Presoen ihesaldien gaineko liburua idatziko du Josu Martinezek

2013, 24 urtarrila

Segoviako espetxeko estolda. Bertatik ihes egin zuten presoek 1976eko apirilaren 5ean. El Norte de Castilla

>> Wikipedia: Segoviako Ihesa

>> elkar.com: Josu Martinezek irabazi du Tene Mujika Saria

Josu Martinez zinemagile, idazle eta musikari bilbotarrak irabazi du aurtengo Tene Saria, “Presoaren betebeharra” izeneko proiektuarekin, non Euskal Herrian edo euskal presoek azken 50 urteetan kartzelatik egindako ihesak edo ihesaldi-saiakerak kontatuko diren.

“Papillon” eleberri autobiografiko ospetsuan Henri Charierek botatako esaldi batetik dator izenburua: “Preso ororen lehen betebeharra ihes egitea da”. Martinezek umetan irakurritako liburu horrekiko lilura adierazten du, eta ez abentura zirraragarria bakarrik miresten zuena: baita injustiziaren salaketa, ausardia, inkonformismoa, bizitzeko grina… Presoak bere kemen eta irudimen guztia erabili behar du horrelako saialdi batean, eta, egileak dioenez, horrek benetako arte-lan bihurtzen ditu hainbat ihesaldi, guztiongan sinpatia bat-batekoa sortzen duena gainera: abenturazko ekintzagatik, batetik, eta, bestetik, boterearen eskumakila itsusiena diren kartzeleroak barregarri uzten dituelako eta ekintzarik zailena ere posible dela erakusten digulako. Amets egiten jarraitzeko bidea ematen digulako, hitz batean.

Gure historia hurbilean izan diren ihesaldietako batzuek duten indarra ikusita, nolatan ez den horien berri hobeto jaso harritu izan da Martinez; horregatik erabaki du hamar ihesaldi kontatzea: batzuk ondo amaitu zirenak, beste batzuk ez; batzuk ezagunak, beste batzuk aski ezezagunak. Erreportaje literarioaren teknikak erabiliz, historia bakoitza bertan protagonista izan zirenetako baten ahotik kontatuta: batzuetan iheslaria, besteetan kanpoko laguntzailea, edo biktima suertatu den funtzionarioa. Egileak ohartarazten duenez, garai politiko berriak errazago egiten du gauza hauetaz askatasunez hitz egitea; posible ez ezik, baita komenigarria ere. Urtebete du Martinezek lana amaitzeko, eta ondo bidean, 2014ko udaberrian kaleratuko da.

Hamar istorio

Kontatuko diren hamar historiak hauexek dira, labur azalduta:

– IK-ko Maddi Hegi eta Gabi Mouescaren ihesa, Paueko espetxetik

Joxemari Sagardui “Gatza”k Granadak saiatu zuen ihesaldia: gaizki atera, eta horren ondorioz luzatu zioten kondena, Europan giltzapean denbora gehien eman zuen presoa bihurtzeraino.

Joxeantonio eta Ismael Berasategi anaiek egindako balentria: bata La Santen zegoela, bestea bisitan joan eta beren tokiak trukatu zituzten.

Iñaki Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak Martutenetik Imanolen bafleetan ezkutaturik alde egin zutenekoa.

Helikoptero bidezko ihesaldi-saiakera batzuk, denak huts eginak.

Iñaki Etxarteren hiru ihesak: kartzelatik behin, Cabo Verdeko deportaziotik Kubara beste behin, eta Kubatik balsero moduan azkenik.

– Kartzelara baino lehen, atxiloturik zeudeneko komisariatik edo ospitaletik egindako ihesak.

Basauriko ihesa, preso politikoak eta sozialak elkartu zituena.

Segoviako ihes ospetsua, euskaldunekin batean ihes egin zuen katalan baten ikuspuntutik kontatua.

– Eta azkenik, Eugen Beihl alemaniar kontsula, ETAko kideek bahiturik eduki zutena Burgosko prozesua nazioartean salatzeko, eta ihes egiten saiatu zena.

Egilearen berri

Josu Martinez (Bilbo, 1986) Ikus-entzunezko komunikazio eta Antropologia ikasketak egina da, eta une honetan, “Euskal? Zinema? Nazionala?” izeneko doktore tesia burutzen ari da. 2006tik 2012ra asteroko kolaborazio bat burutu zuen Euskadi Irratiko “Arratsaldekoa” saioan eta lan horregatik, “Rikardo Arregi Kazetaritza Sari Berezia” jaso zuen 2008an. Horrez gain, hainbat kolaborazio burutu ditut prentsa idatzian, eta 2009-2012 bitartean Bertsolari aldizkariaren zuzendaria izan da.

Zinemaren arloan, Euskal Herriko historia hurbilean kokatutako hiru dokumental burutu ditu orain arte. “Itsasoaren alaba” (2009), “Sagarren Denbora” (2010) eta “Prohibido Recordar” (2010). Hirurak, Donostiako zinemaldian estreinatu ziren. Bere azken lana “Barrura Begiratzeko Leihoak” (2012) dokumental kolektiboa izan da; euskal presoei buruzkoa. Bertan, film laburretako bat eta proiektu osoaren koordinaketa burutu ditu.

Bestalde, 2011n Hitzezko txalupak liburua publikatu zuen, Alfonso Etxegarai deportatuarekin izandako gutun trukean oinarritua.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak