Ibon Muñoa “UDABERRIAN BIZIKO GARA” liburuaren aurkezpenean
2017, 13 abendua
Atzo aurkeztu genuen Ibon Muñoaren Udaberrian biziko gara liburua Eibarren, Beleko tabernako giro epelean. Argazki kolektiboa eskaileretan egin eta Ixidroren ahotsera bildu ginen denok, taberna beteta, aurkezpenaren lerroetara: Jokinen bertsolari gazteak Ibonen eta bertan ginenon lotura emozionala egin zuen hiru bertsotan; Mitxelek Ataramiñeren ildoan jarri zuen Ibonen idazteko zeregina, Ibonek bertsoetan sortzen duela bizitza esan zuen, ametsen txokoan jarri eta kartzelaldiak eragindako oroipen, desio eta hausnarketak bertsoetan antolatu eta bere buruarekin eta inguruarekin komunikatzeko erabiltzen dituela. Ataramiñeren zeregin kolektiboa azpimarratu zuen eta presoen lanak kaleratzearekin presoak beraiek kaleratzen ez baditugu ere, hurbildu eta gure artera ekartzen dugula, presoaren mundua osatuz, inguruarekin bat eginez, zirkulua zabaldu eta oinarri emozionalaren bizitza sortzen dugula horrela. Trunboik bertso bat eskaini zigun. Amaiak, liburuko hitzaurrea egitea beretzat azkenean ohorea izan dela esan zuen, eta liburua irakurtzen idazle on bat aurkitu duela azpimarratu zuen, Ibonek aurkezpenerako bidalitako testua irakurri aurretik. Isidrok ahots ozenaz kantatu zigun, besteren artean “idatzi nahi badidazu, badakizu non nagoen”, Iboni gutunak idazteak duen balioa gogoratuz bide batez. Maitek Itsas ontzi baten kanta egin zuen bere estilo sarkorrean, “etorriko naiz, egunen baten, pozez kantari”. Amaitzeko #OrainPresoak leloa ekarri genuen gogora, mobilizatzeko deialdia, Pariseko eta urtarrilean Bilbon egingo den mobilizazioen gogoetekin, tabernako argiak piztu eta pintxo, ardau eta garagardo hainbatekin gauean sartzen joan ginen, liburuarekin besapean etxeko bidean, Ibonen lerroetatik amets egiten. Mertsi, Ibon!
UDABERRIAN BIZIKO GARA liburuaren aurkezpenerako
Eskerrik asko aurkezpenera etortzeagatik.
Nire esker ona Ataramiñeri liburu hau argitaratu didalako. Eta baita ere gerturatu zaretenoi eta aurreko liburuak zabaltzen edo koadernatzen aritu zaretenoi.
Udaberrian jaio eta maitemindu nintzelako, niretzat aro hau betidanik garrantzitsua izan da. Bestalde, udaberria pizkundea da. Natura berriztu eta loratzen du. Berarekin egunak luzatzen dira; Bihotzak pilpiratzen; Bizinahia handitzen zaigu; Neguko ajeak osatzen zaizkigu; Arinago ibiltzen gara.
Udaberria sorkuntzaren lehengai bat da. Nahiz toki batzuetan ez duten udaberria ezagutzen (arbasoentzat uda eta negua baino ez ziren existitzen), antzerako sentimenduak sentitzen ditugu. Geurean edozein artistarentzat udaberria etorri edo musa da.
Udaberriak zuzenean Euskal Herrira eramaten nau. Eibarrera. Arratera. Eta bere xarmak xaxatzen nau gizatasunaz, elkartasunaz, feminismoaz, aberriaz… idatz dezadan. Errepresioa, euskararen egoera, migratzaileen sufrimendua… sala dezadan. Maitasuna eta izadia gora ditzadan.
Kartzelan udaberriaren argia eta tenperatura epela eskertzen ditugu. Horri esker hormatxoriek alaitzen gaituzte. Enarek hegaldiekin liluratzen.
Niretzat udaberria Euskal Herriko askatasunaren metafora da ere. Gatazkaren konponketarena. Aurten udaberriak Baionan bakearen artisauen eta erakundearen emozioaren momentua eskaini digu. Halaber, Korrikarena; Aberri Egunarena; Maiatzaren Lehenarena.
Udaberri, udalehen bedatso, primadera… izen politak jaso ditu bizitza delako. Geurean borroka gaitezen udaberria urtaro bakarra izan dadin. Hola gure herria loratuko da. “Udaberrian biziko gara”.
Sorkuntzak gustura irakur itzazuela opa dizuet.
Eskerrik asko zuen arretagatik.
Maitasunez agurtzen zaituztet.
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta, Kordobako espetxean gatibu.
P.S.
DEDIKATORIA: Gure udaberriari, euskal iheslari, preso eta gaixoei, bakearen artisauei eta elkarbizitzari.
Ibonen kartzelako egoeraz
Kartzelan 2000. urteko urriaren 21etik nago (urriaren 17an atxilotu ninduten). 2014. urteko martxoaren 21etik Kordobako espetxean nago 15. moduluan (isolamenduan). 2020. urteko urriaren 11n libre geratuko naiz.
Nire erregimena, hau da, kartzelako sailkapena 91.2 da. Hemen gauden gainerako kideak bezala FIES arautegia ezarrita daukat.
Hemen gauden kideak bi galeriatan banatuta gaude. Ni patiora 2. galerian nirekin dauden Lesakako Igor Portu eta Trapagaraneko Oskar Calabozorekin ateratzen naiz. Beste galerian sei kide daude. Bisiten egunetan izaten dugu eurekin eta emakumeen moduluan dagoen kidearekin hitz egiteko aukera.
FIES arautegiaren menpe gaudenez, geure bizi-baldintzak bigarren gradutako modulukoak baino txarragoak dira. Hemen seguritatea eskubideen gainetik dago. Patiora egunero ateratzeko eskubidea dugu (lau ordu egunero), eta kirol gelara asteko bi egunetan (aldi bakotzean gutxi borabehera lau ordu).
Patioa luze zabalean txikia da (24x10m) eta kirol gela berriz (12 x 8m), zoritxarrez kirol ariketak egiteko baliabide gutxi dauzka. Dena dela, moldatzen gara.
Ziegan ematen ditugu eguneroko gainerako orduak, 20 ordu.
Mintzalekuak erosoak diren arren batzuetan zailtasunak izaten ditut lagunen hitzak entzuteko. Bisitak 40 minutu irauten ditu. Zapaturo goizeko hamarretan hasten da.
Aurrez-aurreak ordu bat eta erdi irauten dute. Ia beti zapatuetan goizeko bederatzitan egiten ditut. Etxekoak zein lagunak (hauek mintzalekuetara etor daitezke bakarrik) aldi gehienetan Mirentxin furgonetan etortzen dira.
Komunikazio guztiak interbenituta ditut (bisitak eta telefono deiak). Gutunak berriz (bidalitakoak eta jasotakoak) Madrilek oniritzia eman arte erretenitzen dizkidate (hiruzpalau aste). Astero bi gutun bidal ditzaket. Baina hiru arazo barik bidaltzen ditut. Astero 5 minutuko zortzi dei egiteko eskubidea daukat.
Ziega erosoa da dutxa daukadalako. Bestalde, balda asko eta mahai handi samarra dut. Komuna eta konketa metalikoak dira. Ziegako gauzarik txarrena leihoa da, sei barrote edukitzeaz gain, burdin sare bat ezarrita duelako. Bestalde, leihotik bost metrora horma bat dago. Hori dela eta, ziega egun motzen garaian oso hotza da.
Ziegan ezin ditugu eduki bizarra egiteko aitzurrak, eta ezta poto metalikorik ere. Edo erratzaren kirtena. Azken hau eta aitzurrak (orraziak eta azazkala mozteko tresna) gosarian ekarri eta ondoren eramaten dizkigute. Atun poto bat, edo garagardo bat, edalontzi edo plater zerbitzatzen dizkigute bazkaltzeko edo afaltzeko orduan. Bestalde, patiora ura atera dezakegu bakarrik. Bertara kafea ekartzen digute.
Espetxezainen nortasunaren arabera ziegatik atera eta sartzerakoan ondasunen araketak zorrotzagoak izaten dira. Eta baita ere bizi-baldintzak.
Euskal Herritik urrun nagoenez asteburuan urduri egoten naiz jakin arte gu bisitatzera datozen senide eta lagunak onik iritsi eta itzuli diren.
Estresa da etsairik txarrena. Ni beste kide batzuek bezala espetxearen diziplinaren eraginez estresatzen naiz. Espetxezain batzuk lanera baino izorratzera etortzen direnez, egun horietan giroa eskasa izaten da. Preso arrunta batzuekin ere estresatzen naiz. Isolamenduan dauden gehienak psikologikoki gaixorik daudenez, eta menpekotasun asko dituztenez, noizbehinka, euren arteko borrokak ikusten ditugu. Eta ziegan gaudenean euren arteko zaratak eta irainak entzuten.
Iazko abendutik nago zain ospitalera eraman nazaten eskuineko ingilinalean daukadan etena ikus diezadaten. Zaballan, Osakidetzak duenez gu artatzeko ardura, ziur aski nire osasuna hobeto zainduko nuke.
Hemen ezin ditut entzun eta ikus-entzun, Euskal Herriko irratiak eta telebistak. Hemen gaztelaniaz bakarrik entzun eta ikus ditzaket komunikabide horiek. Eta, gainera, albisteak euskaraz ezin entzuteaz gain, geure herriko jendartearen kultura, politika, kirola eta ekonomiako gorabeherak ezin ditut bat batean jarraitu. Bestalde, Gara eta Berria egunkariak bataz beste bost eguneko atzerapenarekin jasotzen ditugu. Jaiki Hadiko psikologo, haginlari eta medikuak debekatuta daukate gu ikustera etortzea. Dena dela, sakabanaketaren eraginez ez da erraza gu gauden kartzela guztietara iristerik.
Abokatuei buruz beste horrenbeste esan dezaket. Eta gainera, ziur aski, laster epaituko dituztenez auzi makro horietako batean ia ezinezkoa egingo zaie gu ikustera etortzea.
Nik gaur egun, ikasten ez nabilen arren, ikusten dut kideak zelako zailtasunak dituzten ganoraz ikasteko, zeren, euren tutoreekin ezin dira elkartu azterketaren eguna arte. Eta bakarrik izan dezakete urtean zehar harremana eurekin gutunen edo etxekoen bitartez.
Ahaztu zait aipatzea, espetxe honetan zailtasunak ditudala bigarren gradua lortzeko, egin beharreko bidea egiteko. Espetxeko zuzendaritzak edo hobeto esanda erregimenaren zuzendari ordeak ukatu dit egindako ikasketen, ikastaroen, eskulanen eta horri esker lortutako merituzko orriak eskuratzea.
Zaintzako Epailearengana jotzeko esan dit. Bestalde, espetxe honetako zuzendaritzakoentzat badirudi orain dela sei urte ez zela ezer gertatu (urriaren 17an Aieten, eta urriaren 20an, Erakundearen erabakia borroka armatua behin betiko lagatzea). Ukatzen diguten bakoitzean aurrez aurre, mintzaleku eta gutunetan esan eta idazten ditugunak ez diezazkigutela graba edo irakur, dioskute orain dela hamar urte zioten gauza bera. Eta berdina gertatzen da dioskutenean 91.2 kartzela arautegiko sailkapenean darraigula. Adibidez, lehergailuak jarri eta pertsonak hiltzen duen erakunde bateko partaide garela. Edo, ez dugula inolako aldaketarik gure ideiei dagokienez. Berriki esan didate lehen graduan jarraituko dudala besteak beste, isuna oraindik ez dudalako ordaindu.
Pentsatzen dut kalean egiten dituguzen manifa, elkarteratze eta gainerako ekimenez gain, gure egoera hobetuko dela indar metaketa handitzen badugu, eta horren ondorioz gerta daitezkeen erabaki politikoen bitartez.
IBON MUÑOA ARIZMENDIARRIETA
Kordoba, 2017ko azaroa