Antton Azkargorta, Nikolas Xamardo | Gartzela poesia: gainezkadura eta lekua
1989, 3 ekaina
Conrad idazle poloniarrak honela definitu zuen artea bere “The Nigger of the Narcisus” nobelaren hitzaurrean: “izpiritu indibidualak egiten duen ahalegina da artea, ahalik eta ondoen; unibertso ikuskorrean justizia izan dadin, bere aspektu bakoitzari dagokion egia anitza eta bakarra egitera dakarrena”. Joseph Conradek aipatzen duen justizia, egun nagusia den legearengandik espero daitekeen justizia ez bezala, beste leku batetan dago. Justizia berri hau, egon dagoena sekula justifikatuko ez duen etika berri baten emaitza izango da, halabeharrez.
Etika eta justizia, bestalde, gizakiaren historia luzean izandako poetika guztiaren gai pribilegiatuak izan dira. Areago oraindik, legea eta bere hausduraren arteko dialektika (indarrean dagoen legea kolokan jartzetik, projektu berriaren proposamena egitera arte) ez dira soilik prozesu subjetiboaren elementu eratzaileak, baizik eta arte produzioaren beraren oinarrian dauden balioztapen elementuak ere. Azken arlo honi dagokionez, berria eta zaharraren arteko —edo zehatzago esanda, orijinala eta kopiaren arteko— betidaniko eztabaidan gauzatzen da aipatu dialektika. Artistak poetika zaharra osoki onartzen badu, ez da inoiz kopiagile bat —hobea ala eskasagoa— izatetik haruntzago joango. Bere obraren orijinaltasunari aurre egin nahi badio, ordea, ezarritako ereduen hausdura prozesuan nahitaez inplikatu beharko du bere burua.
Subjetibitatea, artea, etika, eta justiziaren artean dagoen harreman estua bestalde, ez da guk asmaturiko kontua. Aristoteles filosofo grekoak jadanik, utzi zuen planteiatuta arazoa bere “Poetika” izeneko obran. Bertan, filosofia eta poesiaren arteko erlazio estua deskribatzerakoan, biek, pentsamenduak zein arteak, beren gai nagusiez jeneraltzeko eta abstraditzeko duten ahalmena seinalatu zuen, baina, bai horixe, biek egoera eta arazo konkretuetan oinarrituta, inoiz ere ez espekulazio hutsetan.
Bestalde, Leninek politika —zientzia baino gehiago— artea dela zioenean, dudarik gabe, artearen zalantzarik gabeko dimentsio politikoaz ere mintzo zitzaigula pentsatzea zilegi bekigu. Horregatik, eta argudioak lotuz, guk poesia literatura egiteko modu bat baino gehiago dela uste dugu. Halaber, ez da sekretua ere, poesia literaturaren jenero pribilegiatua dela fenomeno berriak esaten saiatzerakoan, eta aldiberean, jenerorik zailena ere, gauza berriak, esateko zailak edo askotan ia esanezinak direlako. Zailtasun horrek komunikagarriaren luzapen gisa eratuta dagoen ohizko prosa ororekiko hausdura dakar, nahitaez, berria esateko ahaleginean. Hortaz, poesia, komunikatu ezin daitekeena esaten saiatzen da. Sarritan, esanezinean, iradoki egin behar da, eta horretarako poesia da modurik egokiena.
Esandako guztiarekin argi gelditzen da, guretzat behinik behin, zergatik den poetikoa kartzelako produzio literario gehiena.
Artea eta politikaren arteko erlazioa sakondu nahiean, eta bakoitzaren autonomia maila ulertuz, azpimarratu behar dugu arte izena merezi duen edozerk gertakizun politiko funtsezkoenekin mantentzen duen erlazioa. Gertakizun horiek bizitzaren arlo guztietan —artearena barne— duten eragina, erabatekoa izanik ere, ez da gertakizunaren errepikapenarekin adierazten, gertakizunak ezin bait dira errepikatu, baina hala ere, bere efektuak zenbait adierazgunetan segi daitezke. Eta efektuok garrantzi handiko zerbait gertatu dela erakusten digute, denbora bitan —aurretik eta ondoren— banatu duen zerbait izan dela, hots, kultura, artea, historia, eta politikaren prozesu oro markatu duen zerbait.
