“Ondarreta. Gezalaren kartzela” erakusketa
2012, 12 abendua
Marcelo Usabiaga preso ohia, kartzela barruko argazkiari begira, erakusketan / BERRIA
>> berria 2012.12.12: Ondarreta espetxearen azkena
Erakusketa ixteko bertso eta musika ekitaldia egingo dute gaur, Donostiako Aiete kultur etxean
Donostiako Ondarreta soilik hondartzarekin, bainuarekin eta dolce vita-rekin lotzen duenak aukera du jakiteko aspaldi ez dela espetxe beltz bat egon zela orain aberats etxeak dauden lekuan, ehunka presoren hilketaren lekuko. Ondarreta, Gezalaren kartzela erakusketak biktima haien historia gogorarazi du azken hilabeteotan. Erakusketa ixteko ekitaldia egingo dute gaur, bertsoekin, hitzekin eta musikarekin.
Amets Arzallus bertsolaria, Eñaut Elorrieta Ken7 taldeko kidea, Olatz Prat abeslaria eta Joxan Goikoetxea soinu jotzailea arituko dira, Aiete kultur etxean.
Espetxeko argazkiak, presoen gauzak, lekukotasunak eta hainbat agiri biltzen ditu erakusketak, historia berreskuratu eta memoria gordetzeko asmoarekin. 1890etik 1948ra bitartean izan zen zutik espetxea. Francoren aldekoek gutxienez 600 preso fusilatu zituzten han, hainbat kalkuluren arabera. Milaka preso pasatu ziren espetxetik. 1931. urteaz geroztik, preso politikoak izan zituzten, eta 1936ko gerratik aurrera frankistek 8.000 pertsona izan zituzten han preso. Donostiako Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin osatu du erakusketa; besteak beste, presoek egindako poema, marrazki eta bestelako gauzekin.
‘ONDARRETA’ ERAKUSKETA
Noiz. Gaur, 18:30ean.
Non. Aiete kultur etxean, Donostian.
Salbador Zapirain “Ataño”ren kontakizuna
Espetxeko negarrak
Salbador Zapirain, Ataño
Auspoa, 1984
Salbador Zapirain “Ataño” Ondarretako espetxean izan zen, eta “Espetxeko negarrak” liburuan jaso zituen han bizitakoak.
> Liburua osorik: Espetxeko negarrak.pdf
> Juan San Martin: Espetxeko negarrak. Erreseina.pdf EGAN 1986