2012ko Ataramiñe liburuen aurkezpena

2012, 27 azaroa

Argazkiak – ukberri.net

Gaur goizean Ataramiñekoek aurten argitaratutako liburuak aurkeztu ditugu:

> ‘Ataramiñe’12‘, euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoa
> Oier Goitiaren ‘Fakin Xokona‘ poemarioa
> Xabier Makazagaren ‘Sasian barna‘ nobela
> Mikel Antzaren eta Iker Morenoren ‘Kandela bat pizteko behar dena‘ haurrentzako liburua

Aurkezpena Bilboko Kalderapeko Kulturgunean egin da, eta bertan parte hartu dugu Mitxel Sarasketa, Aitor Lorente, Oier Gonzalez, Maku Basabe eta Xabier Makazaga, azken hau bideokonferentziaz Bruselatik. Atzekaldean, Ataramiñe12an parte hartu duten preso eta iheslarien argazkiak eta, mahaiaren aurrean Itziar Plaza presoak egindako Picasoren Gernikaren bertsioaren irudia.

EGINeko presoen auzia

Liburuen aurkezpenaren aurretik, Mitxel Sarasketak Ataramiñeren izenean EGINeko kazetari eta ORAIN enpresako langile presoen askatasuna eskatu du. Euskal Herrian egunkari batean idazteagatik eta herri-egunkari bat kudeatzeagatik presoak ditugula gogoratu nahi ditugu eta Martxelo Otamendik Idazle Espetxeratuaren Nazioarteko Egunean horien askatasunaren alde mobilizatzera egindako deialdiarekin bat egiten dugu.

Jon Etxeandia gogoan

Ataramiñeren sortzaile eta dinamizatzaile Jon Etxeandiaren presentzia ere ekarri nahi izan dugu gogora. Horren haritik, Oier Gonzalezek, Ataramiñeren ekarpena nabarmentzeko, Etxeandiaren Lapurketa poema aipatu du:

Lapurketa

Zilegitzat nuen poemak idaztea,
baina mundu hau
ez dago kontu askotarako.

Ene poemak
poliziak kendu zizkidanean
komisarioak esan zuen
el cuaderno de las chorradas
desartikulaturik zegoela

Preso eta iheslari guztiak herrira

Ataramiñen euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen sorkuntza lanak sustatu eta argitaratzearekin presoak eta iheslariak herrira ekartzeko ahaleginean ari gara. Bide horretan traba eta oztopo guztien gainetik aurrera egitea baloratzen dugu, presoen eta iheslarien mundua literatura bidez birsortu eta gure artera ekarrita, guztiak etxean behar ditugula aldarrikatzeko.

Aitzol Iriondo

Maku Basabek Ataramiñe’12ko Aitzol Iriondoren Artherria lanaren zati bat irakurri du:

Sortzez bizi gara
harriak zirkuluan jarriz sortzen gara.
Edonon bizi gintezke, baina hemen bizi gara.
Gure baitan daramagun herrialdea inguruan adierazten zaigun
probintzia baino egokiago,
ederragoa eta duinagoa da.
Ez gaude hobeki begiak itxita.
Markatuko ditut pauso berriak
larre bera ez dezadan bi aldiz azpiratu.
Minik arraroena ematen dit
galderak askatzeko dituen horren begiradak
Minik arraroena ematen dit
bere hesiak askatzen ari den alabari
hesi pisutsu eta artifizialenak
ezarri dizkioten horien faltseriak.
Aurkituko dut naizen honetaz libre gozatzeko
manera
zapaltzen dudana sortzen ari garen bihozkada
itzaletan daudenak askatu
eta gu geu askatzeko planifikazioa.
Deiadarra.

Aitor Lorente

Besteren artean, aurtengo Ataramiñe’12 bildumak lan oso berezia argitaratu du, Aitor Lorenteren “Nazien heriotza zentroetako erresistentzia“, alegia. Aitorrek, deportazioaz, memoriaz eta erresistentziaz arduratzen diren frantses fundazioak, gehi Frantziako Hezkunde Nazionala eta Defentsa Ministerioak antolatutako literatura lehiaketa batean parte hartu eta saritua izan zen lan horrekin. Hartara, kartzelara joan zitzaizkion saria ematera, eta berak euskal preso politikoen egoera gogorarazi zien, II. Munduko Gerratean naziek La Sante eta Fresnes espetxeak Frantziako preso politikoak suntsitzeko erabili zituztela, gaur egunean euskal preso politikoak hor dituztela eta egoera biak konpartu zien. Lana frantsesez idatzi zuen, eta Ataramiñerako euskaratu egin du.

Aitor Lorente 2012ko abuztuan irten zen kalera eta gaurko agerraldian idatzi horren gorabeherak azaldu ditu kazetarien aurrean (ikusi: Aitor Lorente faxismoaren aurkako literatura lehiaketan saritu dute Frantziako instituzioek).

Xabier Makazaga

Aurkezpenaren kontu bitxiena, baina, Xabier Makazagak bideokonferentzia bidez bere “Sasian barna” nobelaren gainean egindako aurkezpena izan da. Xabier erbestean bizi da, eta bere egoera azaldu du, torturari buruzko ikerketak eta liburuak ere idatzi dituela eta nobela hau aspaldian idatzia duela, aspaldiko ikuspegiarekin idatzi ere. Denbora luzean argitaratu gabe egon dela neurri batean hainbaten iritziz garai haietan holako kontuak kontatzerik ez zegoelako. Izan ere, nobela errealitatea eta fikzioa nahasten du ETAren talde klandestinoaren gorabeherak azaltzeko. Esan duenaren arabera, asko argitaratu da ETAko militanteei buruz, baina manipulazio asko ere egin dela, kasu askotan idazleek ideiarik ere ez zutelako. Aurten Mikel Antzaren Atzerri nobela argitaratu dela gogorarazi eta burruka armatua bertan behera utzi eta gero espero duela jende gehiagok bizi izandako esperientzien gainean idatziko duela.

> berria.info: Oier Goitiaren ‘Fakin Xokona’ poemarioa eta Xabier Makazagaren ‘Sasian barna’ nobela argitaratu ditu Ataramiñe elkarteak
> nontzeberri: Kartzelako altxor literarioa Ataramiñen
> hamaika.tv: Ataramiñe kultur elkarteak preso eta iheslarien hitzak argitaratu ditu
> info7: [audioa] Ataramiñe: Euskal errepresaliatu politikoen literatur koadernoak
> gara.naiz.info: Errepresaliatuen literatura lanak kaleratu berri ditu Ataramiñek
> berria.info: Barnekoak hitzetan jarriz
> ukberri.net: Alfontso Etxegarai deportatu plentziarraren idatzia plazaratu dute “Ataramiñe’12” lan kolektiboan
> bilbokobranka.info: Itziar Plaza, Itziar Moreno eta Aitor Lorente preso bilbotarren lanak, Ataramiñeren 12. edizioan
> euskarakultur.org: Errepresaliatuen literatura lanak kaleratu berri ditu Ataramiñek

Share

Iruzkinak