Jose Luis Otamendi | Espetxea eta literatura

2002, 3 abendua

Jose Luis Otamendi idazleak 2002ko ATARAMIÑEren aurkezpenerako egindako saioa:

“Kartzelan literatura asko idazten da eta asko idatzi da baina, agerian dagoena oso gutxi da. Izeberg bati buruz ari gara.
Frankismoaren azken ostikoekin hasi, Xabier Amurizarekin, Jon Lariz-ekin, eta gaur egunekoak arte espetxean idatzitako literatura jo daiteke garaikide, eta ez ETAko presoek idatzia delako, ez baita beti horrela izan (errepresioak lehen bezala orain aurpegi asko baititu: intsumituak, gazte mugimenduko kideak, desobedientzia zibila, alderdi politikoak) Txiste errazegia da egunotan jazarpenaren marea beltza aipatzea; ezta?

Seguruena euskal preso politikoena izango da gure gizartean, kolektiborik idazletza eta irakurketari emanena, eta euskaldunduena ere bai bidenabar esanda.

Bestalde, idazle moduan agertzearena ez da errepresaliatuak erraz onartu ohi duen estatusa.

Presoen artean idazle agertzearen lotsa oso maiz ageri da.

Ataramiñe hau, ordea, desberdina da alde horretatik ere.
Kitxuren sarrera “Kontatzeko zerbait izatea da(…) idazteko behar den gauza bakarra” abiatzen da. Nolabait idazletzaren erreibindikazioa egiten da espetxetik.

Izengoitirik ez dago liburu honetan. Argi eta garbi ageri dira idazleak, zein bere izen deiturekin, argazkiarekin eta egun, salbuespenak salbuespen, non bizi diren adierazita. Lan kolektiboa da eta literatura autoafirmazio den heinean da aldizkari hau ere kolektibo horren autoafirmazio, eta egitasmo zabalago baten lehen harria ere bai. Jon Etxeandiak esan duen bezala lan kolektiboa eta militantea da liburu hau, lan herrikoia eta erresistentziaren leiho bat ere bai. Aldizkari bat da eta beraz mundu aberats eta askotariko baten isla.

Herri zapaldu bateko ahotsak biltzen dira aldizkari honetan, borrokan ari den herri batena, baina mundu bat osatzen duena. Eta niretzat oso garrantzitsua dena: helburu bati buruz ari den herri bateko parte den kolektiboa. Gatibutzak munduan sortu duen ondareari ekarpena egitera datozenak, eta euskal herri independiente baten egitasmoari.(ikus Ayllonen poema,10.or)

Hildakoez gainezkako lurretan sortu ginen

Hildakoez gainezkako lurretan sortu ginen
gu ere hiltzera kondenatuak geundela ulertu genuen
lantzean behin gure buru gainetik
iragaten ziren balei so egiten genien
eta gutarik batzuk
lurrean etzaten ziren heriotzari itxaroteko
begiak itxita.

Zutik mantentzea erabaki genuenok
hil haiek guztiak
gure hilak zirela ulertu genuen,
lur hura
gure lurra
eta bizitzera ausartu ginen
horrela hiltzera arriskatzen ginela jakin arren.

Beldurrik ez daukagula esatea
gezurra esatea da
baina are faltsuagoa da
gure lurra maite ez dugula esatea
eta horregatik munduan zehar
gure lurraren zati bat poltsikoan pasiatzen gara
hilko garenean
gure lurrean hiltzeko beti.

Gero agian beste batzuk jaioko dira
gu hil ginen lur horretan
eta agian noizean behin
gure hilobiak bisitatuko dituzte
beraiek ere hiltzera kondenatuak ote dauden galdezka.

Idazle bati begira, edo literatur lan bati begira hainbeste inporta al du idazlea zerk egin duen idazle? Ez dugu idazle “arruntari” buruz galdetzen zerk egin duen idazle.

Sarrera horrela amaitzen da: “Idazle bihurtu naiz kartzelan, bai, baina hori, bizitza honetako gauza guztiak bezala, kasualitate hutsa izan da. Edo ez? Agian ez dut inoiz jakiterik izango.” Argigarria gertatzen da

Badira bizitzan lotu ezin diren gertaerak edo azaltze oso errazak ez direnak. Literatura mota batzuk katalogatzeko, soziologizatzeko afan horren atzean zer dagoen? Akaso denok daukagun polizia bihotz nimiño hori, edo idazletza pribilegio bezala bizi dugunon beldurra…
Nago ezer ez dela ezer bere testuingurutik aparte, baina ezer ezin dela tajuz esplikatu testuinguru soiletik.

Ez dira asko izan idazletza kolektiboaren ñabardura kartzelak eman dien liburu-aldizkariak gurean, eta kalean suelto zabaldu direnak: Puertoko 83ko bilduma hura eta Susa aldizkariak “Itzalpeko ahotsak” izenarekin kaleratu zuen ale berezia datozkit burura. Baina harrezkero urte batzuk joan dira.

Idazleak ezin du idatzi gabe egon, azken finean (ikus Iñaki Ojedaren poema, 13.or).

No me callarán

El día que se acabe
la tinta de mi pluma
escribiré con mi sangre,
la usaré en el papel.

Cuando se me acabe
el papel
escribiré la sangre
sobre mi carne

Pero nunca me callarán.

Presoa lur gabetua da baina bera eta kidekoak dira bere lurra gatibutzan. Idazteak, askatasunari zabal lekion leihorik zabalena edo eskaintzen dio presoari barruan, lotu ezin daitekeen esparru bat: pentsamendu librearena eta sentimenduena. Basamortuan bizitza ernetzeko modu bat da literatura, ebokazio indarra.(ikus Carmen Gisasolaren 53koa eta Jon Gaztelumendiren 134.ekoa).

Ausentzia

Zure irudia
noiznahi agertzen zait
edozein une goxotan
lotsati
zure ezpainak ausart
nirekin
gau eta egunez
ohean niri emanak
gure gorputz biluzian…

Zure gozoak edan nahi ditut
poro guztietan
zure ezpainen tolestura
harkor izan
nire kai hezean
zure fedea agortu
bion legeetara uzkurtu…
…tente
itxaroten nauzun bitartean.

Nire bularren jaia
erraien betekada
gure esentzien sutea
zapen lurrina
atzamar leunen asea
dastatu
dardarka asetu bitartean.



Igurtzi zuen hezetasunak hazia

Igurtzi zuen hezetasunak hazia
baina han basamortuan
Goizeko ihintza
ez zen nahiko izan
hazia hozitzeko
Euria iritsi zen gauez
hiltzera zetorren harera
presati gainera
baina han basamortuan
heriotz hura bizia zen
hozitu baitzen hazia
eta haren garrasia
koloretan entzun zuen
bertako paisajeak

Basamortu ikusgarria
inoren begietara eder

Hizkuntza propioa da presoaren lurra, hizkuntza bera eta, batez ere, literatura.
Espazio okupatu gabea, gatibuak bere-berea duen eremua eta errekisatu ezin dena. Larritasunez, urgentziaz adierazi beharreko asko sortzen ditu, bestelakoan denboraren joan geldo eta krudelaren sinbolo ere baden kartzelak.(ikus Jon Mirena San Pedrorena, 16.or).

Denboraren garbiketa

Nola deitzen da orenak eskuz akatzeeko arte-a?.
Goizalbak hatzazkalez urratzeko gaitasuna?.
Arratsak eztarriratuz, gauak janez, gordin gordinak
segunduak, minutuak tragoxka edaten,
geure burua denboraz orditzeko
ahalik eta lasterren…
Nola deitzen da bizitzak bere estartak zeharka ditzan
jorratu behar den atzeraezinezko ildoa?.
Eta zuk,
nola deitzen diozu honi?.
Zelan izendatuko zenuke zigor ziegetako ibilera
maparik gabe eta lurralde ezezagun bezain ilun,
hotz eta zikinetan?

Muturreko egoera da gatibutza, literatura horrek egiaren balio erantsia du, baina ezin da ahaztu, literatura artea den aldetik, literaturak egiantza bilatzen duela, egia sortu egiten duela testu eginda. Teknika bat dela funtsean, amarruen zaku eder bat.
Giza dramaren alderdi minak jartzen ditu agerian kartzelako literaturak. Askotan hor bat egiten dute bizitzak eta literaturak. Poema bat edo ipuin bat kronika zuzen-zuzena bilakatzen da. Liburu honetako testu askok, Enrike Letonaren “Jarrera”; Jokin Urainen “Xilingo deitzen diogu” edo Gaztelumendiren “Gallapu”; Idoia Lopez Riañoren “Ziega” gidoia; Joseba Arregiren marrazkiek, Iñaki Rekarteren ipuinek, Carmen Gisasolaren poemek edota Joseba Garmendiarenak, besteak beste, asko dute hortik.

Eta hor leku gutxi du ideologiak, giza esperientziaren adierazpena den heinean egiten duen ekarpenak balio unibertsala du, solidarioa da eta antidogmatikoa. (ikus Gaztelumendiren “Gallapu”, 132.or)

Guallapu

Guallapu deitzen genion, bere izena ordea Juan Angel zen. Tenerifeko espetxe zaharrean zahartzen ari zen hamazazpi urterekin. Ikusi egin behar zen espetxe hura! Aguretuta zeharo, oroimena galduta zahartzaroak jota. Ez zirudien espetxea zenik ere, baina espetxea zen. Ez zeukan ziegarik, oheek, elkarren ondoan jarrita, gela handi bat betetzen zuten, eta hari brigada deitzen zioten.
Lapurketa txikiak batuz ez zuen lapurketa handirik osatu Guallapuk eta ez zen aberastu. Lapurketa txikiak batuz espetxe zigor luzea metatu zuen Guallapuk. urte bat beste, bestea hasi, ilea eta bizarra luzatzen utzi zituen inguruaz izkutatzeko.
Abenduaren 28an kartzelarien bulegotik deitu eta hara joan zen Guallapu. Bulego barruan bost kartzelari zeuden mutu, eta batek esan zion, «Zure gauzak bildu oraintxe eta zatoz lehenbailehen, askatasunean zoaz». Guallapuk ez zuen hitzik egin. Gora joan, makuto kaxkar bat erdizka bete, kamixeta garbi bat jarri eta bulegora bueltan zetorren, irrati zahar bat bidean gurutzatu zitzaion bati eman zion, baina beti isil eta urruna.
— Hemen nago!!
Kartzelariek barreari ezin eutsirik zebiltzan…
— Hi haiz inuxentea!
Eta barrez lehertzen hasi ziren bostak.
— Inuxente eguna da gaur!!
Zalaparta eta barre haien gainetik Guallapuren biraoak entzun ziren eta kartzelariak ofenditu egin ziren. Arrastaka eraman zuten isolamendura, espetxearen leotz ilun eta bakartienera.

Kartzelan idaztea arrisku askori aurre egitea esan nahi du askotan: dena da traba eta eragozpena…Testuentzat ere ez dirudi toki erosoa, inorentzat ez du toki gustagarria izan behar, eta testuak ateratzeko baliatu behar izaten dira biderik bitxienak, tartean bisitak, familia…Espetxetik ateratzen diren hitzak sistema horren aurkako garaipen bat dira (Iñaki Ojeda, Txapel-ek hiru hilabete eman zituen zigor zeldetan zer eta poemak idazteagatik (Puerton); Jon Gaztelumendik “Haizea mindu gabe” argitaratzeak egoera areago okertzea ekarri zion. Editorearen lanaz hitz egiteko badira hemen ni baino egokiagoak.

Kartzelako liburu bakoitzak historia eder bat du atzean, noizbait idatzi beharko litzatekeena. Egun ezinezko lan da hori, noski, aipatzea ere merezi ez duen arrazoi nabariengatik.

Espetxeko topikoez ere jardun behar dugu, konstante nagusiez. Liburu honetan ere jasoak daudenak hainbat eta hainbat. Literatura bada tresna bat, bizi duzun egoera zeure buruari azaltzeko ere, beste modu batez adierazi ezin direnak esateko azken batean.

Horrela, fatalidadearen ikuspegi modernoa ageri izatea ez da harritzeko, destinoaren atzera ezintasuna, espetxearen saihestu ezina, heriotza segurantzia (Zorion Zamakonaren ipuinean edo Julen Larrinagarenean), borrokaren latza (Josu Ormaetxearen bertsoetan, Kerman Urizarren gutuna, Gaztelumendi edo Letonarenean; Peru Alvarezen lana), bakardadea ( Gisasola, Letona).

Kondenatuen testuak dira, testu naufragoak…guganaino esku anonimoek ekarri dituztenak.

Gatibutzaren latza aipatzen da maiz, adiera asko ditu barruko sufrimenduak, giza duintasunaren kontrako bezala, gerra baten fase bat gehiago bezala, gerra-gatibua da presoa hein batean. Eta izaera kolektibo horrek ematen dio berezitasuna gure giltzapeko literaturari. Borroka zabalago batean txertatzen da preso egoera hori; giza banakoa da baina sarri-sarri datorkio gogora talde bateko kide dela. Kolektibo bateko kide da presoa eta badaki, eta adierazi ere egiten du (Harriet Iragi ,30.or).

Etorkizunean itxaropena konstantea da. (ikus Xanti Iparragirreren bertsoa,159 (6)).

Badira gure kartzelako literaturan ere beste konstante unibertsalak, topikoak direnak, kartzelaren espazioak eta zama astunak halabeharrez ia ezartzen dituenak (Idoia Lopez Riañoren 5.Ziegan 100-101-orr.; Iñaki Rekarteren Kontakizunetan…).

Bakardadea eta espazio itoen presentzia. Denboraren handitasun eta jabetasun eza, geldotasuna, ihesi nahia, orainari hanka egiteko grina. Txikitasunaren deskribapena eta lilura: kanpoko elementuak (zerua, izarrak, txoriak) detaileak (patioko belarrak, txori lagunak, landareak).Jaioterria, jaiotetxea oroitu eta deskribatu beharra, zehatz adierazi nahi du presoak ostu dioten paisajea; haurtzaroa horien artean (Iñaki Ojeda eta Kitxuren poema batzuk horren erakusgarri, bereziki deskribapenak Peru Alvarezen ipuin historikoan ageri). Idazletzaz gogoeta ere maiz egiten da (Kitxu). Eta injustizia egoerak ere maiz ageri dira :torturak, trasladoak, gose grebak. (ikus Iñaki Rekarterena 155.ean eta ondoren Enrike Letonarenetik 137.ean).

Umorea ere (eta ironia) hizki handiz azaltzen den elementua da kartzelako literaturan eta Ataramiñen, hori baita errepresioaren logika absurdoari aurre egiteko eretako bat.(ikus Kitxuren,146.or; Letonaren 141.ekoa)

Sortu libre izateko sortuak gara eta bortxa egoerek, gatibutzak, krudelak izateaz gain giza esperientziaren alderditik interesgarriak dira. Muturreko esperientzia da kartzela, eta horren testigantzak gure ondare garrantzitsutzat dauzkagu. Sentimenduak, egiak, edertasunaren bilaketak nahikoa arrazoi ematen digu gure mundualdian saiatzeko…

Eta literatura hau hor txertatuta ikusten da, lehen ere esan dugu, bizitzarekin bat egiten du eta literatura den artifizioari horrek balio erantsi bat ematen dio, egiaren balioa.

Kartzelaren esperientziaren testigantza hagitz aberats eta interesgarria uzten ari da gure herria munduari.

Kartzelak beti emango ditu idazleak, idazleak preso hartuko dituztelako edo kartzelak presoak idazletzen jarraituko duelako.
Ez dirudi katea etengo denik, izan ere, eta Marc Legasse zenak zioen bezala gartzela da euskaldun izatearen baldintza eta arrisku funtsezkoetarik bat.”

Jose luis otamendi

Share

Iruzkinak