Mikel Orbegozoren “Preso Nago 2”, Berria egunkarian

2013, 2 maiatza


Oier Gonzalez, komikiarekin, eta Orbegozoren gurasoak. / IDOIA ZABALETA / ARP

>> berria.info: Mikel Orbegozo euskal preso politikoak ‘Preso nago 2’ komiki sorta argitaratu du

Espetxeko errealitateari begirada «argitsua eta umoretsua» egin diola esan du Oier Gonzalez Ataramiñeko kideak

Odei Irigoien Aizpitarte

Bere egunerokoa izan liteke Mikel Orbegozo preso politikoak argitaratu duen Preso nago 2 komiki bilduma, Oier Gonzalez Ataramiñe argitaletxeko kideak azaldu duenez: «Aske gaudenontzat hain izaera negatiboa izan dezakeen instituzio batetik, horri buelta eman, eta komiki umoretsu bat plazaratu du Mikelek. Ez dago ikuspegi ilun batetik egina. Oso argitsua eta erakargarria da, positiboa». Espetxeari buruzko Orbegozoren bigarren komiki sorta da —lehena, Preso nago, 2010ean kaleratu zuen—, eta hiru ataletan daude banatuta istorioak. Lehena eta mardulena «umorez tindatutako espetxe kronika bat da», Gonzalezen ustez: «Garaiaren erretratu, bigarren azpiatala Gaixo larriak askatu! da, Iosu Uribetxeberria askatu aurreko garaian kokatzen dena». Izan ere, biak espetxe berean egondakoak dira, eta elkar ezagutzen dute. Azkeneko atala EPPK ilegala da.

Ainara Aspiazu Axpi marrazkilariak bere iritzia eman du Orbegozoren lanaz. Teknika aldetik «hobetu» egin duela esan du, kontuan izanda «autodidakta» dela Orbegozo. «Meritu handia dauka gai berari helduta beste 87 orrialde osatzeak. Gai bat erabiliz eta erabiliz, gastatzea erraza da». Orrialde bat edo biko istorio laburrak dira liburua osatzen dutenak. «Irudien bidez, kontaktuan jartzen gaitu kartzelako errealitatearekin, ikus dezakegu barrutik nolakoa den. Hori garrantzitsua iruditzen zait», azaldu du Axpik.

«Paper gehiegi dauzkazu»

Kartzelan komikiak egiteko ezartzen dizkioten trabak salatu dituzte presoaren gurasoek: «Zaindariak erregistroetan ziegara sartzen dira, eta paperak bilatzen dituzte», adierazi du Marian Etxarri amak. «Sartzen dira, eta esaten diote paper gehiegi dauzkala, marrazki gehiegi», gaineratu du German Orbegozo aitak. Adibide modura, errotuladore bat sartzen badiote espetxera beste bat aterarazten diotela salatu dute gurasoek: «Beti dago mugatua. Horrela dira gauzak, funtzionarioen arbitrariotasunaren arabera». Kartzelatik liburua atera, atera dela nabarmendu dute, baina ez dela sartuko presoak bere lana ikus dezan: «Beste kartzelatan, seguru asko, bai, baina honetan ez. Berak uste du ezetz», azaldu du amak.

2005ean atxilotu zuten Orbegozo, eta geroztik lau espetxetan izan da; orain, Badajozen dago. «Liburua argitaratu eta gero, ez dakigu nora bidaliko diguten», esan du Etxarrik. Arratsaldeak ziegan pasa behar dituela azaldu du aitak, eta tarte horietan marrazten duela: «Ihesbide bat da harentzat».

www.herriradenda.net webgunean eta hiriburuetako hainbat liburu dendatan jarri du salgai liburua Ataramiñek. «Ezohiko argitaletxea gara; desagertzeko bokazioarekin sortu ginen», Gonzalez kidearen arabera.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak