“Hala Bazan” ekimena, liburua eta webgunea

2013, 28 abendua

→ Hala Bazan webgunea: http://halabazan.com

> hirinet.net: Hala Bazan kultur ekimena aurkeztu du Arabako Tantak ekimenak
> berria.info: ‘Hala Bazan’, eskubide urraketei 34 begirada

Euskal preso politikoen giza eskubideen alde lan egiten duen Tantaz Tanta ekimenak Hala Bazan ekimena aurkeztu zuen abenduaren 22an Gasteizen.

Liburu bat aurkeztu dute, hamazazpi idatzi eta hamazazpi irudi, eskubide urraketen ikuspuntu ezberdinak eskaintzeko. Horrekin batera web orri bat sortu dute, eta bertan liburuko testuak eta irudiak sartuko dituzte astero-astero.

Gasteizko idazleak, bertsolaria, argazkilariak, irudigileak, margolariak eta eskultoreak aurkitzen dira parte-hartzaileen artean, baita kultur eragileak ere. Besteak beste, Patxi Zubizarreta, Juan Arrosagaray, Oihane Perea, Josu Díaz de Heredia, Juan Ibarrondo, Javier Hernandez de Landazabal , Iñaki Viñaspre, Ernesto Murillo “Simonides”, Karmele Jaio, Diana Pardo, Manex Agirre, Haizea Pastor, Kirmen Uribe, Carmelo Ortiz de Elguea, Amparo Lasheras, Juan Mieg, Asier Otamendi, Manu Atxaerandio, Xabier Izaga, Raúl Bogajo, Ruben Sanchez, Santos Iñurrieta, Rosa Plazaola , Alex Larretxi, Iban Zaldua, Alaitz Alberdi, Jagoba Apaolaza, Mundina, Jesús Valencia, Zirika, Ane Zelaia, Amets Martínez de Heredita, IndarRAP taldea eta Ojodekuervo.

HALA BAZAN

Presoen eskubideen aldeko sormen proiektua

Hala Bazan proiektua giza eskubideen urraketak kondaira bihurtzeko sortu dela esan dugu. Kondaira bihurtu eta lau haizetara zabaldu. Horretarako eskura ditugun bitarteko guztiak erabiltzeko asmoa dugu, eta nola ez, proiektu honen hastapeneko lanak LIBURU egin eta guztiontzat eskuragarri jarri nahi ditugu. Liburua laster baten argitaratuko badugu ere, bildutako idazlan eta irudi sortaren ingurukoak hementxe izango ditugu. Datozen hilabeteetan astero-astero idazlan eta irudi banaren berri izango dugu, guzti-guztien berri, bat bera ere gorde gabe.

Hortaz argi dago, asteroko hitzorduari ez hutsik egin!

Nor gara?

Hala bazan edo ez bazan… sar dadila kalabazan!! Eta ager dadila GASTEIZKO plazan. HALA BAZAN proiektua, giza eskubideen urraketak kondaira bihurtzeko gogoz jaiotzen da.

Espetxea, deserria, asteburuko bidai amaigabeak… sutondoko ipuin zahar izatea desio duen herria da gurea. Hamarkada luzeetan bizitakoak, iraganeko oroitzapen izateko irrika duena.

Zoritxarrez, badu orainetik gehiegi. Egunerokoak ausentzia gehiegi izaten jarraitzen du eta agintariek gizatasun gutxiegi. Bitartean, ausentzia guzti horiekin bizitzera kondenaturiko herri honek aurrera jarraitzen du, urteak poliki doaz ziega barruan eta azkarregi mendi arteko autobideetan. Denborak badu horrelakoetan, mendekuzko geldotasun bat gatibuarentzat eta mendekuzko abiada iheskorra dabilen jendartearentzat. Gauzak gehiegi eta gutxiegi aldatzen dira Gasteizko kaleetan eta gu… bi errealitate horien jabe, askotan ez dakigu bagoazen edo bagatozen.

Zurrunbilo honetan…irudimena bihurtzen da atseden leku. Irudimenaz egiten du ihes presoak barroteen artetik, eta irudimenaz bisita egin nahi izaten diegu lokutorioko kristalak gaindituz. Irudimena, errealitate gordina islatzeko tresna izan ohi da, minak eta esperantzak adierazteko bide.

HALA BAZAN, preso gaixoen mina kameraz harrapatu nahi du, argazki zaharkitu bilakatu nahian. Kondena beterik duten presoen minutu bakoitza margotu du, lapurtutako denbora margolan bihurtu. Dispertsioa hitzez jantzi du, kilometro bakoitzeko istorio bat asmatu du…distantzia, doinuz eta errimaz kantatu du.

Mina, kondena amaigabeak edota isolamendua adierazi nahi izan ditugu, plazara atera, erakutsi. Eskubide urraketa artelan bihurtua, posible al da?

Begira, hor dago, plazaren erdi erdian.

Eta begira geratu gara… Hor dago, ezin ezikusiarena egin. Hor dago Gotzoneren ospitalerako bidaia, Txoritxuren askatasun eguna, Biguriren mediku kontsulta, Ohianaren isolamendu ziega, hor daude Sevillara bidaiak ere, istripuak, audientzia nazionaleko jakinarazpenak… Guk margotu egin ditugu, kontatu, zintzelez egokitu…zuek guztiok ikus ditzazuen.

Begira, hor daude, hor izaten jarraitzen dute zoritxarrez. Ipuin honen amaiera idatzi nahi dugu ordea, HALA BAZAN proiektua, bide horretan egiten dugun ekarpen txikia da, gure txokotik, sormenetik. Zure esparrutik ere, ipuinaren amaiera asmatu eta eraikitzera gonbidatzen zaitugu.

Giza eskubideen defentsan… HALA BAZAN EDO EZ BAZAN SAR DADILA KALABAZAN!!

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak