Filipe Bidart, “Beste manera bat ere…”
2013, 18 martxoa
Bakartasunaz bi hitz
Filipe Bidart
Txalaparta, 2004
Beste manera bat ere atxeman nuen, aski laster, bakartasunaren sistemari aurre egiteko. Nola ez nintzen nehorekin mintzatzen ahal, deliberatu nintzen egunero kantuz aritzera. Ariketa ona iruditu zitzaidan, bai euskaraz aritzeko eta bai euskal kantuak ez ahanzteko. Lehenik zeldan hasi nintzen, harat-hunatka ari nintzelarik zeldaren barnean, atetik leihora joan-jinka. Oroitu arau, banazkien kantuak kantatzen nituen. Kantu bat hautatu eta oroitu bezainbat kopla emaiten nuen. Eta gero idatzi egiten nituen. Oroimena lantzeko eta hiztegia ez galtzeko ariketa biziki ona da. kantu bat osorik edo ahal bezainbat eman ondoan, hitzak gogoan berritz ongi eta aski freskatu ondoan, beste kantu bati lotzen nintzen. Eta batzuetan, ibiltokian ere, kantu bat buruan nuelarik eta hitzak xekatzen ari nintzelarik, kantuz hasten nintzen, airearekin hitzak atxeman nahian. Hastapenean ongi, nehork ez zidan deus erraiten, ez zeldan, ez ibiltokian ari nintzelarik ere. Ibiltokian bi mugimendu edo lasterkaldiren artean ari nintzen kantuz, ez sobera gora, normalki…
Eta gero, ibiltokian nintzelarik, inguruetako egoitzetako horma alimaliei so, hainbeste leiho burdin sareztaturik, pentsatzen hasi nintzen bat edo bestearen gibeleko zelda horietarik batean euskal duntu bat, enekin harremanetan sar laitekeela bat-edo izan zitekeela. Eta entzuten balu euskal kantu bat, enekin harremanetan sar laitekeela. Orduan egunero, goiz eta arratsaldez, ene kantua gero eta gorago emaiten hasi nintzen ibiltokian, euskaldun batek entzunen zukeelakoan eta ene kantuari arrapostu emanen. Eta egun batez, goizeko ibiltokian nintzelarik norbaitek eman zidan arrapostu: Gora Euskal Herria! Ez nuen ikusten ahal, burdin zirien kontrako sareak itsutzen baitzuen sobera leihoa, baina itzal bat ikusten nuen han gora, azken estaiako teilatu peko azken lerroan, leiho baten gibelean. Ontsa hiza, Patxi?, erran zidan… Zer plazerra!
Bakartasunaz bi hitz 82-83 orr.
>> txalaparta.com: liburuaren zati bat
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /