Jon Benito: Preso politiko oro Nelson Mandela bat da bere hersturan
2014, 30 azaroa
Preso politiko oro Nelson Mandela bat da bere hersturan.
Jon Benito
Bilbo 2014.11.28
Horixe izan zen, liburuaren itzulpena zuzentzerakoan sentitu nuena. Kartzelan bahitua duten preso politikoak bi helburu nagusi ditu: kartzela baldintza gogorrak gaindituz bizirautea eta bere sinesmen, ideia eta fede politikoei egoera zail horietan eustea. Preso politikoarentzat, Mandelak ere horrela dio, borroka ez da amaitu, beste baldintza batzuetan, beste testuinguru batean, beste bitarteko batzuekin, honek aurrera jarraitzen du.
1966, 67, 68ko kontuez ari da Mandela liburu honetan, baina preso politikoaren bizibeharra gaur gaurkoa ere bada, Sevillan, Valdemoron, Tarasconen edo Fleuryn. Eta horixe da liburu honetako azpi-irakurketa. Ezen, zergatik itzultzen du euskal preso politiko batek, Ekaitz Sirvent zarauztar bahituak kasu honetan, liburu hau? Bera ikusten delako La Santen, Marsellan, Tarasconen, bizi-baldintzak bizi-baldintza (Robben irlako bizi baldintzak oso-oso gogorrak ziren, liburuan irakur daitekeenez) bere biziraupena bermatzeko borrokan eta bere sinesmen, fede eta kideekin hasitako bideari jarraitzeko asmoz. Preso politikoa baita, Mandela bezala.
Liburu hau, liburu handiago baten kapitulu bat da: Robben irlan Mandelak igaro zituen lehen urteen kronika. Urte ilunak izena du, eta tituluarekin irudika daiteke nolakoak izan ziren urteok. Baina, kronikaz harago, liburu honek, pasarte isolatu gisara, garrantzia berezia du: preso politikoa zer den, nola jokatzen duen, bere borrokak nola jarraitzen duen deskribatzen du. Kartzela kronika da beraz, eta horregatik kronika politikoa, eta azkenean, ezinbestean, kronika humano izatearen balioa ere badu.
Hasieran preso politiko oro Nelson Mandela bat izan daitekeela esaten nuen. Urte ilunak izena du liburuak, eta gogorrak izan ziren urteok, eta urte luzeotan euskal presoen egoera gogorra izan da, beste modu batera. Mandelak urte luzeak eman zituen kartzelan, itxaropenerako leihoak ireki ziren, aterik ezean.
Itxaropen sasoiok bere itzalaldia ere badute. Lagun, kide eta burkide asko ditugu Espainia eta Frantziako kartzelatan bahiturik. Urte ilunak bizi dituzte haietariko askok, euren herriarentzat itxaropena bizirik gordetzen duten arren. Guk kaletik eta haiek barrutik, urte ilunak atzean utzi eta itxaropenarenari ateak zabaltzeko.
PD: Zail da irakurlearentzat kartzelan liburu bat itzultzeak nolako lanak dituen ulertzea. Duela urte eta erdi liburu hau eta sasoi itxaropentsuagoak bere baitan biltzen zituen Mandelaren autobiografiaren lagina. Urte eta erdi honetan hainbat aldaketa egin dizkiogu liburuari. 2014Ko uda honetan baina, La Santéko kartzelatik Marsellakora aldatu zuten, han 56 egunez zigor ziegetan itxita izan zituzten euskal presoak. Egoera hartan gutxienekoa liburu hau zen, eta ezin izan genuen, argitaratzeko epe garrantzitsuetan, presoarekiko inolako harremanik mantendu, eta hark azken orrazketa eman gabe argitaratu behar izan dugu.
literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org