Ibon Muñoa, “Udaberrian biziko gara”

2017, 20 azaroa

Udaberrian biziko gara
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta
Ataramiñe, 2017
Bertsoak
Neurriak: 10,5 x 15 zm.
330 orrialde.
Azaleko irudia:
Mitxel Zarrabe
Hitzaurrea: Amaia Ereñaga

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

IBONEK IREKI DIZKIGUN LEIHOAK

Aspaldidanik ezagutzen dugu elkar, baina, sinistu egidazue, inoiz ez nuen esango Ibon Muñoa poeta zenik. “Eta zuk poeta bati sen hori nola sumatzen diozu barren?”, galdetuko didazue. Bueno, aitor dezadan, itxurakerietan ez badabil –eta hori ez da Ibonen estiloa –, musuan ez zaio igartzen, ezta ibilketan edo jendearen aurrean berba egiten duenean ere, demagun enkartelada baten ostean edo udal batzar baten aurrean. Poeta batek ez darama bizkarrean «Hitz lauz eta neurritzetan berba egin eta idazten dut» edo antzeko zerbait dioen mezua zintzilikaturik. Agian, bere sare sozialeko egoeran zerbait aipatuko luke… baina, tamalez, Ibonen ziegaraino ez da Internetik iristen. Presoak hirugarren mundu paralelo batean mantentzen dituzte. Horri aurre egiteko, leiho mentalak irekitzen dituzte.

Kartzelatu aurretik Ibonek bakartasunean bertsoak lotzea gustuko ote zituen galdera sortu zitzaidan bere lehenengo liburua esku artean izan nuenean. Bertsozalea izan da betidanik nik uste, euskaltzalea dudarik gabe eta, nire iruditeria propioan, 60-80ko hamarkadetako Eibar industrializatu, itsusi, bizi eta, zergatik ez, maitatuan aurki zitezkeen azken mohikanoen tribuko indioa. Eibartar euskaldun indioa, alegia. Ez baitzen ohikoa herri armagineko euskara ederra entzutea –eta aldarrikatzea komeniko litzaiguke, nahiz eta “bentania” eta antzekoekin barregarri utzi nahi izan duten beti– erdal giroaz blaitutako kale, fabrika, eskola eta taberna haietan.

Juan Mari Narbaizaren (1949-2016) bertso batzuk aurkitu ditut horren inguruan. Seguruenik Eibarrek eman duen plazako bertsolari bakarrari Jose Luis Gorrotxategi osintxuarrak puntu hau jarri zion behin: “Bizkai edo Gipuzku, Eibar zer diagu?”, bota zion Gorrotxategik, eta makina bat urtetan Arrateko jaietan entzun dugun bertsolari bizi eta alai hark honela erantzun zion:

“Garbi esan geuk ere ez zekiagu.
Mendi tarte batean uda eta negu
kalez ez gaituk noski askorik zabaldu
industria salbu, nahiz soroak galdu
baserriak a(ha)ldu, kinkiak ugaldu
dagonean gastatzen bazekiagu.
Bizkaiako giputxak igual gaituk gu”.

Eta hori esanda, helduko diogu esku artean daukazuen liburuari. Ibon Muñoak kaleratu duen laugarrena da, eta, nire ustez, lauren artean biribilena, sakonena, benetakoena, gizon eta idazle modura egin duen ibilbidearen isla. Olerki eta bertso idatziz osatuta, Udaberrian biziko gara 2015eko udaberrian hasten da, ekainean zehazki, eta ia urte eta erdiko bidaia egin ondoren, 2017ko urtarrileko helmugara garamatza. Data zehatz batera, hots, “Ia hamazazpi, urte deserrian, dispertsioan, zoru sikuan” bete dituenean.

Baina zergatik udaberria?

“Ziegan bizigura zait
neguan eskasten,
uste ustelak dizkit
irriak ebasten,
pentsamenduan dira
asmoak lardasten,
udaberrian aldiz
ideiak arazten,
sentiera hasten da
orduan arnasten”.

Esperantzaz bustitako gerezien denbora Kordoba udatiarraren bero ustelean urtzen da, udazkeneko herriminak manta baten azpian uxatu nahi den neguko hotzean izozten dira. Urtaroen zikloak aurrera darrai, bizitza ziklikoa baita. Aldiz, denbora lineala da, batez ere gatibu daudenentzat.

“Lurrak biraka darrai ortzian
espetxean zaudenean,
kideak esan zidan umorez
etxartean geundenean,
iruzkinari erantzun nion
trostan ari nintzenean,
‘ez da erraza konturatzea
murrutzar hauen barnean,
zu zarenean egon etzanda
urtetan oroimenean,
bihar maiteaz orduko xarma
piztea nahi duzunean’”.

Linealtasun horren aurka borrokatzen ari da etengabe Muñoa letra hauetan. Atzera eta aurrera dihardu: orain, iraganera zabaltzen duen leiho batetik arnasa hartuz; ondoren, munduan gertatzen ari diren gertakizunei bere talaia bakartitik begiratuz, eta oro har urruti eta gertu duen Euskal Herri amestua begi bistatik galdu barik. Eta beti, baina beti, sabai-leihoetatik laprast egiten duten sentimenduak nonahi ageri dira. Garratz, goxo, zintzo, sakon, mingarri.

«Sentimenduak letretan islatzen ditut» argitzen digu. Bertso eta olerki egituran zabaldu dituen leiho mental horietatik begiratzera gonbidatzen gaitu idazleak.

“Bedatseak dakarkit
naroki onura,
zuzen eramaten nau
desiren zorura,
egoki sendatzen dit
hotzaren malura,
gorputzari eskaintzen
dio estaldura,
horri esker ziegan zait
lurruntzen tristura,
kartzelak eragiten
duen arrangura”

Ataramiñe argitaletxearen aurkezpenerako egin zuen hausnarketan irakurri diot Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarrari seguruenik euskal preso politikoena izango dela “gure gizartean kolektiborik idazletza eta irakurketari emanena, eta euskaldunduena ere bai bidenabar esanda”. Horren adibide ospetsuena Joseba Sarrionandia izan daiteke. Han eta hemen arakatzen, Ibonek zabaldutako leihoak buruan bueltaka nituen arratsalde batean, Interneteko leihotik Sarriri beste kide batek egin zion elkarrizketa agertu zitzaidan. Elkarrizketa berezia zen, Herrerako kartzelan zeudelako biak gatibu.

1984ko maiatz hartan (udaberria zen, nola ez) elkarrizketatzailea Mitxel Sarasketa zen, Ibonen liburu honetan azaltzen den beste eibartar bat. «Zer da literatura hiretzat, ihesa?”, galdetu zion Mitxelek, eta zera erantzun zion Iurretako idazleak: “Ihesa ez. Literaturarekin ez duk ihes inora egiten. Poemarik ederrena idatzita ere lehengo lekuan geratzen haiz. Ihes hik eta nik egin beharko diagu, baina asmatu behar zelan [hemen, Sarriri igarle ukitua hartu diot, urtebete beranduago ihes egitea lortu zuelako]. Ez zakiat nik jeneralizatu daitekeen, zer den literatura edo zer den maitasuna, edo zer den libertatea, halako definizioak arbitrarioak izaten dituk, Thomas Mannek esaten zuela uste diat definizio orokor guztiak direla traizioneroak. Orduan, ez zakiat, baina literatura ezagupidea duk, errealitatearen eta norbere gogo nabarduren ezagupidea. Komunikazioa ere baduk, nahiz eta idazle eta irakurlearen artean desfase handia dagoen, Literatura estetika dela argi zagok, lengoaiaren materia. Etika ere baduk, klaro. Eta hainbeste gauza denez, igual bizitzeko modua besterik ez duk”.

Nik, nire aldetik, oraingoz ez daukat Ibon Muñoari ea zer uste duen itauntzeko betarik, baina olerki hau hartu diot erantzun modura.

“Irudimena dantzut
deika ohatzean,
taupadak danga dira
hasi arratsean,
sentimendua bor-bor
dabil laratzean,
musa sartu delako
berben baratzean,
bertso-uzta dezadan
batu esnatzean”.

Amaia Ereñaga Azkarate

Share

Iruzkinak