[NAIZ.EUS] «Araguaney lorea», Meliton Manzanasen «izugarrikerien etxean» barneratzea

2023 5 abendua

1961ean hil zen Maria Mercedes Antxeta euskal-venezuelarra, Brigada Politiko-sozialaren eskuetan sei egun eman ostean. «Araguaney lorea» (Ataramiñe) nobelako protagonista da.

→ naiz.eus: «Araguaney lorea», Meliton Manzanasen «izugarrikerien etxean» barneratzea

Mitxel Sarasketa, Jokin Urain eta Arantza Eziolaza, Bilboko Bira kulturgunean.

Mitxel Sarasketa, Jokin Urain eta Arantza Eziolaza, Bilboko Bira kulturgunean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Amaia Ereñaga

INFORMAZIO EZA

«Hau ez da autore honi idaztea gustatuko zitzaiokeen liburua», aitortzen du Martin de Araneziok hitzaurrean. «Gertaera haien kronika zehatza egin ordez eleberri forman idazteko erabakia urrats bakoitzean aurkitutako informazio faltaren ondorio izan da», argitzen du.

Durangoko Azokara, urtero legez, nobela bat eta egutegi bat eramango ditu Ataramiñe argitaletxeak. Argitaletxe berezia da, euskal preso eta errepresaliatuen lanak kaleratzeaz gain, kartzeletan literatura sustatzea duelako xede. 2002tik, 48 liburu argitaratu ditu. Azkena, bereziki gordina dela aitortu zuen atzo Jokin Uriain idazleak Bilboko Biran egin zen aurkezpenean.

Uriainek editore lanak egin ditu Martin de Aranezioren (goitizena da) “Araguaney lorea” libururako: «Lazgarria da. Autoreak gogorra egin zitzaiola idaztea esaten zuen, eta liburuaren edizioa egitea ere gordina izan da. Benetan gordina eta benetan beharrezkoa gaur egun. Ez da aurten torturaren inguruan aterako den liburu bakarra [Xabier Mendigurenen ‘Oso latza izan da’ (Elkar)] eta nik uste dut badela garaia torturak benetan izan duen pisua eta Estatu baten eskuan izan duen krudelkeria hori agerian ipintzeko. Horri haizea emateko garaia da».

Arantza Eziolaza Galanek liburuari egindako azalean malkoz eta sufrimenduz betetako emakumezko baten begiak agertzen dira. Eskuetan, Venezuelako zuhaitz nazionalaren loreak; araguaney loreak, alegia. Azalean agertzen dena Maria Mercedes Antxeta da, Martin de Aranezio izenez sinatzen duen egilearen eleberriko protagonista. Martin de Aranezio ez da egilearen benetako izena eta «ez da kasualitatea ere Ataramiñek argitaratutako azken bi liburuak goitizenarekin sinatuta joatea», Mitxel Sarasketak, Ataramiñeko partaideak, aipatu zuenez.

AZTARNARIK EZ, AITORPENIK EZ

“Araguaney lorea” nobelak torturaren gai gordina jartzen du mahai gainean, orain gutxira arte estalita, ahaztuta, aitorpenik gabe egon den gertaera bat azaleratuz. Benetako istorioa fikzionatu egiten du egileak, irakurlea protagonistaren azalean jar dadin. «Hau ez da autore honi idaztea gustatuko zitzaiokeen liburua», aitortzen du hitzaurrean. «Gertaera haien kronika zehatza egin ordez eleberri forman idazteko erabakia urrats bakoitzean aurkitutako informazio faltaren ondorioa izan da», gehitzen du. Ez dago informaziorik ez Venezuela ez Estatu espainiarreko artxibo ofizialetan.

Maria Mercedes Antxetak pairatutako torturak eta bere bizitzako azken gertaerak kontatzen ditu nobelak. 1961eko udan, uztailaren 18ko urteurrenaren kariaz, Donostian izan ziren istiluetan hainbat atxilotu izan ziren. Haien artean zegoen Maria Mercedes Antxeta. 1936ko gerrako euskal errefuxiatuen alaba eta Venezuelan jaioa, iritsi berria zen Donostiara, aitaren aberria ezagutzera. Bertan, zoritxarrez, atxilotu egin zuten.

Meliton Manzanasen Brigada Politiko-sozial tristeki ospetsu eta beltzaren eskuetan egon zen sei egunez. Tortura gordinenak, basatienak, jasan zituen. Venezuelan zeuden senideek salaketa jarri eta enbaxada mugitu zen. Sei egunen buruan komisariatik atera zuten eta, hegazkin batean sartuta, Venezuelara eraman. Handik 40 egunera hil zen Maria Mercedes, sei egunean jasandako torturen ondorioz.

Nobelan plano desberdinak batzen dira: ETAren sorrerako garai haiek, frankismoko komisarietan bizi zen giroa, Venezuelako giro soziopolitikoa… Garrantzitsuenak, hala ere, protagonistaren bizipenak. Ez zaio erraza egin egileari, ez baitu aurkitu protagonistaren senideen aztarnarik eta bere garaian ere oso salaketa gutxi edo berri gutxi egon baitziren. Caracaseko “El Nacional” egunkaria izan zen Antxetak jasandako torturak salatu zituen komunikabide bakarra.

Torturatu baten azalean jar gaitezen, Euskal Herrian egon diren torturatuen testigantza eta salaketa errealetan oinarritu da egilea. «Milaka torturatu daude aitortuak Euskal Herrian bertan, baina ez da nahikoa zenbakietan jartzea. Horri eman behar zaio konsistentzia bat eta hori egiteko modua da kasu errealak ateratzea eta horren salaketa egitea behin eta berriz, errekonozimendua izan arte, beraiek esan arte zer eta nola egiten zuten eta zeintzuen babesarekin. Egileak esaten duen bezala, tortura ez da antzinako gauza, baizik oraintsu arte inpunitate askoz eta askoren laguntza isilarekin praktikatu duten gauza bat. Bada garaia bultzada bat publikoki emateko», esan zuen Jokin Urainek.

Share

[berria.eus] Isildutako tortura kasu bat, argitara

2023 4 abendua

[berria.eus] Isildutako tortura kasu bat, argitara

Ataramiñe elkarteak ‘Araguaney lorea’ liburua plazaratu du. 1961ean Maria Mercedes Antxetak jasandako tortura kasua kontatzen du.

Mitxel Sarasketa, Jokin Urain Larrañaga eta Arantza Eziolaza, ‘Araguaney lorea’ liburuaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Olatz Enzunza Mallona

«Hau ez da autore honi idaztea gustatuko litzaiokeen liburua». Hala dio Araguaney lorea liburuaren kontrazalak. 1961eko uztailaren hasieran girotuta dago liburua, eta Maria Mercedes Antxetaren tortura kasua du hizpide. Sei egunez egon zen atxilo hartuta, eta handik berrogei egunera hil zen, jasandako tratu bortitzaren ondorioz. Gertaera hori isilpean egon da urte hauetan guztietan, eta, orain, Ataramiñe elkarteak argitara atera du. Urtero, ziegetatik kanpora jaurtitako halako sormen lanak jaso eta argitaratzen ditu elkarte horrek. 

Martin de Aranezio da liburuaren egilea. Fikziozkoa da haren izena, eta fikziozkoak dira kontatzen diren gertakarietako batzuk ere, baina, Jokin Urain Larrañaga editoreak onartu duenez, oinarri erreala dute guztiek: «Gertaera haien kronika zehatza egin ordez, eleberri formatuan idatzita dago liburua: ezin izan da Maria Mercedesen senideen aztarnarik aurkitu ez Venezuelan, ez Euskal Herrian; dokumentu ofizialik ez dago; eta Espainiako artxibo ofizialetan kasua ez da existitzen. Venezuelako El Nacional egunkariko erreportaje batean oinarritu da idazlea eleberria idazteko».

Venezuelara emigratutako iheslari euskaldunen alaba zen Antxeta. Venezuelan bertan jaio zen, eta 1961. urtean bidaiatu zuen Donostiara, «gurasoen aberri hori ezagutzera». «1961eko uztailaren 18an istiluak izan ziren Donostian, atxiloketak egon ziren, eta, tartean, Antxeta atxilotu zuten», kontatu du Urainek. Sei egunez egon zen atxilo hartuta, Donostiako Brigada Politiko Sozialean, eta handik zuzenean itzuli zen Venezuelara: «Handik berrogei egunera hil zen, torturen ondorioz». Antxetak sei egun horietan jasandako torturak eta haren bizipenak biltzen ditu liburuak: «Erabat ezezaguna izan da kasu hau, eta informazio falta ere agerikoa da».

Liburuaren bitartez, baina, hainbat istorio tartekatuko dira. Besteak beste, Venezuelako giro soziopolitikoa, Donostiako «mundu polizial mafiosoa» eta ETAren sorrera izango ditu hizpide. Alabaina, tortura kasuek izango dute protagonismorik handiena: «Antxetaren bizipenak modu gordinean kontatuko dira: emakumeak bizitzeko eta irauteko ahalegina egiten zuen, eta, horretarako, abstrakziora joko du egileak: umetako oroitzapenak ekarriko ditu gogora». Horrez gainera, Euskal Herrian torturatuak izan diren guztien testigantzetan oinarritu da idazlea liburua idazteko.

Liburu «oso gogorra eta lazgarria» dela errepikatu du Urainek behin baino gehiagotan, baina haren garrantzia ere nabarmendu du: «Tortura ez da antzinako kontu bat. Bada garaia torturak izan duen pisua eta krudelkeria agerian jartzeko; oso beharrezkoa da halako liburu bat gaur egungo gizartean».

Arantza Eziolazak egin du liburuaren azala, eta Antxeta eta haren oroitzapenak islatu ditu: «Antxetaren larruan jartzen saiatu naiz: sufritzen ari den emakume baten aurpegia erakusten da, eta Venezuela ordezkatzen duen araguaney zuhaitzaren loreak ditu esku artean, umetako oroitzapenak islatuz bezala».

Espetxean sortutako lanak

2002. urtetik dihardu Ataramiñe argitaletxeak martxan, eta, denbora horretan, euskal presoek idatzitako 48 liburu eman ditu argitara. Besteak beste, saiakerak, nobelak, itzulpen lanak, komikiak eta poemak. Haien artean dira 2002tik 2017ra bitartean urtero argitaratutako lan kolektiboak ere. Era berean, gogoratu dute idazleen lana ez ezik haien senideek emandako laguntza ere beharrezkoa izaten dela Ataramiñeko liburuak kaleratzeko.

Durangoko Azokan izango duten mahaian egongo dira salgai liburu guztiak, baita 2024ko egutegia ere. 

Share

[Booktegi] Javier Arzuaga, ‘GAUERDI MINEAN’

2023 23 azaroa

Gauerdi minean
Javier Arzuaga
Itzultzailea: Jon Arano
97 orr.
booktegi.eus:
> EPUB
> MOBI
> PDF

‘Gauerdi minean’, Javier Arzuaga

Javier Arzuaga Lasagabaster (Oñati, 1928 – AEB, 2017). Fraide frantziskotarra izana. 1952an Arantzazun apaiztu, eta Kuban zen laster, haraxe destinaturik. Lau urte egin zituen Santiago de las Vegaseko seminarioan irakasle, eta, ondoren, 1956an, Habanako Casablanca auzoko parroko izendatu zuten. Eta Casablancan bertan zen 1959ko Urteberri egunarekin batera Kubako Iraultza nagusitu zenean.

Bestalde, Casablancaren barruan zegoen La Cabaña gotorlekua ere, eta Batistaren erregimenaren alde jardundako hainbat lagun preso hartu eta gotorlekura eraman zituztenean, presoak bisitatzeari ekin zion Arzuagak, ohitura zuen moduan. Iraultza nagusitu eta gero, ordea, preso hartuak fusilatzen hasi zirenean, haiei hormara laguntzeko lana izan zuen Arzuagak: 55 laguni lagundu omen zien hormara, kontatzen zuenez.

Urteetara, apaizgoa utzirik eta Puerto Ricon ezkondurik bizi zela, La Cabañan igarotako hilabeteetako kronika garratz, min eta gordina idatzi zuen Arzuagak, eta gaztelaniaz argitaratu: La galera de la muerte. Habana, 1959. 2012an, edizioa osatu eta berritu zuen, A la medianoche izenburuarekin. Orain, berriz, euskarara ekarri du Jon Arano idazleak, ‘Gauerdi minean’ izenburua ezarri, eta booktegi.eus-en argitarturik.

‘Gauerdi minean’ liburuan, fusilatuei heriotzara laguntzeak Arzuagari eragin zizkion oinaze eta ondoeza ageri dira. Eta Iraultzari egiten dion begirada zorrotzarekin batera, Arzuagak Che Guevararekin izandako elkarrizketak eta harremana ere kontatzen ditu.

Share

Martin de Aranezio, ‘Araguaney lorea’

2023 10 azaroa

Araguaney lorea
Martin de Aranezio
Ataramiñe, 2023

Azaleko irudia: Arantza Eziolaza Galan
15cmx21cm
226 orr.

→ berria.eus: Isildutako tortura kasu bat, argitara
→ naiz.eus«Araguaney lorea», Meliton Manzanasen «izugarrikerien etxean» barneratzea

Hau ez da autore honi idaztea gustatuko litzaiokeen liburua.

1961eko udan Maria Mercedes Antxeta euskal-venezuelar gazteari Donostian gertatu zitzaiona ahalik xehetasun handienekin kontatzea baitzen helburua hasiera batean. Gertaera haien kronika zehatza egin ordez eleberri forman idazteko erabakia urrats bakoitzean aurkitutako informazio faltaren ondorioa izan da. Ezin izan da Maria Mercedes gaztearen zuzeneko ondorengorik edo familiakorik aurkitu, ez Venezuelan, ez Euskal Herrian. Espainiako poliziarengandik jasan zituen torturei buruzko argibiderik ematen digun dokumentu ofizialik ez dago Venezuelan, emakume gaztearen senideak saiatu ziren arren garai hartan Hego Amerikako herrialde horretako agintarien aurrean nolabaiteko salaketa jartzen.

Espainiako artxibo ofizialetan kasua ez da existitzen.

Maria Mercedes Antxetaren oroimenez, araguaney lore hondatu guztien oroimenez.

Hitzaurrea

«Tortura ahalguztiduna da; haren menpe dagoen gizakia torturatzailearen esku dago guztiz, erabat, eta nahi duena egin diezaioke. Ezer ez da geratzen torturatuarengandik: bere gorputza eta arima birrinduta daude, garaituta, “bihurrituta”, dardarka eta minez garrasi eginarazten diotenen zerbitzura. “Tortura” izenean bertan dago “txarkeria” bat. “Bihurrituz” torturatzen da, eta “gaizki” bat da emaitza. Torturak ez du “zuzenbidea” jasaten. Gizabanako batek jasan dezakeen tirania handiena da; gizakiaren subjektibotasuna bera suntsitzen du, eta horregatik bakarrik bateraezina da zuzenbidearekin».

“Cautio Criminalis”, Friedrich Von Spee, 1631.

Von Spee jesuitak ezer gutxi imajinatuko zuen idatzi eta ia bost mende geroago oraindik gaurkotasun handikoa izango zenik bere lan humanista.

Komunikabideen bonbardaketa etengabearen menpe dagoen mundu honetan, planetako edozein tokitan gertatzen dena ia denbora errealean ezagutzeko aukera ematen digute. Estatuak eta Elizak, mendeetan zehar ezarri duten iluntasunean, beren lan zikina sekretu bat izan zedin ahalegindu dira, gehienera ere kondenatuz, baina torturaren gaitzak gure gizarteetan presente jarraitzen du zoritxarrez.

Estatuek, eta baita Elizak ere, beti justifikatu dute beren jokabidea, tortura modu sistematikoan erabiltzea gizartea etsaiarengandik defendatzeko premian, barnekoa zein kanpokoa izan etsai hori. Torturari buruzko legeak ere egin zituzten hasiera batean, eta tormentuari babes legala eman zioten, ustezko «guztien ongiaren» arabera. Baina praktikan ez da izan une bakoitzean Estatuan nagusi diren klaseen interesen defentsarako baino. Ezarritako ordena onartzeko uzkur ziren indar edo norbanakoek boterearen baliabideak arriskuan jartzea eragoztea zen helburua. Horrela, oinazea ez zen oposizioko bitartekoetan egon zitekeen bilbadura ezagutzeko metodo soila, masa-izua sortzeko eta matxinadarako tentaldia zutenei atzera eginarazteko erreminta perfektu bat ere bazen. Antzinako zuzenbidean —eta gure egunetako praktikan ere— delitu arruntez akusatutakoek beren egitateak aitor zitzaten erabili zen tortura, jakina, edo konplizeak sala zitzaten. Une batean, baina, Estatuak eta Elizak beren aurkariengandik defendatzeko darabilten metodo gisa hartzen da oinazea, eta erakunde horien segurtasun-sarearen parte bihurtzen da tortura.

Batzuk saiatu dira konbentzitzen tortura Estatu ez-demokratikoek erabiltzen duten zerbait dela, beren burua defendatzeko eta beren sistema politikoa deuseztatzeko edozein ahalegin zapaldu eta zapuzteko modu sistematikoan erabili duten arma dela. Esan digute iraganeko kontua dela eta gizarte demokratikoetan gai hori gaindituta dagoela, legeek herritarrari ematen dioten babesari esker. Errealitatetik oso urrun daude, hala ere, diskurtso horiek.

Darius Rejali, jatorri irandarreko ikerlari estatubatuarra, bere bizitzako urte asko tortura aztertzen eman dituena, oso kritikoa da Estatu demokratiko deritzotenek torturarekin duten harremanari dagokionean. Rejalik dioenez, torturaren arloko berrikuntzarik zitalenak gizarte demokratiko deiturikoen baitan egin dira. Horregatik, gizarte ez demokratikoen berezko zerbait dela esanaz oinazea iraganeko zerbait dela sinetsarazi nahi diguten Estatu hipokrisia salatzen du. Estatu demokratikoek tortura metodoak “hobetu” dituztela salatzen du Darius Rejalik bere obran; torturatuengan arrastorik ez uzteko eta tortura estaltzeko helburu bakarrarekin egin dutela, hain zuzen. Beraz, ondoriozta daiteke edozein sistema politikotan tortura aplikatzea behin eta berriz errepikatzen den praktika dela, eta Estatuak horretara jotzen duela bere interesak eta une jakin batean nagusitasuna gauzatzen duten klase sozialak defendatzeko.

Are gehiago, torturan bereizketa egiten duen tesia onar genezake, tortura “gogorra” edo “biguna” bereizten duena alegia. Egiatzat onar genezake, nahiz eta gertakariek beti ukatu, tortura “gogorra” Estatu autoritarioen edo Elizetako garairik ilunenaren ezaugarria dela; aldiz, Estatu moderno eta demokratikoek (hemen Elizak ikusezin bihurtzen dira, beren erantzukizun historikoa alde batera utzita) presio psikologiko eta tortura “biguneko” metodoetara jo behar izaten dute, legezko bizikidetza arriskuan jartzen dutenen aurrean gizartearen eta guztion ongizatea defendatzeko… Baina geure burua engainatzen ariko ginateke.

Edozein tortura mota erabiltzeak esan nahi duen krudelkeria beti bat eta bera da: tortura. Pertsona bat kolpeka txikitu daiteke, elektrodoen bidez erre daiteke, oxigeno faltagatik bihotza ia gelditu arte urperatu daiteke, gurpilean muskulu-zuntzak luza dakizkioke ia urratzeraino… Baina, tortura “biguna”ren kasuan, egun askotan lo hartzen ez uztea bezalakoa izango litzateke erasoa, edo pertsona bat elikatzeari edo edateari uzten bazaio, zentzumen isolamenduan jartzen bada edo, alderantziz, zarata lehergarria jartzen bazaio. Desberdintasun bakarra da tortura erabiltzeagatik jarritako salaketen aurrean Estatuaren erantzukizuna lausotu egiten dela, eta tortura aplikatzean sortzen diren marka fisikoak desitxuratzen direla. Tratu txarrak epaile edo fiskal baten aurrean salatu nahi baditu torturatuak, jada ez du tratu txarren frogarik edukiko, ez da tortura frogatzen duen ebidentziarik egongo. Baina pertsonaren suntsipen gradua berbera izango da.

Ezberdintasunik ba al dago Maria Mercedes Antxetak eta garai hartako beste milaka atxilotuek Meliton Manzanasen eta BPSeko agenteen eskuetan 1961ean jasan zituzten oinazeen eta 1983an Joxean Lasak eta Joxi Zabalak Galindo eta bere tropen eskuetan jasandakoaren artean? Lehenak frankismo garaiko gertaerak dira, eta Joxi eta Joxeanenak, berriz, “demokrazia” garaikoak; hori da desberdintasun bakarra. Bi kasuek erakusten digute, edozein garai edo erregimen politiko dela ere, Estatuak tortura baliatzen duela disidenteak menderatzeko tresna gisa, eta horrela egin zuen Antxetaren kasuan, ustezko disidentea baitzen.

Joxi eta Joxeanekin ere ez zuten lanik hartu jada inposatzen ari ziren metodoa, tortura “biguna” deiturikoa alegia, erabiltzeko. Estatuaren erantzukizunak salbuetsi eta tortura praktikak ezkutatzen ditu metodo honek. Bi kasu horiek tortura “gogorraren” adibideak dira; bi kasu horietan Estatuak ziurrenik hasieratik aurreikusia zuen atxilotuen gorpuak desagerraraztea, ahalik eta sufrimendurik handiena eragin eta zekiten edo izan zezaketen informazio guztia atera zietela ziurtatu ondoren.

Joxi eta Joxeanen kasuan, Joseba Arregi edo Mikel Zabalzaren kasuetan bezala, batzuk aipatzearren, Estatuak azken ondorioetaraino eraman zituen bere planak, zoritxarrez, eta torturatzaileek hildako bi gazte gipuzkoarren gorpuak urte batzuk geroago agertu ziren. Mercedes Antxetak zorte pixka bat gehiago izan zuen, baina ez askoz gehiago, askatu eta 46 egunera hil baitzen Venezuelako ospitale batean bere gorputza txikitu zuten tortura izugarrien ondorioz.

Frankismoaren eta haren ondorengo sistema politikoaren artean jarraipen-hari sendoak daude, eredugarri izan nahi baina aurreko jardunbideak ezertan aldatu ez zituen trantsizio baten ondorengo sistema baita. Oposiziogileak heriotza zigorrera edo espetxealdi luzeetara kondenatzen zituzten epaile eta fiskal berberak utzi zizkion Frankismoak “demokraziari”. Erregimen frankista babestu zuten figura politiko asko utzi zizkion frankismoak ondorengo sistemari; bere jardunbidea ezertan aldatu ez zuten polizia gorputzak eta militarrak utzi zizkion; Frankok agindutako Monarkia utzi zion… Eta batez ere tortura utzi zion disidentziarekin amaitzeko arma gisa. Torturak berak denbora zeharkatu zuen, Estatua babesteko sofistikatuagoa bilakatuz, hori bai, baina polizia eta militar berberek jarraitu zuten statu quo hegemonikoaren aurka zeudenak torturatzen eta nola torturatu erakusten. Oso desberdintasun gutxi dago frankismoko Manzanas edo Conesa edo Billy el Niño, eta trantsizioko eta demokraziako Hidalgo edo Galindoaren artean. Estatu baten aparatuetako tresnak baitira guztiak; iragana eta oraina parekatzen dituen denbora lerroak, denbora ezberdinak batzen dituzten tresnak, garai batean oposiziogileak edo bestean “terroristak” akabatzeko esku indartsua behar dela erabakitzen duen Estatuaren tresnak.

Ofiziozko torturatzaileek duten zigorgabetasunari dagokionez, Estatuaren konplizitatea dute uneoro beren lana edo lanaren ondorioak ezkutatu edo minimizatzeko; epaile eta fiskalek beste alde batera begiratzen dute torturaren ebidentzia nabarmena denean, eta biktima biktimario bihurtzen dute gehiegitan, funtzionarioen praktikak salatzen dituenean batez ere. Eta tortura estaltzeko eta babesteko prozesuan parte hartzen dute komunikabideek, jakina, prozesu horretan Estatuaren eginkizuna defendatuz, ebidentziak ezkutatuz edo albiste faltsuak emanez, defendaezinak diren gertakarien aurrean beharrezkoa iruditzen bazaie ikusleen arreta desbideratzen saiatuz.

Polizien eta militarren ezaugarri izan den ustelkerian ere agertzen da garai ezberdinen antzekotasuna. Estatuak ematen dien boterea erabiltzeko izan duten onargarritasuna ikusi besterik ez dago, “legezko” gaietan ez ezik legez kanpokoetan ere. Meliton Manzanas buru zuen Brigada Politiko Sozial frankista erreferentea bazen Bidasoaz alde bietako Euskal Herrien arteko merkantzia kontrabandoan, Galindo eta bere gizonak ez ziren gutxiago euskal hiri eta herrietan heroina tonak sartzeko orduan. Trafiko horrek asmo politiko eta sozial argiak zituen, jakina; euskal gazteria desaktibatu behar zen, egiteke zeuden aldarrikapenetan konprometitu ez zedin; baina beren zerbitzuen ordainetan Estatuak ematen zien sari gehigarri bat ere bazen.

Ez zen kasualitatea 1980ko hamarkadan kontrabandoko tabako-trafikoa ere Intxaurrondoko kuarteletik babestu, monitorizatu eta kontrolatzea, halakoak baitziren Estatuak, kondekorazio eta soldata edo gradu igoera ugariez gain, lehen lerroa sutsuen defendatzen zuten haiei ematen zizkien sariak.

Estatu espainiarrean torturak jarraikitasun historikoaren ildo doilorra du, eta, ondorioz, sortzen joan diren polizia-kideak ere kutsatu ditu, Ertzaintza kasu, aurreko egoera eta metodo mingarri horiekiko haustura puntua izan behar zuen arren. Gai errepresiboetan hain sartuta egon ez diren foruzain edo udaltzainak ere kutsatu egin ditu.

