Ibon Muñoaren “AINARAK HERRIRA ITZULIKO DIRA” liburuaren aurkezpena

2014, 25 ekaina

Uztailaren 10ean aurkeztuko dugu Eibarren Ibon Muñoa (Eibar, 1958) preso politikoaren bigarren liburua: Ainarak herrira itzuliko dira.

Ibon Muñoa 2000ko urrian atxilotu zuten. Harrez gero preso daukate: Valdemoro, Kordoba, Burgos, Langraitz, Puerto I eta, 2014ko martxotik hona, Kordoban. 2011n Ametsen txokoan bizi naiz liburua argitaratu zuen, eta liburu horretako hitzak hartuta Eibarko hainbat artistek Ametsen txokoan musika CDa grabatu zuten 2012an.

Ainarak herrira itzuliko dira
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta
Azaleko irudia: Mikel Zarrabe
Ataramiñe, 2014.
Neurriak: 10,5 x 15 zm.
420 orrialde.
Prezioa: 10 €

2011-2013 tartean Puerto I espetxean idatzitako bertso eta olerkiak kronologikoki antolatuta bildu ditu oraingoan, Ametsen txokoan bizi naiz liburuaren ildo eta ordenari jarraiki. Guztira 145 bertso eta olerki.

LIBURUAREN HITZAURREA

Ainaren zain

Ezagutzen ditut Ainara izeneko txori batzuk. Behin ehiztariek harrapatu eta urrutiko kaioletan sartu zituzten. Ez ziren loroak, ordea. Horiei gustatu egiten zaie itxita bizitzea, Ainarei ez; gainera, loroek maite dute nagusiaren esana behin eta berriz errepikatzea, Ainarek ez. Horiek garbi dituzte ideiak eta gai dira eskopeta-zale maltzurrei aurre egiteko ere.

Euskal Herrian bietatik dago ugari: batetik, badaude datorrena datorrela burua jaitsi eta isilik gelditzen diren hegazti akritikoak. Beldurrak eta erosotasunak geldiarazi ditu, eta ikasi dute bizitzen alpiste apur batekin. Elikatzen dira, batez ere, futbolaz eta komunikabideen gezurrez. Nahikoa dute, ez dute gehiagoren beharrik. Tarteka haserretzen dira, beraien kirol talde kuttunak galdu duelako, edo kaiolako atea estutuko dietelako apur bat gehiago, baina ez dute ozenegi esango, badaezpada. Bestetik, zorionez, hegodun kritiko asko dago gurean. Iritzia dute edozein gertakizunen aurrean. Haserretu egiten dira eta salatu egiten dituzte injustiziak. Ez dute gainekoen esana onartzen beraien galbahetik igaro gabe, hausnartu gabe. Beraien iritzia ematen dute ausardiaz eta zorrotz, baina baikortasunez.

Niri iritsi zait belarri ertzera, Eibarko Ainara baten kantu hots ederra. Abesten aritu zait 2011ko otsailetik 2013ko irailera arte. Zortziko zaharrean bota dit bertso ugari, hamarreko txikian ere ez gutxi, baina baita habaneran eta bederatziko txikian ere. Kartzelako gertaerei buruz, herenegun; Euskal Herriko gairen baten gainean, atzo; historiaren inguruan, gaur, eta sarri, politikaz, zein maitasunaz… ez dut aspertzeko tarterik izan inondik ere.

Zuri, irakurle, ez dizu inork kantatuko goxo-goxo belarrira, zorte izugarria duzu, ordea. Izan ere, bertso guzti-guztiak esku artean dituzu liburu mardul honetan. Hala ere, irakurri egin ditzakezu eta Ainara bat etxe ondoko zuhaitzetik ari zaizula irudikatu; edo zure ondoan dagoenari eska diezaiokezu abesteko, zu lasai-lasai etzanda zauden bitartean.

Begiz ikusi edo belarriz entzun, kontua da bertsook zeure baitan sentitzea. Barre egitea umore zipriztin bakoitzarekin, edo negar bere malenkoniarekin bat egitean. Konplizitate keinuak ere eragingo dizkizute, tarteka. Ez zaitez liburuaren gainetik pasa, senti ezazu zeure barrenean hitz bakoitzaren arnasa.

Orain isilik dago gure Ainara. Niri, behintzat, ez zait aspaldian iritsi bere kanturik belarri ertzetara. Bertso berriak prestatzen ariko da ziurrenik. Kukua bai, kukua sarritan entzun dut 2014ko udaberrian. Errepikakorra da bere jarduna, baina polita oso, beti adarra jotzen ariko balitz bezala. Askatasun izugarria du txori horrek. Nahi duenean etorri eta okupatuko du txantxangorriaren kabia, trukean ezer eskaini gabe, gainera. Libre ibiliko da zuhaitzez-zuhaitz eta kabiz-kabi . Boterea ere badu, bestalde. Entzuten dugun lehen aldian, aldean dirurik ez badugu, begizkoa botako digu, eta gure ekonomia apalari bere horretan eutsiko dio urtebetez. Hala eta guztiz ere, izugarri pozten gaitu bere soinua entzuteak, patrikan sosik izan ala ez izan.

Ainarek, aldiz, ezin dute Euskal Herrira etorri oraindik. Garesti ordaintzen ari dira txori konprometituak izatea. Izan ere, oso urrunetik heldu zait musika. Batzuetan, interferentziak izan ditu soinuak, baina azkenerako lortu dut dena garbi entzutea. Baikorra da mezua, gelditu zaidan sentsazioaren bestekoa. Lasai nago, Ainarak Euskal Herrira itzuliko direlako. Ea laster datozen gure basoetara, lastima baita horrenbeste zeresan daukaten txoriak urrun eta preso bizi beharra. Kuku bihurria entzuteaz hainbeste pozten bagara, zer sentituko ote dugu ainaren ahotsa gurean entzutean?

Ez dizut ezer gehiago aurreratu nahi. Nago honaino iritsi bazara liburu honetako bertso sortak ere gustura irakurriko dituzula. On egin!

Iritsi zait urrutiko
txoriaren kantu hotsa,
eta distantziak ez du
bilakatu kantu hotza.
Heldu zait malenkonia
haserrea eta poza,
bere deiadar ozena
polita bezain zorrotza.
Euskal Herriaz dihardu
ezer ez zaio arrotza,
gorputza Andaluzian
gure artean bihotza.
Kilometro asko dago,
baina oso tarte motza (ber.)

Mikel Arrillaga
Eibar, 2014ko maiatzaren 18a

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak