[Ortzadar] Sormena ihesbide

2016, 7 urtarrila

Ortzadar 431 zenbakia

Sormena ihesbide

Jonebati Zabala

Hogei bat euskal presoren sorkuntza lanak argitaratu ditu Ataramiñek, urtero legez. Margolanak, poesia, bertsoak, komikiak zein bestelako idatziak topatu daitezke aurtengo argitalpenen artean

Barnean daukadan mundua ez da barnean naukan gelan kabitzen”. Joseba Sarrionandiaren aipu horren bidez azaltzen du espetxeko sorkuntzaren balioa Oier Gonzalez Ataramiñe elkarteko kideak. “Barne mundu hori elikatzeko bitartekoa da sorkuntza, kartzelan bizirauteko bidea, bai fisikoa, intelektuala zein emozionala”. Berriro ere Sarrionandiari helduta, Ruper Ordorikak musikatutako Galtzetan gordetzeko koplak olerkiaren zati bat gogoratu du Gonzalezek: “Zaindariak paper bila ari dira zeldetan”. Hau da, zaindariak ez dabiltza dinamita edo arma bila, paper bila baizik. Horrek sormenari “balio berezia” ematen diola uste du Ataramiñeko kideak.

Euskal preso politikoen sorkuntza lanak argitaratzen ditu urtero Ataramiñek. 2002an kaleratu zuten lehen bilduma, presoen egoera modu ezberdin batean azaleratzeko helburuarekin. “Lan hauen bitartez, espetxearen ertzak mahaigainera-tzen dira, sortzaile-presoaren ikuspegitik betiere. Kartzelan ditugun lagun eta senideen kronika intimo antzeko bat aurki daiteke liburotan, letraz nahiz irudiz”, diote elkartetik. Dena den, esan beharra dago espetxeko sorkuntza betidanik egon dela. Literatura mota hau “Euskal Herriari oso lotuta” dago, Gonzalezen ustez. Hain justu, euskal literaturan imprimatu zen lehen olerkia ere ziega batean idatzia izan zen: Bernat Etxepareren Kantuia.

Urtekaria eta liburu bi dakartza aurtengo uztak. Batetik, Ataramiñe’15 urtekarian, 18 preso sortzaileren lanak batu dituzte. Bertan, margolanak, poesia, bertsoak, kronikak zein bestelako idatziak aurki daitezke. Euskarazkoak dira lan gehienak, baina frantsesez eta gazteleraz sortutakoak ere badaude. Bildumari dagokionez, Gonzalezek dio orain arteko produkziotik ezberdintzen den elementu bat azpimarratu beharra dagoela. “Liburuan hari bat dago, Zarautzeko Ekhiñe Eizagirreren lanak zeharkatzen du bilduma osoa. Bere hitzaurrean zentzu bat ematen dio sorkuntzari. Bertan, zaintzak aipatzen ditu Eizagirrek, kideekiko edo zaintzen gaituztenekiko zaintzak, asetzeko sorkuntza”.

Bestalde, emakumearen ahotsaren presentzia ere nabarmena da aurtengo koadernoan. “Bilduman zehar aurki dezakegu espetxea badela patriarkatuaren aberrazio bat; espetxe osoa egitura maskulinoa da. Gizonentzako egindakoa eta gizonak zigortzeko sortutako instituzioa da, eta bertan emakumeak bereziki zapalduak daude”. Salaketa horri eutsiz, berezitasun bat gehitu zaio urtekariari, “erotika femeninoaren presentzia”, hain zuzen, non “emakume gorputz ahaldundu” bat azaltzen den. Orain arte egon izan da erotika maskulinoaren produkzioa, baina kartzelan femeninoaren produkzioa “oso txikia” izan dela kontatu du Gonzalezek.

Urtekariaz gain, beste lan bi argitaratu ditu Ataramiñek. Lehena, Mikel Orbegozoren Ilargiraino da, Preso nago komiki bildumaren hirugarren alea. Oraingoan burdinen beste aldera jarri da begira sortzailea, eta senideak ditu gai nagusi, euskal preso politiko baten senide izatea zer den azaltzen duelarik presoaren beraren ikuspuntutik. Liburuaren aurkezpenean, Orbegozoren amak kontatu zuen hasieran kosta egin zitzaiola gaiari heltzea. “Bere buruaz barre egiteko sekulako gaitasuna dauka, baina besteen gaineko umorea, hainbeste maite dutenen gaineko umorea errespetuz zelan egin…”. Gonzalezen aburuz, “ondo baino hobeto” atera da ataka horretatik Orbegozo, “ez baita fribolitateetan erortzen eta bere tokian jartzen baitu bakoitza”.

Joseba Arregi Erostarberen Burdin elorri arantzetan da azken lana. 1992an atxilotu zuten Arregi, eta ordutik margotu dituen olio eta testuak jaso dituzte liburuan. Bere bikotekideak aipatu legez, atxilotu aurretik bere testuinguruarekin oso lotuta zegoen pertsona zen Arregi, eta “bapatean eremu lau batera heldu zen”. Eremu lau horretatik estimuluak ateratzeko sorkuntzak paper garrantzitsua izan du eta, beraz, “biziraupen estrategia” ere izan dela kontatu du Gonzalezek. Espetxean gertatutakoak eta amestutakoak “berezko duen xumetasunetik” margotu eta idatzi ditu Arregik: atzean utzitako lagunak, paisaiak eta bizitza.

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Iruzkinak