Euskal Herrian polizia-eredu berri baten beharraz hitz egiten da orain. Ez da eztabaida berria, eta ez da kasualitatea poliziaren bat edo beste herritarren aurkako indarkeriaren protagonista den bakoitzean agertzea gai horren inguruko debatea. Baina gizarteak jakin behar du aldaketak erabatekoa izan behar duela; ezin da kontzientzia polizial berri bat sortu iraganeko kontsignak bizirik mantenduz. Oposizioaren errepresioan eta barne etsaia akabatzeko logikan hezi eta trebatutako poliziak agintez aldatzea ez da nahikoa. Ezinezkoa da tratu txarretan eta torturetan parte hartu duten polizia-kideak birziklatzea, horrela eginez gero eredu berria hilda jaioko litzatekeelako eta abiapuntuko portura itzultzea litzatekeelako. Herritarren kontzientzia berri bat nagusitu behar da, beti atzerriko lurretan okupazio-indar gisa jokatu duten poliziak Euskal Herritik behin betiko aterarazten dituena. Baina, era berean, beharrezkoa da euskal polizia, euskal gizarte osoaren zerbitzura egongo den polizia, zuzenbidearen mende ariko dena, gure hizkuntzan zuzenduko zaiguna, guztion eskubideak errespetatuz eta gizarteari eragiten dioten arazo larriak konpontzeko lan egingo duena eta ez interes partikular batzuen zerbitzuen arabera. Herrialdearen parte sentitzen diren pertsonek osatu behar dute polizia hori, eta ez atzerritar polizia edo militar infiltratuek. Jokabide humanista, gizartearekiko hurbila, lagunkoia izan behar dute poliziek. Esango genuke Ertzaintza orain bihurtu den horren guztiaren kontrakoa behar duela izan. Euskal gizarteko sektore zabalek arbuiatzen duten polizia eredu bihurtu baita denboraren poderioz, gazteriaren eta lan-gatazka eta mobilizazioetan dabiltzan langileekiko jarreran erakutsi duten jarreragatik. Arazoak daudenean gizarte sektore batzuen aurka zakarki jarduteko, zigortzeko eta zapaltzeko tresna bihurtu dute polizia hau, Euskal Herriaz kanpoko ordena politiko eta sozial bat ezartzeko, euskal gizartearen nahien etsai izanez.

Polizia gizartearen isla dela esaten da. Gure gizarteak balore faltak, ezaugarri autoritarioak eta irizpide errepresiboak baldin baditu, poliziak ezaugarri horiek izango ditu, halako izaera izango du, balore falta berberak partekatuz. Polizia desberdin bat posible izan dadin, beharrezkoa da aurretik gizartea ere aldatzea, paradigmak beste batzuk izatea. Eta hori gauzatzen ez den bitartean, beharrezkoa da bidea egiten joatea gutxienez. Polizia-jarduerak herritarren kontrolpean jarri behar dira, eta akademietan, kuarteletan eta polizia-etxeetan irakasten diren balioen kudeaketa gardena izan behar da, giza eskubideekiko errespetuzkoa dela bermatuz. Beharrezkoa da poliziaren korporatibismoa ez onartzea, ez dadin bihurtu edozein gizarte-aldaketaren aurkako botere faktiko berri.

Hau ez da autore honi idaztea gustatuko litzaiokeen liburua. 1961eko udan Maria Mercedes Antxeta euskal-venezuelar gazteari Donostian gertatu zitzaiona ahalik xehetasun handienekin kontatzea baitzen helburua hasiera batean. Gertaera haien kronika zehatza egin ordez eleberri forman idazteko erabakia urrats bakoitzean aurkitutako informazio faltaren ondorioa izan da. Ezin izan da Maria Mercedes gaztearen zuzeneko ondorengorik edo familiakorik aurkitu, ez Venezuelan, ez Euskal Herrian. Espainiako poliziarengandik jasan zituen torturei buruzko argibiderik ematen digun dokumentu ofizialik ez dago Venezuelan, emakume gaztearen senideak saiatu ziren arren garai hartan Hego Amerikako herrialde horretako agintarien aurrean nolabaiteko salaketa jartzen.

Espainiako artxibo ofizialetan kasua ez da existitzen, eta hori “normala” izan daiteke, Espainiako polizia-indarrek egindako tortura kasu guztiekin, orduan eta beti, ezarri nahi izan den amnesiagatik. Historia edo memoria historikoa berreskuratzeari begira ari diren pertsonen laguntzak ere ekarpen baliotsuak egin zituen, baina ez zen lortu emakume gazteari gertatutakoa leialtasunez kontatzeko aski material biltzea. Bere izena eta jasan zituen torturak beti agertzen dira Meliton Manzanas Donostiako Brigada Politiko Sozialeko buru zen garaiko biktimen inguruko lan, artikulu edo salaketan. Errepikakorra da bere kasua garai hartan Brigada Politiko Sozialak eta bereziki polizia horren buruak donostiarren eta gipuzkoarren aurka egindako gehiegikeriak salatzen direnean. Polizia-artxiboak oraindik itxita daude ikertzaileentzat, jakina, eta litekeena da horietan ezer ez agertzea; izan ere, haien lanaren helburua ez baita egia ezagutaraztea, ezkutatzea baizik, eta edozein garaitan sistema babestu duten morroiak babestea.

1961ean Maria Mercedes Antxetak jasandako torturak salatu zituen komunikabide bakarra Caracaseko “El Nacional” egunkaria izan zen. Egunkari venezuelarrak bere editorialean kontatu zituen neska gazteak jasandako tortura-metodo gogorrenak. “El Nacional” egunkariak salatzen zuen oinaze horiek «Espainiaren batasuna defendatzen ez laguntzeagatik» eragin zizkiotela Mari Mercedesi, eta edozein logika argitik kanpo zegoen hori. Izan ere, komunikabideak esan zuen moduan, «neskak ezin zuen ezer jakin, turista soila zelako Donostian».

Bazegoen agerian nahiko arrazoi, zerbait idazten hastekotan, eleberri bat idaztea erabakitzeko, gertaeretara ahalik eta gehien atxikiz, Antxetari egin zizkioten torturei dagokienean batez ere. Berarekin erabili zituzten tortura-metodo gogorrenak eleberrian islatu dira, “El Nacional” egunkariak bere editorialean ezagutzera eman zituen bezala. Hemen azaltzen diren beste tortura-metodoak egileak egindako ikerketa zabal baten emaitza dira. Ikerketa horren zatirik garrantzitsuena azken 60 urteetan Espainiako kuarteletan, komisarietan eta polizia-etxeetan, eta baita Ertzaintzaren komisarietan ere, torturatutakoen ehunka testigantzetan oinarritua da. Inplikatuek beren haragitan bizi eta sufritu zutena bere horretan islatuko da istorio honetan, eta esan behar da sufrimendu eta oinaze horietako asko eta asko oraintsukoak direla. Beraz, hemen azaltzen diren tortura-metodoak frankismoan, trantsizioan eta demokrazia garaian erabili dituzte polizia indarrek atxilotuen aurka.

Kontaketa hau fikzioa dela esan daiteke, baina benetako gertaeretan oinarrituta dagoen eta benetako gertaerak jasotzen dituen historia da. Maria Mercedes Antxetak ez zituen agian xehetasun guztietan jasan tortura-metodo batzuk, baina bai urte batzuk geroago poliziaren eskuetan erortzeko zoritxarra izan eta ankerkeria berarekin torturatu zituzten beste pertsona batzuek. Eleberria gorpuzteko dokumentazio modura aintzat hartutako testigantza horiek irakurri eta aztertzean benetan larritu da lerro hauen idazlea ere; zinez latza eta ikaragarria baita ikustea norainokoa izan daitekeen torturatzaileen krudelkeria eta inpunitatea, batetik, eta torturatuaren ezina eta oinazea, bestetik.

Larritasun oihuak, beldurra larruazal kolpatuan zehar, elektrodoek eta zigarroek erretako haragiaren usaina, heriotzaren hurbiltasunaren pertzepzioa likido zikinez betetako bainuontzi batean burua murgiltzean, kolpeen mina, mehatxuak, bakardade infinitua, inpotentzia, usainak, kateen hotsak… Sentipen horiek bere baitan bizi izan ditu autore honek dokumentatze eta ikerketa lanak iraun duen hilabeteetan. Batzuetan zalantza handiak nituen, hain handiak ezen ezin bainuen jakin aurrera egin eta lana amaitzeko adina indar izango ote nuen. Azkenean kontzientzia nagusitu zitzaidan; torturaren biktima izan direnei euskal gizarteak asko zor diela jakitearen kontzientzia batez ere. Egia zor diegu, ordaina zor diegu, inposatutako isiltasuna haustea zor diegu, eta, batez ere, bizi izandakoak bezalako egoerak berriro inoiz ez gertatzeko bermea zor diegu.

Gure aukera da torturari buruz hitz egitea iraganeko zerbait balitz bezala; gutako askok guztion askatasunen alde borrokatzeagatik iraganean sufritu dugun zerbait balitz bezala. Agian azken aukera da torturari buruz hitz egiteko jakinez ez dela berriro inoiz gertatuko… Historia nobelatu hau izan dadila omenaldi bat torturatzaileek eraildako neska gazte euskal-venezuelar batentzat, baina, era berean, izan dadila omenaldi bat tortura beren baitan jasan duten guztientzat.

2022ko uztaila.

Share

Jon Mikel Arano ‘HERIO KARGAMENDU ETA PIKOA’

2023 27 apirila

Eustakio Mendizabal. Argazkiak: Euskal Memoria Fundazioa- Daniel Velez
Eustakio Mendizabal. Argazkia: Euskal Memoria Fundazioa- Daniel Velez

→ Jon Mikel Arano: HERIO KARGAMENDU ETA PIKOA.PDF

ANTOLOGIA POETICA VASCA

(FRANKISMOAREN BIKTIMEI ETA ASKATASUNAREN ALDEKO BORROKARIEI OMENALDIA, GERNIKAKOAZ 50 URTE BETETZEAN, 1987)

JON MIKEL ARANO, “ARANO BELTZA”

HERIO KARGAMENDU ETA PIKOA

(“TXIKIA”-RI OMENALDI, GIZON TXIKI-HANDIARI)

Eustakio Mendizabal “Txikia”:
Herio kontrabandua dakarkiate
Nahi eta nahitaez
Heu haiz jasotzaile
Algorta-Getxon seiak eta pikoetan
Setioa hausten habilenean arratsez
Hamar gizatzar hiltzaile gris arre
Kali jainkosa zitalaren gurtzailek!

Izan ere,
Nor ez da erortzen
Behin behintzat
Aingura gisara
Gezurraren Historia
Jasan ondoren?

1973. Frankismoaren 34. “urte loriatsua”. Ostegun santu gaua. Aita gurea irrati zaharra sintonizatu nahian. BBC Londreskoa… fiiiuuu… Radio Pirenaica… urrutiko uhin hots gehiago, a ze txistuak…! Interferentziak… Aquí Radio Paris… Icí Radio France International… hainbeste eta hainbeste megaziklo/kiloziklo… entzuten geunden irratian gau hartan ere, misterio eta ilegalitate kutsu batez…

“Eta gero?”. “Borrokan hil!”. “Horrelaxe, ahotsik mudatu gabe”. La España que duele. …piñaun, piñaun!!! “Txikia hil dutela!”. Non, non? Nola? Nola? Hola?

Herio, maite haudan herio,
Halako zortez,
Non bizitzan ere izan haizen,
Baina liskarti izateagatik
Galdu duan, izanki.

Inork ulertu ez badu euskaraz:

Muerte que te quiero muerte
De tal suerte
Que en vida ya has sido
Pero por pendenciera
Has perdido.

“Aquí murió el jefe de ETA”.
Ez huen Bilbora joan nahi. Ez eta Zumalakarregik ere. Mendira, mendira! Che-rekin batera. Federico, Lauaxeta, Saseta, Txabirekin, eta hi. Eta hainbat eta hainbatekin. Urbasako Pilatosen Balkoitik amilarazitako kamioikada gizonekin. Gerokoak gero. Milioika heriotza (ez)berdin.

Guk gura diaguna
Hi gurutzeduna?
Oi Arbelaitzeko seme langile
Arbel-haitzetan erne
Basoetako olerkari lerdena
Gaizkileen beldurgarri
Haien lotsaizun handi
Robin Hood berri…

Eustaki, izorratu haute
Izorratu hautenez!
Gizon osoa hi
Erditu dituk
Milaka ama-seme
Larrua zulatu diate
Nekeen seme hi.

“Eta Eustakitoren aurpegian heriotza zen, klabao! Eta ezpain-ertz inguruak zuri-zuri”.

Eta jada ez zaiguk geratzen
Justizia egarririk
Giza justiziarenik
Bestelakoa, bestelako
Egarria, poetikoa.

Eta azkeneko kartzelatik
Zerraldotik ihes egingo
Huelakoaren beldur,
Beste horiek zuzenean
Lurperarazi hinduten.

Itsasondoko kanposantuak
Itsasontzi antza du,
Badu bai Pilotu
Eta zink-fluxua dariola.

Ontzi sentina/pontzatik gora odola
Gainezkatzen diola,
Idi-begietatik
Debekatua denaren ahoetara doakiola.

Kapitainari laket zaio
Gure ofrenda eskaintza,
Elur-ura erretzea
Langar/antzigarraren orduetan.

Itsasondoko hilerriak Nuarbekoak adineko aldapa pikotxa du, eta
“Hemendik aterako dituk ernamuinak!”, esan zian Andres Debak, ukabil goratuen desafioa, eta munduko epitafio aproposenaz estalia izan hintzen.

“Ikastola eta eliz askotan
Atea didate itxi;
Atzerritarrak ta seme askok
Lapur bat antzo ezetsi!
Nere izena apaldu arte
Ezin dute etsi…
Zer egin diet etsai bezala
hainbat nazaten gaitzetsi?!” .

Eta poema profetiko berean:

“Euskal herriko bazter denetan
Atzerrian antzo nabil…,
Ez-ezagunen artean haur bat
Bezain apal eta ixil!
Ene burua gara ez dadin
Baditut mila maratil…
Gaiztaginari lez, arrano begiz,
Etsaiak so ditut hurbil!”.

Eta kontsumatu huen biktima horren patua.

Madrilen Txikia komandoa, Carrero gero.
Makina bat aldiz jaurti genizkian
Jendetzak airera jertseak geroztik,
Zerura gorantz eup la-la!
Hamaika gauza gertatu zaizkiguk
Hainbatetan harakoaz geroztik.
Zerbait aldatu ote? Espoliazioak jarraitzen dik.

Nork ebatsi zizkian
Hire azken poemak?
Amets batean bezala
Ikusten ditiat.
Epikoak eta finak dituk.
Eta madarikazioa betierekoa
Profanatzaileentzat!

Hona hemen Eustakioren bertso batzuk:

“Gizonen pausuak itsasora
Doazen urak dira…
Bizitzaren gurpilak garamatza
Ilunpetako hobira,
Argia gautzen eta bizia
Finitzen den ur handira.

Egun-txintak gaua dakar,
Biziaren gau gordina!
Baina heriotza guztiak
Ez dute esanahi berdina.

Goiz-ihintzak sortutako lorea
Arratsean hiltzear dago…
Hala, gu ere herio segak
Denok gaitu eramango…
Baina heriotza batzuk ditugu
Besteak baino pisuago.

Herri-interesengatik hiltzeak
Mendien pisua dauka,
Baina faxisten morroi bizi eta
Zapaltzaileentzat hiltzea
Xoriñoen luma grisa baino
Pisu gutiagokoa da.

Ideal gabe morroi hiltzeak
Ez du deus ere balio…
Herriagatik hil denak aldiz
Bizitzari argi dagio…
Ur guziak ez dira gaziak
Herio denak ez herio”.

“—Zapalduen zerbitzuan
bihurtuko da ene heriotza;
kalte latza,
jarraipen gabea balitza…
-—…Entzun ezak hilobitik
Justizia datorrela herri behetik… “

“Iba acompañado de otro activista que consiguió fugarse”.

Garai gris ilunak.
`Usain´ aparta omen huen
Ez zian kalerik egin
Ez hutsik egin ziaten
Ez eta hire orduan ere.

Eta lurrak eta elurrak
Mundu honetan
Geldituko dituk
Gau gizaki izaki
Mendi eta gauza
Zaharrei begira.

“Ez haute gelditu arazi
Gure Ene bait haiz”,
Ziok memoria kolektiboak.

Eta nagusien bozeramaileek
Etsai hurkoak zakurrak
Edozeri ziok zaunka:
`Bere mugetan´ sartu denari,
Udazkeneko hosto eroriari,
Edonori zaunka,
Iraultza-gauei zaunka,
Baina gizon apal baten
Heriotza usainari ez,
Hari barrea. Hiena kiratsa.

Baina egiaztaturik zegok
Herrixka bakoitza
Herri auzo bakoitza
Euskal bailaretako
Anatomia banak
Jantziko direla
Gure koloreak
Dituen zetazko
Soineko egoskorrarekin
Lainoan bildutako
Krisalida haiei esker.
Eta adio! Oraindik ez haiz guztiz joan baino…!

Eta hik, dantzari,
Zer egiten duk hor?
Atsekabe malura eta
Destitxa esanaren dantza
Borobildua behar huen honez gero!

Txikia zuen guda izena:

“Harro hadi Kantauri itsasoa
Ta heien betiko loa
Betiko kanta zak…!”.

Collagearen osagarriak: Eustakio Mendizabal Txikia, Larrun Aldizkaria (1. Zenb. 1985), Telesforo Monzon Olaso eta Hitz etena, Jon Arano, 1992.

Share

[berria.eus] Kartzelak kolpatutako literatura bat

2022 3 abendua

[berria.eus] Kartzelak kolpatutako literatura bat

Iñigo Astiz

2002tik 2017ra bitartean kaleratutako liburu kolektiboetako testu hautaketa bat, Jose Mari Sagardui ‘Gatza’-ren memoria liburu bat, eta Gartxoten ‘Barruan’ komikia kaleratu ditu Ataramiñek

Gartxot komikigileak sortutako Barruan komikiko irudietako bat.



«Euskaldunik?». Eta isiltasuna, oihuaren ostean. «Euskaldunik?!!». Eta bigarren saiakeraren ostean jasoko du erantzuna Odei izeneko euskal presoak barrotedun leihotik Creteileko kartzelako B moduluko patiorantz zabaldutako galderak. «Ta gueule fils de pute!». Kartzelako lehen egunak dakarren kolpearekin abiatu du Barruan komikia Gartxot marrazkilariak, eta kartzelatik atera ondorengo lehen egunak dakarren shockarekin amaitu. Azken binetan, espetxetik atera berri irudikatu du protagonista, gauez hor ere, bakarrik orduan ere, farol baten argitara. «Nolako poza!! Eta orain zer?». Komiki hori ez ezik, beste bi liburu ere argitaratu ditu Ataramiñek Durangoko Azokarako: Jose Mari Sagardui Moja Gatza-k idatzitako Zaldi berdea memoria liburua, batetik, eta Urrun da zeru urdina bilduma, bestetik, argitaletxeak 2002 eta 2017 bitartean kaleratutako testuak hautatuta.

2000ko hamarkadan ETAko kide izateagatik espetxeratutako gizon bat da Barruan komikiko protagonista. Fikziozkoa da haren izena, eta fikziozkoak dira kontatzen diren gertakariak ere, baina, egileak onartu duenez, oinarri erreala dute guztiek, Gartxotek berak bere larruan bizitakoekin eta beste euskal preso batzuek kontatutako pasarteekin osatu baitu kontakizun hori.

Autorea kalean da jadanik, baina, liburuko hitzostean azaldu duenez, ez du lana bere izen-abizenez sinatu nahi izan. «Zoritxarrez gaur egun ere preso ohiok maila askotan jasaten dugun estigmak behartu nau komiki hau ezizena erabiliz argitaratzera. Horrela ez balitz, agian nire lana galduko nuke, edota semeak arazoak izango lituzke eskolan, bikotekideak lanean… Kartzelak itzal luzea du kalean ere».

Huts egindako ihesaldia

Kartzela da, ezinbestean, Jose Mari Sagardui Moja Gatza-ren memoria liburuaren gai nagusietako bat ere. 22 urte zituela sartu zuten espetxean, 1980an, eta hamalau kartzelatatik igaro ostean, eta Parot doktrinaren eraginez aurreikusia zioten irteera eguna bi urte atzeratu ondoren, 2011n atera zen kalera azkenik, 31 urteren buruan, 52 urte zituela. Eta liburua atontzen lagundu dion Xabier Izagak azaldu duenez, «gordin» kontatzen ditu egileak, besteak beste, kartzelaldi horretan bertatik bertara ezagututako bortizkeria, sakabanaketa politikaren ondorioak eta jipoien kontaketak.

1993an Granadan [Espainia] egin zuen ihesaldi saiakera da liburuaren ardatz narratibo nagusia, eta, horrekin batera, espetxeko bestelako pasarteak ere tartekatzen ditu egileak.

Izagaren hitzetan, ordea, alderdi «epikoa» nabarmendu beharrean, alderdi «emozionala» da liburuaren muina. «Soka bat egin zuen kable batzuekin, zulo bat eginda atera zen teilatutik, harresiraino gako bat bota zuen, eta, zintzilikatu zenean, lurrera jausi zen. Besoak apurtu zituen, hankak ere bai, eta, han zaurituta zegoela, guardia zibilek jipoitu egin zuten. 1993ko martxoaren 6an izan zen hori, eta egun horretan berean, zazpi urte geroago, jaio zitzaion alaba ere: 2000. urteko martxoaren 6an. Eta, orduan, lur jota geratu zeneko egun hori helduleku bihurtu zitzaion, eta aurrera egiteko motibo. Eta hori da liburuaren zentzua».

Joseba Sarrionandiak idatzi du liburuaren hitzaurrea, Izagarena da hitzostea, eta Unai Iturriaga bertsolari eta irudigileak egin du azala.

Kolektibotasuna aldarri

Hogei urte beteko ditu aurten Ataramiñe argitaletxeak, eta, denbora horretan, euskal presoek idatzitako 47 liburu eman ditu argitara; saiakerak, nobelak, itzulpen lanak, komikiak, poemak eta bertsoak tartean direla. Haien artean dira 2002tik 2017ra bitartean urtero argitaratutako lan kolektiboak ere, eta haietan bildutako testuen antologia bat osatu du orain Jokin Urain Larrañagak: Urrun da zeru urdina.

Guztira, 150 egile baino gehiagoren lanak bildu dituzte argitalpen kolektibo horiek urteotan, eta haien arteko 71 hautatu ditu Urainek orain bildumarako. Euskarazko lanak lehenetsi ditu, eta kartzelarekin lotutako testuak hautatu ditu nagusiki. Egile bakoitzaren lan bakarra bildu du, bestalde, eta espetxean idatzitako euskal literaturari buruzko hitzaurre bat ere idatzi dio lanari. Hartan gogoratzen duenez, Bernat Etxeparek berak ere 1516an Biarnon preso emandako egonaldia aipatzen baitu Linguae Vasconum Primitae liburuan. «Kartzelako euskal literaturak ibilbide oso-oso luzea dauka, zorionez literaturarentzat, eta zoritxarrez egile horientzat».

Eta bata bestearen ondoren datoz espetxean idatzitako aipamenak edo espetxean idatzitako liburuenak Urainen hitzaurrean.

Ataramiñeko liburuak kaleratzeko, idazleen lana ez ezik, haien senideek emandako laguntza ere beharrezkoa izaten dela gogoratu du Oier Gonzalez Ataramiñeko kideak. Maiz, «kontrabandoan» atera behar izan dituztelako lanak kartzelatik. «Kolektibotasunaren aldarrikapen bat da hau, kolektibotasuna zigortuta dagoen gune batean».

Durangoko Azokan izango duten mahaian egongo dira salgai liburuak, eta baita egutegi bat ere.

→ https://www.berria.eus/paperekoa/1872/032/001/2022-12-03/kartzelak-kolpatutako-literatura-bat.htm

Share

[naiz.eus] Ataramiñe, hogei urte «eroriaren euforiaren» berri ematen

2022 2 abendua

[naiz.eus] Ataramiñe, hogei urte «eroriaren euforiaren» berri ematen

Amaia Ereñaga

20. urteurrena iragartzea albiste ona litzateke edozein argitaletxe batentzat; Ataramiñeren kasuan, ospakizunak bere alde gazi-gozoak ditu. ‘Urrun da zeru urdina’ izen argigarria jarri diote urteurrenean atondu duten antologiari. Nobedadeen artean, Jose Mari Sagardui ‘Gatzaren’ lehen liburua.

Oier Gonzalez, Jokin Urain eta Xabier Izaga, Ataramiñeren aurtengo ‘uztaren’ aurkezpenean.
Oier Gonzalez, Jokin Urain eta Xabier Izaga, Ataramiñeren aurtengo ‘uztaren’ aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Nik esango nuke espetxeko literaturak baduela pixka bat ‘eroriaren euforiatik’ idatzitako testugintzatik: hondoa jo duenak badu horrelako euforia puntu bat; beherago ezin da erori. Orduan, gora egiteko saiakera horretan, biziraupena eta espetxeari aurrera egiteko jaikitzen den presoaren testigantza bihurtzen da».

Jokin Urain ‘Kiskur’ idazleak horrela definitu du kartzelako literatura, agian genero edo literatura-korrente propia bezala kontsidera daitekeena. Euskal Herrian bai, bederen, azken hamardakeetan asko idatzi baita kartzela zulotik; sormena, bakardadea eta dispertsioa uxatzeko erabili izan den giltza bezala. Horren adieraztle ‘Urrun da zeru urdina. Ataramiñe 2002-2017’ antologia, Jokin Urainek berak atondu duena. 

Aurretik, dena den, kartzelaren gaiak sustrai sendoak ditu euskal literaturan. «Kartzelan idazten den lehen testua gaur eguneraino iritsi dena Bernat Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ da, Biarnon eduki zutenean preso, 1516 inguruan», aipatu du idazleak. Kartzela, zoritxarrez, toki ezaguna izan da euskaldunontzat: hor Iparragirre, hor Lauaxeta…  1970. hamarkadan batik bat poesia eta bertsoez osatutako genero horren tradizioa hautsi zuen Xabier Amurizak Zamorako kartzelan idatzi zuen lehenengo nobelak, gogorarazi du. «Gero, 1980 hamardakan etorri zen prosaren hedapen handia, baina beste mota bateko testuak ikusteko aukera. Esaterako, kartzelan idatzi zen xakeari buruzko lehenengo liburua euskaraz, Jon Esturok eta Maximo Aierbek Soriako kartzelan idatzitakoa».

Durangoko Azokara Ataramiñek eramango dituen hiru liburuetako da, Jose Maria Sagardui Moja ‘Gatzaren’ ‘Zaldi berdea’ lekukotasun istorioa eta Gartxotek sinatutako ‘Barruan’ komikiarekin batera.