Hona adibide apur batzu: Espainiako gaur egungo poesia ulertezina litzateke Gerra Zibilaren erreferentzia kontutan ez bagenu. Hor ditugu Alberti, Miguel Hernández, León Felipe, Machado, Lorca… eta Dámaso Alonso, Aleixandre… Halaber, eta zentzu berean, erraz ikus dezakegu gaur egungo mendebaldeko pentsamenduan, eta bereziki frantsesean, erreferentzia puntu nagusia hainbestetan aipatutako 68ko Maiatza dela. Bestaldetik, gauza jakina da Frantziako Iraultzak modu ezabaezinean markatu zituela, beste askoren artean, Kant eta Hegel, pentsamenduaren bi munstro. Edo eta, adibideei jarraikiz, Pariseko Komunan porrot egindako erreboltak gogorki markatu zuen gure garaiko poetikan aita den Mallarmé-ren obra.
Era berean, gaurko espainiar Estatuko egoerari so eginik, zera baiezta dezakegu, une honetan produzitzen den pentsamendu apurra ere hemen edo honetaz produzitzen dela. Albiac-ek dioenez, Euskadi da egun Estatuko intelektual ororen arragoa; bertan egiaztatzen du bere aparailu kontzeptuala, eta bertatik definitzen da, azken batean, bere pentsamendu guztia. Eta hau hain da horrela, ezen gaiarekiko jarrera “neutralak”, aspaldidanik, ez bait dira seriotzat jotzen.
Bestalde, gure gaiari jarraikiz, kartzeletako artegintzari alegia, zera seinalatu behar dugu, lan horren aspektu premiazkoena politikoa “stricto sensu” dela, eta politikaren gauzatze eta balioztatzea praktikan gertatzen dela, (praktika baita prozesu ororen egiaztatze erabatekoa), eta ez hainbeste produzio politiko teorikoagoetan, hauek arartekotuagoak bait daude beti.
Hala ere, eta ekarpen nagusia teorikoa ez dela onartu arren, onartu beharra dago, ordea, ENAMeko presoen aldetik, frekuentzia handiz edo txikiz, emaitza berri eta interesgarriak ari direla agertzen ENAMeko komunikabide edo pentsamendu esparruetan. Nolanahi ere, zera ikusi behar dugu horietan ere: askotan, berez, intentzionalitate artistikoa izan ez arren, kasu horietan, berehalakotasunak behartutako politikak antz handiagoa duela artearekin zientziarekin baino, dudarik gabe.
Orohar, lan literario edo zientifiko mardulak, beren garrantzi kuantitatiboz neurtzen direnak, ez dira politikaren berehalakotasun faseetan agertzen, baizik eta “a posteriori” agertzen diren. Zeren eta berria, agertzen denean, iheskor eta gutxi agertzen bait da. Mallarméren hitzok ongi baino hobeto adierazten dute ideia hau: “Arimaren hunkipena (…) bitarteko eskasei esker heltzen zaigu: garrasia, aipamen batetarako denbora doi-doia irauten duen izualdiak, bere begiradan gure mundu osoa, modu apartaz, daukan argikusmenaren antzera, bere arintasunean, pintzelada arina duen garrasia da”.
Zientzia edo literatura “baretuagoa”ren produzioa, ordea, beti da berantiarragoa; atzeranzko begirada du beharrezko, “diferituak” ematen dion “diferentzia”rekin jolastuz; ez hain egiazkoa beraz.
Horregatik, hain justu, gai nagusien oinarrizko postulatuak poesiaren bidez iragartzen dira, printzipio zaharrekiko hausdura faseetan, modu horretara subjetibitateak arte eta politikarekiko harreman berriak aurreratzen dituelarik. Honen adibide argia Mallarmé bera dugu. Poeta frantsesak, oraindik gaur indar handia duen literatura egiteko modu berri baten linea orokorrak, bere bizipenek sortu kontradizioez gurutzaturik asmatu zituen.
Bestalde, ezin ukatu artelan guztiek ez dutela betetzen, besterik gabe, potentzialki suposa dakiekeen misio iraunkorra. Arteak badu eduki ukatu ezin zaion funtzio berehalakoa. Areago, munduan izan diren artelan gehienak ez dira gerora pasa izan, eta hala ere, inork ez die ukatzen bere garaian funtzio garrantzitsua bete zutenik, produzitu zituzten gizartearen aspektu batzu edo momentu baten isalda baino izan ez baziren ere.
Gauzak horrela, inork ezin du ukatu, ENAMeko militante presoen artelanak, beren prozesu subjetibo konkretuan izandako bizipenen kondentsazioa, sintesia eta adierazpena izateaz gain, badutela ere bai, burubelarri murgilduta dauden prozesu politikoa aurrera bultzatzeko posiblitatea, edota, (Conradek dioen bezala “…abilezia eta zorte apur batez…”) kalitate maila dexentea lortzeko, artean benetan iraunkorra dena ikutuz, kokatuta (itxita) dauden leku estuaren mugak ikusgarriro gaindituz.
Nolanahi ere, artea ez da historiaren, prozesu politikoaren motorra, eta beraz, literatura egiten saiatzen den preso politikoari onar dakioke produzio artistikoaren alorrean guztiz ez asmatzea, baina aldiz (eta berak horrela exijitzen dio bere buruari) ezinbestekoa du politikaren alorrean ongi asmatzea. Zeren, dituen oztopo guztiekin ere, preso politikoarentzat gartzela ez da denbora galtzeko lekua. Isolamendu lekua izanik, konzentrazio subjetiboaren lekua ere bada: kontzientziakuntza eta lan politikoak martxan segitzen dute gartzelan. Eta linea politikoaren zuzentasuna balioztatua izan daiteke praktikan dakartzan efektuak behatzearekin.
Alderantziz, artearen alorrean balioztatze hori askoz ere problematikoagoa da, zeren praktika hori oso arartekoturik agertzen bait da. Nork baloratzen du artea? Nork segurta dezake, eta nola, produzio artistikoaren poetizitatea? Kritikariek, espertoek?
Ikus dezagun, honetaz ere, Mallarmék emandako eritzi zuzena: “Har ezazue kontutan berriro, banan banan, atzeranzko begirada gisa, eszenatoki ofizialean beren estreinaldiaren unetik ebidenteak bailiran aurkeztu zitzaizkigun obrak, kritikari gogotsuak jeneroaren zenbait adibide pilatu dezan, adibide hauetatik —eta berandu xamar gure literaturan— atera bait dugu edertasun sotil eta disdiratsua, gertakizun historiko oso berezi bati esker. Beharrezkoa da ustekabeak sortu egonezinaren itxurarik ez egitea, gertakizuna jadanik gertatua denean… “.
Artean, politikan bezalaxe, inork ezin du berritasunaren produzioa segurtatu; apostua eta konfiantza dira arazo hau kontradiktorioki ebazten duten alorrak. Segurtasun eta garantia oro, artean nahiz politikan, atzeranzko begiradan eskaintzen dira beti. Gaztelania jatorrean esaten den bezala: a toro pasado.
Bestalde, azpimarratu behar dugu artelanaren iraunkortasuna ez duela inoiz lekuak erabakitzen, ez eta lekuan kokatua dagoen izaki hutsak (presoak), nahiz eta honen izaera politikoa oso kontutan izan. Zeren eta biak (lekua eta presoa) emandako egoeraren elementuak bait dira, eta bien izanak ez du, berez, berriaren produzioa garantizatzen, biak zaharra kolokan jartzen den mugan aurkitu arren (hutsaren ertzean, ez margenean).
Gartzelan, euskarri-sujetoaren nahiz lekuaren gainetik gainezkadura bat sortzen balden bada, apostuaren alorrekoa den (konpromezu militantea bezala) gainezkadura hori izango da, hain zuzen ere, sujeto gartzelatuari eta lekuari zentzua emango diena; inoiz ere ez alderantziz.
Horregatik diogu berriz, politika zein artea, beren formulazioan, errepresentagaitzaren, eta komunikatzeko zaila den mailakoak direla. Ondorioz, esan dezakegu kritika zientzia izan daitekeela, baina inoiz ez artea zientzia denik. Zientziaren mugaketa hori, beraz, ezin zaie sekula arteari ez politikari aplikatu, gutxienez beren momentu nagusi eta distiratsuan, hots, berria eta bitxia sortzen duten instantean.
Dagokigun gaira itzuliz, esan behar dugu preso politikoaren produzio artistikoa ulertzen lagunduko digun gakoa, Estatuaren boterearen etendura dagoela ikustea izango dela; non eta botere hori ahalguztidun eta bortitzen
Dagokigun gaira itzuliz, esan behar dugu preso politikoaren produzio artistikoa ulertzen lagunduko digun gakoa, Estatuaren boterearen etendura dagoela ikustea izango dela; non eta botere hori ahalguztidun eta bortitzen agertzen den tokian. Etendura honek forma bikoitza hartzen du: errealaren-gainezkadura-efektu gisa, legea kolokan ipintzen duen errefus adoretsuaz (lege hori, militanteak lehenago hautsi zuen arau zabalagoaren islada bortitzagoa izanik) alde batetik, eta Estatuaren botere beldurgarriak sortzen dion angustia gaindituz, erresistentzia mila modutan gauzatzen den proposamen berri baten bitartez, bestetik; proposamen horren forma bat gehiago eskribu poetikoa litzateke.
Nolanahi ere, preso politikoak ez du diskurtsu baten premia funtsezkorik bere prozesu subjetiboa esperimentatu ahal izateko. Eta hala ere, preso politikoa poeta bihurtzen denean, Joseph Conradek dioen bezala: “…bere baitan barnebiltzen da, esfortzuaren eta burruka intimoaren lurralde horretan bakarti; gure barruan hain nabariak ez diren kualitateei zuzenduriko mezu baten terminoak aurkitzen ditu: gure existentziaren baldintza burrukatsuetan beste birtute erresistenteago eta zakarragoen atzean, halabeharrez, ezkutzatzen den gure naturaren parte horri berorri, hain zuzen”.
Bestalde, zer bilatu behar dugu guk, irakurleok, preso politikoaren diskurtsoan? Dudarik gabe, lan poetiko guztietan agertzen den topikaz gain, presoak une bakoitzean prozesu subjetiboarekin mantentzen duen harremana. Angustia, kuraia, justizia eta superegoa dira sujetoaren arazoaren oinarrizko lerroak. Hauen elkarlotze kontradiktorioan ebazten da beti sujetoaren arazoa.
Sofokles-en heroe klasikoa, esaterako, subjetibazio angustiatuaren efektua da. Ondoren, kokatuta dagoen espazioaren atzeranzko bilakaerak heriotzera darama, ezinbestez; formaren gainezkadurak suntsitu egiten du. Antigona da subjetibitate moeta honen tipo unibertsala. Etorkizunik gabeko projektu zahar baten defendatzaile, bere jarreran adoretsua izan arren, superegoaren (Kreonte, Estatuaren gizakundearen) aurrean erortzen da, zeren bere errebolta orden zaharrean bait dago ainguratuta. Adibidea estrapolatuz, hau izango litzateke beren ekintza adoretsu eta sublimean agortu ziren hainbeste matxinada antzuren heroismoa.
Guretzat aldiz, gaur egungo preso iraultzailearen lana egokiago inskribatuko genuke, tragedia klasikoaren adibideei jarraikiz, Eskilo-k proposatu eredutik hurbil; zeren Orestes-ek, bere ekintzarekin, legearen batasunaren zatiketa lortzen duen. Bere etendurak, jarrera adoretsuz, legea kolokan jartzeaz gain, justizia berria planteiatzen du. Une hori, Orestesek lege zaharraren kontra egin duen erreboltaren arrazoia ala arrazoi ezaren arazoa planteiatzen duenean heltzen da. Arau zaharraren itxurazko ahalguztiaren kontra, arau berrearen proposamenak arazoa ebaztea eskatzen du. Ebazpena, dakizun bezala, Orestesen aldekoa da, eta Ateneak ordezkatzen duen justizia berriak gauzatzen du.
Ondoren, bigarren mailan, gartzelako beste subjetibitate posible bi azter dezakegu. Lehenik eta behin, marginala; bere burua legearen margenetan kokatzen duen presoarena dugu. Honek, nahiz eta, puntualki, legearen zenbait aspektu errefusatzeko adorea izan, ez du sekula haren etendura orokorra planteiatzen, ez eta justizia berriaren projektua proposatzen ere. Preso marginalak, bere izenak dioen bezala, margenekoa izanik, indarrean dagoen legearen espazioan segitzen du, zeren eta margenak legearen testukoak (testuingurukoak) bait dira, eta bere espazioan segitzen dute. Horregatik, marginalaren errebolta oro, kondenaturik dago sistemak suntsitu eta fagozitatua izatera. Ez du berriaren gainezkadurarik uzten beste sujeto marginalek pilatu eta profita dezaten. Honelako subjetibitateak uzten duen produzio diskurtsiboak ez du, gure ustez, komentario handirik behar: “El vaquilla”, “Camina o revienta”…
Azkenik, gartzelan izan daitekeen beste subjetibitate moeta amore ematen duen presoarena dugu, deusezten den subjetibitatea: erreintsertatua. Amore emateak beti dakar konfiantzaren eta adorearen galera, funtsean, subjetibitatearen suntsiketa. Militante politikoak, beste une batetan legea transgreditzeko izan zuen kuraiak, lehen momentu batetan angustiak meneraturiko subjetibitateari uzten dio leku: “Mi fe en una sociedad mejor se ha desmoronado, sólo veo destrucción…” (“Diario de Yoyes”, 163). Fase horretan, superegoa (Estatua bere botere eta ebidentzia guztiekin) gainditu ezin daitekeen Oro ahalguztidun gisa agertzen da, bere ondina kantuez bizitza kotidiano lasaira, normaltasunera, familia bizitzara gonbidatzen du. Eta hor, amore emanez gero, subjetibitatea masa botoemaileen anonimatoan galtzen da. Hau dugu, duda izpirik gabe, superegoaren arrakastarik handiena, bere indar integratzaile eta fagozitatzailearen froga disdiratsua, helburu nagusitzat dena kaxkarkerian berdintzea bait du.
Amaitzeko, ze prismaren bitatez uler genezake presoek beren lanetan adierazi nahi digutena?
Honi modu literarioz erantzuteko, berriz hautatu ditugu Joseph Conraden erreflexio zuzenak. Idazle honek, bere bizitzaren parte haundia, subjetiboki oso garrantzitsua, itsasoan, untziratuta eman zuen. Espazio horrek, higidura etengabe eta infinitoaren antza ematen badu ere, analogia nabaria erakusten digu itxiago den gartzelarekin. Untzian, bizitzari aurre egiten jakiteak ematen dio zentzua nabigatzeari, eta ez alderantziz. Gartzelan ere, gainezkadurak ematen dio zentzua espazio itxiari. “[Artista] gure alaitasun eta harridura ahalmenari mintzo zaio, gure bizitzak inguratzen dituen misterio sentimenduari zuzentzen zaio, urrikaz, edertasunaz eta doloreaz dugun zentzuari, unibertsoarekin lotzen gaituen sentimenduari eta bihotz ugariren bakardadeak lotzen dituen solidaritatearen uste sendo, sotil baina meneraezinari: ametsetan, plazerrean, tristezian, irriketan, ilusioetan, itxaropenean eta beldurrean dugun solidaritate horri, gizaki oro bere urkoarekin eta gizateria osoa —hildakoak biziekin eta bizidunak oraindik jaio ez direnekin— amankomunatzen duen horri”.