Nazim Hikmet. Askatasuna bizitzan eta poesian

2013, 4 ekaina


Nazim Hikmeten biografia estu lotuta dago kartzelarekin eta erbestearekin.

> berria.info: Askatasuna bizitzan eta poesian

Duela 50 urte hil zen Nazim Hikmet, askatasun egarria poesia libreago batekin uztartu zuen idazlea

Juan Luis Zabala

XX. mendeko turkierazko poesiaren erreferentzia nagusia da, eta mundu osoko poeta askorengan izan du eragina; haren lanen balio poetikoaz ez da inoiz zalantza handirik izan. Etsai faltarik ez zuen izan, ordea, Nazim Hikmetek bizi zelarik. «Ene eskribuak berrogei hizkuntzatan inprentaturik daude, / baina Turkian, ene hizkuntzaz, debekaturik daude», idatzi zuen Neure bizitzaren kontaera poeman, 1961ean. Bi urte geroago hil zen, 1963ko ekainaren 3an. Atzo bete ziren 50 urte.

Tesalonikan jaio zen, 1901ean —1902an, paper ofizialen arabera—, egun Greziakoa den hiri hori Otomandar Inperiokoa zen garaian. Boltxebikeen Iraultzak liluraturik, Turkiako Alderdi Komunistako kide egin zen gaztetan, eta Aydinlik (Argitasuna) aldizkarian hasi zen lanean. Polizia aldizkariko langileak eta kolaboratzaileak atxilotzen hasi zenean, Hikmetek lehenik Esmirnara eta gero SESBera ihes egin zuen. 1928an, pasaporterik gabe Turkiara itzuli zenean, preso sartu zuten sei hilabetez. Urte batzuk geroago, berriro kartzelaratu zuten, Turkian aginte komunista bat ezartzearen alde borrokatu zela leporatuta. 1935ean, aske utzi zuten, baina 1938an berriro atxilotu, matxinada leporatuta. Hamabi urte eman zituen Bursako espetxean, harik eta, aska zezaten eskatzeko antolatu zen nazioarteko kanpaina baten ondorioz, amnistia eman zioten arte, 1951ean.

Preso edo iheslari 30 urtez

Turkiatik ihes egin, eta Errusian erbesteratu zen urte berean. Osasun aldetik aski makalduta zegoen ordurako, kartzelan egindako gose greben ondorioz. Bihotzekoak jota hil zen, Moskun, duela 50 urte, ia-ia bizitzaren erdia —30 urte— errefuxiatuta edo preso eman ondoren.

Poeta gisa, Vladimir Maiakovskik eta Errusiako futuristek hasitako bideetan aurrera jarraituz, turkierazko poesiari adierazpide berriak bilatu zizkion, bertso librea landuz 20ko hamarkadaren hasieratik. Poesiaz gain, narrazioak eta antzerki lanak ere idatzi eta argitaratu zituen, eta baita hainbat itzulpen egin ere.

Garai hartako gai politikoei ez zien izkin egiten poesia idaztean. Esate baterako, proba nuklearren aurkako bere jarrera agerian utzi zuen Estrontzio 90 poeman: «Bestelakotu egin zaigu aroa: / eguzkia, euria, elurra, / dena omen proba nuklearren errua. // Estrontzio 90a ari omen du // belarretan, haragian, esnean, / esperantzan, askatasunean, / gure herrimin handian ate joka ari den ukabilaren gisan. // Maitea, abiatuak gaude lasterketa batean: / Edo eramaten dugu bizitza hildako izarretaraino / Edo heriotza helduko da zerutik gure munduaren gainean».

Euskal idazleen artean, oihartzun zabala izan du Nazim Hikmeten poesiak. Gabriel Aresti izan zen haren berri zabaltzen lehena, Lau gartzelak liburua argitaratu zuenean (Lur, 1971), Arestik berak euskarara itzulitako Hikmeten 26 poemaz osatua. Aurrerago, Iñigo Aranbarrik eta Koldo Izagirrek ere euskaratu dituzte haren hainbat poema. Euskaratutako Hikmeten poema guztiak Armiarma atariko Euskarari ekarriak webgunean irakur daitezke.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak