Inongo lekuak, Joseba Sarrionandia

2018, 10 uztaila

Herrijeri Eman Arnasa (HEA) elkarteak argitara eman du Lurra sustraietatik orri liburua Zaldiarri bildumako 9 zenbakiarekin.

Aurten, Lurra sustraietatik orri lelopean, uztailaren 13tik 15era egingo dira Eako Poesia Egunak

49 idazleren poema eta Erramun Landaren grabatu bilduma jasotzen duen liburua osorik PDF formatuan eskuratu daiteke sarean.

Liburuxka bera paperean salgai izango da egunotan Ean, Erramunen grabatuak koloretan inprimatua.

Inongo lekuak

Geratu egiten gara ala joan.

Halaere, geratzen garenean ez gara
apur bat joaten?
Eta joaten garenean ez gara
geratu egiten?

Hemen, geratu eta joan egiten gara?
Ala honuntz gatoz oraindik?
Eta hara ailegatzean, hona itzultzeko
ala harantzago abiatzeko da?

Handik etortzean, han geratu ginen?
Hemen geratzean
hemen geratzen gara? Hemendik joaterakoan
hara itzuliko gara?

Joatea itzultzea da beti? Egundo egon
gabeko lekura itzuliko gara?
Eta itzultzea harantzago joatea
besterik ez bada?

Geratzen denak betirako geratzen dela
pentsa dezake?
Ezinbestekoa da abiatzea eta
ailegatu ezinean geratzea?

Abiatzen dena ez da egundo inon
geratuko?
Ala itzuliko da? Baina, itzultzen dena
abiatu zen lekura itzultzen da ala?

Joseba Sarrionandia (1995)

Share

Iruzkinak