Mikel Orbegozoren komikiak ikusgai
2013, 15 apirila
irutxulo.hitza.info: Kartzelan marraztutako begiradak
Agurtzane Altuna
Mikel Orbegozo preso donostiarrak kartzelan egindako komikiak ikusgai daude Donostiako Rekalde tabernan.
Mikel Orbegozo (Intxaurrondo, 1979) Badajozen dago preso. 2005. urtean atxilotu zuten, eta Leonen egon da, iaz lekuz aldatu zuten arte. Bistan da marrazteko trebetasun handia duela, «sormen handiko mutila» dela diote bere lagunek, baina preso hartu zuten arte ez zion bere gaitasunari formarik eman.
Poliki-poliki bere zaletasunak komiki itxura hartu du, eta marrazki ugari sortu ditu. 2010. urtean Preso nago komiki liburua argitaratu zuen. Kartzelako bizimodua, egoera edo sentipenak erakusten ditu liburuko marrazkien bidez. Gainera, bere sormenak ez du etenik, eta apirilean bigarren liburu bat, Preso nago II argitaratuko du Ataramiñe argitaletxearen eskutik.
Kartzelako ikuspegia
Ironia eta umore puntu bat erabiltzen ditu normalean Mikel Orbegozok bere marrazkietan, baina begirada zorrotza du, eta preso egon arren, gertu gertutik jarraitzen ditu kalean puri purian dauden gaiak, eta halaxe ikus daiteke bere komikietan. Langabezia, ustelkeria, banketxeak, etxebizitza, hezkuntza lege berria… Asko dira jorratzen dituen gaiak.
Liburuaz gain, Gallina Vasca eta Herria 2000 aldizkarietan ere argitaratzen dituzte bere lanak. Horietako batzuk Parte Zaharreko Rekalde tabernan daude orain ikusgai. Mikel Orbegozoren kuadrillakoek egin dioten keinu bat da, bere lana goraipatu, eta jendeak bere egoera ezagutzea nahi baitute. Denboralditxo batez egongo dira Mikel Orbegozoren berrogei bat komiki Rekalde tabernan erakusgai. Gainera, preso donostiarrak egindako marrazki batekin egindako txapak ere egongo dira salgai, eta Preso nago, komiki liburua ere bai, noski.
Bere irudia duen pertsonaia bat asmatu du Orbegozok, eta askotan ageri da bere marrazkietan. Ez dira marrazki soilak, aldarrikapen bat erakusten baitu bakoitzak. Ilusio handiz hartu zuen Orbegozok Rekalde tabernako erakusketaren berri. Zailtasunak izan ohi ditu bere lanak egiteko edo kanporatzeko, baina izugarrizko poza sentitzen omen du, komikien bidez, bere zatitxo bat ere kaleratzen duelako.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /