Jose Luis Otamendi, “AGURRA ETA OHOREA. EUSKAL MILITANTEEN HERIOTZA KRONIKA” liburuaren irakurketa bat

2013, 10 abendua

AGURRA ETA OHOREA. Euskal militanteen heriotza kronika liburuaren irakurketa bat

(Durangoko Ahotsenean: 2013.12.08)

Gauza berrietara jarri beharrean gaude. Berezia da liburu honen aurkezpena, berezia eta ezohikoa. Ez baita batere ohikoa gurean kartzelan azken mende laurdenean literatur bide sendo eta oso pertsonala burutu duen idazlearen obra, bera libre dagoela aurkeztea.

Orain arte ohituta geunden Jokin Urainen liburuak Jokin Urainik gabe aurkezten. Izan ere, liburu honen egileak preso eman ditu hamar mila egunetik gora. Jakingo duzuenez, ordea, Urain libre dago joan den azaroaren 20az geroztik (18 egun daramatza libre horrenbestez), eta azkenean, noizbait beharko zuen eta, topo egin dute, bat egin dute kalean egileak eta bere herriak, egileak eta bere liburuek. Seguru hortik ere sortuko dela adiskidetze historia txiki eder bat baino gehiago. Egoera berrietara jarri beharrean baikaude. Eta beste gauza asko bezala, ikasiko dugu poza eta itxaropena ere lainezarik gabe gobernatzen.

Urainen ibilbide literarioa estu lotua dago gure herriaren gatazkarekin orokorrean, eta kartzelarekin eta errepresioarekin zehatzago esateko. Kartzelako euskal literatura ezagutu nahi duenarentzat Urainen lana nahitaezko mugarrietako bat delakoan nago.

Bere saiakera eta eleberriak; izan kronika, poemak edo ipuinetan espetxearen itzala ia beti ageri da, nahiz espetxeaz soilik ez idatzi inoiz. Espetxea jendarte bati eta bizitzea egokitu zaigun munduari ausarki begiratzeko itzalpeko kaiola minbera gertatu zaio Uraini. Hala jardun du gaur arteko lanetan, eta orain dakargun liburuak ere kartzela ageri agerian erakutsiagatik, ikus-eremu zabalago bati ere erreparatzen dio.

Hitzaurrea eta beste zenbait pasarte lagun hartuta, zertzelada nagusietako batzuk ematen saiatuko naiz, orri arte honetara hurbildu nahi duenak, gutxi-asko nora sartzera doan jakin dezan.

Hona hitz gutxitan liburuaren muina zertan den egilearen hitzetan:

Militante batzuen senideen testigantzak batuz, antzinako eta ez hain antzinako hiletei buruzko gogoetak gehituz osatua da liburu modu hau.

Hilobia edo oroitarria, batetik maite izan dugunaren pausalekua da, eta oroimenarentzat soroa eta ortua ere bada bestetik. Hau ere badio hitzaurreak: Memoriaren lekuak dira hilobiak, oroitarriak, hilerriak. Oroimen guneak dira. Senideak, lagunak … hilaren oroitzan eta omenean batzen direnen lekuak. Leku horietan datza borrokan eroriaren irudi fisiko edo izpirituzkoa.

Eta honela ekiten dio, berriz, beste tarte batean:

Hil den senide edo lagunari azken agurra eta omena egiten diogu hileten bitartez. Baina heriotza horrek inguruko biziongan uzten digun hutsunea eta eragiten digun samina osatzeko edo bideratzeko ere bada hileta errituala; bizion sentipenean hartzen du hilak atseden. Biziontzat dira hiletak.

Azken aipu bat oraindik aitzin solasetik:

Sinestunentzat tenplua bezain kuttun eta ukiezina da (…) senide eta lagunentzat beraien hilaren hilobia eta oroitarria. (…) Gogoratze eta omenaldi bakoitzean hila berpiztu egiten dugu nolabait (…). Oroitzen dugun eta aipatzen dugun heinean gure artera ekartzen dugu senide edo burkide hila, eta oroitza-erritual horretan batu eta sendatu egiten gara biziok.

Baina hileta, omena ez da behin ere gertaera edo ekitaldi neutro bat, eta gatazka bide den aldetik ageri da maiz. Hilarekiko azken agurra zuzen egitea beharrezkoa da hilaren komunitatearentzat, eta estatuak, gauden eta gabiltzan euskal auzi honetan, badu estrategia bat hilaren irudia ezeztatzen saiatu eta hilaren senide eta gertukoen samina areagotu eta umiliazioa bilatzeko.

Horrela bada, tesia honokoa da; alegia, estatuak estrategiko jotzen duela, etsaitzat dituenei hiletak eta agurreko ekitaldiak galaraztea ez ezik, agurreko ordu horiek etxeko eta lagunei laidogarri bihurtzea. Horrenbestez hileten izaera politikoa zaila da ukatzen.

Halabeharrez, ordea, mugatua da liburu honen irismena; historiaren zati txiki bat baino ez baitu hartu. Hala ere, erakusten duen ikuspegia da oso partikularra, eta ematen du memoriaren bidean utzitako zenbait oin arrasto eta seinaleren berri.

Inposatutako isiltasun askori aurpegi emateko lan zabala ondu du Urainek bere literatur ibilbidean. Aurreko bost liburuetan nabaria zen hori, eta honek seigarren koska jarri nahi du. Geuk kontatu beharrekoen artean dago hemen esaten dena: testigantza laga beharra dago, ahanzturaren osinean gal ez daitezen bizi izan ditugunak, datozenei geuk kontatuta uzteko gure gorabeherak, eta ez besteren ahotik ikasi behar izateko hemengooi dagozkigun historia handi eta txikiak. Bestela bertsio ofizialen alper harriaren azpian zapuztuta desager gaitezke. Gauza jakina denez, arrisku horren itzalak indar handia du Urainen literaturan. Beraz testigantza eta oroimena jasotzea jo daiteke liburu honen helburu: memoriaren garrantzia, bizitzan duintasunez aurrera egin ahal izateko.

Gorago baieztatu dudanez, uste dut Agurra eta ohorea euskal militante hilen doluaz eta, nolabait esan heriotzaren inguruko gatazkaz diharduela batez ere. Eta beharbada pentsatuko duzue, ea orain ere ez al dugun bakerik? Gerra behar al dugun heriotzaren inguruan ere, liskarra eta borroka al dugun, omen denok berdin eta pareko egiten gaituen kontu honetan ere?

Eta ni, egia esan, baietzean nago. Hori erakustera ere badatoz liburu honetan bildutakoek. Ez hori bakarrik, eta ez heriotzaren gatazka alderdia soilik, hala ere. Izan ere, heriotza erritoen alderdi sendagarriak eta taldea sendotzeko balio dutenek ere badute hemen lekua, eta ez nolanahikoa. Hamaikatxo testigantza erdiragarri, samurretik eta garratzetik ere badutenak, topatuko ditu orri arte honetara ausartzen denak. Bistako gaiak hiletak, dolua eta errepresioa dira, baina zuztarrek urrunagora garamatzate.

Lehenbiziko atala Joseba Asensio Kirruliri eskainia dago. 1986.urtean gaude, ETAren aroko bigarren preso hila izan zen Asensio, Ramon Goikoetxearen ondoren, eta garai hura markatu zuten, heriotza bera gutxi ez eta, baita Bilboko kaleetatik mundura jauzi egin zuten estatuaren errepresio mozkorraldi haren irudi latzek ere. Gogora dezagun gainera une hartan Joki Urain Herreran zela, gizonezko euskal preso politiko gehienak bezalaxe. Zuzenean ala zeharka, berak bizi izan duenaz, ondo ezagutzen duenaz ari da beti Urain.

Aurrenekoa Asensiori eskainia bada, azken atala, berriz, Bernard Goihenetxe Matalasi dagokio denboraren zubian ia 400 urte atzera eginda. Hala ere, testigantza gehien gehienak 1968 eta 2004 bitarteko gertaeretan hartzen dute oinarri, 1936ko gerrako lekukotza zeharo jakingarri batzuk ere ahaztu gabe, ordea.

Informazio iturri zuzenena eta mamitsuena hildakoen etxekoen eta lagunen testigantzena izan da, dudarik gabe. Gainerakoan, prentsatik eta hainbat liburutatik jasotakoekin osatu dira lan honen atalak. Baina kontatzen direnak egilearen gogoeta eta iritziekin jantzita datoz beti ere.

Bada hemen historiatik, bada literaturatik, bada antropologiatik, beti, ordea, hitzaurre bertatik garbi adierazitako xedea aurrean hartuta. Hots, euskal militanteen hileten, gorazarre ekitaldien eta errepresioaren izaera politikoa agerian jartzea, horren frogak uztea.

Ohi bezala Urainek zuzen idazten du, baina ez politikoki zuzen. Ahobizarrik gabe kritikatuko ditu zenbait alderdiren jokabideak, diskurtso bikoitzak edo euskal herritar askoren euskararenganako utzikeria eta atxikimendu eskasa, esaterako.

Doluaren errepresioaren galeria bat dago hemen, gainera doluaren adieraz moduak islatzen dira eta hilen ohorearen defentsa irmoa egiten da. Militanteen inguruko hileta erritualen azken hamarkadetako bilakaeraren berri ere ematen du liburuak. Humanitate handia darie orrioi. Sarri ez da atsegina kontatzen dena, tarteka gogortasun handi batek hartua dirudi denak. Torturak presentzia garrantzitsua du, gerra zikinak bezala; polizien segadak, suizidioak, atentatuak, gorpuen identifikazioak ere badira … Balbeaz, herioren lanez luze diharduenez, hildakoz jositako liburua da Agurra eta ohorea: kartzelan hildakoak, torturapean, desagertuak, fusilatuak … Eskenatoki asko ere ez da aparteko atsegina: horko erietxea eta beilatokia, horko kuartela eta espetxea… Baina han-hemen elkartasunaren leinuruak eta distirak argitzen ditu maiz ilunpeko ibilera tristeok.

Memoriaren garrantzia behin eta berriz, oroimenaren mailua beti ari da jo eta jo garenaren oihartzuna gal ez dadin airean. Hona lagin bat: Gureen hilobiak zaintzen ditugu eta haietara joaten gara, erromes antzo, beraietan dautzan asabak bizi direlako gure oroimenean. Eta geu ere, ustez bederen, “biziko” gara hil ondoan, gureek oroitzen gaituzteno.(81.or)

Aipamen berezia merezi du gainera, bildutako hogeitaka testigantzen gogoeta eta sakontasun mailak. Memoriaz, sufrimenduaz, duintasunaz eta, bere ederrean eta bere minean ale gogoangarri sorta aurkituko du irakurleak bila asko nekatu beharrik gabe.

Liburu hau, hein batean memorial txiki bat ere bada, hildakoen etxekoek, kideek, gertukoek hilarengana begirunea eta kariñoa gordea daraman kutxa hiztun bat, idazlearen zain handiko eskuak gidatua.

Memoriatik ezabatu nahi izan da militanteen arrastoa, eta bide batez militantziarena, disidentziarena eta jende izatearen duintasunarena. Zalapartarik gabe baina zutik eraso modu horri aurre egin nahi dion liburua da Jokin Urainek dakarkiguna.

Liburu honen historia duela hiru bat urte hasi eta neke askoren ondoren kalean da orain, bere egilea bezalaxe. Idazlearekin bateratsu atera da. Baina zailtasunak zailtasun, lan ederra ondu du Urainek. Gainera, nago Agurra eta Ohorea beharrezkoa den liburua dela, bizi garen abagunean aurrera begiratzen lagun dezakeena.

Asteotan, hilabeteotan, azken urteotan gauza eta sentimendu berrietara ari gara jartzen. Kezka beti betikoa dugu, baina orain pozak eta itxaropenak ere beste era batean hartuak gauzkate.

Ikasiko dugu poza eta itxaropena apalik eta tinko elikatzen. Testigantza mordoa da gogotik ez joateko modukoa, baina honako aproposa deritzot Maiana Bustinzaren aipu hau irakurtzeari:

(…) kapitulua itxi ahal izateko edo bizitzan beste era batera aurrera egin ahal izateko EGIA ezinbestekoa da, gauza asko argitzea beharrezkoa zait, eta ez naiz behar hori duen pertsona bakarra (…). EGIA hitz potoloa eta handia da baina beharrezkoa. Etsaiak ez digu esango benetan zer gertatu zen gau hartan (…). Urte asko pasa dira eta norberak ez daki zer eta nola egin, baina zerbait egin behar dela argi daukat. Gertatutakoa ez zaigu ahaztu behar baina saldu nahi diguten bertsio “ofizial” delakoarekin ezin gara konformatu, gezurra delako, benetan zer gertatu zen argitu behar dugu. (…) gainera pentsatzen dut kasu guztiekin hori egin behar genukeela, hemen falta zaizkigun guztiei zor diegun zerbait delako, merezi dutelako eta guk egin dezakegun gutxienekoa delako. EGIA ezinbesteko zaigulako eta EGIA zor diegulako, benetan gertatutakoa argitu arte ez dugu etsiko.

Dakigunarekin eta dezakegunarekin elikatuko ditugu gure poza eta gure itxaropena. Literatura eta hitza libre behar ditugu. Edertasunaren bila egindako lana eta borroka, dei diezaiogun literatura nahi bada, ahalegin hori, hitza askatzeko ekin hori, pertsonak libreago izatearekin lotzen da Urainen literaturan. Hitza libre izan dadin zaintzen dugu gure poza eta gure itxaropena. Ez burutazio txoro batengatik, ez apeta hutsez edo perbertsio burges txiki batengatik; literaturak jendea munduarekin adiskidetu edo haserretu, jendea libreago izateko bidean jartzen duelako. Arestian aipatu bezala, lan berrietan trebatu behar dugu.

Dakigunarekin eta dezakegunarekin elikatuko ditugu gure poza eta gure itxaropena, Agurra eta Ohorea bezalako liburuekin, esate baterako.

Jose Luis Otamendi

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak