“Gogor” diskoa. Gogorkeriaren aurkako lekukotasun zuzena.
2012, 20 abendua
>> Gogorkeriaren aurkako lekukotasun zuzena Berria 2012.12.20
Xabier Amuriza apezen Zamorako presondegian, itxialditik laster. / BERRIA
• Diskoa. ‘Gogor’.
• Diskoetxea. Agorila.
• Noiz. 1969an jatorrikoa; aurten, CDan berrargitaratua.
• Kantuak. Hamalau. Autoreak: herriko eta elizako kantuak, Xabier Amuriza, Julen Lekuona, Jon Lopategi.
Eliza pobre bat eta Euskal Herri libre bat aldarrikatu zuten Derioko seminarioan apezek egin itxialditik grabatu ‘Gogor’ diskoan. Berrargitaratu berri dute
Nora Arbelbide Baiona
Ezkutuan baina etxe anitzetan zabaldu zen Gogor diskoa. Taldeko eta diskoko protagonistetako bat izan zen Xabier Amuriza, eta gogoan du bera preso zela iritsi zela grabaketa Hego Euskal Herrira. Kartzelatik ateratakoan ohartu zen haren eraginaz. «Gu apaiz egon ginen herrietan eta beste inguruko herri askotan jende askok, baseko kristau elkarteek, disko hori entzunez egiten zuten beren igandeko meza».
Garai baten lekuko zuzena da; Agorila Baionako diskoetxeak argitaratu zuen orduan, binilo gisa, eta berriki CD moldean berrargitaratu du, dokumentu historiko bezala, a cappella kantuz ari diren ahotsek orduko girora zuzenean eramaten dutela.
1968a zen. Urte haiek «arorik bizi edo indartsuenetako bat» izan zirela dio Amurizak. 60ko urteen hasieretatik hamar bat urtez, Burgosko epaiketa inguru arte Hego Euskal Herrian: «Gerra ondo iluna eta beltza izan eta uhin handi bat zetorren gorantz. Gazteria piztu, sutu zen. Labegerieren kantek ere garai hori adierazten dute. Gu gira Euskadiko gazteri berria…». Testuinguru horretan, 60 bat apezek Gogor izeneko taldea osatu zuten. «Gogorkeriaren aurka, gogortasuna» zuten lelotik laburbildua. Horietako bat zen Amuriza.
Talde «erradikala» zen, nahiz eta «garai hartan erradikala izateko ez zen gauza handirik behar». «Diktaduraren aurka» izatea aski zen. Ekintza anitz izaten ziren. Grebak lantokietan. Ekintza politikoak. Eta apezak tarteko. «Gogoratzen naiz manifestazioak sotana eta guzti egina naizela». Apezek, gainera, bazuten halako inpunitate bat. Konkordatua izeneko lege bati esker, babes ofizial bat. Poliziak ezin zuen sartu ez elizetan, ez apaiz etxeetan gotzainaren baimen gabe. Eta apezek hori baliatu. «Premia zeukatenei uzteko tokiak, lokalak, behar zena, geneukan guztia».
Ekintza horien guztien artean bat izan zen famatua. Derioko seminarioan (Bizkaia) egin itxialdia. 60 bat apez eta fraide han egon ziren, 25 egunez. «Gau eta egun poliziek inguraturik». Prentsan oihartzun handia izan zuen. Itxialdikoek ordezkariak bidali zituzten Parisera, Madrilera, Erromara.
Bozgorailua hauek aldarrikatzeko erabili zuten: «Euskal Herriaren eskubide politikoak, zibilak, hizkuntzarenak, kulturalak, oinarrizkoak», eta baita Elizak estatuarekin zuen jarrera konplizea salatzeko. «Gaur egun, badirudi kontu normalak direla, baina orduan oso debekatuak ziren, oso pertsegituak», beti Amurizaren hitzetan.
Diskoa han gertatuei buruz zerbait uzteko ideiarekin hasi zen, itxialdian egin mezetako bat grabatuz. «Lekukotasun zuzen bat. Parte hartzaileek zuzenki egindakoa. Geure korua, geure ahotsak entzuten dira hor». Eta baita, bide batez, aldarriari hats berri bat ematea. «Mezua zabal zedila. Orduan gauza asko eta asko egin genituen, hots handia atera zutenak, baina ez genuen inolako idatzirik utzi. Itxialdian horixe egin ez bagenu, hemeroteka bat izango zen. Zorionez, egin genuen. Zoritxarrez, beste asko ez genituen egin».
Ideia praktikan jartzeko, kantatzen zekien talde bat osatu zuten. Baina grabaketa bera ez zuten itxialdi garaian egin ahal izan: «Ezin zen horrelako koru bat bildu, kantatzeko, probak egiteko, errepikatzeko. Nahiko ardura eta lan genuen eguneroko tentsio horretan. Seminarioan ere tirabirak sortzen ziren». Baina «bertan egin bagenu bezala bildu ginen». Lekuan izandako intentsitatea badu diskoak. Itxialdia azaroan bururatu zen, eta diskoa urteberri hasieran grabatu zuten. Zornotzan grabatu zuten. Larreko karmeldarren komentuan ala ikastolan izan zen, hortaz ez da gehiago oroit Amuriza.
Mugan, teatro pixka bat
Behin grabaketa egin eta, ordea, grabaketa disko bilakatzea ez zuten lan erraza, debekatua baitzen. Amuriza izan zen muga pasatu eta grabaketa Ipar Euskal Herrira ekarri zutenetako bat. Telesforo Monzonen etxera ekartzea zuten eginbeharra. Muga pasatu zuten eguna oraindik gogoan du Amurizak. Anekdota bat buruan du oraino. Mugaren zeharkatzea errazteko, Claudio Gallastegi ekarri zuten beraiekin, Bilboko pertsonarik popularrenetako bat. «Efektiboa izan zen. Jendarmeek gelditu gintuzten. Kotxea txikia zen. Mini Maurice bat. Eta jendarmeek ikusi zutenean halako gizon puska… 160 kilo bazituen gizon bat sotana eta guzti kotxe ñimiño hartatik irteten, harriturik gelditu ziren». Teatro pixka bat egin, eta segitu zuten aitzina. «Eta gu pozik. Merkantzia hori isilekoa, klandestinoa eta ilegala izango zen bestela». Iritsi zen Agorilara, eta hortik berriz Hego Euskal Herrira. Hor ere gordeka, baina orduko preso zen Amuriza.
«Gure euzko erri langillea zenbateraiño zapalduta dagoan ikus daiten»
Diskoa laguntzen duen edukia itxialdiaren nondik norakoa esplikatzeko euskarri gisa erabili zuten, ekintza azalduz: «Gure euzko erri langillea zenbateraiño zapalduta dagoan ikus daiten». Eliza pobre, askatasundun, bizi eta bertako bat aldarrikatzen dute bertan. Kantu aldetik, Ez Dok Amairukoenak badira, herrian anitz kantatzen ziren bezala itxialdian ere kantatzen zituztenak. Julen Lekuonarenak direnak Ez ez dut nai , Iltzaille bat bezela, Eleiza pobrea. Badira Amurizak egokituak; Egun da Santimamine , Inok nai ba’dau edo Aita Jainkoa, adibidez. Badira, halaber, elizkizunetako zenbait erreferentzia, moldatuak.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /