Aitor Lorente faxismoaren aurkako literatura lehiaketan saritu dute Frantziako instituzioek

2012, 5 uztaila


Aitor Lorente. Espainiako poliziak egindako argazkia.

Goresmenak Aitor!
Ixabel Etxeberria
Argia. 2329. alea. 2012-07-01

Versailleseko Akademiak 1961etik lehiaketa berezi bat antolatzen du erresistentziaz eta deportazioaz memoria zaintzeko, gazteei gertakari latz horien transmisioa bultzatzeko. Aurten lehiaketa honen gaia “nazien eremuetan ihardukitzea” izan da. Lehiaketa hau presoei irekia zen. Lehiaketa horren antolatzaileak asko dira, denak deportazioaz, memoriaz eta erresistentziaz arduratzen diren frantses fundazioak, gehi Hezkunde Nazionala eta Defentsa Ministerioa. Instituzio nagusiei lotutako literatur lehiaketa honetako epai mahaian historia irakasleen elkarteak parte hartzen du. Lehiaketa oso ofiziala da, frantsesez idatzi behar dena.

Aitor Lorente bizkaitarra da. Ia-ia bost urte darama frantses presondegietan preso. Duela gutxi itzuli bat eginarazi diote Madrildik, beste auzi batengatik, bake prozesu honetan estatuek ez baitute aterik irekitzen, baina bai epaiak bururaino eramaten zigor bat beste baten ondotik erabakiz. Aitorrek, aurten frantses egitura guzti horiek antolatzen duten lehiaketa horretan parte hartu du, faxismoaren aurka aritzeko lehiaketa horiek saiatze tresnak baitira beharbada. Frantsesez. Lehiaketako irabazle atera da, epai mahaiko goresmenak eskuratuz. Lehiaketaren emaitzen berri ematera etorri zaizkio, presondegiko zuzendaria, Hezkunde Nazionaleko ordezkaria, deportazio eremuan egondako andere bat, besoan zenbakia zuena. Denak goresmenak, goraipatzeak. Hezkunde Nazionaleko ordezkariak Aitorri lana lizeoetan banatzeko baimena eskatu dio. Kontzentrazio esparruan egondako anderea hurbildu zaio Aitorri, gaia nola landu zuen jakiteko, bere esperientzia kontatzeko eta dudarik gabe, nazien kontzentrazio eremuetan ihardukitzeaz hain ederki idazten duen hori, zer-nolako pertsona den jakiteko kuriositatez. Erantzun ondoren Aitorrek kontzentrazio esparruan egondako Martzelo Bilbaoren historia kontatu dio, nola Martxelok hiruki urdina zeraman paparoan, apatrida baitzen, euskalduna. Esplikatu dio nola hil arte egurtu zuten espainola zela erranarazi nahi ziotelako eta Martxelok ezetz. Han hil zen, euskalduna zelako, Euskal Herrikoa, ez espainola. Esplikatu dio nola egoerak horretan jarraitzen duen, euskaldunek ez dutela estaturik, ezagutzarik. Oldartzen direnak, garaian bezala preso gordetzen ditu hain ozenki faxismoa salatu nahi lukeen frantses estatuak. Aitor horren lekukoa delarik.

Frantses ikasleek euskal preso batek faxismoaz idazten duena ezagutzeko aukera izanen dute, memoria euskal preso baten eskutik. Paradoxa!

Share

Iruzkinak