‘Urrun da zeru urdina’

Xanti Iparragirreren (1934-1022) bertso baten lehen esaldia –«Urrun da zeru urdina/ urruntasunaren mina/ gainetik kendu ezina/ espetxeetan dauden haientzat/ besarkadarik handiena/ Ni urrun bizi naiz baina/ egin nahi dut alegina/ ahal badut atera mina»– aukeratu dute Urianek prestatu duen bildumaren izenburuarentzat. Euskal preso eta errefuxiatuen lanak biltzen zituzten liburu eta aldizkari kolektibo anitz argitaratu ditu Ateramiñek urte luze; hortik aukeraketa bat egin du testu, marrazki edo eskulanen irudiekin. 

«Zaila da 17 urtetan horren guztiaren aukeraketa bat egitea, eta behar izan ditut irizpide batzuk horretarako. Bat izan da euskarazko testuei lehentasuna ematea eta beste irizpide bat, bere ‘maniengatik’, espetxearen inguruko bizitzari erreferentzia egiten zioten edo horri begira idatzita zeuden testuak eta argazkiak, irudiak, dena delakoak biltzea, kartzelan bizi dugun herri min eragindakoak».

2002 eta 2017 artean argitaratutako 150 lanetatik –2017ean, kolektiboak izan beharrean, egileen liburu osatuak argitaratzen hasi zen Ataramiñe– aukeraketa bat egin da.

‘Zaldi berdea’ eta ‘Barruan’

Joxemari Sagardui ‘Gatza’ zornotzarra kartzelan denbora gehien eman duen euskalduna izan da luzaroan. 30 urteko kartzela zigorra bete zuenean, azken urtea hartan erabaki zuen ihes saio baten kronika idatziko zuela. Sagardui ez da aurkezpenean egon, baina bai Xabier Izaga, «editore, laguntzaile edo idazkari» lanak egin dizkiona.

Unai Iturriagaren azal eder eta adierazgarria darama ‘Zaldi berdea’-k: kartzelaren dorrea, eta Gatza presoaren alabaren erretratua zaldi urdin baten gainean. Zaldi urdina bisitetan alabarentzat zeukaten manta berde bat zen, zalditxoa edo askatasunaren irudikapena bere kolore berdean zeramana.

Hitzaurrea Joseba Sarrionandiak egin dio: «Euskarazko hitz bat erakutsi zidan Gatzak: Koiu! Zer dok koiu? Koiu! Gatzak Arratiar jatorrikoa zuen familia eta koiu esaten zuen, hartu esan beharrean. Puerto de Santa Mariako zigor zeldetan, preso komunek El Palomar deitzen zuten goialde hartan, behin baino gehiagotan suertatu ginen bat abestearen alboan», irakur daiteke. 

Ez da fikzioa, testigantza liburu bat baizik, baina aurrera eta atzerako jauziak eginez, modu zuzenean istorio gordin bat kontatzen du. 1993an, martxoaren 6an, egin zuen ihes saio baten inguruan, jira-bueltaka. Bizitzatik ihes egiteko asmo bat, funtzionarien kolpeen artean bukatu zena.

‘Barruan’ komikiaren egilea Gartxot sinatzen du, baina ez da bere benetako izena. Irudi garbiak dira, testu dexentekoak beste batzuek, eta 2000ko hamardakan kartzelan bertan bizitako istorioak islatzen ditu. Egilea ez da aurkezpenera etorri, eta ez du liburua bere izenaren sinatu, baina «zoritxarrez preso ohiok oztopo ugari aurkitzen ditugu lan munduan euskal preso politiko izanagatik. Nire kasu pertsonalean, lana galtzeko arriskuan egongo nintzateke», aipatu du bidali duen ohartxo batean.

Jokin Urain ‘Kiskur’ idazleak horrela definitu du kartzelako literatura, agian genero edo literatura-korrente propia bezala kontsidera daitekeena. Euskal Herrian bai, bederen, azken hamardakeetan asko idatzi baita kartzela zulotik; sormena, bakardadea eta dispertsioa uxatzeko erabili izan den giltza bezala. Horren adieraztle ‘Urrun da zeru urdina. Ataramiñe 2002-2017’ antologia, Jokin Urainek berak atondu duena. 

Aurretik, dena den, kartzelaren gaiak sustrai sendoak ditu euskal literaturan. «Kartzelan idazten den lehen testua gaur eguneraino iritsi dena Bernat Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ da, Biarnon eduki zutenean preso, 1516 inguruan», aipatu du idazleak. Kartzela, zoritxarrez, toki ezaguna izan da euskaldunontzat: hor Iparragirre, hor Lauaxeta…  1970. hamarkadan batik bat poesia eta bertsoez osatutako genero horren tradizioa hautsi zuen Xabier Amurizak Zamorako kartzelan idatzi zuen lehenengo nobelak, gogorarazi du. «Gero, 1980 hamardakan etorri zen prosaren hedapen handia, baina beste mota bateko testuak ikusteko aukera. Esaterako, kartzelan idatzi zen xakeari buruzko lehenengo liburua euskaraz, Jon Esturok eta Maximo Aierbek Soriako kartzelan idatzitakoa».

Durangoko Azokara Ataramiñek eramango dituen hiru liburuetako da, Jose Maria Sagardui Moja ‘Gatzaren’ ‘Zaldi berdea’ lekukotasun istorioa eta Gartxotek sinatutako ‘Barruan’ komikiarekin batera.

‘Urrun da zeru urdina’

Xanti Iparragirreren (1934-1022) bertso baten lehen esaldia –«Urrun da zeru urdina/ urruntasunaren mina/ gainetik kendu ezina/ espetxeetan dauden haientzat/ besarkadarik handiena/ Ni urrun bizi naiz baina/ egin nahi dut alegina/ ahal badut atera mina»– aukeratu dute Urianek prestatu duen bildumaren izenburuarentzat. Euskal preso eta errefuxiatuen lanak biltzen zituzten liburu eta aldizkari kolektibo anitz argitaratu ditu Ateramiñek urte luze; hortik aukeraketa bat egin du testu, marrazki edo eskulanen irudiekin. 

«Zaila da 17 urtetan horren guztiaren aukeraketa bat egitea, eta behar izan ditut irizpide batzuk horretarako. Bat izan da euskarazko testuei lehentasuna ematea eta beste irizpide bat, bere ‘maniengatik’, espetxearen inguruko bizitzari erreferentzia egiten zioten edo horri begira idatzita zeuden testuak eta argazkiak, irudiak, dena delakoak biltzea, kartzelan bizi dugun herri min eragindakoak».

2002 eta 2017 artean argitaratutako 150 lanetatik –2017ean, kolektiboak izan beharrean, egileen liburu osatuak argitaratzen hasi zen Ataramiñe– aukeraketa bat egin da.

‘Zaldi berdea’ eta ‘Barruan’

Joxemari Sagardui ‘Gatza’ zornotzarra kartzelan denbora gehien eman duen euskalduna izan da luzaroan. 30 urteko kartzela zigorra bete zuenean, azken urtea hartan erabaki zuen ihes saio baten kronika idatziko zuela. Sagardui ez da aurkezpenean egon, baina bai Xabier Izaga, «editore, laguntzaile edo idazkari» lanak egin dizkiona.

Unai Iturriagaren azal eder eta adierazgarria darama ‘Zaldi berdea’-k: kartzelaren dorrea, eta Gatza presoaren alabaren erretratua zaldi urdin baten gainean. Zaldi urdina bisitetan alabarentzat zeukaten manta berde bat zen, zalditxoa edo askatasunaren irudikapena bere kolore berdean zeramana.

Hitzaurrea Joseba Sarrionandiak egin dio: «Euskarazko hitz bat erakutsi zidan Gatzak: Koiu! Zer dok koiu? Koiu! Gatzak Arratiar jatorrikoa zuen familia eta koiu esaten zuen, hartu esan beharrean. Puerto de Santa Mariako zigor zeldetan, preso komunek El Palomar deitzen zuten goialde hartan, behin baino gehiagotan suertatu ginen bat abestearen alboan», irakur daiteke. 

Ez da fikzioa, testigantza liburu bat baizik, baina aurrera eta atzerako jauziak eginez, modu zuzenean istorio gordin bat kontatzen du. 1993an, martxoaren 6an, egin zuen ihes saio baten inguruan, jira-bueltaka. Bizitzatik ihes egiteko asmo bat, funtzionarien kolpeen artean bukatu zena.

‘Barruan’ komikiaren egilea Gartxot sinatzen du, baina ez da bere benetako izena. Irudi garbiak dira, testu dexentekoak beste batzuek, eta 2000ko hamardakan kartzelan bertan bizitako istorioak islatzen ditu. Egilea ez da aurkezpenera etorri, eta ez du liburua bere izenaren sinatu, baina «zoritxarrez preso ohiok oztopo ugari aurkitzen ditugu lan munduan euskal preso politiko izanagatik. Nire kasu pertsonalean, lana galtzeko arriskuan egongo nintzateke», aipatu du bidali duen ohartxo batean.

https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20221202/ataramine-hogei-urte-eroriaren-euforia-sortzailearen-lekukotasuna-ematen

GARA 2022.12.03

Share

Ataramiñe 2002-2017, ‘Urrun da zeru urdina’

2022 21 azaroa

Urrun da zeru urdina
Ataramiñe 2002-2017
Ataramiñe, 2022

Hitzaurrea: Jokin Urain Larrañaga
15cmx21cm

«Urrun da zeru urdina
Urruntasunaren mina
Gainetik kendu ezina
Espetxeetan dauden haientzat
Besarkadarik handina
Ni urrun bizi naiz baina
Egin nahi dut alegina
Ahal badut atera mina»

Xanti Iparragirre Perurena

Share

Gartxot, ‘BARRUAN’ [komikia]

2022 21 azaroa

BARRUAN [komikia]
Gartxot
Ataramiñe, 2022

Hitzaurrea: Mikel Orbegozo Etxarri
17cmx24cm
127 orr.

«2000. hamarkadan kokatzen da Frantziako espetxeetan. Gure protagonista ETA erakundeko militante izateagatik kartzelatu dute. Ez da autobiografikoa, bizitako esperientziak agertzen dira, tokiak, jendea, kideak… baina baita ere beste kide batzuen bizipenak eta hauek patio ordu luzeetan kontaturikoak.

Komiki honek oihu ozena izan nahi du kartzelaren aurka; epaile, polizia, kartzelero, zuzendari eta sistema kriminal horren kate begi guzti horien aurka. Nire gorroto guztia beraientzako.»

Gartxot

BARRUAN • Hitzaurrea • Mikel Orbegozo

Ezkutuan dagoenari argia ematea. Espetxeko paretaren bestaldean gertatzen direnak jendearen begietara ateratzea. Kolektibo baten duintasunaren aldeko borroka bistaratzea. Honekin egingo duzu topo komiki honetan, eta hauek guztiak, beste batzuren artean, preso politikoaren ihesaldi mentalaren osagaiak dira. Bere gatibutza onartu nahi ez eta honen aurrean oldartzen denarena.


Pairatuaren kontakizuna pieza anitzeko puzzlea da, eta norberak du bere piezatxoa dagokion lekuan jartzeko eginkizuna. Ez bizipen pertsonalak kontatzeko helburu soilaz, baizik eta horren bidez kontakizun kolektibo bat ere indartzeko.

Espetxean zoriontasunaren bilaketa errebeldia ariketa da. Umorez, bizipozez, maitasunez, indarrez… elikatzen da duintasuna, eta horrekin egiten da aurrera. Baina kartzelan bizitako asko gauza intimo eta kontatzeko zailak dira. Senideen gaixotasun edo heriotzak urrunetik bizitzea, eguneroko zailtasunei aurre egitea, norberaren muga eta ezintasunekin topo egitea, monotoniaren gristasunari buelta emango dion alaitasun bat eraikitzea… Hau dena, honetaz hitz egiteko gai ez bagara, paretetan lurperatuta geratuko da.


Ba hori da komiki hau. Pareten arteko arrakala, zure begia gerturatu eta zirrikitutik euskal presoek bizitako egoerak irudikatzeko aukera ematen dizuna. Ahal balu, espetxeak gustora estaliko luke zementu geruza berri batez… baina ez! Esku artean duzu! Mila esker barnealdera begiratu eta lekuko deseroso bat izateagatik.


Mikel Orbegozo

Share

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza», ‘Zaldi Berdea’

2022 21 azaroa

Zaldi Berdea
Jose Mari Sagardui Moja ‘Gatza’
Ataramiñe, 2022

Azaleko irudia: Unai Iturriaga Zugaza-Artaza
Hitzaurrea: Joseba Sarrionandia Uribelarrea
15cmx21cm
194 orr.

Egiteko leku aproposean idatzi zuen Jose Mari Sagarduik narrazio hau, kartzelan ia 31 urte zeramatzala, ordu arte saiatu gabe zuen hanka egiteko moduari helduta, betiere kaleko askatasuna eta bertako eta barruko lagunak gogoan. Hiru hamarkadan hainbat aldiz saiatu zen ihes egiten, eta haietako batean erreka jo zuen. Ez zuen erraz ahaztuko egun hura, eta une batez askatasuna usaintzeko bide eman zion saio haren berri ematea erabaki zuen, beraz, batez ere zulo ilun eta beti urrun haietan izandako sentipenak, milaka euskal herritarren sentipen direnak, harresietatik kanpo barreiatzeko asmoz. Gogoak denboran aurrera eta atzera eginez, bertatik bertara bizi izandako hainbat gertakari ezagunen eta hamaika pasadizo ezezagunen berri ematen digu narrazio gordin bezain hunkigarri honetan. Bereziena, Granadako espetxean huts egin zuen ihes saioaren zazpigarren urteurren eguna, Gatzaren alaba jaio eta Zaldi Berdea sortu zenekoa.

 

GATZAREN HARIA • Hitzaurrea • Joseba Sarrionandia

Euskarazko hitz bat erakutsi zidan Gatzak:

Koiu!

Zer dok koiu?

Koiu!, Gatzak Arratiar jatorrikoa zuen familia eta koiu esaten zuen, hartu esan beharrean.

Puerto de Santa Mariako zigor zeldetan, preso komunek El Palomar deitzen zuten goialde hartan, behin baino gehiagotan suertatu ginen bata bestearen alboan.

Teknika bat zegoen zigor zeldetan gauzak leihorik leiho pasatzeko. Hari bat jaurtitzen zen, hariaren puntan pisuren bat, abisatuak besoa ahalik eta kanporen atera behar zuen, pisua besoaren gainetik pasatzean hariari heltzeko. Behin haria konpartituta, edozer pasa zitekeen: esne botila, liburua, ogi zatia, playboy, edo sagar bat…

Batzuek hari hauskorrak erabiltzen zituzten eta, haria apurtuz gero, zena zelako gauza erortzen zen lurrean itzelezko zarata egiteko. Gatzaren haria lodia izaten zen eta ez zen apurtzen.

Mantarena, akorduak okerrik esaten ez badit, Carabanchelgo mutinaren ondoren izan zen. Goizean goiz, Puerto de Santa Mariara trasladoa abisatu zutenean hasi zen jaikialdia: galeriako ateak itxi, barrikadak eraiki, sarrerako zaborrontziei sua eman… Laster ilundu zen dena, eta han ibili ginen ito beharrean luzaroan. Azkenean, polizia tropa bereziak sartu ziren…

Puerto de Santa Mariarakoak, esposaturik eta keaz belz-belzturik, kolpe-bidea egiten zigutela eraman gintuzten trasladoaren furgoietara. Maletarik gabe, ezer gabe heldu ginen Puertora, eta zuzenean sartu gintuzten zigor zeldetara. Leihotik deitu eta, Gatza nuen albokoa, ezkerraldean. Hiru, lau, bost, egunak emango genituen larrua garbitzen eta kedarra birikietatik atera ezinik eztulka.

Halako batean, Gatzak koiu esan, nik besoa atera eta, hariari lotuta, Leon Tolstoi-ren Resurrección eleberria pasatu zidan. Nobela lodi bat.

Nundik atara dok hau?

-Alboko zeldara etorri dan bati eskatuta, liburua hobeto aprobetxatuko dok hik.

Komunerako erabiltzen zituela orriak bestaldeko preso komun batek, bestaldeko bizilagunak. Liburuak azkenengo berrogei edo berrogeita hamar orrialdeak falta zituen, hain zuzen. Liburuaren hasierako orriak oso ondo zeuden beste mundu eta beste sasoi batera sartzeko…

Jauntxo gazte bat, Dmitri Ivanovitx Nejliudov, bere sorlekura itzuli da, Nizhni Nóvgorod izeneko herritik hurbil. Bizimodu lasaia du lagun onekin, eta laster ezkondu behar du familia noble bateko alabarekin. Militarra da eta goi mailako etorkizuna aurreikusiko lioke edozeinek. Baina, Armadara itzuli orduko, epaile moduan konbokatu dute tribunal bat osatzeko. Ustekabean, bere lehenengo neska-laguna da auzipetua, Ekaterina Maslova. Nejliudov jauntxoak, maiteminduetara jolastu ondoren, engainatu eta abandonatu egin zuen neskamea. Neska prostitutara jausi zen. Orain, Nejliudoven tribunalak neska hori gogor kondenatzean, hasiko da jauntxo ondoeza…

Bi edo hiru bider irakurri nuen eleberria, harik eta falta ziren orrialdeetaraino.

Gatzak ez zuen leitzen, aspertu egingo zen eta, lantzean behin, koiuka hasten zen:

Nundik atera dok laranja hau?

Hor, beste komun bat etorri dok eta, badakik…

Hariak komunetik behera botatzen ziren, ustekabeko katxeoren batean harrapatuak ez izateko.

Baina, handik laster koiu entzuten zen berriro. Gatzaren haria hartzen nuen, eta hara, esnea, plastikozko ur-botila txiki batean.

-Nundik atara dok hau?

-Badakik.

Gatzaren koiu bakoitza sorpresa baten anuntzioa izaten zen.

Baina, gauerdi batean, katxeo jenerala heldu zen ustekabean. Zarata entzun zen pasiloetan, jaiki orduko ateak ireki zizkiguten. Zeldetatik korridorera atera, hormari begira jarri gintuzten, eskuak horman gora altxatuta, eta funtzionarioak gure zeldak errebisatzera sartu ziren. Hormaren kontra, Gatza eskuinaldean nuen pasiloan, harantzago komun bat, gero beste euskaldun bat…

Atzean, funtzionarioak ziegak errekistatzen, gauzak bota eta apurtu ere egiten zituzten entzuten zen zaratagatik. Bat-batean, funtzionarioa irten Gatzaren zeldatik geu bion artean paratzeko trapu bat erakusten.

–¿Y ehto?

Toalla bat ematen zuen. Toalla txiki bat ematen zuen, baina apur bat luzea. Kartzelako manten kolorekoa. Gatzaren manta zen, baina goitik behera ehuneko 80-edo hariz gabetua.

¿Que eh ehto?

Bigarren astean edo, moduluetatik arropa batzuk heldu ziren. Artean, kamiseta bat urdin iluna, Harvard unibertsitatekoa, Nenerena.

Irakurri nuen Resurrección laugarrengoz, eta bosgarrengoz, laurehun eta ez auskalo zenbatgarren orrialdean bat-batean eteten zen arte… Nejliudov Katiusharen ondoezaren eragilea sentitzen da, haren alde zer egin ez dakiela, baina bien arteko harreman sentimentalaz baino gehiago da aberatsez, laborariez, legeen injustiziez, kartzelazainez

Ez dakit hamabost egunetara, edo bi hamabost egunetara atera gintuzten zigor zeldetatik eta jaitsi ginen modulura. Jaistean ikusi nuen lehenengoa Xabier Izaga izan zen.

Eskerrik asko hire kamisetagatik.

Heurea duk –erantzun zidan Nenek bere urduritasun eskuzabal irribarretsuarekin.

Poz handia ematen dit hemen prologoan berriro topo egitea Gatza idazlearekin eta Xabi editorearekin, pozik berriro elkartzeko suertea izan dugulako, kartzelatik urrun; espero dugu. Barruan geratu direnak ere libre aterako direla espero dugun artean.

Joseba Sarrionandia Uribelarrea

Share

Jon Esturo & Maximo Aierbe, «XAKE»

2022 21 azaroa

XAKE
Jon Esturo & Maximo Aierbe
Hitzaurrea: J.K. Alberdi Krakas
Debako Irakaskuntza eta Kultur Aurrerapenaren Aldeko Elkartea, 1985

→ gari2017.wordpress.com: XAKE, Soriako kartzelatik

→ susa-literatura.eus: [Jokin Urain] Xakea

Posizio arauen eta partida historikoen azalpenei eskaini zieten Esturok eta Aierbek liburuaren zati handiena [gari2017.wordpress.com].

→ gari2017.wordpress.com: XAKE, Soriako kartzelatik

Xakeari buruzko euskarazko lehen liburua Jon Esturo eta Maximo Aierbe euskal presoek idatzi zuten, Soriako kartzelan. Debarrak eta ataundarrak sei hilabeteko lanari 1982ko otsailean eman zioten amaiera, eta hiru urte geroago argitaratu zuten, Debako Irakaskuntza eta Kultur Aurrerapenaren Aldeko Elkartearen laguntzarekin. Juan Karlos Alberdi Krakas lagunak espetxe berean idatzitako hitzaurrean nabarmendu zuenez, “liburuaren asmoa, kasu, ikastoletan, gazte eta zahar artean hain garrantzizkoa, pedagogikoa eta lagungarria daitekeen joko baten bultzatzea litzateke”.

Egileek ere lanaren sarreran adierazi zituzten asmoak. Liburuak “helburu orokor hau du: xakea euskararen arloan sartzea”, eta behin urrats hori eginda, “xakea ikastoletan sartzea da gure asmoa”. Xakea euskaraz lantzeko zegoen hutsunea bete, horretarako terminologia adostu, eta xakea euskarazko irakaskuntzara zabaldu nahi izan zuten.

Sarreran bertan aletu zituzten hiru kontuak. Lehenik, hutsunea: “Soriako espetxean daramagun eginkizun garrantzitsuenetariko bat euskara lantzea izanik, eta orain arte xakeari buruz ez dela ezer egin ikusirik, hau euskararen arlora eramatea pentsatu genuen. Xakea dugu hemengo aktibitateetariko bat. Zenbait lehiaketa ere jokatu izan ohi ditugu, denbora ere nolabait pasatu beharra dugu-eta. Baina beti erdaratik hartutako deiturak erabiliz, noski. Baina hori gure artean ez genuen ontzat hartzen eta euskaratzearen lanari ekin genion. Hara nola diren gauzak, eta berehala hasi zen JAIEGINgo JOKA EZAZU XAKEAN JAIEGINEKIN. Eta hori izan zen azken bultzada eman ziguna”.

Hutsunea betetzeko lanean hasita, xakerako euskarazko terminologia erabaki behar izan zuten: “Oztopo handiak izan ditugu lan hau osatzeko. Alde batetik ez genuen inongo terminologiarik euskaraz, eta bestetik, gauden egoeran egonik ez dugu hau leku egokiena ikerketarako. Beraz, eskuartean genuen material apurraz baliatu behar izan dugu, hots: gaztelania, frantsesa eta ingelesko liburuetatik”. Lanik handiena itzulpenak “eta liburuetatik hartutako zirrimarrak” izan zirela aitortu arren, “lehen pausoa eman dugulakoan gaude, batez ere, eta hau da liburu honen zeregin garrantzitsuena, arau eta terminologia mailan” zioten egileek.

Hirugarrenik, xakea eta hezkuntza uztartu eta xakea eskoletan lantzearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuten.

“Xakearen hezkuntzako balioa pedagogiko arloaren maila guztietan da preziatua. Bere praktikak, oroimena, irudimena eta kontzentrazioa bizkortu eta aztertzen, arrazoitzen eta, honen ondorioz, erabaki sendoak hartzen ohitarazten duela gauza jakina da. Hitz batean esanda, zaildu egiten du pertsona.

Xakeak onura handiak ditu hezkuntzarako eta, gainera atseginez egiten den gauza da, hots: jostotuaz, dibertituaz. Egun, xakeak harrera ezberdina du mendebalean eta, nolabait esateko, ekialdean. Herri kapitalistetan, kasu gehienetan behintzat gutxiengoen esku dago xakearen hedadura. Orokorki, gobernuek emandako dirulaguntzen mende daude federagintza estatalak eta hori beti urria izanik, taularen arteak gazteriaren hezkuntzarako duen garrantzitik at dagoen zerbait gertatzen da xakea.

Baino zeharo alderantziz gertatzen da komunista deituriko herrietan, dirulaguntza handiak ematen dituzte gobernuek eta ahalik eta jokuaren hedadura zabalena lortzeko helburuz ari dira lanean. Xakea da herri hauetan gaztekoen jostagailurik garrantzitsuena. Eta maisu bereziak dituzte horretarako. Honetaz gainera urte oro antolatzen dira mintegiak udako oporretan. Hauetan jokalari iaioenak hartzen dute parte, eta hauetatik ateratakoak dira Petrosian eta Spassky txapeldun ohiak, eta egungo txapelduna, Karpov, ere bai. Dudarik gabe Errusia dugu gisa honetako hezkuntzaren plangintzarik hoberena duen herria. Bigarren mailako ikastoletan aurkitzen da zehazki antolaketa ofizialaren oinarria. Hauetan, ikastola bakoitzak bere irakaslea duelarik, ikasleen arteko lehiaketak, ekipoak osatu, inguruko herrien konparaketak eta hainbat eta hainbat aktibitate aurrera eramanaz, beren zentzumenak hezi ezezik, xakea indartu ere egingo dute”.

Horrela, “xakea ikastoletan sartzea” erraztu nahian, lau ataletan banatu zuten liburua: lehenengoan xakearen historiaren nondik norakoak laburtu zituzten; bigarrenean, xakerako euskarazko terminologia zehaztu zuten; hirugarrenean, xakean jokatzeko oinarrizko arauak gogoratu zituzten, hasiberrientzat; laugarrenean, azkenik, ordura arteko xake partida sonatuenak bildu zituzten.

Euskarazko idazle presoei eta preso idazleen lanei buruzko ibilbide ederra da Jokin Urainek Dueñaseko kartzelan idatzitako Ez dago etxean (Susa, 2010) liburua. Bernat Etxepare, Joan Amendux, Juan Inazio Iztueta, Martin Larralde Bordaxuri edo Etxahun Barkoxerekin hasi eta gaur egun arte giltzapetik argitara ekarritako lanak bildu zituen mendarotarrak, eta Xakea atalean Aierberen eta Esturoren liburua izan zuen hizpide, azken honek liburuaren sormenari buruz erantzundakoekin osatuta:

«Ni nahiko sartuta ibili nintzen xake munduan, eta jendeak bidaltzen zizkigun xake liburuak. Gainera, Eginek txapelketa bat plazaratu zuen orduantxe. Partida bateko jokaldiak asmatu behar ziren, eta guretzako sekulako giroa zen astero-astero puntuak irabaztea eta egunkarian azaltzea. Giro horretan bilduta erabaki genuen nola gorpuztu liburua: xakearen historia ezkutua aipatu beharko zen; xakelari ospetsu garai ezberdinetakoak; eta zergatik ez euskal xakelariak? Baina, garrantzitsuena xakearen hiztegia; hau da, nola izendatu piezak eta zergatik. Eta hasiberrientzat (umeentzat alegia) lehen urratsak. Sei hilabete izan ziren, egunero zerbait aurreratuz. Sekulako folio sorta pilatu genuen eta, kontsulta asko egin ondoren, niri egokitu zitzaidan kalera ateratzea handik hilabete batzuetara. Pakete osoaz irten nintzen, eta gero argitaratu».

Gaur egun, Jon Esturo xake jokalaria, prestatzaile fisikoa eta xakean aditua da. Soziologia eta Zientzia Politikoak ikasi ostean, Gorputz Hezkuntzan lizentziatu zen, atletismoko entrenatzaile titulua lortu zuen, eta goi errendimenduari buruzko masterra egin zuen. Xakea hautatu zuen master amaierako lana egiteko, eta goi mailako xake jokalarien gorputzek, garunek eta bihotzek txapelketetan nola erantzuten duten aztertu zuen.

Maximo Aierbek sorterriko kopla eta kantu zaharrak bildu eta argitaratu zituen, eta gaur egun Ataungo Eate abesbatzako zuzendaria da.

Juan Karlos Alberdi Krakas Herrera de la Manchako kartzelan hil zen, 1988ko otsailaren 15ean. Bertsio ofizialaren arabera heriotza naturala izan zen, eta biriketako endema baten ondorioz hil zen, bat-batean. 30 urte zituen. Egun hartan, Sokolov, Karpov, Kasparov, Spassky eta abar munduko xake txapelketan lehian ari ziren, Frantziako Belfort hirian.

Erreferentziak:
· Jimenez, Edorta: Xake. Susa aldizkaria, 1989ko ekaina. Kritiken hemeroteka.
· Ibaibarriaga, Asier: Xake euskarari. erabili.eus, 2003.04.11
· Urain, Jokin: Xakea, in Ez dago etxean. Susa, 2010.
· Xakearen nondik norakoak Jon Esturo eta Leontxo Garciarekin. Helmuga. ETB. 2020.12.12.

→ susa-literatura.eus: [Jokin Urain] Xakea

Aierbe ataundarrak eta Jon Esturo debarrak elkarlanean idatzi zuten Xake liburua Soriako espetxean. Pentsatzekoa izan behar zuen, non eta kartzelan sortuko zela lehenago edo geroago horrelako zerbait.
Liburuaren aitzin-solasa J.K. Alberdi Krakasek sinatua dago 1982ko otsailaren 23an, Sorian, eta hitzaurre horren ondoren beste sarrera bat dakar: «Soriako espetxean daramagun eginkizun garrantzitsuenetariko bat euskara lantzea izanik, eta orain arte xakeari buruz ez dela ezer egin ikusirik, hau euskararen arlora eramatea pentsatu genuen. Xakea dugu hemengo aktibitatetariko bat. Oztopo handiak izan ditugu lan hau osatzeko. Alde batetik ez genuen inongo terminologiarik euskaraz, eta bestetik, gauden egoeran egonik ez dugu hau leku egokiena ikerketarako. Beraz, eskuartean genuen material apurraz baliatu behar izan dugu, hots: gaztelania, frantsesa eta ingelesezko liburuetatik. Beraz, originaltasun gutxiko liburua dugu hau. Lanik handiena itzulpena eta liburuetatik hartutako zirrimarrak dira. Eta akats handiak izango dituela ez dugu zalantzan jartzen, baina lehen pausoa eman dugulakoan gaude».
Urte batzuk joan dira ordutik, eta Esturori eupada egin diot; zintzo asko erantzun dit:
«Gure Soriako egoera aldakorra zen, baina momentu onenetan, bilerak egin genituen eta baita erabaki ere komenigarria zela ikastaroak egitea, irratiak ez piztea une jakin batzuetan izan ezik, eta 21 eguneko jardueratan sartzen ginen. Gehienek euskara ikasten zuten (maila ezberdinetan) eta, horren harira, Aierbe eta biok, batzuetan itzulpenak eginez eta bestetan jokatuz, animatu ginen xakeari buruzko lan hori egitera.
«Arrazoiak: Beti izan dugu eztabaida bat. Buruan darabilkizun hizkuntzan arituz askoz gehiago hausnartzen baduzu, zergatik xakean ari garenean jo behar dugu beti erdarara? Euskaraz bizitzeko asmo horretan, gure bizitzako esparru guztietara euskara ekartzea genuen asmoetako bat.
«Aierbek oso ondo kontrolatzen du hizkuntza, gustatzen zaio jokoa, nahiz eta gehiago gustatu nola jokatzen genuen ikustea berak jokatzea baino (ez baitzaio batere gustatzen galtzea).
«Ni nahiko sartuta ibili nintzen xake munduan, eta jendeak bidaltzen zizkigun xake liburuak. Gainera, Eginek txapelketa bat plazaratu zuen orduantxe. Partida bateko jokaldiak asmatu behar ziren, eta guretzako sekulako giroa zen astero-astero puntuak irabaztea eta egunkarian azaltzea. Giro horretan bilduta erabaki genuen nola gorpuztu liburua: xakearen historia ezkutua aipatu beharko zen; xakelari ospetsu garai ezberdinetakoak; eta zergatik ez euskal xakelariak? Baina, garrantzitsuena xakearen hiztegia; hau da, nola izendatu piezak eta zergatik. Eta hasiberrientzat (umeentzat alegia) lehen urratsak.
«Sei hilabete izan ziren, egunero zerbait aurreratuz. Sekulako folio sorta pilatu genuen eta, kontsulta asko egin ondoren, niri egokitu zitzaidan kalera ateratzea handik hilabete batzuetara. Pakete osoaz irten nintzen, eta gero argitaratu.
«Xehetasun gehiagoz ari naiteke, baina zein zaila eta eztabaidatsua izan zen xake mugimenduak euskaraz nola idatzi erabakitzea!
«Orduan oraindik sistema deskribatzaileaz idazten zen; ondoren algebraikoa nagusitu zen. Adibide bat:

a) deskribatzailea: Peoia Erregearen 4ra 1.P – E4
b) algebraikoa: 1.e4

a): Zalduna, Errege Alfilaren 3ra 2.Z – EA3
b): 2. Z f3

«Guk, ingelesek erabiltzen zuten genitibo berdina erabili genuen eta ondo geratu zen korapilo hori; baina ondoren dena sinplifikatu zen algebraikoaz. Dena den, garrantzia handiko kontua zen eta da oraindik nola izendatu piezak.
«Orduko giroaz, zer kontatu… Batzuetan bakarrik izan genuela horrelako gauzak egiteko aukera, baina ondo antolatuta geundenean eta aktibitatea zegoenean…».
Hemen eten dut Jonena, eta eteten dut neurea. Berandu baita gauean, beste hark esan zuen moduan.

Share

[GAUR8] Euskararen eta kartzelaren arteko harreman makurra, arazo zahar baten sintoma

2022 22 otsaila

Yeseriasko kartzelan, 1983an (Javier GALLEGO | EGIN-ATARAMIÑE)

→ naiz.eus: [GAUR8] Xabier Izaga • Euskararen eta kartzelaren arteko harreman makurra, arazo zahar baten sintoma

Iragan abenduan, euskara irakasle talde batek espetxeetan egiten duen lanaren berri eman zuen, eta euskal presoen euskara ikasteko eskubidea bermatzeko eskatu zioten Lakuako Gobernuari. Laster aurkeztuko dituzte beren eskakizunak Gasteizko Legebiltzarrean ere.

Euskara aspaldiko arazotzat izan dute Espainiak eta Frantziak. Eta, horrenbestez, estatu horiek arazo izan dituzte euskaldunek. «Hizkuntza komun bat ezinbesteko baldintza da berorren gorentasunak uztarripean sartuko dituen herri barbaroek eta hizkuntza xelebreko nazioek jaso ditzaten garaileak garaituari jartzen dizkion legeak». Hala idatzi zuen Antonio de Nebrijak Espainiako erregina Isabeli eskaini zion “Gramatika”-n. Ez da atzo goizekoa, beraz, euskaldunen arazo hori, etengabeko errepresioa ekarri izan diena. Euskararen eta estatuen arteko harreman makur horrek bere horretan dirau gaur egun, eta kartzela da, hain zuzen ere, arazo horren sintoma nagusietakoa.

Hala egiaztatu dute azken urteotan zenbait euskara irakaslek. Joan den abenduan jakinarazi zuten espetxeetan egiten duten lana eta euskal presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko eskatu zioten Lakuako Gobernuari.

Euskara ikasi beharra

Luze joko luke Bernat Etxepareren “Linguae vasconum primitiae” hartatik gaur artean espetxean euskaraz idatzi eta argitaratu diren testuak zerrendatzeak. Nebrijaren garaitsukoa zen Etxepare, baina beste erresuma batekoa. Ez bide zen erraza orduan kartzelan idaztea, gaur egun ere ez den modu berean. Edonola ere, duela bost mende euskal herritar gehienek bazekiten euskaraz, nahiz eta beren hizkuntza ez zen inon ere ofiziala. Harrezkero, gero eta euskal herritar gehiago euskara ikasi beharrean izan dira, eta dira, euskara ofiziala den lurraldeetakoak barne.

1936ko gerraren ostean, 40ko eta 50eko hamarraldietan, izan zen kartzelan euskara ikasi zuenik, baita irakatsi zuenik ere, eta hurrengo hamarkadako pizkundetik aurrera, ohikoago gertatzen zen euskal preso politikoek euskaraz idaztea eta euskara ikastea, beren kabuz nahiz, euskara eskolak ematen ibilitako lagunen bat sartzen zenean, irakaslearekin.

1977ko Amnistia Legea onartuta, urte horren amaieran irten zen azken euskal preso politikoa. Hurrengo urtearen hasieran, kolektibo horren hurrengo kartzelaldiko lehenak sartu ziren. Barruan, euskaraz ez zekitenek ikasteari ekiten zioten; bazekitenek, berriz, alfabetatzeari. Jokin Urainek kartzelako literaturaren historia modukoa argitaratu zuen 2010ean, “Ez dago etxean”; bertan, presoen lehentasuna euskaraz alfabetatzea izan zela dio, eta beren idatzietan euskara batua erabiltzen zutela.

Giltzapeko euskaltegiak: Soria

Euskara eguneroko elkarrizketa ugaritako gai izango zen zeldetan eta patioetan, eta euskara eskolak ohiko egin ziren Euskal Herriko kartzeletan.

1978aren amaieran, Soriara eraman zituzten euskal preso politikoak. Han edozer ikasteko baldintzak ez ziren egokienak, ordea, Polizia espainola kartzela barruan zegoela. Hamaika borroka egin eta hamaika sarraski jasan ondoren, Polizia kartzelaren kanpoaldera ateratzea lortu zuten.

Euskara eskolak emateko gela batean biltzen ziren taldeka. Maximo Aierbek eta Jon Esturok han idatzi zuten “Xake” liburuaren sarreran euskarak aurre egin behar dien ohiko oztopoak eta giltzapean topatzen dituenak zituzten hizpide: «Soriako espetxean daramagun eginkizun garrantzitsuenetariko bat euskara lantzea izanik, eta orain arte xakeari buruz ez dela ezer egin ikusirik, hau euskararen arlora eramatea pentsatu genuen […] Oztopo handiak izan ditugu lan hau osatzeko. Alde batetik, ez genuen inongo terminologiarik euskaraz, eta bestetik, gauden egoeran egonik ez dugu hau leku egokiena ikerketarako».

Aldi berean, 1981ean, Carabanchelen pilatzen zihoazen euskal presoak, sartu berriak nahiz epaiketara edo izapideak egitera eramanak. Han, zeldetan, lehenengo mailatik ikasten hasi ziren batzuk, alfabetatzen beste batzuk…

Puerto de Santa Maria

1981eko uztailean eskola haiek Puerto de Santa Mariako kartzela berrira lekualdatu ziren. Miaketak egunero, zigorrak, probokazioak… hango bizimoduaren ezaugarri ziren. Giro itogarri hartan ondu zituen Joseba Sarrionandiak “Galtzetan gordetzeko koblak”, Ruper Ordorikak musikatu eta abestuak: «Argi gabe ari nauzu giltzapean koblatan/ Oinazea bisitari gogoaren zainetan/ Zaindariak paper bila ari dira zeldetan/ Erdu eta to zuretzat gorde itzazu galtzetan». Eta kartzela berean eta garai bertsuan sortu zuen “Territorio librea” poema ezaguna ere. Euskara zen kartzeleroen entzumenetik ihes egiteko modu bakarra.

Egun osoa patioan ematen zuten, iluntzean telebista gelara sartu arte. Jarduera gehienak, euskara eskolak barne, beraz, patioko bazterretan egiten zituzten; zeldan liburu bi baino gehiago edukitzea debekatuta zegoen, eta gutunak astebetetsuko epean iristea nahi bazuten, gaztelaniaz idatzi beharra zegoen; bestela, itzultzera bidaltzen zituzten eta haien bidaia hainbat astez luzatzen zen, iristekotan.

Han ere euskara maila guztietako taldeak zeuden, D Titulua zelakoraino –artean ez zegoen EGArik–, baina fonetika, euskalkiak, literatura eta bestelako ikastaroak ere antolatzen zituzten.

Herrera de la Mancha

1983. urtearen amaiera aldera, Puertoko presondegian zeuden preso guztiak Herrera de la Manchako espetxera eraman zituzten. Modulu batean sartu zituzten, eta luze gabe beste bi bete zituzten Alcalatik eramandako lagunekin.

Herrerako bizi baldintzak ere ez ziren samurrak, eta debekuak nagusi. «Liburutegian» ematen zituzten eskolak, presoen liburuez betetako apalategi metaliko bat zegoen gela handian, alegia, edo jantokian. Han ere maila guztietako ikastaroak egiten zituzten, baita bestelako ikasketak ere, hala nola Ingelesa, Ekonomia, Historia, Psikologia… Izan ere, gero eta jende gehiago matrikulatzen zen EHUn. Ikasle gehien biltzen zituzten karrerak Kazetaritza eta, harritzekoa ez dena, Euskal Filologia ziren.

Herreran hainbat lagunek lortu zuen gero EGAren baliokide izan zen D Titulua eta, ondoren, B Titulua izenekoa. «Literatur zaletasuna, euskararekiko kezka eta eztabaidak, ikastaroak, eguneroko jardunean bizi-bizi zeuden sasoi hartako Herreran…», dio Urainek.

Edonola ere, ez zen erraza gutxieneko normaltasunarekin ikastea. Baldintza haietan eta ohiko borrokak –gose grebak, plantoak, egunean eguneko istiluak…– eta etengabe beteta egoten ziren zigor ziegek ez zuten ez ikasteko ez ezertarako girorik aproposena sortzen laguntzen. 1984an egin zuten txapeo luzean bakarka ikasten jarraitu zuten, eta baziren eskolak leihotik leihora ematen zituztenak ere.

Jende asko alfabetatu zen Herreran ere, eta hala gogoratzen du Urainek: «Hantxe prestatu ginen EGA azterketa egiteko; euskaraz normaltasun apur batekin idazten ere –asteroko eskutitzak eta abar– hantxe hasi ginen batzuk». Eta eskutitzak idazteak ere bazuen bere alde txarra, denak zentsuratzen baitzituzten, eta euskarazkoek, gainera, hilabete bat baino gehiagoan iristeko edo are inoiz ez iristeko arriskua zuten. Zenbait hilabetez gaztelaniaz idatzi gabe egon ziren, euskarazko eskutitzak iristeko gehienezko epe bat jartzea lortu arte.

Nonbait ere, esandako kartzelak dira euskal preso politikoak izan direnik esanguratsuenak, kolektiboaren parterik handiena izan den aldetik. Baina ez dago esan beharrik aldi berean emakumeek, Yeserias eta Carabanchelen zirela, antzeko bizi-baldintzen pean izan eta ikasteko oztopo berak zituztela. Baita Estatu frantseseko espetxeetan zeudenei dagokienez ere; horiek, gainera, beti kartzela gehiagotan barreiatuta.

Sakabanatuta, are okerrago

1987an hasita, urte bi geroago orokortu zen sakabanatzea. Hainbat kartzelatan, moduluetan barreiatuta, ziegetan bakartuta… 2002tik euskal preso askok “Ataramiñe” koadernoetan argitaratzen dituzte beren poemak, bertsoak, narrazioak, marrazkiak eta eskulanen argazkiak; horiek ikusita, hara zeri erreparatu zion Urainek: «‘Ataramiñe’ hauetan bakardadeak askoz leku handiagoa du urruntasunak baino».

XXI. mendearen hasieran, 2003an, hain zuzen, espetxe sistema aurrerakoienen pare, nonbait, euskal preso politikoei EHUn matrikulatzea debekatu zieten eta, horrenbestez, baita ikasketak euskaraz egitea ere.

Berez zaila da kartzelan ikastea, are zailago baldintza horietan, salbuespenaren oztopoen aurka. Oztopo horiek arintzeko asmoz abiatu zuen irakasle talde batek ekimen bat, presondegietako ikasleek, dagozkien eskubideak errespetatuta, beren ikas prozesua aurrera eraman dezaten.

«EUSKARAK ONGIA DEZAN ONGARRITU GAIZKIAN»

Ibon Muñoa eibartarrak 20 urte eman zituen Espainiako kartzeletan. Urrunduta, bakartuta. Bere larruan ezagutu ditu giltzapean ikasteko oztopoak. Joan den abenduan, euskal presoei eskolak ematen dizkieten irakasleekin eta beste zenbait preso ohirekin batera izan zen Durangoko Udal Euskaltegian, presoek euskaraz ikasteko eskubidearen alde, berak oztopoz beterik egin zuen bidea normaltasunez egiteko aukera izan dezaten.

Beste ikasketa batzuen artean, EGA azterketa gainditu zuen espetxean, eta zortziko zaharrean kontatu du presoen euskara irakasleen lanaren eta eskakizunen berri. Bere burua idazletzat ez duen preso ohi honek zazpi liburu idatzi ditu espetxean, poemak eta bertso jarriak, milatik gora bertso sorta. Hona 1137.a.

EGA kartzelan lortu nuen

1. Bi mila (e)ta hiruan zen kartzeletan gertatu,
EHUtik gintuen Aznarrek kanporatu,
maltzurki zigun euskaraz ikastea ukatu,
EGA proba egiteko desira deuseztatu.

2. Etxeratek EGA zigun berriz maitez opatu,
HABEgaz plana duela hiru urte gauzatu,
kide batzuek genuen aukera baliatu,
adoretsu arituta ametsa loreztatu.

3. EGA azterketa nuen Kordoban aprobatu,
Ainhoari esker zinez egokiro prestatu,
etengabe ziren gure gutunak gurutzatu,
ezina zirudiena genuen eskuratu.

4. Ainhoa izan zelako gutunekin itzala,
poliki sentitu nuen azterketan ahala,
nahiz hasieran burua sumatu lar makala,
jakintza landuz izan zen emaitza kolosala.

5. Azterketaren lekuko bi irakasle alai,
bizkaitarrak heldu ziren Puertotik zirraraz blai,
zintzo esan ziotenez konpromisoari bai,
irribarrez izan ziren ni motibatzeko gai.

6. Euskara irakasleek itua kartzeletan,
presoek goza dezaten ondarea ziegetan,
jakinduria bidaliz hamaika gutunetan,
ederki aurkeztutako mila ariketetan.

7. Argiro dut Euskararen Egunean salatu,
kartzelak beti duela altxorra mespretxatu,
Jaurlaritzari nahi diot duda barik eskatu,
presoen euskalduntzea dezala kudeatu.

8. Durangon elkartu gara Udal Euskaltegian,
gure nahi onak jartzeko kartzeletan abian,
euskarak ongia dezan ongarritu gaizkian,
presorik gabe gaitezen bizi Euskal Herrian.

Share

Mixel Etxekopar, ‘Musikartzela’

2022 28 urtarrila

Musikartzela
Mixel Etxekopar
ZTK argitaletxea
Baigorri, 2022

2008az geroztik Mixel Etxekopar musikari Lannemezango presondegira joan etorrian izan da, Didier Agerre preso politiko pagolarrak txirula jotzen irakastea eskatu ziolako. Hala, urte askotako bisitetan bizi izandakoak Musikartzela liburuan bildu ditu.

→ xiberokobotza.org: Musikartzela, Lannemezango presontegiko bisiten kroniken bildüma

→ Spotify – France Bleu Pays Basque: ‘Musikartzela’ liburua

→ argia.eus: Musikartzela, Lannemezango presondegiko bisiten kroniken bilduma

→ naiz.eus: «Musikartzela», presondegi barruko doinua hitzez bildua

• • • • •

Share

Antonio Gramsci, ‘Kartzelako gutunak’

2022 11 urtarrila

Kartzelako gutunak
Antonio Gramsci
Itzultzailea: Ekaitz Sirvent
Katakrak, 2021
21×14 cm
460 orrialde

→ Liburua hemen eros daiteke: katakrak.net

→ katakrak.net: «Kartzelako gutunak»en Argitaletxearen oharra

→ zarauzkohitza.eus: Gramsciren ‘Kartzelako gutunak’ euskaratu du Ekaitz Sirventek

→ euskadi irratia: Antonio Gramsciren «Kartzelako gutunak»

→ berria.eus: Preso denaren kezkak, gutun azaletan bilduak

→ naiz.eus: Gramsciren barne mundua azaltzen duten idatzi intimoak

 

 

 

→ katakrak.net: Kartzelako gutunak

«7an iritsi nintzen Usticara eta 8an jaso nuen 3ko zure gutuna. Beste eskutitz batzuetan deskribatuko dizkizut bidaiako inpresio guztiak, nire buruan oroitzapenak eta zirrarak ordenatzen direnean, eta nekeetatik eta lo galduetatik atseden hartzen dudanean. Bidaia-egoera bereziak aparte utzita —ulertuko duzu ez dela oso erosoa gizon sendo batentzat ere tren espres batean orduak eta orduak ematea, ezta ontzi batean bilurrak ipinita eta burkideen eskumuturretara lotzen zaituzten kate bati lotuta egotea ere—; bidaia bera oso interesgarria eta aberatsa izan zen, era askotako arrazoiengatik, batzuk Shakespearen duinak eta beste batzuk jostirudizkoak. Ez dakit gai izango naizen, adibidez, Napolitik honanzko bidaian gertatu zen pasadizo bat, izaki zoologiko fantasmagorikoz gainezka zegoen egundoko kamarote batean gertatua, gogoratzeko. Uste dut Hamleten ehorzlearen agerraldia baizik ezin pareka daitekeela harekin».


Antonio Gramsci, Kartzelako gutunak

«Gramsciren ‘intelektualak’ zentzu zabala du. Langilea ere intelektual da, bizitzaren eta lanaren ikuskera intelektual bat errepresentatzen duena, intelektualaren funtzioaz ez jardun arren gizartean. Leninen aldean, esate baterako, Gramsciren azterketetan atentzioa ematen du gizarteak beti gordetzen duen batasunak. Ez dira ikusten, proletalgoa hemen, laborariak han, hor intelektualak, etab., molekularki pikatuta gizartea. Harreman sare bizi bat da gizartea, Alderditar guztiak dira, batez ere, intelektualak, edozein langile baino gehiago, beren bizitzaz eta ekintzaz besteak hezitzeko burutzen duten lan pedagogikoaz. ».


Joxe Azurmendi, Jakin aldizkaria 1977

Share

Zigor Olabarria, ‘Txori Urdinak’

2022 11 urtarrila

Txori urdinak
Espetxearen erretratu bat Santi Cobos presoaren ahotik
Zigor Olabarria Oleaga
Argia, 2021
130×200 mm
212 orrialde

→ liburua hemen eros daiteke: Argia Azoka

argia.eus: Txori urdinak

Santi Cobosek (Leon, Gaztela, 1968) bizitzaren erdia eman du preso. Pairatu ditu torturak, jipoiak, muturreko isolamendua, FIES sailkapena; burutu ditu hamaika protesta eta ihesaldi saiakera, bahitu ditu funtzionarioak eta poliziak. Bidean, Euskal Herriarekin adiskidetu da. Gordinkeria, umorea, gorrotoa, samurtasuna, hausnarketa nahasten dira Santiren lekukotasunean; bere bizipenez harago, espetxe-sistema ezagutzeko kontakizuna da berea.buru honetan, harek kontatua

Zigor Olabarria Oleaga (Gasteiz, 1977) Kazetaritza lanean aritzen da ARGIAn. Kartzelarekiko eta kultura punitiboarekiko kezka aspalditik datorkio, espetxeen aurkako eta preso sozial zein politikoen aldeko mugimenduetan aritua da. Liburuaren oinarrian dauden elkarrizketa saio luzeak 2020ko azaroan eta abenduan izan zituzten Olabarriak eta Cobosek, kalean, Cobos baldintzapeko askatasunean zela. Azken detaileak bisita eta gutunen bidez zehaztu dituzte, 2021eko ekainetik, ezustean, Cobos espetxean baita berriro ere.

→ argia.eus: ‘Txori urdinak’ liburua aurkeztu du ARGIAk Gasteizen 
→ argia.eus: «Santi Cobos: “Txori urdina, kaiolan bai, baina txoria”»
→ argia.eus: Zigor Olabarria Oleaga: “Preso sozial eta politikoen arteko zubiei balioa ematen die Santi Cobosek”
→ naiz.eus/gaur8: Zigor Olabarria Oleaga: «Ni ere, kalean, gogortu egiten naiz bizirauteko»

Share
Mezu zaharragoak »