Auzolanean muntatuko dugu Ibon Muñoaren hirugarren liburua

2016, 3 maiatza



Argazkiak: Irrintzi inprenta

Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin Ibon Muñoaren hirugarren liburua maiatzaren 18an aurkeztuko dugu, Ibonen urtebetetze egunean, hain zuzen, Eibarko Beleko tabernan.

Liburua Irrintzi inprenta alternatiboan inprimatu dugu eta auzolanean muntatuko dugu Eibarko Arrate Kultur Elkartean, larunbat honetan, maiatzaren 7an, goizeko 10:00etan hasita [auzolan deialdia: etorri Eibarko Kulturalera maiatzaren 7an denon artean liburua muntatzera].

Ez da auzolanean muntatzen den preso baten lehen liburua. 2013an Bergarako Gaztetxean Aitor Aranzabalek kartzelan idatzitako Angiolillo liburua horrela egin zuten [ikusi bideoan].

Eta auzolanean egitea erabaki dugu, batetik, gastuak murrizteko. Ibon Muñoarekin konpromisioa hartu genuen idazten zuena argitaratuko genuela. Argitaratze kontuak Eibarko Ibonen lagun eta presoen alde diharduen taldearekin egin ditugu. Dagoeneko Ibonen hirugarren liburua izango da. Eta kaleratzeko data 2020an ezarri diotenez, izango dugu oraindik besteren bat bere kartzelaldiko bertso entziklopedia osatzeko.

Baina badira arrazoi gehiago. Ataramiñen lehen ezaugarria euskal preso eta iheslari politikoen lanak kaleratzea da. Zeregin horretan beti azpimarratu dugu lan kolektiboa dela: batek idatzi, besteak lagundu, kartzelatik atera, norbaiti pasatu, harek Ataramiñe koordinatzen dugunoi, editatu, digitalizatu, eroan, zabaldu, saldu, egileari idatzi, kontuak egin… jende askok parte hartzen du lan honetan. Liburua auzolanean muntzatzeak, beraz, badu Ataramiñeren ezaugarriekin lotura zuzena. Gauzak egiteko modua da. Mundua ikusteko era ere bai.

Hartara, elkarlanean jardun, eta maiatzaren 18an elkartuko gara berriro, Iboni oparia egitera.

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta. Ametsen txokoan bizi naiz. Ataramiñe, 2011
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta. Ainarak herrira itzuliko dira. Ataramiñe, 1014
→ Irrintzi inprenta: irrintzinprenta@gmail.com

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Iruzkinak