Ibon Muñoarekin, “Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin” liburuaren aurkezpenean

2016, 19 maiatza

Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin

Atzo aurkeztu genuen Eibarko Beleko tabernan Ibon Muñoaren hirugarren liburua: Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin. Ibonen Muñoaren urtebetetzea ere bazen atzo, eta zorionak bidaltzeko talde argazkia egin ondoren, liburua egiteko auzolana erakusten duen bideoa ikusi genuen. “Opariaz” hitz egin genuen, oparia liburua irakurtzea dela, eta azken batean irakurketaren hartu-emanaren oparia dugula, Ibonentzat eta irakurlearentzat.

Jon Etxabek, liburuko sarreraren egileak, konparatu egin zuen kartzelan idazteak pintorearen sorkuntzarekin eta azpimarratu zuen kartzelan liburu bat idazteak dakarren lan eskerga.

Iñigok Ibonen gutuna irakurri zuen, eta guztion artean kantatu genuen “Ametsetik esperantzara eta, gero zurekin atseginera” liburuko bertsoa.

Eta amaitzeko Oier Gonzalez eta Markel Oramazabalek “Burdin hariak eta plastikozko goilarea” kartzelari buruzko gogoeta musikatua bizitzeko aukera izan genuen.

Gero arte modukoa ere izan zen atzoko aurkezpena, bertan jaso genituelako Ibonen hurrengo liburua osatuko dituzten bertso koadernoak, ohi bezala eskuz eta txukun idatziak.

Hori hurrengorako izango da baina. Orain, liburua hartu, eta irakurtzen hastera goaz. Opari bat.

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta, Kordobako espetxetik

Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin liburuaren aurkezpena eta 58. urtebetetze eguna zuekin konpartitzeko, mahaiaren aurrean eseri naiz. Sorkuntzan aritzen naizenean bezala, leihoaren burdin saretik, bost metrora dagoen hormari begiraari natzaio.

Goian eguna oskarbi hasi denez zeru zerrenda estua urdin dago. Hormaren gaineko txarrantxetan hormatxoriak txioka ari dira. Zorura botatzen dizkiegun ogi apurren zain daude.

Hau da ziegako orduetan nire eguneroko ikusmira. Hormari begira zuekin akordatzen naiz ordea. Horri esker musak niregana sarritan etortzen dira.

Mahai honetan sorkuntza gehienak zirriborratzen ditut. Gainerakoak patioan edo salan. Ondoren gainerako zirriborroekin karpetan elkartzen ditut. Beran lotan egoten dira. Euren astea iristen denean esnatzen ditut. Astelehenetik hasita domeka arte aukeratutako sorkuntzarekin jolasean aritzen naiz. Zuek etengabe gogoan zaudetela, berregiten, dotoretzen eta orrazten ditut.

Domekan sorkuntza amaitzen dut. Astelehean kideei aurkeztendiet. Bertso sorta bat denean kantatuz. Bestela irakurriz. Euren iradokizunak entzunda zuzendu beharrekoa mahai honetan zuzentzen dut.

Egunean Ataramiñeri bidaliko diodan kaerean idazten dut. Eta guar ereindako hazien uzta zuen aurrean dago.

Hormen barruan ezin dela idatzi esan ohi da, bertan kartzela baino ezduzulako ikusten. Eta isolamenduan gutxiago oraindik. Eta Euskal Herritik kanpo nekezago.

Ezlekua ez da tokirik egokiena etorriak ingura zaitzan. Zorionez zuen elkartasunari esker kartzelaren miseriak ahazten ditut. Sorkuntzan aterpetzen naiz, Atmetsen Txokoan zuekin plazerez batzeko.

Nire atseginaren eta biziguraren iturburua zaretelako, gaur zuekin hitz egiteko aukera izan dut. Eskerrik asko urtebetze eguna nirekin ospatzeagatik.

Maitasunez agurtzen zaituztet.

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta, Kordobako espetxetik

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Iruzkinak