Joseba Sarrionandia: “Gerlaren gazi-gozoak”

2012, 15 uztaila

>> naiz.info: Sarrionandiak bidalitako poemak Eako Poesia Egunetan

Eako Poesia Egunen baitan, Joseba Sarrionandiak egunean bertan irakurtzeko bidalitako lau poema hauek izan ziren atzoko sorpresarik politena. Herriko lau gaztetxok irakurri zituzten iluntzean.

Bergara 1838

«Gerlaren ondoren ezin da, jakina, justizia
egokirik banatu.
Ehun milek mereziko luke, legeen arabera,
zigor gogorra,
eta ez litzateke egokia gehiengoa
kondenatzea.

Egin daitekeena da, hartu edozein eta horri
bi aste kartzela ezarri,
eta beste hura libre utzi, eta honi,
gizajoari, hogei urte,
eta gero hartu beste bat eta horri, errudun
handi horri, ostera,
zigorra beharrean, urrezko medaila bat
publikoki ezarri
edo pribatuan eta hurrengoari hiru urte, eta
horko beste kriminal zital horri,
indemnizazio aberatsa, biktima lez, azken batean
denak izan garelako,
aldizka, borrero eta biktima. Hala egin daiteke
justizia,
justizia egiteko era bat da behintzat, eta baliteke
hala komeni izatea,
gauzak errazteko eta, batez ere, beste ehun
milaren inozentzia azpimarratzeko.

Ondo begiratuez gero, tontoen gauza litzateke
ez ohartzea justizia delako hori
gauzak egiteko modu bat baizik ez dela,
beste modu batzuen artekoa,
komenigarriagoa behar bada, baina ez berez
justuagoa edo duinagoa,
gerran antzeko ekintzak egin dituelako mundu guziak,
pertsonalki
edo ordezkarien bidez, eta horixe delako, gainera,
gerraren tragedia
eta erru orokorra: krimenaren eskema onartzea
edo, hain luzaroan,
krimenaren eskema emendatzeko imajinaziorik
ez izatea.»

Gorozika 1937

«Ez zara zu, zorionez, 1937ko maiatzean Gorozikako
baserri hartara sartu zena
eta sortetxea, egunsentiko behelainoak desegin orduko,
hondaturik topatu zuena.
Hark ez zekien etxekorik aurkituko zuen, etxean.
Ez zegoela inor ematen zuen,
etxeko txakurra ere ez zitzaion irten bidera
aspaldiko kontentuekin.
Milizianoek utzitako zaborra bakarrik atartean,
atea parez pare zabalik,
ezkaratzean aulkia hautsirik, errautsa barreiaturik.
Kortara sartu zen,
abererik ez kortan, eta han ilunetan zegoela zarata bat
entzun eta tiro egin zuen
goruntz. Hiru zulo egin ziren zurezko sabaian eta
hiru zuloetako batetik hasi zen
odola jausten, irobala gorriaren moduko zorrotada
mehea, bere besagainera,
epela, isilik, eta ez zekien odol hura zerena zen
edo norena.»

Problemak

««Ez dago problemarik…» erantzun nion, polizia atzetik zuela
eta ea lagunduko nion esan zidanean,
Eta autoz eraman nuen leku seguruago baterantz,
seguruagoa zela uste nuen behintzat,
gauez eta euripean, edozein momentutan kontrol batek
ebaki zezakeen bide ikaragarri hartatik.

Fabrikaren alboko tabernara sartu ginen, egunkari bat zegoen
mahai gainean tolestuta,
eta neure lagunaren aurpegi laurden bat ikusten zen portadan
lehen planoan,
eta diru-ordain handi bat eskaintzen zen bera harrapatzeko
edozein informazioren truke.

«Igual, badago problemaren bat…» esan zidan lagunak
ispilua ematen zuen erretratu hura alboratuz.
Zineko gertaeren modukoa da, pentsatu nuen, baina
zinekoak baino arraroagoak ziren gauzak,
zinezko euria, gurpil zipriztinak, bide alboko amildegiak,
eta polizia guzia imajinatzen nuen atzetik…

Problema ezaren esaldi harekin, hara, zeharo ekibokatu nintzen.
Bazeuden problema batzuk, laster agertu ziren.
Nire izena egunkarian azaldu zenean, neuk ere polizia atzetik nuela,
beste lagun bati eskatu behar izan nion laguntza.
«Ez dago problemarik…» esan zidan lagunak, thriller hasiera bat
asmatzeko intentzio nabarmenik gabe.»


Bederatzi te kikara Saharako basamortuan

«1
Lehenengo te kikara bizitza bezain
garratza izanen da,
bigarren te kikara amodioa bezain
samurra,
hirugarren te kikara heriotza bezain
goxoa.

2
Lehenengo te kikara amodioa bezain
garratza izanen da,
bigarren te kikara heriotza bezain
samurra,
hirugarren te kikara bizitza bezain
goxoa.

3
Lehenengo te kikara heriotza bezain
garratza izanen da,
bigarren te kikara bizitza bezain
samurra
eta hirugarren te kikara amodioa bezain
goxoa.»

Share

Iruzkinak