Joseba Sarrionandiaren itzulpengintzaz hitz bi eta tesi bat
2013, 18 urtarrila
Aiora Jakak Bilbon aurkeztu zuen, atzo, Joseba Sarrionandiaren itzulpenei buruzko tesia. / LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
>> Aiora Jakaren tesiaren laburpena, 28 orr. (Senez 43. 2012) ::: “Dena da funtsean translazioaâ€: Joseba Sarrionandia eta itzulpena”.pdf
“Dena da funtsean translazioaâ€: Joseba Sarrionandia eta itzulpena – Aiora Jaka Irizar (UPV/EHU)
Artikulu honetan, nire doktore-tesiaren laburpen moduko bat eskainiko dut, tesian aztertutako gaiak aurkeztuz eta ateratako ondorio nagusien berri emanez. Tesiaren helburua Joseba Sarrionandiaren (Iurreta, 1958- ) itzulpengintza aztertzea izan da. Izan ere, idazle bizkaitarraren obra aztertzeko egindako saioak ugariak izan arren, apenas egin da hark itzulitako lanak aztertzeko saiakerarik, edo hark garatutako itzulpengintzaren inguruko gogoetan sakontzeko ahaleginik. Badirudi jende gehienak idazle eta batez ere poeta gisa ezagutzen duela Sarrionandia, eta gutxi direla Sarrionandia itzultzailea ezagutzen dutenak. Hala ere, Sarrionandiaren bibliografia osatzen duten hogeita hamarren bat liburuen artetik, itzulpenak dira laurdena inguru. Eta itzulpengintzaren inguruko tratatu edo lan monografikorik idatzi ez duen arren, lan askotan dihardu Sarrionandiak itzulpengintzaren (eta literaturaren) inguruan.
>> berria.info: Sarrionandiaren estrategiak
Idazlearentzat itzulpena «sorkuntzarako beste baliabide bat» dela azaltzen duen tesia aurkeztu du Aiora Jakak
Irune Berro Urrizelki Bilbo
Joseba Sarrionandiak euskal literaturara «itzulpena ulertzeko, definitzeko eta gauzatzeko modu berritzaile bat» ekarri duela erakutsi du Aiora Jakak, Euskaltzaindiaren Iker bildumaren barruan argitara emandako liburuan, hots, Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan obra mardulean.
Jakak esan duenez, sorkuntzarako beste baliabide bat da Sarrionandiarentzat itzulpena. «Behin eta berriz azpimarratu du fideltasuna ez dela bere irizpide nagusia, uste duelako ezinezkoa dela testu batekiko fidela izatea. Hala, testu bat itzultzean, nahitaez gai berberari buruzko testu desberdin bi izango ditugula uste du».
Aldiz, Sarrionandia baino lehenagoko itzultzaile gehienek oso bestela pentsatzen zutela gogorarazi du Jakak. «Itzultzea zen erreproduzitzea, eduki finko eta aldaezin bat beste hizkuntza batera transferitzea. Fideltasuna zen haien irizpide nagusia».
Sarrionandiak diskurtso hori eten zuela esplikatu du Jakak, ia 500 orrialdeko tesian. Literatur ikerlariaren iritziz, Sarrionandia berritzailea da ez soilik itzulpena ulertzeko moduan. «Itzuliko duen obra aukeratzeko baliatzen duen irizpidea ere apurtzailea da», Jakaren arabera. «Haren aurrekoek, erlijio testuez gain, Mendebaldeko tradizioko testu kanonikoak itzuli zituzten, batez ere. Sarrionandia Europako zirkulu itxi horretatik atera da. Eta bost kontinenteetara joan da testuen bila». Horrenbestez, «literatura handietan ezagunak diren autoreekin batera, literatura txiki eta ezezagunetako testu anonimoak nahiz autore madarikatu eta bazterrekoak itzuli ditu».
Jakak argi du: «Munduko literaturaren beste bertsio bat eskaini nahi die Sarrionandiak euskal irakurleei».
Itzulpena egiteko Sarrionandiak baliatzen duen modua, halaber, «berritzailea» dela azaldu du Jakak: «Apokrifoen erabilera da horren adibidea. Hau da, bere itzulpen antologietan berak sortutako testuak tartekatzen ditu. Horrelako estrategiekin saiatzen da erakusten testu itzuliek eta sorkuntzazkoek antzeko ezaugarriak dituztela». Autore-itzultzaile bereizketa zurruna higatzeko xedea du idazleak.
>> idazten.com: UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa “Sarrionandiaren beste sormen-lanak”
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /