Sarrionandia, haurrei azaldua

2013, 23 apirila

>> berria.info: Sarrionandia, haurrei azaldua

Idazlearen ipuinetan oinarrituriko ikuskizun pedagogikoa taularatuko dute Donostian

Pentsamendu kritikoa bultzatzeko asmoa du antzezlanak.

Joseba Sarrionandiak 2010. urtean argitaratu zuen Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako ipuin liburua, eta horretan oinarritu dira Artedrama eta Dejabu konpainiak lehen hezkuntzako ikasleei ipuin kontaketa dramatizatu bat prestatzeko. Horrela sortu zuten Idazlea zeu zara antzezlana. Eta Ander Lipusek, Miren Tirapuk, Urko Rekondok eta Ainara Gurrutxagak taularatuko dute lana. Gaur Donostian aurkeztuko dute.

Hik Hasi pedagogia elkarteak eskatuta sortu zuten antzezlana. Ikasleengan pentsamendu kritikoa eragitea, irakurtzeko zaletasuna sustatzea eta antzerkia eskoletara eramatea da proiektuaren asmoa. Izan ere, Sarrionandiaren librua ipuin laburrez osatuta dago, eta «pentsamendu autonomoa, dibergentea eta kritikoa ahalbidetzen duten proposamen literarioz betetako narrazioak dira», pedagogoen arabera. Ipuin horien bidez, haurrek elkarrekin bizitzen ikas dezakete, komunikatzen, pentsatzen eta norbera izaten.

6 urtetik 12 urte bitarteko haurrentzako lana da, eta 45-50 minutu inguru irauten du. Adin tartekoen saio bakoitzean bi aktore aritzen dira.

Lan horretan oinarritu dira aurten Biba zorrien izurritea antzezlana sortzeko, Ander Lipus beraren gidaritzapean.

‘IDAZLEA ZEU ZARA’ ANTZEZLANA
Noiz. Gaur, 18:00etan.
Non. Lugaritz kultur etxean, Donostian.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak