagoeneko. Gauzak bertze era batera ulertzen ditugu. Begira bertzenaz Maien egutegiaren harira sortutako kalapita guzia. Maiek soilik erran zuten ziklo ilun bat akituko zela eta bertze berri bat hasiko zela, argiarena hain zuzen, eta mendebaldeak mundua bukatuko zela ulertu zuen, kasik Maiek erraten zutenaren kontrakoa. Guretako kultura indigenak erromantikoak eta turistak erakartzeko tresnak baino ez dira, kultura baino folklore hutsa kasik. Nik neuk ere, ez dakit ez ote ditudan erabili literatura panfleteroa egiteko.
Eta euskal gizartearentzat, zer nolako ispilu dira?
Euskal jendartearen parte bat nostalgiaz begiratzen ditu kultura indigenak, euskaldunok Europako indioak garela eta ildo hori guzia, baina naturarekin lotzen gaituen zilborrestea mozten ari gara. Gehiegizko kutsadura zein gehiegizko energia kontsumoa, lurren zementatzea, artzain, laborari zein baserrien desagerpena… Gu geu gara Europako indioen genozidioaren arduradunak, gu geu gara gure genozidak.
“Euskal Herria munduan kokatzen du, bere gizartearen inguruko kezkak agerian utziz” irakurri daiteke Elurreren aitzin solasean. Hori izan duzu xede?
Beharbada euskal jendartearen kezka batzuk agerian gelditzen dira idatzian baina Euskal Herria munduan kokatzea… ez dakit, ez da gauza makala. Bertzetik, egia da ere Euskal Herrian zenbait astakerietara ohitu garela, politikan adibidez, baita arkeologiaren eremuan ere. Zer pentsatuko lukete adibidez munduko historia aditu ezberdinek Iruñeko Gazteluko plazan gertatutakoa ezagutuko balute?
Euskal kultura, eta batez ere hizkuntzaren jatorriaren inguruko gogoeta egiten dute pertsonaiek tarteka. Kuriosoa egin zait gai horietara gerturatzen diren pertsonaiak sarri ez direla euskaldunak, ezezagutza batetik hasten dira gerturatzen euskara bera ezagutzera. Kanpoko ikuspuntua behar zenuen euskararen gaia, kasu, jorratzeko?
Afera horiek kanpoko pertsonaien bitartez lantzeak istorioak behar zituen erritmo eta abiadura ematen zizkidan, gaian emekiago sakontzen joateko aukera alegia. Gainera, tarteka ematen du kanpoko errekonozimendua behar dugula etxean duguna benetan baloratzeko. Zakurren ipurdiko hizkuntzalari batek erraten du euskara laoxtiayelkopon dela eta orduan hasten gara gu pentsatzen euskara laoxtiayelkopon dela. Kanpotik botatako laudorioak sobera maite ditugu Euskal Herrian. Literaturan ere horrelako zer edo zer gertatzen da. Euskal libururen bat Españan saritzen dutelarik aise proiekzio handiagoa hartzen du idatziak euskal jendartean bertan, euskal literaturaren handitasuna edo handitasun eza Españan erabakiko balitz bezala.
Idazkeran euskalkiari garrantzia eman diozu. Nola egin duzu lan maila horretan?
Nik ez nuke erranen euskalkian idatzirik dagoenik. Bitxia da baina Iruñeko lagunek galdetu zidaten ea zergatik idatzia nuen Baztango euskaran, Baztangoek zergatik sartzen nituen iparraldeko hainbertze hitz, eta iparraldekoek erraten zidaten ez zutela den-dena ulertzen Hegoaldeko euskaran zegoelako. Nik, gauza bera erraten diet denei: “Hiru ilargi laurden” batuaz dago idatzirik. Ekialdeko batuaz nahi bada, baina batuaz. Uste dut ez dudala bazkaltzaindiak euskara batuan onartzen ez duen hitzik sartu.
Elizondon egindako aurkezpena.
Liburuaren hainbat aurkezpen ere egin duzu. Nolakoa izan da liburuak orain arte egin duen bidea, argitaratu zenetik?
Elizondoko gaztetxean eta Berriozarko Kulturgunean egin genituen aurkezpenak, liburua idatzi zeneko baldintzen antzezpen eta proiekzio txiki batez lagundurik. Hortaz aparte, Baztango eta Malerrekako irakurleekin solasaldi bana egin dugu. Salmenta arras ongi joan da, elkarrizketa dezente egin ditugu, hainbat espetxetan sartzea erdietsi dugu… Beraz, hagitz kontent gara egitasmo xume honek izan duen oihartzunarekin.
Nola zabaldu da, non eskuratu liteke?
Metaziri Baztango aldizkari-kolektiboa da, eraldaketa soziala helburu, urtean bi-hiru aldizkari argitaratzen dituena. Kolektibo honetako kideok banatu dugu liburua, hango eta hemengo lagunekin auzolanean. Hasiera batean Nafarroa (Behe eta Garaia), Lapurdi zein Zuberoako bazter guzietan banatu genuen, ostatuetan gehienbat. Egun, Iruñeko La Hormiga Atomika liburudendan, Elizondoko Intza ostatuan eta Erratzuko Altxuko dendan nahiz Zubi Punta ostatuan dago salgai, hamar sosetan. Hemendik aitzin, Eguzki banaketak, Sorginkale banaketak, Karakol banaketak eta Putre Beltz banaketak, hau da, Nafarroako distri alternatiboek, harat eta honat mugituko dute.
Azkenik, ilargia inspirazio iturri izaten jarraitzen duzu?
Zoritxarrez, zibilizazioan ez dago zerura begiratzeko astirik. Gauero begiratzen diot ilargiari, zakurra paseatzean, baina, ez galdetu zergatik, ez da gauza bera. Lehen gauez zein egunez inspiratzen ninduen ilargiak baina orain neketan gabiltza gure hartu-emanetan.
Baztango irakurleekin solasean.
Little-ren narrazioak Hitzen Uberanen:
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /