Koldo Izagirre, “Agirre zaharraren kartzelaldi berriak”
2013, 25 apirila
Agirre zaharraren kartzelaldi berriak
Koldo Izagirre
Elkar, 1999
—4—
Ürrüxtoitik 785 kilometrora
Dolare makurrera azaldu naizela gaztigatu didate jaulierrek. «Damurik» gaineratzen dute, nire adur beltza deitoratuz. Hemen politiko bakarra naiz agi denez, ziegetatik atera nautenerako eramanak zeuzkaten nire grilulagun guztiak giltza galdu zen beste leku aunitzetara. Hemen ez dudala lagunik topatuko, hemen ez zaidala inor urrikalduko, hemen dena elbarriz josia daukatela esan didate giltzadunek, tamalgarria dela ohartaraztea atzendu gabe.
—Ohoinak eta trafikatzaileak besterik ez dituzu topatuko, ez ezazula elkartasunik espero. Hemen ezin duzu motinik antolatu.
Baina ez didate luzaz patiora besteekin utzi, ez prebentiboekin ez zamatutakoekin. Hauxe da esaten didaten hori gezurra delako froga, beraiek konturatzen ez diren arren. Kartzela hau politikoz betea dagoela esaten diedanean uzker urtika egiten dute barre ni baino lotuago dauden ergel hauek. Alabaina, bakarrik omen nagoelako horrek gaztiguak eta iragarpenak baino froga gogorragoak behar izan ditu neure adorea hondatzeko, eta sartualdiak egiten uzten hasi zaizkit, apurka izan bada ere, dolareko patsa bertatik bertara ezagut dezadan. Ez nago bakarrik, ehundaka begik barrandatzen naute.
Libutegian, burua esku artean daukadala:
—Iñaki, hil eginen haut!
Dutxetarako bidean, ziega baten ate ostetik:
—Nire anaia hil zenuten zuek, Iparraldean. Ziegan, uraren kainutik:
—Hobe duk ziegatik irten gabe, Iñaki!
Eta giltzadunen betiko irriño zinikoa buldara zabaltzerakoan gutuna jasotzerakoan lokutoriora deitzerakoan. Armada oso bat daukate jaulierrek patioan beren zerbitzura: droga garesti dago, eta gorputzak behar du… Auzojanean behar gaituzte. Egon izan dira erasoak, baina presoen arteko elkartasuna handiagoa da, haatik, jaulierrek lor dezaketen menpekotasuna baino, badakizue bideak eta presondegiak adiskidantzak egiteko lekurik egokienak direla, ezkutatu behar ez nukeen arren presoen arteko aliantza horretan ez dutela garrantzi makala ukaiten latzean behin antzara karrankariei egin ohi zaizkien kontu kitatze odoltsuek.
—Hi, Iñaki, zenbat marantu dituk?
—Hori bera galdetu zidaan fiskalak azken epaiketan!
—Lasai, Iñaki, ni ere euskalduna nauk, konfiantzakoa… !
—Ez nekien, barka.
—Bai, Etxeberria diat abizen bat.
—Abizen euskalduna duk, arrazoi duk.
—Zer esan nahi dik?
—Ba… horixe, etxe berria.
—To, halako abizena duk egokiena guretzat. Gu beti gabiltzak txabolaz txabola eta! Nekez ukanen diagu guk etxe zaharrik! Beti berrian, ja, ja, ja!
Batera eta bestera luzatzen du begia, urduri dago are euskaldunon aurretik Espainiako oxtabenetako lehen maizterra izan den etniaren ordezkari tximoso hau. Kozkor handi bat dauka kolkoan, txoratu egin du zer edo zer bazterren batean bere begietan auspeztua ageri zaidan ternó honek.
—Nolatan heldu haiz ba, txabola zoragarri honetara?
—Ba horixe esan nahi nian, lagundu egin behar didak, Iñaki, ze abokaturik ez zaukaat eta ez zaidak ofiziokoa ere etorri eta…
—Ni ez nauk abokatua ordea, ezta hatzik ere.
—Instantzia bat idatzi behar didak epaitegira, nire kasua kontatuz…
—Zer injustiziak ekarri hau etsaiaren atzaparretara, aberkide?
—Nola? A, bai… Ba dena duk nahaste handi bat, izan ere nik ez baitut inoiz labanarik erabili…
Eta bere esanari aitor ematen ez diozula nabaritzen duenean, ez zaizu gaitzituko. Beste proposamenen bat eginen dizu, beti ere agirretarron eskuzabaltasuna frogatzeko egokia:
—Beha, Iñaki, jarabÃa behar diat…
Zamarra zabaldu du, Reebok pare berri-berria erakutsi dit.
—Nori txoratu dizkiok?
—Rahak ekarri zizkidak, atzo urtebetetzea ukan nian… Baina nik ez ditiat pindrotakook behar, nik hauts magikoak behar ditiat, Iñaki. Papiro bat, merke. Onak zuretzat.
—Ez ditiat behar, eta ez zaukaat begi bat tapatzeko ere.
—Tira, Iñaki, hik biribil franko daukak, har itzak pindrotako fukar hauek lehenbailehen, hirekin hitz egiten dudala konturatzen baldin badira elbarri horiek, etarra naizela pentsatuko ditek eta…
Frankismoaren azken urteetan, hauxe zen ezagutza egiteko ohoin eta trafikatzaile guztiek esaten zidatena Carabanchelen Cordoban Cadizen Ceutan: «Ni ere politikoa nauk!». Gutxi goiti beheiti, hari honetakoa izaten zen politiko haiek itzalpera ekarriak zituen ekintzaren bertsioa, beraien ahotik: «Karrikan barrena nindoan etsita, sonajairik ez neukala patrikan, lanetik bota baininduten egun hartan bertan berandu iristeagatik, eta morroi batek begiz jo ninduen, hura konturatu zen nik ez nekiela irakurtzen. Zuk uste duzu sumatu litekeela, ikusi batean, nork dakien irakurtzen eta nork ez?» Zaila izan behar zuela erantzuten nien, kupituta. «Ba nik ez nekiela irakurtzen hartu zuen usaina nonbait hark, bizardun hark, eta paper mordoska bat luzatu zidan, esanez: hauek banatzen baldin badituk jendearen artean, berrogei sonajai emanen dizkiat. Hona hemen hogei. Amaitutakoan, etor hadi izkina honetara bertara hamabietan, eta beste hogeiak emanen dizkiat. Ni konforme, pentsatu nuen mueble-dendaren baten eskaintzak edo antzeko zerbait izanen zela, baina handik gutxira beste morroi bi azaldu ziren, bibote mehe eta eguzkitako betaurrekodunak, ni paperak banatzen ari nintzen espaloian, jende artetik. Txukelak zirela antzeman nien, najel egin nahi izan nuen, baina atzaparra egotzi zidaten behaztrabatu egin ninduelako ikusia ez nuen beste hirugarren hatek. Eta orain hementxe naukazu…» Bezperan Fuerza Nueva aldizkaria irakurtzen ikusia nuela esanen nien orduan, eta hauxe izaten zen guztien erantzuna, edo nonbait hor: «Noski, Iñaki! Zer nahi duk, berriz adarra jotzea? Ikasi egin diat irakurtzen, oxtabenan! Ni politikoa nauk, ez nauk hauek bezalako txoria!»
Eta entzuten zeuden ohoinak ez ziren samurtzen, axola berdina zuten mesprezuaz ala iazko haizeaz. Istorio hura bera kontatuko zion mokoa baino atzapar luzeagoko txori haietarik edonork, patioan azalduko zen hurrengo preso politikoari. Gezurra esaten zuten, eta gezur hark eragozten zien konprenitzea beraiek ere preso politikoak zirela, sistema anker baten hondakinak munduko zapalduen ordezkariak lurraren jopuak, eta ez dolareko patsa. Dohakabeok esaten duten gezurra egia dela sinestaraztea da gure lana, egiak iruditu nahi luketen gezurrak esaten saiatu ordez hobe luketela gezurrak diruditen egiak esaten ikasiko balute…
—Hi, Iñaki… hirekin hitz egin behar diat! Plan bat zaukaat…
—Nik bakarrean jarduten diat, baina nahi baduk aholkuren bat ematen ahal diat.
—Iñaki, plan bat zaukaat butroi bat egiteko….
—Esan diat, konpai, nik ez diat lankiderik behar, eta ez ezaala okerretik hartu, ez duk fidagarria ez haizelako, nik bazakiat hi ere…
—Ez diat horrelakorik eskatzen, nik bakarrik jakin egin nahi diat. Hik ba… halako esperientzia daukaanez… Hiraulikazko zorua, nola zula liteke ondoen, hik zer lanabes erabiltzen duk?
—Nik, koilara.
—Iñaki, baina nik ezin diat koilara mekaniko bat sartu etxebizitza batean…
—Ez, lagun, honelako koilara batekin, beha. Giderrik ere ez zaukak, baina hauxe duk lanabesik onena burua belarrien artean duenarentzat.
Munduaren erdiak ez daki nola bizi den beste erdia. Hor, harresioz harat, sarrailak asmatzen bizi zarete; hemen, morroilope bizi garenok inon diren kako berezienak sortzen ditugu, jakina baita kartzela eta garizuma pobreentzako egin zirela, eta goseak entendimendua argitzen du. Beha iezaiozu honako honi, egunero egunkari zaharrak biltzen aritzen da. Kanpora aterarazten ditu, eta paper-biltzaileek ematen diotenarekin kafearen dina egiten omen du.
—Zuen erruagatik, niri oker behatzen zidatek…
—Gure erruagatik?
—Bai, zuengatik, izugileongatik! Ni euskalduna nauk, eta denek uste ditek izugile bat naizela, mehatxatu egin naitek, zuen krimenak nozitu behar ditiat nik hemen…
—Onez nahi duk, jaulierrekin?
—Bizi beharra zagok, Iñaki!
—Hauen elbarri izan nahi duk, orduan?
—Ez, baina portaera onak lagundu eginen zidak irteten…
Bai, badaude horrelakoak, eta are okerragoak ere, harrizko herri hau zorroztarriz jasoa dagoela badakiten arren, elbarri ibili nahiago dutenak. Hemen datorren hau giltzadunekin hizketan harrapatuko duzu noiznahi, sinetsia dago hemengo espediente onak onkituko duela epailea. Garai bateko presondegietako butza iraingarria erabiltzera behartu nahi bagintuzte, aurrena izanen zatekeen bere kondena janzten. Baina honako hauxe duzu galeriano motarik okerrena:
—Injustizia bat da, nik ez dut ezer egin…!
Gauza nazkagarriagorik ez dago, kartzela batean, meriturik egin gabe ekarria izan dena baino. Hemen ez dugu errugabekorik onartzen, hemen denok izan behar dugu errule, hemen Etxeberria ez dena Larrinaga da, Lapurdin jaioak gara guztiok.
—Lotsagarria da!
—Bai, horixe lotsagarria!
—Nik ez baitut deus egin!
—Kopeta daukazu esateko ez duzula ezer egin, hor kanpoan, sistemaren kontra? Lotsagarria da, zinez.
Ez daki oso ongi zer den «sistema», baina ikaratu egin da behintzat. Ez du ezer egin, baina ezin du erantzun. Baietz esanen balu indarge utziko luke bere eguneroko lantua, eta ezetz esaten ere ez da ausartzen, bertatiko batean konprenitu duelako oxtabena barruan egotea ohore handia dela, giltzaileon batzarra gaztaginen leizea abesleen eskola arraultzaileon mintegia dela hau. Orduan urrikal zintezke, eta irtenbide bat eskaintzen ahal diozu gizarte berdintzale honek bere altzoan har dezan:
—Bertan, hemen, barruan egin behar duzu kanpoan egin ez duzuna, gure artean azarorik gabe bizi nahi baduzu. Bihar, sukaldean zabiltzanean, koilara guztiak ebatsi behar dituzu, eta gero patioko komunean utzi.
Eldarnio batean dagoela irudituko zaio, berak ez lukeela momentu honetan nirekin hemen berbetan egon behar, itzarri egin behar duela noizbait… Or duan, hemengo legea kanpokoa bezain justua dela ikus dezan, gaztigu hauxe esaten diot belarrira:
—Kontuz uzten dituzun hatz-arrastoekin, sukaldeko labanak erabiliko dituzte aste honetan ekintza bortitz baterako, eta labana guztiok dituzte zureak…
Deabru bakarrak ez du infernua egiten, baina labea irazeki dezake.Tiriki tauki taki
Mailuaren hotsa,
Gu garela diote
Munduko gorotza.—Aizu, Iñaki, ideia bat ukan dut… Zure baimena besterik ez dut behar… Baimena emanen bazenit…
Ez dizkit koilarak ebatsi, baina segur nago baduela estakuru on bat.
—Egizu kontu, hainbeste koilara dago sukaldean… Ba, pentsatu dut zure koilarak saltzea, subenir moduan. Zer iruditzen zaizu? Esan didate zu aditua zarela koilara lanean…
Egin eginen du gainera, petral honek. Ez diot baimenik emanen hala ere, oxtabenak ez du batere ondu merkatari bizkor hau, harresioz kanpo mugitzen den gizarte higuin horretako partaide ematen du: ez zaio bururatu afera honetan ezein ezpalik legokidakeenik.
—Nik giderra kenduko diet, eta beharbada dataren bat zizelkatuko dut zeure izenaren azpian edo, eta presondegi desberdinetako izenak, ez zaizu ongi iruditzen…? Esadazu, Iñaki, zein da zure izena, idatz iezadazu papertxo batean… Koilaretan grabatuko dut, eta bisitan datozen etarren familiakoei salduko dizkiet merke samar, esanez «hau duzue Iñaki zaharrak, presoen aittittek, erabili zuen koilara bere azken zulaketan»… Horrela zuei publizitatea eginen dizuet eta bidenabar sistema izorratzen dut, ez zaizu iruditzen?
Baina ahozko hitzarmen bat sinaraz diezadan baino lehen behakoa tinkatu du mututurik nire gibelean legokeen ezikustekoren batean, eta hanka egin dit ari neketan. Jiratu naizenean, bekoz beko daukat oxtabenako biztanle eternala ziegetako maizterra jaulierren izua jipoien haragia agirretarron aliatu taktikoa. Maitagarria eta aldi berean beldur emailea, bakardade ilargituenean bizi da otzaran egon behar ez lukeen psikopata gaixoa. Egunean harrarazi nahi dizkioten hogeita hiru pilulak erakutsi dizkit ukabila irribarrea bezalaxe zabalduta. Gero, pilulak kentzen dizkiodalarik, bere ahots eztiaren oparia egiten dit:
—Mundu honetan denok gara presoak. Ziegaren tamaina da gutxienekoa…
Badatoz erizaina eta bi zomorroi. Bunkerrera eramanen dute nire lagun poeta, eta gogor egiten baldin badie lo terapeutikoan murgilduko dute injekzio gozo bat emanda.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /