Ataramiñe’10

2010, 11 abendua



Ataramiñe’10
Euskal errepresalitatu politikoen literatura koadernoak
2010
Neurriak: 15 x 21 zm.
154 orrialde.

Azaleko irudia: Joseba Galarraga Arrona



>> PDF formatoan




Ataramiñe’12an parte hartu dute

Hitzaurrea Jon Etxeandia oroimenean
Eñaut Aiartzaguena Brabo Denboraren ur tantak eta beste
Gorka Lupiañez Mintegi Marrazkiak
Ibon Meñika Orue-Etxebarria Marmotaren eguna
Fernando Alonso Reivindicación temeraria
Olatz Lasagabaster Anza Testua
Iñaki Gonzalo Casal Kitxu Bilal Bakaliren ametsa
Josu Bravo Maestrojuan Olerkiak
Teresa Toda Iglesias Nieblas eta Ukitu gabeko aurrez aurrekoa
Galder Cornago Arnaez Olerkiak
Urtzi Gainza Salinas Gaurkoan be, aita. Mugaz bestaldeko irria eta beste
Jokin Urain Larrinaga Bernard Etxepare, Joan Amendux eta beste
Oier Gonzalez Bilbatua I have a dreamm…, Denbora eta beste
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta Olerkiak
Oier Andueza Antxia Fotomarrazkiak
Joxe Karlos Apeztegia Jaka Abenduaren 24a eta beste
Xabier Aranburu Muguruza Pederastia agertu eta beste
Itziar Plaza Fernandez Marrazkiak
Aitor Agirrebarrena Beldarrain Pintura eta eskultura
Amaia Elkano Garralda Margoak
Joseba Galarraga Arrona Margoak

Hitzaurrea

Jon Etxeandia gazterik hasi zen idazten. Borrokan ere gazterik hasi zen. Hogeita bat urte zituela, 1983an, espainiar Poliziak atxilotu zuenean, poemak kendu zizkion, kendu uste zion askatasunarekin batera. Modu bikainean gogoratuko zuen Jonek lapurreta hura: “Ene poemak/ poliziak kendu zizkidanean/ komisarioak esan zuen/ el cuaderno de las chorradas/ desartikulaturik zegoela”. Eta guk –eta Jonen idazlanak irakurri dituen edonor, haren ibilbidearen berri dakien edonor bat etorriko da gurekin– pentsatu izan dugunez, eskerrak buruan “txorakeria” asko gorde zituen. Izan ere, “Kartzelako lanak” eta beste idazlan batzuk ez ezik, Ataramiñe ere inongo
poliziak kendu ezin izan zizkion “txorakerietakoa” duzu, irakurle.

Idazten gazterik hasi eta gazterik heldu zion zapalduen aldeko borrokari, edo alderantziz. Gazte hasi behar zuen, bere bizitza laburrean oso lanpetuta egongo zen eta. Hala ikusi izan dugu beti, Estatu espainoleko kartzela zuloetan bezala kalean ere. Hain lanpetuta non nekez hartzen zuen bere buruaz pentsatzeko astirik. “Presaka gabiltza/ eta bitartean/ buruari galdezka ze nolako poesia/ egin behar den une hauetan/ hiztegirik begiratzeke/ idatzi eta irakurtzeko modukoa?”. Haren kezka, egoerarik latzenean ere, lagunak ziren, barrukoak zein kalekoak. Herrerako bisita egunetan haren irribarreak ezin zuen bere begirada biziak adierazten zuena ezkutatu. Injustiziak eta larderiak kezkatzen zuten, baina kezkatu ez ezik, haien aurkako borrokak bere egiten zituen, handiak zein txikiak, harria zein hitza eskatzen dutenak, eta arma bakar laztana behar dutenak. Sumatu genion gizon lanpetuaren irudi hori ez zen irudi hutsa, ordea, eta horren jakitun, hobeto ulertuko dira kartzelatik atera ondorengo elkarrizketa batean esan zituen hitzok:

“Hortik, makinatik, igaro izana, hori ba, 30 urteko zigorra, imajinatu ere ez duzu egiten, eta hara, apurka egunak badoaz, buruz kokatuz zoaz, honi zentzu bat ematen, eta buelta ematea lortzen duzu eta azkenean bazatoz eta badiozu: atera gara eta hemen gara, ibilian jarraitzeko, geure ekarpena egiten jarraitzeko, baina duintasunetik”.

Duintasuna. Eta hitz potolo hori esateko lagun aproposa. Entzun edo irakurtzen dugun gehienetan hitz erretorikoa izaten da; horrenbestez, debaluazio horren ondorioz, Jon Etxeandiaren ahotan arrotz eman lezake, duintasuna ez da-eta betaurrekoak kentzeko modua, edo hilean behin afari bat antolatzen duen benefizentzia klub bateko bazkide izatea. Bizitza osoan duintasuna ordutegirik gabeko lanbide izan duenarentzat astuna behar du izan. Dena kendu diotenak badaki ezin diotela ezer kendu, eta biluztasun horretan duintasuna berokirik preziatuena da. Eta Jonek ez zuen behin ere erantzi. “Kartzelako patioan jaiotako/ landare bakartiek/ udaberria digute imajinarazi”.

Bere ekarpena egin zuen, egin zuenez, kartzelako urte luzeetan eta kalekoetan. Euskara, literatura, kultura, errepresioaren kontrako borroka, gizarte gaiak… eta, egia esateko, bere buruaz arduratzeko denbora pixka bat gehiago hartu beharko ez ote zukeen zalantza dugu.

Ataramiñe hau Jon Etxeandiaren parte-hartzerik gabeko lehen koadernoa dugu. Eta Jonena ez da edozelako parte-hartzea izan. Nolanahi ere, aurreko aleak bezala hau ere hari zor diogu hein handian. Editore lanetan sartu zenean, bazekien ez zela inongo negoziotan sartu. Izan ere, Ataramiñe ez da inoren poltsikoa gizentzeko bide aproposa, baten batzuen gogoa bete nahi lukeen arren. Eta, paradoxa paradoxaren gainean, ekoizpen literario gutxi bide dira munduan Ataramiñekoak bezain askeak. Aurreiritzietatik aske, zentsuratik aske… eta merkatutik aske. Horixe da literatura koaderno hauen balio nagusia, literatura, artea ezeren mendeko ez izatea. Errepresio guneetatik, erbeste urrunetik ihes egin eta testigantza, maitasuna, olgeta edo ametsa gai, merkatuaren eskakizunei muzin eginda, literatura “gariaren” zaindari faltsuen kritika interesdunen gainetik, hitz garbia, iraultzaren zerbitzuan, maitasunaren kantari zein egunerokotasunari begiratzeko modu zorrotz edo/eta ironikoa. Esan genezake Ataramiñe Jonen ibilbidearen ispilu dela.

Jon Etxeandia ez dago gure artean, eta aurtengo alean Jonen falta ahalik eta gutxien nabaritzea da gure konpromisoa. Ez da erronka makala baina, Jon gogoan dugula, negarrari eman barik, gure omenaldirik onena lanari ekitea izan litekeela uste dugu. Omenaldi xumea, jakina, bestela ez litzateke-eta haren gustukoa izango.

Lerrook bukatzeko, zer modu hobe haren hitzak ekarrita baino? Hona, bada, haren agurra, baina ez azken agurra, beraren irribarrea gogoan dugun artean behintzat:

“Besterik ez, aberkide maiteok. Preso guzti eta bakoitzari ene irribarre zintzoa eta besarkadarik beroena bidali nahi nizkizueke azken ziegaraino heltzeko asmoz, zuena beti izango den marinel ijito abertzale honen partetik, osasuna eta askatasuna”.

Share

Iruzkinak