Oier Gonzalez, “Permanent Marker”

2013, 23 urtarrila

Oier Gonzalez preso politiko ohiak Villefranche sur Saône espetxean egindako bideo – poema (fr).

Permanent Marker

“La vie un vide immense a recenser” Rene Char

Papera.
Tinta ixurtzen duen luma.
Berandu da eta lanpara pizturik dago.
Paperaren gainean dantzan ari den lumaren doinu arraroa.
Esaldi bat.
Urtea hasi berri da.
Iragan urteko eta iragan urtearen aurreko urteko hasieran izandako sentimendu berbera.
Gutun azal bat, zigilua.
Tantaz-tanta iristen diren albisteak.
Lagun parranderoa aita izan berri da.
Eskolako desastrea, alkatearen ondoko bilakatu da.
Gutun bat, argazki bat.
Denboran zehar bidaiatu duen usaina, berarekin doan irrifarra.
Urrutiko xamurtasuna.
Laister arte. Laister arte?
Mugitzen den esku, malko bat.
Noiz arte?
Leihoaren markoa gurutzatzen duen ilargia.
Papera hitzez gainezka, gaua ehunka laukitxotan zatiturik, izarrak, pareta zatiak, alanbrada.
Haizea.
Alanbradan eskegita dauden plastikozko zatiak astinduz, gauaren erdian mugimenduan diren mamutxoak.
Ohe bat.
Erdia hutsik edo erdi beteta.
Faltan botatzen zaitut.
Izarren antzera zatituta dauden hodei kuadrikulatuak.
Bihar euria eginen ote du?
Tinta ez nahikoa.
Laztan baten berotasuna ezin ordezka liteke.
Astiro doan denbora.
Ordu beteak 60 minutu ditu, nire bihotza minutuko 60 pultsazioetan taupaka.
Lumak bere bidea darrai, hodeiak, izarrak, lehioa bezala kuadrikulatuta dagoen paper orrian barna.
Lumaren atzean ni, badoan hori, mundu kuadrikulatu horren baitara.
Ihes betea.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak