“Ataramiñe”ren inguruko elkarrizketa, “hirinet.net” webgunean

2013, 12 apirila

> hirinet.net: Ataramiñe proiektu berria

Ataramiñe proiektuko arduraduna dugu Oier Gonzalez Bilbatua. Kartzelako sorkuntza lanak sustatu eta argitaratzearekin batera, Ataramiñek euskal preso, iheslari zein deportatu politikoen gogoetak, sentimenduak edo bizipenak lau haizetara hedatzea du xede. Gaur, arratsaldeko 20:00etan Zapateneo Kultur Gunean proiektua beraren aurkezpena izango da, olerki musikatuen laguntzaz.

Zergatik eta nola jaio zen Ataramiñe proiektua?

Literaturaren eskutik errealitatearen ertz ezberdinak antzeman ditzakegu. Espetxea Euskal Herriko errealitatearen parte izan badenez, ez da harritzekoa gaiaren inguruko material mordoxka aurkitzea. Garai eta testuinguru ezberdinetan argitaratu baziren ere adibideak ez dira falta (Mikel Antzaren “Bakarmortuko Kronikak”, Filipe Bidarten “Isolamenduaz bi hitz”, Joseba Sarrionandiaren “Kartzelako poemak” edo Anjel Rekalden “Herrera prisión de guerra”).

Ataramiñe elkartea bera sortu aurretik, euskal presoek espetxeari buruz osatutako hamaika argitalpen ezagun ditugu. Hasi lan kolektiboekin eta bukatu norbanakoen lanekin. 1983an, adibidez, Puerto de Santa Marían “Intxaur azal baten barruan”, aldizkari eta bilduma argitaratu zuten. Susa argitaletxeak ere, “Itzalpeko ahotsak” bilduma argitaratu zuen 1989an.

2001ean, Jon Etxeandiak (besteren artean, Ataramiñe elkartearen sortzailetariko batek), “Kartzelako lanak” olerki bilduma plazaratu zuen. Ataramiñeren aurrekari izan litekeen liburua. Bertako poema batean Jonek, atxilo-aldian jasandakoari beste buelta bat ematen dio. Poliziaren komisarioa irudikatzen du bertan, Jonen olerki zirriborroak eskuetan “ya hemos desarticulado tu cuaderno de las chorradas” esaka. Jonek eta beste zenbaitek beren torturatzaileari emandako erantzuna ere bada Ataramiñe. Liburua menosten duen poliziari argitaletxea antolatuz emandako erantzuna.

2002an Amnistiaren Aldeko Mugimenduak proposamen bat eratu zuen. Durangoko Liburu Azokan presentzia bermatze aldera, preso kideen lanak plazaratuko lituzkeen argitaletxea antolatzea, hain zuzen. Hastapenetako ideiari, planteamenduaren ingurumarietan kokatzen zen SUSA argitaletxeak beste buelta bat eman zion. Toki konkretu batean presentzia bermatzeaz gainera, euskal preso politikoen artean literatura eta literatur sorkuntza sustatzeko balio behar lukeen elkartea sortu beharra zegoen. Euskal presoen lanak zabaldu, sakabanatutako testuak bildu eta espetxea ikuspegi ezberdin batetik landuko lukeen egitura bat antolatzeko aukera ireki zen, beraz.

“Ataramiñe” izena aukeratu izana, kasualitate hutsa ez zen izango, ezta?

Kasualitate gutxi izenak aukeratzean, egon edo izatekotan kausalitateak egoten dira normalean. “Ataramiñe” izena, Xanti Iparragirre euskal errefuxiatuaren bertso batetik aterata da. Gainera, Ataramiñek badu espetxea den egitura siniestro horri umorez aurre egitearen zentzu bat ere. Hain zuzen, irrifar egitea letaginak erakusteko beste manera bat baita, izan.

→
Zein da proiektu honekin lortu nahi dena?

Gure lehen helburua, zerbait argitaratu nahi duen kide orok non argitaratu izan dezan ziurtatzea da. Hau da, gure eskuetara iristen diren lan guztiak kaleratzeko asmoak markatzen du gure ardura. Lanen eskutik presoa bera, nolabait, kaleratzeko ardura.

Ohiko argitaletxetan lekurik izaten dute lan hauek?

Ataramiñek beraz, euskal preso politikoen sorkuntza lanak argitaratzen ditu. Baina ez da ohiko argitaletxea, lehenik eta behin gure eskuetara iristen diren lanak beste argitaletxetan (Susa edo Txalaparta gehienbat) plazaratzerik ba ote dagoen aztertzen dugu. Lanak plazaratzeak, gure ustez, hori esan nahi baitu, liburu-sorkuntza lanak ahalik eta zabalpen normalizatuena izan dezan saiatzen gara. Literaturaren ohiko euskal zirkuituan. Hor egon behar baitu gure kide presoak, gainontzeko idazleen plaza horretan. Gainera, eta obraren hobe beharrez, gure eremu militanteaz haratago dagoen eremura zabaltzea ere bada gure helburua.

Arrazoi ezberdinengatik, beste argitaletxeetan lekurik ez duten lanek, gurean badute non loratu. Agian, proposatutako liburu formatua, beste argitaletxeentzat ez da guztiz errentagarria ikuspuntu komertzial batetik. Baliteke haurrentzako liburu ilustratu mota batek, adibidez lekurik ez izatea, edo olerki bildumak… Baina gurea lehenik eta behin konpromiso militantea denez, aspektu komertziala beste plano batean geratzen da. Hortik ohiko argitaletxea ez izatearen ideia.

Orain arte, zenbat liburuk zein diskak lortu dute argia ikustea?

Urtero, lan pare bat argitaratzen ditugu. Azken bi hauetan, lau liburu kaleratzeko parada izan dugu. Printzipioz eta esperientziak irakatsi digunez kopuru handi xamarra da, promozio eta lanketari begira ezin baitiogu liburu bakoitzari arreta bera jarri.

Plazaratzen dugun oinarrizko lana Ataramiñe bilduma da. Bertan jasotzen ditugu, uda aldera zabaldutako deialdiari jarraiki gure eskuetara iristen diren testu ezberdinak. Normalean, 20 kide inguruk parte hartzen du bertan, testu edo ilustrazio forman osatutako lanekin. Testuei dagokionez, genero ezberdinetako lanak aurki daitezke, poesia, antzerkia, bertsoa, kronika… Nolabait, euskal presoen kolektiboaren kronika politiko afektibo bat aurki liteke bilduman. Erradiografia subjetibo bezain hunkigarria.

Esan bezala, urteroko bildumaz gain beste lan batzuk ere argitaratzen ditugu. Gure azken helburua genero bat edo beste bultzatzea baino, kide preso guztiek plazaratu nahi duten horri bide ematea baita.

Aurtengo uzta ondorengoa izan da:

– Ataramiñe 2012 bilduma.

– “Sasian Barna”. Xabier Makazaga. Nobela laburra, bertan azaltzen dira borroka klandestinoaren gazi-gozoak.

– “Fakin Xokona”. Oier Goitia. Olerki bilduma, letrak eta sentimenduak gainezka. Iker Morenoren irudi hunkigarriez lagunduta.

– “Kandela bat pizteko behar dena”. Mikel Antza eta Iker Moreno. Haurrentzako ipuin ilustratua, haur baten eskutik espetxearen mugei nola aurre egin erakusten diguna.

Lau hormen artean sortuak, lau haizeetara zabalduak…

Barruko basamortuak, letra artean galduak, azalduz ezin azalduak, indarrak ez dira agortuak, ureztatuz gero barruko ortuak barrote guztiak dira malguak.

Ataramiñek argitaratutako 2012ko bilduman, hitzaurrean, Teresa Todak sormena eta irudimena tresna baliotsuak direla dio, honelako ekimen batek zer suposatzen du preso dauden lagunentzat?

Lanok kaleratzeak badu berezko balio bat. Espetxea errepresio sistemaren tresna den heinean, makinari horretatik nolabait aldentzeko balio lezakeen elementu oro arriskutsu bihurtzen du. Joseba Sarrionandiaren “Kartzelako Koplak” bertsoan badago oso adierazgarria den aipu bat, “funtzionariak paper bila ari dira zeldetan…”. Funtzionarioa ez dabil dinamita bila, armak edo leihoko barroteak zatitzeko zerra baten bila. Idazkiak ditu jo puntu, idazkiak miatuz, zelatatuz, presoaren barne mundua zelatatzen baitu.

Idazteak Estatuarentzako izan dezakeen izaera erreboltaria agerian geratzen da gure inguru honetan. Hemen, Euskal Herrian, idazteagatik zigortzen baita, hemen idazteagatik kideak preso baititugu. Aipatu berri duzun Teresa adibide argia da, berarekin batera Egin egunkariaren aferan zenbait lagun espetxean ditugu. Egunkari batetako langileak denak, hau da, egun, dugun egoera eta perspektiba hori ez galtzea garrantzitsua deritzot.

Kartzelan idaztea beraz, duintasun ariketa bat ere bada, eguneroko hitsari aurre egiteko modu bat. Uneoroko zapalketaren gainetik, elementu positiboak biderkatu eta negatiboak zatitzeko estrategia. Egun bakoitza borroka eguna den eremu batean, ofentsibara igarotzeko estrategia.

Eta alderantziz, zer helarazi diezaioke kaleko herritar bati?

Espetxeaz hitz egitea gure jendarteaz hitz egitea da. Hor nonbait irakurria dudan bezala, merezitako espetxeak nozitzen ditugu. Edo espetxeari begira gure jendartearen ertzak, gordinki eta bortizki suma ditzakegu.

Bada Michel Foucault filosofo frantziarraren aipu bat (buruz ari naiz), Mikel Antzak bere “Ospitalekoak” nobela ederrean sarrerako hitz bezala jartzen duena. Bertan, galdera bat planteatzen du, nola harritu espetxeak eskola, ospitale edo lantegiaren antza izateaz, horiek denak espetxearen gero eta antz handiagoa dutenez. Hain zuzen, gu geu, kalean bizi garenok benetan libre ote gara. Supermerkatura joan eta ipurdia garbitzeko 10 paper ezberdinen artean aukeratu ahal izatea zinezko libertatea da?

Gaur, Gasteizen aurkeztuko duzue proiektua. Olerki musikatuak ere izango dira… zer nolako erantzuna espero duzue?

Ezer espero gabe dabilenak asko dauka jasotzeko. Ataramiñen argitaratutako poema musikatuen saioak egin izan ditugu beste noizbait eta, oraingoan, alde hori gasteiztarrek jorratuko dute.

Gure aldetik, Ataramiñe proiektua bera aurkezteaz gain, espetxearen ikuspegi bat ematen saiatuko gara. Gainera, aurten argitaratu dugun “Sasian Barna” liburuaren egileak parte hartuko du. Bruselan errefuxiatuta dagoen Xabier Makazaga gure artean izango dugu bideokonferentzia bitartez.

Bukatzeko

Bai, bukatzeko, proiektuaz hausnarketatxoa utzi nahiko nuke, irakurlearentzat opari. Ataramiñe, lan kolektiboa da izan eta bizitzeko ahalegin kolektibo hori azpimarratzera dator espetxeetan idatzitako literaturak.

Kolektiboaren garrantzia, egungo egoera sozial, ekonomiko, psikologiko indibidualizante honetan mahai gainean jarri behar dugun balioa, hain zuzen.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak