Ataramiñe’17

2017, 20 azaroa

Ataramiñe’17
Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak
2017
Neurriak: 15 x 21 zm.
163 orrialde.
Azaleko irudia: Itziar Moreno

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk


Aurkibidea

Ataramiñe Hitzaurrea
Karlos Cristobal Martinez Bidaia
Aletxu Zobaran Arriola Poemak eta beste
Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre Poemak
Fernando Alonso Abad Crisis en Sabin Etxea
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta Bertsoak
Lasarte-Oriako VII. Errezitaldia Zentroa eta periferia
-Aitzol Iriondo Iarza Zentroa eta periferia
-Jabi Gallaga Ruiz Gutuna
-Olatz Lasagabaster Anza 1984. 2016. Waswalito. Alacant
-Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre Bazterreko ahotsak
Marrazkiak
-Mikel Orbegozo Etxarri
-Itziar Moreno Martinez
-Sergio Polo Escobes
-Oier Andueza Antxia

Hitzaurrea

“Seacliffeko ospitalean eman nituen sei asteak, inoiz izango zenik ere uste ez nuen leku hartan, zoramenaren izugarrikeriaren ikasgai laburtu bat izan ziren. Han igarotako lehen uneetatik jakin nuen ezingo nintzela itzuli nire usuko bizitzara, ezingo nuela ahaztu ikusitakoa. Beste eraikin batzuetan bakartutako jendeek ez zuten izenik, ez iraganik, ez etorkizunik, giltzapetutako oraina besterik. Orain-lur betierekoa, ortzemugarik gabea.”

Janet Paterson Frame idazle zeelandaberritarraren hitzak dira hauek, bera ez zuten espetxeratu, ospitalean ingresatu baizik. Berrogeita hamarreko hamarkada aldera izaeraren desorekak elektroshock kolpeka osatu zitezkeela uste zen. Janet Patersonen amak alaba lobotomia bidez zentzatzea espero zuen, baina buru ebakuntzaren zain zegoela, Janetek izkutuan idatzitako “Lagoon” liburuak Zeelanda Berriko literatur sari nagusia, Hubert Churh Memorial Prizea, irabazi eta buru garbiketatik libratu zen. Idatzitako hitz bakoizak heriotza mentaletik urrundu zuen, ebakuntzaren (eta amaren erabakiaren!) aurka erlojupeko lasterketan buru garbiketatik libratzeko bide bakarra izan zuen: idaztea.

Bilduma honetan elkartu diren sortzaileak ez daude ospitale psikiatriko batean ingresatuak espetxean baizik. Dena den, Erving Goffmanen “instituzio total”aren nozioari helduta, espetxean ere bertan atxikia dagoenaren bizitza da erabat eta orobat neurtu, ebaluatu eta “zuzendua”. Bizitzaren ertz guztiak irensten dituen munstro bezala irudikatu litezke bata zein bestea. Janet Paterson, ozta-ozta iskin egingo zion lobotomia batetara kondenatua zegoen, espetxean dagoenaren patua lobotomia izan ez arren, pertsonaren izaeraren desartikulazio goitik beherako bati lotua dago. Espetxeak hiltzen du eta Euskal Herrian baieztapen honen adibide zoritxarrekoak ez dira falta, bilduma honetan bertan, bere kontrazalean ageri zaigun Kepa del Hoyo azkena. “Kausa naturala” egotzi izan da halako kasutan, baina Mikel Antzaren “Ametsak ere zain” liburuko zenbait hitzen oihartzuna gurera ekarriz, azter ezazue gorpua, hiltzaileen izenak bere baitan tatuatuta daramatzanez.

Espetxean zail da ezer kasualitate izatea, kausalitate segida makabro bat akaso, dinamika instituzional eta instituzionalizanteak ezinbestean garamatzan emaitza definitiboa. Hala irudika dezakegu presoa espetxean, esnatzen den unetik beretik batailara salto eginez. Herio betezko patuari aurre egiteko estrategiak asmatuz, biziraungo badu. Joseba Sarrionandiaren letra zenbait oroimenera ekarriz, “barnean dudan mundua ez da barnean naukan gelan kabitzen”. Sorkuntza, dela letrazkoa, irudizkoa, hari, harri edo egur tailatuzkoa, aipatzen den “barne mundu” hori elikatzeko bitartekoa izan bada. Hain zuzen, mundu guztiak kabitu litezkeen norbere baita zaintzeko bitartekoa dugunez sorkuntza. Zer esanik ez espetxeari dagokionean. Burdin elorri arantzez zedarritutako zerumugaz haratago joan nahi izanez gero, espetxeratuak bere baitara begiratzen du, perspektiba zabalago baten bila.

Ikuspegia zabaltzeko, bizirauteko estrategien bilduma txiki bat duzu esku artean. Askotarikoa, bakoitzak bere bidea egin behar duenez. Hain zuzen, preso haina espetxe daudela esan liteke, arrakalatzen dena norbere baita propioa izan badenez. Hartara, preso-sortzaile bakoitzari bere estrategia dario. Berebizikoa deritzogu estrategia hauen ikustaraztea, barrote artean arnastuz borrokan dagoen kide bakoitzaren ahaleginari omenalditxo bat, goraipatze bat egiteko bilduma. (Espetxetik kanpo dagoen) Irakurleak, akaso, topa lezake lerro artean irrifar, malko, hortz estutze erabilgarriren bat. Ezin ahantzi baitezakegu, gaur egun, araua, instituzioa, ordena, burdin arantzez mugatutako espaziotik haratago zabaltzen dela.

Ongi etorri beraz, murruko arrakalen plazatxo honetara.

Share

Iruzkinak