Alberto Barandiaran, “Astiz eta Walsh”, Berria egunkarian

2012, 9 abendua

Goitik behera, Rodolfo Walsh eta Alfredo Astiz

>> Astiz eta Walsh
Berria 2012.12.07

Alberto Barandiaran

Alfredo Astiz ez da gogoratuko, honezkero, zenbat aldiz egin behar izan dion aurre epaileari, Argentinako diktadura militarraren garaiko krimenen kontrako auzietan. Duela urtebete, Rodolfo Walsh kazetari eta idazlearen hilketa argitzeko epaiketan, sudokuak egiten eman zuen auzi osoa. Errutina. Astiz militarra da, argentinarra, eta gizona. Berari bost beste epaiketa bat. «Militarrek zergatik hiltzen duten badakizu?», aitortu zion, behin, Gabriela Cerrati kazetariari. «Arrazoi asko daude: aberriarekiko maitasunagatik, gizontasunagatik, harrotasunagatik, obedientziagatik. Hori guztia oso tente ez baduzu, ezin duzu egunero kalera atera lan egitera».

Astizek tente ditu gauza horiek guztiak.

«Alfredo Ignacio Astiz, Fragata-tenientea. Nafar baten semea, Mar de Platan hasi zituen ikasketa militarrak, eta 1975ean Estatu Batuetan aritu zen terrorismoaren kontra borrokan trebatzen. 1976an ESMAn [Escuela de Marina militargunea] zen jada, Buenos Airesen. Montoneroak atxilotzeko ekintza ugari zuzendu ondoren, 1977an Maiatza Plazako Amen barruan infiltratzeko lana agindu zioten ESMAn».

Ez zaigu ahaztu liburua argitaratu zenean (Susa, 1998), Astiz ezaguna zen Argentinan zein Argentinatik kanpo, militarren errepresioaren sinboloa zelako. Heriotzaren aingerua deitu zioten, ilehoria eta, itxuraz, otzana eta onbera zelako. Aingerutxo bat. Artean inork ez zuen Rodolfo Walshekin lotzen.

«Ez digute barkatzen, subertsioa amaitu genuelako», esan zuen behin.

Iazko epaiketan, Walsh atxilotzeko operazioan parte hartzea leporatu zioten. Eta zigortu.

Rodolfo Walsh. Kazetari, idazle eta Montoneroak mugimendu ezkertiar eta iraultzaileko kide. Argentina osoa armapean jarri zuten milico-en kontrako borrokalari pausatu eta, halaber, sutsua. 1977ko martxoaren 25ean, Gutun Irekia izeneko manifestua idatzi ondoren, non errepresioaren balantze zehatz eta ikaragarria egiten zuen konpromiso hitzaren zentzu zabalenetik milimetro bat ere urrundu gabe —«Azertutzat jotzen dituzuenak akatsak dira; onartzen dituzuen akatsak, krimenak; esaten ez dituzuenak, berriz, kalamidadeak[…]. 15.000 desagertutako, hamar mila preso, lau mila hildako, hamarna milaka bazterreratu, horiek dira izuaren zenbaki gordinak»—, bada hurrengo egunean, Walsh, hainbat eskutitz postontzi batean utzi, eta Entre Rios kaletik abiatu zen San Juan etorbiderantz, hiriburuaren erdigunean. Hainbat bilera eta elkarrizketa zeuzkan hitzartuta egun horretarako.

Badirudi Walsh ohartu egin zela atzetik zetozkiola, eta korrika hasi zen. Marinako ofizial bat erdian jarri eta lurrera botatzen ahalegindu zen, baina idazleak iskin egin eta zuhaitz baten atzean ezkutatzea lortu zuen. Tiroak hasi zirenean, pistola atera zuen, 22 kalibreko bat. Ernesto Frimon Weber poliziak aitortu zuen idazleak ez zuela erraz amore eman. «Tiroz josi genuen arren, ez huen berehalakoan erori, alua».

Walsh bizirik eraman zuten ESMAra, baina hilzorian. Haren etxetik dokumentazio ugari atzeman zuten, ipuinak batez ere: Juan se iba por el río, El 27, Ñancahuazú, El aviador y la bomba, Ese hombre.

Astizek ez du gogoratzen batere. «Nik inoiz ez nuen inor torturatu. Ez zen nire lana. Agindu izan balidate, egingo nukeen? Bai, noski».

Walshek hainbat liburu argitaratuta zeuzkan Buenos Aireseko etorbide bateko zuhaitz baten atzean tiroz zulatu zutenean, tartean Esa mujer, Argentinako literaturako ipuin onenetako bat. Hamar orriko fikziozko lan horren atzean, Walshek armadako poliziaburu batekin izandako benetako elkarrizketa dago. Kazetariak jakin nahi zuen non zegoen Eva Peronen hilotza, armadak bahituta baitzeukan orduan. Kazetariak ez zuen erantzunik jaso, baina idazleak dena azaldu zuen ipuinean: militarraren harrokeria eta, era berean, izua; haren handinahitasun itxurak eta, era berean, historiaren epaiarekiko beldurra; torturatzailearen bakardadea eta, era berean, une oro arerioz inguratuta egotearen sentsazioa.

«Nik uste dut ez dela egia osoa esan behar», esan zuen behin Astizek, «egiak min egiten baitu batzuetan. Horixe adostu beharko genuke: gauza hauei buruz ez dugu berriro hitz egingo, ez dago zertan dena jakin».

Aste honetan, Astiz berriro eseri da aulkian, ESMA torturagunearekin lotutako hirugarren epaiketa handian. Walshi buruz ezer ez dakiela esan du. Ipuinak? Denak berreskuratu ziren. Argitaratuta daude.

>> Rodolfo Walsh. TEXTOS DE Y SOBRE RODOLFO WALSH

Share

Iruzkinak